Erretiroaren adina 67 urtera arte atzeratzeko eta pentsio bat edukitzeko eskubidea eta hau kalkulatzeko urteak gehitzeko PSOEren gobernuak egindako proposamena, kaleratzea merkatzeko helburuarekin, lan erreforma berri bat inposatzeko erabakiarekin batera, langile guztientzat eta bere familientzat eraso ikaragarria da. Biztanleen gehiengoaren aurkako neurri hauen ondoan, ordea, Zapateroren gobernuak 150.000 milioi euro oparitu zizkion bankari. Eta diru guzti honekin ez dute benetan behar dutenei kreditu merkeak ematea erraztu, baizik etekinak pilatzen eta espekulatzen, eta beraien kontseilu administrazioen kideei soldata eta pentsio plan milioidunak ematen jarraitu dute.
PSOEren gobernuak aurrekontuak egokitzeko plan oso gogor bat ere onartu du (hiru urtetan 50.000 milioi). Honek osasun, hezkuntza eta zerbitzu sozial publikoetarako diru gutxiago izatea esan nahi du. Hau da, PSOEren gobernuak bere politika ekonomikoan eskuinera urrats kualitatibo bat eman du, CEOE patronal espainiarraren eta bankaren presioei men eginez.
Krisi kapitalista
Kapitalismoaren krisi ekonomikoaren ondorioak langile klasea ari da ordaintzen. Urteetan espekulazio inmobiliarioa eta finantzarioa, enpresen eta bankaren etekin estratosferikoak, soldata baxuak, enpleguaren prekarietatea, pribatizazioak eta zerbitzu publikoen aurka erasoak eman eta gero, ekonomia kapitalista atzeraldian sartu zen. Munduko gobernu guztiak, azken bi urteetan banka salbatzeaz arduratu dira, bilioika euro emanda. Honela, Estatu askotan zor publikoa eta hauen defizita izugarri hazi da. Orain, gobernu berberek arazoak saihestu nahi dituzte langileentzat eta beraien familientzat austeritate planak onartuta. Krisiaren ardurarik ez dugu langileok eta aldiz eragin kaltegarriak gure bizkar gainera bota nahi dituzte.
Krisi kapitalistak ezartzen duen dinamika soziala oso argi dago. Neurri legal berezirik gabe, egungo normatiban aldaketarik eman gabe, biztanleriaren gehiengoaren baldintza sozialetan atzeraldi gogor eta azkar bat ematen ari da. Eta gainera, epe motz eta ertain batean etorkizuna ez da leunduko koiuntura ekonomikoaren aldaketa bategatik.
Urtearen erditik aurrera, BEZa igo nahi dute. Hau da, tipo orokorra %16tik %18ra eta txikiena %7tik %8ra. Gobernuaren, autonomien eta udaletxeen zenbait zerbitzuren tarifek igoera jasan dute. Aurrekontuetan gastu soziala izoztu edo murrizketen politika ezarri nahi da. Hurrengo urteetan areagotu egingo da, egun Estatu espainiarrak duen %10eko defizita, 2013rako %3 baino gutxiago izatearen helburua lortzeko. Neurri hauek guztiak norabide berean doaz: krisia langile klasearen bizkarrera botatzea.
Krisia eta honen iraupen luzea presio izugarria ezartzen ari da, aberastasunaren tartaren banaketa klaseen artean berrantolatzerakoan. Bai Estatuko soberakin sozialaren inguruan eta baita zuzenean ekoizpen prozesuan ematen denaren gainean ere. Burgesiak nahi dituen exentzio fiskaletan, Bankak Estatuari eman dizkion prestamoen interesak kobratzerakoan, beraien negozioen aldeko inbertsioak mantentzerakoan edo ekonomian eragiten dituzten desfalkoetan eta desoreketan, Estatuak milioika euro oparitzen jarraitu dezala bermatu nahi da. Baina eskaera hauek langile klasearen konkista historikoekin gero eta kontrajarriagoak dira.
