Urtero bezala, Emakume Langilearen Egunean, komunikabide burgesek kontratu milioidunak dituzten emakume kazetari famatuak, enpresariak, etab…. erabiliko dituzte eredu bezala. Eta bitartean, emakume horien itzalean, langile klaseko milioika emakumeren ahotsa erabat isiltzen da egunero. Guk eguneroko bizitzan sistema kapitalistak inposatzen dituen baldintza gogor horietan lan egin, bizi, amestu eta borrokatzen duten emakume langileen alde egiten dugu.
Emakume Langilearen Egunaren jatorria XX. mende hasieran aurkitzen da. 1909. urtean, AEBetako ehungintzako langileak ziren 30.000 emakume inguruk 13 astetako greba luze bat burutu zuten lan baldintza hobeagoen alde. “Ogia eta Larrosak” lemapean (ogiak segurtasun ekonomikoa sinbolizatzen zuen eta larrosak bizi kalitatea), emakumeek beraien aldarrikapenak handitu zituzten boto eskubidea eta haur-lana bukatzea ere aldarrikatuz.
Marxismoa eta feminismo burgesa
Alexandra Kollontai Errusiako Iraultzaren ikonoetako bat izan zen emakume langilearen askatasunaren aldeko borrokan. Lehen gobernu boltxebikean parte hartu zuen Lenin eta Trotskyrekin batera eta hainbat idatzi egin zituen emakumearen inguruan, horien artean; Emakumearen eguna (1913) eta Komunismoa eta familia (1921). Liburu horietan, emakume langileak aurre egin behar zien arazoak azaltzen ditu, bere klaseko zapalkuntzaren ondorio bezala, feminismo burges eta burges txikiaren ideia erreakzionarioei aurre eginez, oraindik ere existitzen direnak, arazo hau “genero zapalkuntza soilik” dela defendatzen baitute, eta beraz “gure etsaia gizonezkoa” dela. “Zein da feminista burgesen helburua? Bada, beraien senar, aita eta anaiek gizarte kapitalistan dituzten eskubide, abantailak eta boterea izatea. Zein da emakume langile sozialisten helburua? Jaiotzetik edo aberastasunetik datozen pribilegio guztiekin bukatzea. Emakume langileari berdin dio bere nagusia gizonezkoa edo emakumezkoa den.” (Kollontai, Emakumearen eguna).
Sarritan instituzio ofizialek Martxoaren 8an erakusten dituzten karteletan lur jota dagoen emakume bat agertzen da, bere senarra bezala enpresaria ezin izan daitekeelako. Engelsek Familia, jabetza pribatua eta Estatuaren jatorria liburuan oso ondo azaltzen du nola komunismo primitiboko garaian, komunitatea amaren aldetik garatzen zihoala eta honen ondorioz emakumeak status bat zeukala gizartean. Gizartearen garapen materiala izan zen, abeltzaintza eta nekazaritza agertzea lehenik; eta ondoren, lan zatiketa, soberakinak sortu eta soberakin honetaz jabetzeko borrokan gizartea klasetan banatu zuena, non klase pribilegiatuak gizarteko beste klase batzuen lana kontrolatzen zuen. Pixkanaka emakumearen lana etxeko lanetara eta erreprodukziora mugatu zen lan indarra bermatzeko eta “prolea” zaintzeko.
Baina sistema kapitalistak emakumea esku lan merke bezala baino ez du ikusten, “langile ejertzituaren erreserbako” zati bezala. Esku lan beharra dagoenean lan mundura sartzen ditu eta behar horiek amaitzean berriz kanporatzen ditu. Prozesu hau bi Mundu Gerretan argi eta garbi ikusi ahal izan zen. Orduan emakumeak fabrikara lanera joan ziren fronteko lehen lerroan zeuden gizonezkoak ordezkatzeko baina gerra bukatu bezain laster berriz ere etxera bidali zituzten. Europan, emakumea 50. hamarkada aldera itzuli zen berriz ere soldatapeko lanera, kapitalismoaren gorakada garaian eta bere papera etorkinenen antzekoa izan zen, hau da, esku lan merkearena. Hitzez esaten dituzten berdintasunaren aldeko neurriak neurri, emakumeak oraindik orain gizarteko sektore zapaldu eta esplotatuenetakoa izaten jarraitzen du.
