Aurreko alean aipatzen genuen, “trantsizioko”urteak langile klasearentzat ikasgai baliotsuak utzi zituzten urteak izan zirela. Alde batetik burgesiaren helburua; oinarri kapitalista mantentzeko eraikinaren itxuraldatzea (diktaduratik “demokraziara”) eta nazio zapalduetako burgesiaren ordezkari politikoen ( PNV, CIU…) demagogia arazo nazionalarekiko, eta bestetik, langile klasearen alderdi eta sindikatuetako zuzendaritza erreformisten ezina gizarte sozialista bat eraikitzeko. Hala ere, gizarte sozialista bat eraikitzeko bidean ere ikasgai baliotsuak utzi zizkiguten garai haiek.
Langile mugimenduak izugarrizko indarra hartu zuen 70. hamarkadaren erdi aldera, lan baldintzen eta eskubide demokratikoen defentsan. Grebak estatu guztian zehar ari ziren zabaltzen eta erregimen frankista ondoa jotzen ari zen, batez ere langile klase handiena biltzen zuten probintzietan. Bizkaia, Bartzelona, Madril, Asturias… greba asko egiten ari ziren probintziak ziren. Baina Gasteizko langile mugimenduak aldaketa kualitatibo bat eman zuen, beste mugimenduetatik bereizi zuena. Borrokan zeuden enpresen arteko koordinazioa eman zen, fabriketako batzarretan aukeratutako batzorde errepresentatiboen bidez koordinatua, eta gainera, auzoetako gazte eta emakumeekin batera langileen botere estrukturak sortu ziren borroka eta erresistentzia kajak antolatu eta zuzentzeko, borrokak antolatzeko... Honela, langile klasearen antolaketa maila altuago batean ipini zen. 1976. urteko Martxoaren 3an Gasteizko langile klase osoak hartu zuen parte borrokan zeuden fabriketako Batzorde Errepresentatiboek deitutako greba orokorrean. Urtarriletik aurrera hogeita hamar bat enpresa inguruk greba hasi zuten beraien ekintzak koordinatuz, batzarretan demokratikoki beraien ordezkariak hautatuz eta orduan zegoen askatasun falta bera ere zalantzan jarriz. Langileen indar izugarri hau, langileen alderdietako zuzendaritzek estatu osora zabaldu izan balute, borroka guztiak batuz eta koordinatuz, posible izango zen egoera aurreiraultzaile hura gehiago garatzea, ez soilik erregimen frankistarekin bukatzeko, baita Estatu espainiar osoan sistema kapitalista suntsitzeko ere. Burgesiak konfidantza gutxi zeukan bere buruan, batez ere Portugalen eman zen “Krabelinen Iraultzaren” ondorioz eta beraz bere lanik premiatsuena diktadura garaian langile klasea zapalduz ateratako aberastasunak toki seguruan ipintzea izan zen. Kapitalaren kanporatzea oso handia izan zen. 1976. urteko urtarriletik maiatzera, Estatu espainiarretik 60.000 milioi pezeta atera ziren, oraingo 300 milioi euro baino gehiago. Industriaren deskapitalizazioari, langabeziaren gorakada beldurgarriari, inflazioari… langile klaseak adore itzelarekin erantzun zion.