Greba orokorra antolatzearen beharra
Atzeraldia hasi zenetik, mundu osoko gobernuek eta sindikatu gehienetako zuzendaritzek ekonomiaren mirarizko errekuperazio batean jarri dute konfiantza “normaltasunera” itzultzeko. EREak, soldata jaitsierak eta eskubideen murrizketak onartu dituzte eta langileen borrokak elkartzea saihestu dute. Baina esperientziak erakutsi du langileen sakrifizio guztiak ez direla nahikoa patronalaren eta bankaren eskaerak asetzeko. Nahiz eta azken urteetan gure eskubideetan atzera egin dugun, orain gehiago nahi dute, kaleratzea librea nahi dute, lan harremanen negoziazioarekin bukatu nahi dute... Langile mugimenduaren konkista historiko guztiak desegin nahi dituzte.
Egin diren kontzesioek, eta asko izan dira, orain onartezina den pentsio erreforma baten eta kaleratzea merkatu eta negoziazio kolektiboa ahulduko lukeen lan erreformaren saria jaso dute. Horregatik, eraso hauen erdian, UGTko eta CCOOko zuzendaritzek CEOErekin sinatu duten 2010-2012 soldaten inguruko akordioa, praktikan erosteko ahalmenaren galera onartuz, ildo berean doa eta akats larria da.
Langabeziaren igoera izugarria dramatikoa da. INEMen arabera 2009ko urtarrilean Hego Euskal Herrian 10.000 lagun baino gehiago geratu dira lanik gabe. Hego Euskal Herrian guztira ia 180.000 lagun daude lanik gabe, biztanle aktiboaren %13,2 eta hauetatik 61.600 lagunek ez dute inolako ordainsaririk jasotzen. Eta beste 100.000 langile erregulazioan daude. Behin-behinekotasun tasa %22,1ean dago, Europakoa baino %8,3 handiagoa. Estatu espainiarrean langabetuak dagoeneko lau milioi baino gehiago dira. 25 urte azpitik dauden gazteen %40a langabezian dago eta milioi bat langile familia baino gehiagotan kide guztiak lanik gabe daude. Bien bitartean, enpresariak, kosta ahala kosta, beraien etekinen tasa mantentzen saiatu dira soldatak murriztuz, masiboki langileak kaleratuz eta lantokian geratzen diren langileen lan erritmoak handituz. Hau da krisiari aurre egiteko duten modua eta zoritxarrez, enplegua deuseztatzeko orgia honetan botere publikoen laguntza izan dute.
Pentsioen erreformak eta lan erreformak gure sindikatuen aldetik erantzun garbi eta eraginkor bat behar du. Martxoko manifestazioek lehen urratsa izan behar dute greba orokorra antolatu eta ondoren langile klasearen mobilizazio bateratuekin jarraitzeko. Greba orokorrak, PSOEren gobernuaren erasoei erantzuteko eta biztanleen gehiengoaren aldeko neurriak hartzera behartzeko izan behar du. Borrokarekin soilik lortuko dugu Madrilgo PSOEren gobernuak eta Patxi Lopezen Eusko Jaurlaritzak diru publikoa langabetuei eta arazoak dituzten langile familiei laguntzeko erabiltzea eta ez bankariei oparitzea.
Krisiaren aurka borrokarekin eta mobilizazioarekin defendatu behar dugu geure burua. Hori da Greziako eta Portugalgo langileek hasi duten bidea, hemen bezala jasaten duten antzeko ofentsibaren aurrean. LABek Estatu frantziarrean antolatutako greba orokorrei emandako babesaren bideari jarraituz, sindikatu guztiek Estatu mailako Greba Orokorrerako dei bateratua egin behar dute eta lanean hasi lantoki guztietan asanbladak deituz. Hauetan, gure arazo nagusienak konponduko lituzkeen plataforma aldarrikatzaile baten inguruan eztabaidak bultzatu beharko lituzkete:
-Erretiroaren adina luzatzearen aurka. Erretiroa 60 urterekin eta soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez.
- Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna. Soldataren murrizketarik ez eta galdutako erosteko ahalmenaren errekuperatzea.
-1.200 €ko langabezia sorospen mugagabe bat bermatu behar da langabetu guztientzat lanpostu bat aurkitu bitartean eta aldi berean hauen hipoteken baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz.
-Kaleratzeen aurrean EREak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, indemnizaziorik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.
-Langileen batasuna banaketa guztien gainetik eta nazioen autodeterminazio eskubidea.
-Bankaren, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa langileen kontrolpean, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jarriz.