Azken hilabete hauetako esperientziak erakutsi du ezin dela txapela batekin bi buru estali: edo gobernuek benetako politika sozialista bat egiten dute, langileen eta bere familien, gazteriaren eta langabeen mobilizazioan oinarrituta, edo bestela, amore emango dute patronalaren, bankarien eta multinazionalen eskaeren aurrean.

Nahiz eta kontzesio guztiak egin, burgesiaren eta patronalaren sektore zabal batek presio egiten du PSOEren gobernuak “erreforma estrukturalak” egin ditzan. Sektore honetako bozeramaile kualifikatuenetarikoa den Miguel Angel Fernandez Ordoñezek, Espainiar Bankuko gobernadoreak, oso argi erakutsi du jarraitu beharreko bidea: gastu publikoa murriztu, langabezia prestazioak murriztu, pentsioen eta osasunaren sistema publikoaren pribatizazioa eta kaleratzeak merkatuko lituzkeen eta oraindik legislazio laboralean existitzen den babes legal eskasari amaiera emango liokeen lan merkatuaren erreforma. Beraz, langile erakundeak gerra deklarazio baten aurrean daudela ohartu behar dugu.

Klaseko sindikatuek oinarrizko defentsa garrantzitsua osatu behar dute enplegua suntsitzearen eta soldatak jaistearen aurka eta langabeek behar duten babesaren alde. Baina hau lortzeko, langile klasearen mobilizazioan oinarritutako eta klase dominatzailearen interesekin gatazkan sartuko litzatekeen programa aldarrikatzaile baten aldeko borroka egingo lukeen politika sindikal bat defendatu behar dute. Egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak ikuspegi sozialista bat behar du, kapitalaren logikan ez erortzeko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko.

Krisia hasi zenetik sindikatuetako zuzendaritza gehienen estrategia okerra izan da. EREen %90 sindikatuen sinadurarekin onartu dira. Baina, kalte txikiena onartzeko dinamika honek, hau da, enplegua gutxien suntsitzeko negoziazioek, ez dute patronalak gustura uzteko balio izan. Lan baldintzak okertu eta soldatak murriztu egin badira ere, enpleguaren etorkizuna ez da bermatu eta honek langileriaren posizioa ahultzeko bakarrik balio du. Politika honek, langileak eta enpresariak, denak txalupa berdinean daudela pentsatzea, langileen mobilizazioa ez bultzatzea eta fabrika bakoitza bere borrokarekin bakarrik uztea, patronalaren asmoei bidea libre uzteko modurik hoberena da. CEOE eta CONFEBASK patronalak, behin eta berriro, lan erreforma eskatzen ari dira eta PSOEren gobernuak ulermena agertu du. Okerrena da CCOOko eta UGTko zuzendaritzek ere, ez dutela baztertu negoziatzera esertzea baldin eta patronalak negoziazio kolektiboa desblokeatu. Baina Euskal Herriko enpresetako gatazketan sindikatu ezberdinetako arduradunen zati handi batek antzeko papera jokatu du, hau da, borroka eta mobilizazioa alde batera utzi eta enpresarekin langileak kaleratu edo hauen lan baldintzak murriztu dituzten akordioak sinatuz.    

Sindikatuetako zuzendaritzek erakusten duten ahuldadeagatik, hauek eman dituzten kontzesio guztiak direla eta, enpresaburuak oraindik eta determinazio handiagoarekin azaltzen dira beraien erasoetan. Errealitatea gordina da, ekintzak argiak dira. Horregatik, klaseko sindikatuen politikan norabide aldaketa bat behar dugu, krisiaren ondorioak ordaintzen ari den langile klasearen gehiengoak are gehiago sufritu ez dezan. Beraz, unea da borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa izango den sindikalgintza bat egiteko, langile klase guztiaren mobilizazio bateratuan oinarritutakoa, patronalaren ofentsiba gelditzeko eta gobernuak herritarren gehiengoaren aldeko neurri eraginkorrak hartzera behartzeko. 

Langabezian erortzeko beldurrez langile klasea erabat geldirik dagoela esatea eta sindikatuetako zuzendaritzek mobilizazio eraginkorretara dei egindakoan langileek ez luketela erantzungo esatea ez dator bat ikusten dugunarekin. Hilabete hauetan milaka langileren borrokarako gogoa ikusi dugu, adibidez, maiatzaren 21ean eman zen greba orokorrean.

       

Sindikatuetako zuzendaritzen papera

Klaseko sindikatuek ardura handia dute. Fabrikaz fabrikako borrokak honelako krisi garai batean muga asko ditu. Horregatik behar-beharrezkoa da langile klase osoaren borroka bateratua bultzatzea.

Orain da gure klaseko sindikatuak indartzeko unea, euren militantzia handitzeko eta langabeziaren aurkako, enpleguaren eta zerbitzu publikoen aldeko borrokarako programa bat defendatzeko. Beharrezko da honelako aldarrikapenak bilduko lituzkeen programa defendatzea sindikatuek:

* Bankuei eta enpresei diru publikorik ez. Diru publikoa lanpostuak bermatzeko eta langabetuei langabezia sorospen duin bat bermatzeko erabili behar da. 1.200 €ko langabezia sorospen mugagabe bat langabe guztiei lanpostu bat aurkitu bitartean eta aldi berean hauen hipoteken baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea ezarri behar da, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz. Erretiroa 60 urterekin soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez. 

* Kaleratzeen aurrean EREak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, indemnizaziorik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.

* Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna eskatu behar da. Soldataren murrizketarik ez eta galdutako erosteko ahalmenaren errekuperatzea.

 * Pentsioen sistema publikoaren bermea. Zerbitzu publikoen pribatizazioen gelditzea, enpleguaren eta hezkuntza eta osasun publikora bideratzen den errekurtsoen handitzea.

* Bankaren, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jartzea posible litzateke eta.

* Sindikalgintza borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa, Estatuarekiko eta burgesiarekiko independentea. Langileekin etenik gabe kontaktuan eta asanblada demokratikoen bidez hauen partehartzea bultzatuko duen sindikalgintza baten alde.

Krisi kapitalistak badu alternatiba bat eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortzeko, biztanle guztien bizi maila etengabe hobetzeko eta gehiengoaren beharrak asetzeko, posible da dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko izugarriak erabiliko lituzkeen sistema ekonomikoa eraikitzea. Baina hori lortzeko beharrezkoa da ekoizteko indarren langileen planifikazioa eta kontrol demokratikoa, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak ezartzea. Sobietar Batasuneko burokraziaren kolapsoa eman zenetik hogei urte eta gero, kapitalismoaren krisi orokorra bizi dugu langabeziaren, miseriaren eta marginalitatearen zabaltzearekin. Duela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka sortu zuten eta langile mugimenduari oinarri politikoa eman zioten arrazoiak gaur egun ere guztiz indarrean daude.

Langileen zerbitzurako sortu zen klaseko sindikalgintza, aurre egin nahian gabiltzan oinarrizko arazoen iturria kapitalismoaren existentzia zela ulertuz. Horregatik, langile klasearen aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Horrela, sindikalgintza benetan klasekoa da, langileen atomizazioaren eta desmobilizazioaren aurka, langileen kontzientzia, antolakuntza, batasuna eta borroka maila igotzen laguntzen duenean. Hau da langileon erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa, marxismo iraultzailearen ideiekin armatutako sindikalgintza.