1976ko Martxoak 3
Arratsaldeko bostetarako, Gasteizko San Frantzisko elizan, batzarrerako deia egina zegoen Gasteizko langile klase osoarentzat. Batzarra baino ordubete lehenago eliza erabat beterik zegoen eta hiri osoa geldituta eta barrikadaz beterik. Langile auzo guztietan milaka gazte, emakume eta langilek beraien etxeak utzi zituzten denak elkartuko ziren lekura joateko. Polizia ere bertan batu zen. Hango jendetza eta agitazioa ikusirik eta langile mugimendu honek aurrera eginez suposatuko zukeen arriskuaz oharturik, poliziak batzarra era basati batean erreprimitzea erabaki zuen. Poliziak elizako kristalak hautsi eta gas negar-eragileak jaurti zituen eliza barrura bertan zegoen jendetza atera asmoz. Jendea irten ahala hasi zire kolpeak porrarekin eta armen kulatekin eta ondoren poliziaren tiroek bost hildako eta ehunka zauritu eragin zituzten. Hura bizi izan zutenen hainbat testigantza daude, tartean hildako bati lagundu zion batena: “Batzarrean nengoen, zorabiatuta irten nintzen eta jipoitu egin ninduten. Momentu horretan, Pedro Martinez Ocio nirekin zegoen... Ocio nire aurretik zihoan, belauniko erori zen, zutitzen saiatu zen baina berriro erori zen. Besapeetatik hartu nuen Ocio... deitu egiten nion, baina ez zuen erantzuten, eskuak sabeleko ezker aldera eraman zituen, bi aldiz egin zuen hasperen eta hil egin zen”. “Francisco Aznarrek, 17 urteko gazte bat, odol asko isurtzen zuen zauri bat zeukan buruaren aurrealdean... ‘de los sesos’deitzen digun lekuan erori zen hilda” (itzulpenak gureak dira). Testiguen deklarazioek eta poliziek irratiz egindako elkarrizketek (horiek ere idatziz eta grabazioz jasota daude) argi uzten dute poliziek langileak txikitzeko agindua zutela, eta gainera zoriondu egin zituzten. Gobernuak, patronalak, ejertzitoak eta poliziak egindako basakeriagatik elkar zoriontzen jarraitzen zuten bitartean, langile klaseak ikasgaiak atera zituen gertaeratik. Ehun mila pertsona baino gehiago joan ziren hileta elizkizunetara eta Gasteizko kaleetan zehar Gobernu Zibiletik hasi eta zaurituak zeuden eritetxerainoko ibilaldia egin zuten hildakoak omenduz. Bertara Fraga Ministroa gerturatu zenean zaurituak bisitatzeko, hauetako batek zera esan omen zion: “ze, errematatzera al zatoz?”. Mobilizazioak Estatu guztian antolatu ziren eta Euskal Herria hilaren 8an erabat gelditu zen. 30. hamarkadatik egiten zen greba orokor handienean 500 mila langilek baino gehiagok hartu zuten parte. Langileen aldarrikapen gehienak onartu ziren eta garai haietan Estatu osoko langileen soldatek azken berrogehi urteetako igoerarik altuena izan zuten.
Gasteizko borrokek, gainontzeko borrokekin batera diktadura frankistarekin bukatu zuten. Eta dudarik gabe euskal langile klaseak abangoardiako papera jokatu zuen. Horregatik, frankismoaren aurkako borroka luzean, eskubide demokratikoen aitorpena nazio zapalduen autodeterminazio eskubidea ere bereganatzen zuen. Aldarrikapen honek, Estatu osoko langile klasearen babesa zuen eta PSOE, PCE, CCOO eta UGTren programako leloetako bat zen. Honek garbi erakusten du, klase arteko borrokaren une ezberdinetan eta klase bakoitzaren presioak eraginda, langile alderdien zuzendaritza erreformistek aldarrikapen ezberdinak defenda ditzaketela. Baina erreformista guztien akatsa da langile klaseak gizartea aldatzeko duen potentzialarekiko konfidantza falta, langile mugimendua boterea hartzera eramateko duten beldurra eta ezintasuna pakearen, biolentzia ezaren, demokraziaren… aitzakipean.
Beraz bide seguru eta “demokratiko” horri helduz eta langileek zuten indar paregabe horretan oinarritu gabe, langileen zuzendaritza erreformistek klase dominatzailearekin akordioetara iristea erabaki zuten, gaur egun gertatzen ari den bezala. Estatu mailan indar handiena zuten PSOE eta PCE alderdietako zuzendaritza erreformistak burgesiarekin kolaborazio politika bat defendatzera mugatu ziren. Klase arteko borrokan eta are gehiago konbultsio garaietan langileen zuzendaritzak duen garrantzia erabat agerian geratu zen. Ondorioz, era guztietako kontzesioak onartu behar izan zituzten beraien ideiak eta programa baztertuz, tartean autodeterminazio eskubidea.