Lan prekaritatea eta lan egun bikoitza
Emakumeek oraindik gizonezkoek baino % 30 gutxiago kobratzen dute lan berdina egiteagatik, lanik gehienak denbora mugatu batekoak eta prekarioak dira eta zer esanik ez paperik gabe dauden emakume langile etorkinen kasuaz. Ez da harritzekoa emakume langilearen egunaren inguruko eztabaidetan etxean lan egiten duten emakumeek soldata bat kobratu beharko luketela entzutea. Baina hau kapitalismopean utopikoa izateaz gain, emakume langilea berriz ere lau hormaren artera mugatzen du, giza kontrolerako telebista eta irratietako programazio zaborraren eragina bultzatuz. Ikus dezagun nola boltxebismoak modu iraultzaile batean hartzen zituen gai hauek, feminismo burges txikiarekin alderatuz erabat ezberdin: “Aberatsen emazteak, duela denbora asko utzi zien honelako lan gogorrak eta ez gustokoak egiteari. Emakume langileak zergatik jarraitu behar du karga astun honekin? Sobietar Batasunean emakume langileek emakume dirudunen erosotasun, garbitasun, edertasun eta abarrekin egon behar dute inguraturik. Gizarte Komunista batean, emakume langileak ez ditu bere ordu libreak sukaldean pasa beharko zeren jatetxe publikoak eta sukalde zentralak egongo dira, mundu guztiak jatera joateko eskubidea izango duelarik…. Berdina esan daiteke arropak garbitzeari buruz eta etxeko beste hainbat lani buruz. Emakume langilea ez da zikintasunaren itsaso batean ito beharko eta ez du ikusmena ondatu beharko gaueko ordu txikiak arte arropak josten. Astero arropa garbilekuetara eraman besterik ez da izango, behin garbitu eta plantxatu ostean batzeko. Horrela emakume langileak beste ardura bat gutxiago izango du. Arropak konpontzeko eta josteko tailer espezializatuek gauez irakurtzeko, denborapasa osasungarriak egiteko, etab.erako astia eskainiko diote, orain arte bezala lan nekagarrietan jardun gabe. Emakume langileak ez du zertan kexatu beharrik izango, zeren Gizarte Komunistak emakumearen etxeko lanen zama astunarekin bukatuko du bere bizitza zoriontsuago, aberatsago, askeago eta beteago eginez.” (Kollontai, Komunismoa eta familia).
Berdintasunaren aldeko benetako borroka, ezkerreko feminismoak aldarrikatzen duena, sozialismoaren aldekoarekin lotuz lortuko da emakume langileen benetako askatasuna. Eta berdina esan dezakegu beste hainbat aspekturi buruz, adibidez haurren hezkuntzari buruz. Ia egunero entzun dezakegu komunikabide eta Elizaren ahotik gurasoek duten arduragabekeria beraien haurren hezkuntzarekiko, balore faltak,… eta guzti hau hezkuntzarako aurrekontuak murrizten ari diren bitartean, haurtzaindegi eta haurren jantokiekin negozio borobilak egiten ari diren bitartean.
Etxeko indarkeria: sistema honen beste zabor bat
Zoritxarrez etxeko indarkeria ia egunero egunkari eta telebistetako portada izaten jarraitzen du. Estatu burgesak, aldiz, ez du hatzik mugitzen sistema kapitalistak berak sortu duen orban honekin amaitzeko. Independentzia ekonomikorik gabe eta etxe gabe, beraien haurrak senarraren esku uzteko beldurrez eta sarri beraien autoestima erabat galduta, urte luzeetako tratu txar psikologikoen ondorioz, emakume asko eta asko dira egoera honetan bukatzen dutenak eta askok bere bizia galtzen dute horrela. Oraindik orain egunerokotasunean dauden gai hauek boltxebismoak ere bere gain hartu zituen.
“Kapitalistek ondo dakite familia eredu zaharra, emakumezkoa esklabu dena eta gizonezkoa familiaren eta honen ongizatearen arduraduna, arma onenetakoa dela langile klasea bere askatasunerako bidean itotzeko, beraien izpiritu iraultzailea ahultzeko. Bere familiari pasa dakiokeenaren ardurak, borrokan bere tinkotasun osoa ez izatera eramaten du langilea, kapitalarekin amore ematera bultzatzen du. Zer ez lukete egingo guraso langileek haurrak gosez ikusita? Familia eredu zaharraren hondakinen artetik, laster familia mota berri bat ikusiko dugu sortzen, gizon eta emakumeen arteko bestelako harreman batekin, kamaraderian eta benetako loturetan oinarrituta, bi pertsona berdinen arteko batasuna, Gizarte Komunista batean. Morrontza gehiago ez emakumearentzat!! Desberdintasun gehiago ez familia barruan!! Ezer gabe gelditzeko beldur gehiago ez emakumearen aldetik gizonezkoak bakarrik uzten badu!! Bateratze libre hau, kamaraderia sentimenduan indartsu inspiratua dagoena, iraganeko esklabotzaren ordez, izango da gizarte komunistak biharko gizon eta emakumeei eskainiko diena” (Ibid.)
Emakumearen erabateko askatasuna, langile klase osoaren askatasunarekin soilik eman daiteke, hau da, klaserik existituko ez den gizarte batean eta borroka horretan gizon eta emakume langileak erabat baturik egotea beharrezkoa da zapaltzen dituen etsaiaren aurka. Lehen esan bezala garrantzitsua da auzi honetan ere klaseko ikuspuntua izatea eta sozialismoaren aldeko borrokaren zati garrantzitsu bezala ikustea, feminismo burges eta burges txikietan ez erortzeko, hauen asmoak erabat bestelakoak dira eta. Emakume langilearen defentsan ezkerreko eta klaseko sindikatu eta alderdiek programa iraultzaile bat defendatu beharko lukete, aldarrikapen minimoetatik hasiz helburu sozialista baterantz.
- Lan beragatik soldata bera. Emakumearen soldata ez da etxeko bigarren soldata!!
- 35 orduko lan astea.
- Kalitatezko eta doako haurtzaindegi publikoak.
- Arropa garbitoki eta jantoki publikoak.