Krisi ekonomikoaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira langileentzat eta beren familientzat. Langabetuak Hego Euskal Herrian 170.000 gora dira eta Espainiar Estatuan 4 milioi baino gehiago. Eta perspektiba beldurgarria da: 2012 urtera arte gutxienez kopuru hauek mantenduko omen dira. Horregatik, langabeziaren aurkako borrokak sindikatuen eta ezkerreko alderdien borroka garrantzitsuenetarikoa izan beharko luke. Kontua da, langabeziaren aurkako borrokari modu eraginkorrean nolako neurriekin egin beharko geniokeen aurre.
Langabezia langileriaren aurkako mehatxurik handienetarikoa da. Tamalez, oso ondo dakigu langabeziaren eraginak zeintzuk diren: lur jota geratzea, familian kaosa, herrietan eta baita eskualde osoetan ere bizi baldintzak okertzea... Adibidez, espainiar Estatuan, 80. hamarkadako krisitik hona, langabeziaren geografia eta lasaigarrien eta depresioaren kontrako kontsumo masiboa, modu harrigarrian, bat datoz. Oro har, langabeziak langileen eta bere familien osasun psikikoan eta fisikoan duen eragin kaltegarria anbulatorioetan egiaztatzen da. Gainera, langabeziaren ondorioak ez dira soilik bakarka sufritzen. Industriatik, nekazaritzatik edo abeltzaintzatik bizi diren eskualde osoak langabeziaren eraginak jasaten dituztela ikusteak, langabezia eragiten duen sistema kapitalistaren izaera kriminala erakusten du.
LANPOSTU BATEN EDO LANGABEZI SOROSPEN MUGAGABE BATEN ALDE
Lehen helburua, langabeziaren aurkako borroka kontsekuente batean, langile bakar bat ere eskean ibiltzetik, karitatetik edo asistentzia sozialetik bizitzera behartuta ez egotea izan behar luke. Hurrengo hilabetean, familia nondik biziko den ez jakitearen ezinegonarekin bukatu beharra dago.
Langabezian dauden langileek lan egin nahi dute, merkatuan beren lan indarra eskaintzen dute, beren lan baldintzak txartzea onartzen dute, lanbide eta lantoki aldaketak onartzen dituzte, norberaren bizitza pertsonala eta familiarra puskatzen duten lan txandak onartzen dituzte. Eta zein erantzukizun dute langileek, kapitalaren jabeek ez dutela inbertitzea merezi eta beren diruarekin hobe dutela espekulatu erabaki badute?
Langabetuak ez dira enpresariek hartu dituzten erabakien errudunak ezta kapitalismoaren funtzionamendu orokorrarenak ere. Horregatik, langabezia kobratzeko legeak ezarritako epea bukatzen denean, lanpostu baten edo lanbideen arteko gutxieneko soldata mugagabe baten eskubidea aldarrikatu behar da. Espainiar Estatuan adibidez, langabetu guztientzat urte batez lanbideen arteko gutxieneko soldata bat bermatzea posible izango litzateke Santander Banketxeak 2008an izan dituen irabaziak baino gutxiagorekin. Jakina, enpresaburuak ez dira inoiz gure kalkuluekin ados egongo, noski, tartaren beraien puska nahi baitute. Baina, datuak eskuan, langileok langabetu guztientzat sorospen mugagabea ekonomikoki posible dela erakutsi dezakegu. Errentaren banaketa okerra da eta hau zuzentzeko borrokatzeko prest gaude.
80. HAMARKADAN EMANDAKO BORROKAK
80. hamarkadan langabeziaren laguntzak zabaltzeko borrokak, langabetuen mobilizazio handiak eragin zituen. Zenbait eskualdeetan eta sektoreetan familia askoren egoera jasanezina egin zenean eta sindikatuetako zuzendaritza erreformistek egoeraren aurrean benetan ardura hartzen ez zutela ikusirik, langabetuak eta beren familiak asanbladatan antolatzen hasi ziren. Elkarrekin etsipena ez, baizik eta aldarrikapena eta borroka zirela bidea ohartu ziren. Horregatik, berehala zenbait tokitan, langabetuen asanblada hauen presioari esker, langabeziaren laguntza luzatu egin zen.
Mugimendu honen ahultasunaren lehen arrazoia lorpenak beste tokietara ez zabaltzea eta ondorioz hauek ez sendotzea izan zen. Ez zen koordinaziorik, ez batasunik, ez antolamendurik egon borrokak elkartzeko. Baina bigarren ahultasun bat ere izan zuen mugimenduak: antolatutako langile mugimendutik, sindikatuetatik, banatuta egotea. Nahiz eta sindikatuetako zuzendaritza gehienen politika okerra iruditu, aurrera egiteko behar-beharrezkoa da langabetuen borroka lanpostua duten langileekin lotzea. 80. hamarkadako esperientziak erakutsi zuen, sindikatuetatik banatuta egoteak, langabetuak ahuldu ez ezik, patronalaren maniobrei mesede egin ziela, enpresaburuek langile talde ezberdinak elkarren aurka jartzea erraztu baitzuen.
LANGABETUEN BORROKA GAINONTZEKO LANGILEEKIN ELKARTU BEHAR DA
Langabeziaren aurkako programak ideia nagusi batean oinarritu behar du: langabeziaren arazoa, langileriari bere osotasunean eragiten dion arazoa da eta ez soilik lanik gabe geratzeko zorte txarra dutenena.