Gainera, bi etapen teoria defendatu zuten. Lehenengo demokrazia lortu behar zela eta sozialismoaren aldeko borroka gerorako utzi behar zela planteatzen zuten. Gerra zibilean PCEk egindako akats berbera errepikatu zuten. Frankoren aurkako gerran PCEk, burokrazia sobietarraren aginduz, honakoa defendatu zuen: “lehenengo errepublika ezarri eta gero sozialismoa”, “lehenengo gerra irabazi eta gero sozialismoa”, bi borrokak batera zihoazela ulertu gabe. Historian zehar eta gaur egun ere behin eta berriz errepikatu da akats hau eta lortu den bakarra porrota, sufrimendua eta desmoralizazioa izan dira. Eta, zer eragin zuen politika honen defentsak? Felipe Gonzalezen Gobernuak, Estatu aparatua garbitu eta herri epaiketa bat defendatu beharrean, Estatu aparatuarekin kolaboratu eta honen esanetara jarri zen langile klase osoa traizionatuz. Hor etorri ziren GALen sorrera, Corcuera legea (adierazpen eta manifestatze askatasuna murrizten zuena), ZEN plana… Era berean, langile klasearen bizi baldintzen inguruan bultzatutako politikak, krisi guztia langileen bizkar erortzea eragin zuen: berraldaketa industriala, ETTak ekarri dituzten lan erreformak… Politika honek, patronalak lehenago galdu zuen pastel zatia berreskuratzeko balio izan zuen.
Ikasgaiak, guztiz beharrezkoak
Oraindik, 34 urteren ondoren, Gasteizko sarraskiaren arduradunek erabat aske eta kargu publikoak betetzen jarraitzen dute. Manuel Fraga Iribarnek eta Martin Villak beste askoren artean, epaituak izan behar lukete baina PSOEko zuzendaritza, PP eta PNV ere, demokrata ezinhobeak eta bakezaleak, ez daude hiltzaile horien aurka neurriak hartzeko, nola ba! Gauza segurua da klase arteko borroka datozen hilabete eta urteetan gogortuz joango dela eta horretarako prestatu beharra daukagula. Gasteizko borroken ezaugarri nagusia ez zen bat-batekotasuna eta inprobisazioa izan, bere antolakuntza baizik eta lan horretan, marxismoaren indarrak fabrika, institutu, unibertsitate eta enpresetan eraikitzea eta garatzea beharrezkoa da. Negar edo barre egin dezakegu baina gakoa gertatutakoa ulertzean eta ikasgai zuzenak ateratzean dago, horrek emango baitigu ondoren praktika zuzen baterako norabidea. 1976. urtean, langileen erakundeek langileak boterea hartzera zuzendu ahal izan zituzten Euskal Herriaren, Europaren eta munduaren etorkizuna aldatuz.
Aukera horiek berriz ere etorriko dira, burgesia langile klasearen arazoak konpontzeko gai ez delako. Gasteizko esperientziatik duda gabe gauza asko ditugu ikasteko, batez ere oraingo egoeran. Ikasgai nagusietako bat da erabat beharrezkoa dela borrokan dauden lantegien arteko batasuna eta koordinazioa, interes bera duten nagusien aurka. Lantegiz lantegi borrokatzeak ahultasuna eta desmoralizazioa dakar eta horrek nagusiei bakarrik egiten diete mesede. Era berean nahitaezkoa da antolaketa eta koordinazio hori ahalik eta gehien zabaltzea; lehenengo eskualde mailan, gero herrialde mailan… isolaturik gera ez dadin borroka. Esan bezala, 1976ko Gasteizko langile klasearen borrokatik ikastea, nola borrokatu behar den ikusteko adibide duin eta beharrezko bat da eta hango borrokalariei eta batez ere hildakoei egin diezaiekegun omenaldirik onena beraien helburuetan, sozialismoaren aldeko borrokan, modu aktibo batean parte hartzea da, gizartearen gehiengoak jasaten duen zapalkuntzarekin, gosearekin, errepresioarekin,… bukatzeko hori baita bide bakarra.