Langabeziak noski berehala eragiten dio kaleratua denari edo lehenbiziko lanpostua aurkitzen ez duenari. Baina, ondoren langabeziak lana dutenen aurka egiten du hauen lan baldintzak okertzen baitira. Horregatik, langabetuen eta lana dutenen borroka elkartzearen beharra ez da modu abstraktu batean “elkartasuna” emateko, baizik eta langileen batasuna praktikan behar-beharrezkoa da langileriak bere osotasunean krisiaren ondorioei modu eraginkorrenean aurre egiteko. Adibidez, lehenengo langabeziara atzerrikoak eta aldi baterako kontratua zuten langileak, gehienak gazteak, bota ondoren, orain, urte gehien daramatzaten langileak eta normalean soldata handiena dutenak geratzen dira lantokietan, izan ere, hauek kaleratzea gehiago ordaindu behar baita. Horregatik, ez gaitu harritu behar patronalak eta Espainiako zein Europako Banku Zentraletako gobernadoreek kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea merkatzearen alde bat egiteak.
Langile finkoen kaleratzea merkatuta, soldatak ere jaitsiko lirateke, patronalak oraindik berari aurre egin diezaiokeen kontratu finkoa duten langileak eskubiderik gabeko langabetuekin ordezkatuko lituzkeelako. Eta mehatxu honek ere lana dutenenak eta langabetuak elkartzen ditu. Eskuinaren demagogiaren aurka, soldata “altuek” enplegua eragozten dutela esaten dutenen aurrean, argi esan behar da: enpleguak inbertsioarekin duela zerikusia eta ez soldata mailarekin. Eskuinak esaten duena horrela balitz, soldata handienak dituzten Europako herrialdeak (Alemania, Luxemburgo, e.a.) langabezi erraldoi batean erortzen egon beharko lukete eta aldiz soldata txikienak dituzten herrialdeak (Portugal, Maroko, e.a.) enplegu betearen paradisuak izango lirateke!
LANGABEZIAREN AURKAKO ALDARRIKAPENAK
Beraz, soldaten erosteko ahalmenaren defentsa eta lanbideen arteko gutxieneko soldata 1200 eurora igotzea, hau baita bizitza duin bat emateko gutxienekoa, langabetuen eta lana dutenen programan oinarrizko aldarrikapenak izan beharko lukete.
Bestalde, zatituta, langile bakar batek, familia batek, ezin du ezer egin banketxe baten boterearen aurrean. Baina langabetuen eta lana dutenen borroka elkartuta, hipoteka bat ordaindu ezin dutenak, hurrengo hilabeteetan ordaintzeari utzi beharko diotenak, eta lana galduz gero nola ordaindu ez dakitelako lo egiten ez dutenak, guztiak batera, aurre egin diezaiokete kapital finantzarioari. Enbargu bakar bat ere ez, hipoteka ordaindu ezin duen familia bakar baten kaleratzerik ere ez!
Langile familia baten etxebizitzaren kargak ez luke diru sarreren %10a baino gehiago izan behar. Nahiz langabezian nahiz lanean egon, hipotekak ez luke langileentzat mehatxu bat izan behar. Eta gutxiago banketxeak administrazio publikoetatik dirutza izugarria jasotzen ari direnean. Zer egin beharko genuke kutxek ez badute beren etekinetan muga hau onartu nahi? Orduan berehala banketxeen nazionalizazioa eskatu beharko genuke, indemnizaziorik gabe eta langileen kontrolpean kudeatua. Banketxeak nazionalizatuta eta langileen kontrolpean egonda, errekurtso horiek guztiak gizartearen beharrak asetzeko eta enplegua sortzeko behar diren inbertsioak finantzatzeko erabili ahalko dira.
Bestalde, langabetuak eta lana dutenak elkartu egin behar dute langabeziari aurre egitea posible den modu bakarra aurrera eramateko: lan orduak banatzea. Lan jardunaldia 35 orduetara jaistea soldata murrizketarik gabe eskatuko genuke.
Eta zer egin EREekin dauden lantokiekin? Egia da krisia lantokietan eragiten ari dela. Baina, langileok kontabilitatea ikusiz, enpresaburuek zein erabaki hartu dituzten eta azken urteetako etekinak nora joan diren jakin ondoren, lantokietako egoera zein den egiaztatu behar dugu. Nahiz eta lantokia krisian egon horrek ez du esan nahi ondorioak langileek ordaindu behar dituztenik. Langabeziari kaleratzeen aurka eginez egingo diogu aurre. Borroka honek langabetuak eta lana dutenak elkartzen ditu. Bestalde, dagoen lana, aldiro, langile guztien artean banatuko da eta krisian dauden lantokiak langileen kontrolpean nazionaliza daitezen eskatu behar da.
Azkenik, langabeziaren aurkako borrokan momentuko aldarrikapenak sistema kapitalistaren aurkako borrokaren perspektiba orokorrarekin lotu behar dira. Langabezia saihestezina da ekoizteko indarren jabetza pribatuan eta gehienezko etekin indibidualean oinarritutako sistema batean. Langabeziak gizarte sozialista batean bakarrik du konponbidea eta gizarte horretan bakarrik bermatu ahal izango ditugu gaurko lorpenak. Horregatik, langabeziaren aurkako borroka, batez ere, borroka politikoa da. Sindikatuak eta langileen alderdiak berreskuratzea ezinbestekoa da langile klasearen indar iraultzaile guztia antolatzeko eta sortu ziren helburu historikoa gauzatzeko: gizartearen eraldaketa sozialista.