Dakizuen bezala, Tolosako Engels Atenenoan (Herrementari kalea, 8) Aste Iraultzailea ari gara ospatzen. Hori dela eta, hainbat hitzaldi antolatu ditugu. Hurrengo loturan aurki dezakezue programa osoa:
http://euskalherriasozialista.net/index.php?option=com_content&task=view&id=539&Itemid=1
Aste hau dela eta, Tolosaldeko Hitzan (http://tolosa.hitza.info/paperekoa/2010-04-28/p00003010/%C2%ABBatasun_sindikalerako_egun_aproposa_litzateke_maiatzaren_1a%C2%BB.htm) elkarrizketa egin die. Hona dakarkigu gaurko Hitzan agertu den elkarrizketa.
Bide batez, gogorarazi nahi dizuegu gaur eta bihar ere hitzaldi bikainak egongo direla 19:30etan eta bertara gonbidatuta zaudeleta.
IBON ARTOLA ðEuskal Herria Sozialistako kidea
«Batasun sindikalerako egun aproposa litzateke maiatzaren 1a»
Tolosa Euskal Herria Sozialistak eta Engels Ateneoak, azken gune honetan, liburu aurkezpenak eta hitzaldiak antolatu ditu aste honetan.
asier imaz
Aste Iraultzailearen baitan Ibon Artolak (Anoeta, 1980) hitzaldia eskainiko du gaur, 19:30ean, Kapitalisten erasoak eta langile mugimendua-ren inguruan.
'Kapitalisten erasoekin' zer esan nahi duzu?
Kapitalisten erasoak mota ezberdinetakoak dira eta krisiarekin areagotu egin dira. EEEak (Enplegu Erregulazio Espedienteak), kaleratzeak, enpresa itxierak, gastu sozialen murrizketak osasunean eta hezkuntzan, azken lan eta pentsio erreforma, gazteentzako kotizaziorik eta langabezia eskubiderik gabeko kontratuaren proposamena... zoritxarrez zerrenda luzea da. Hauek guztiak eraso oso konkretuak dira baina ezin dugu ahaztu kapitalismoak mundu mailan eragiten dituen gainontzeko basakeriak, tartean pobrezia eta gosea.
Kapitalismoak dena txarra al dauka? Ez al dauka ezer onik?
Iraganean kapitalismoak jokatu zuen paper aurrerakoi bat. Erregimen zaharrak eta feudalismoa suntsitu zituen eta ekoizteko indarrak aurreko gizarte guztiek batera baino askoz gehiago garatu ditu, gizarte sozialista bat eraikitzeko baldintzak sortuz. Hau izan da bere paper historiko garrantzitsuena. Baina gaur egun, kapitalisten arteko borrokaren ondorioz ikaragarri oztopatzen da teknologiaren garapena ere.
XIX. mende bukaeratik aurrera bukatzen joan zen kapitalismoak lehenago jokatzen zuen paper aurrerakoia. Lehen eta Bigarren mundu gerrek kapitalismoaren dekadentziaren erakusgarri izan ziren. Potentzia kapitalista inperialisten merkatu goseak garbi utzi zuen zertarako gai zen kapitalismoa. Marxek azaldu zuen orain dela 150 urte inguru kapitalismoaren garapenarekin pobrezia handitzen joango zela eta datuak ikusi besterik ez daude hori egia dela frogatzeko. Kapitalismoaren motorra gutxi batzuen irabazi maximoa da, eta ez herritarren beharren arabera ekoiztu, banatu eta antolatzea. Ezer onik izan dezake agian urrezko komonetan kaka egin dezaketen aberats horientzat baina munduko herritarren gehiengoarentzat mehatxu bat da bizi duin bat izateko edo baita bizirauteko ere.
Langile mugimendua ez al da XX. Mendeko termino bat?
Ezetz esango nuke. Orain langabezia ikaragarri hazten ari den arren esan genezake historiak izan duen langile klase handiena duela munduak azken urte hauetan, kopuruz eta portzentaietan. XX. mendeko urte gehienetan AEBtan, Europan eta Japonian bakarrik aurki genitzakeen langile mugimendu indartsuak. Gaur egun ordea, langile borroka garrantzitsuak ematen ari dira Txinan, Indian, Tailandian, Egipton, Nigerian, Hego Afrikan, Venezuelan, Brasilen... baina ezin dugu ahaztu aldi berean handitzen ari dela AEBko, Europako eta Japoniako mobilizazio kopurua. Europan esate baterako, mobilizazio jendetsuak eta greba orokorrak ikusi ditugu azken urteetan Estatu frantziarrean, Italian, Portugalen, Belgikan, Suitzan, Grezian, Danimarkan, Austrian, Irlandan eta ekialdeko herrialdeetan, eta tartean maiatzaren 21eko Euskal Herriko greba orokorra eta erreformen aurkako azken mobilizazioak. Datu esanguratsu bezala esan Grezian 10 greba orokor baino gehiago egon direla azken 6 urteetan. Gure ustetan, langileek ekoizpen kapitalistan jokatzen duten paperagatik, langile mugimendua da kapitalismoaren aurkako borrokaren oinarria; ahaztu gabe gainontzeko sektore zapalduek ere funtsezko garrantzia dutela borroka honetan.
Klase indarra ez al du ongizatearen gizarteak irentsi?
Garbi daukagu langile klasearen indar potentziala inoiz baino handiagoa dela. Greba orokorretan ikusten da zenbaterainoko potentziala duen langile klaseak, grebak jarraipena izan ezkero gizarteak ez baitu funtzionatzen eta kapitalistak egoera horren aurrean erabat ezgaituta azaltzen dira. Potentzialaz gain langile klaseak antolakuntza egoki bat behar du, programa iraultzaile bat eta metodo iraultzaileak defendatzen dituena. Guk uste dugu honetan dagoela gakoa eta ez langileen ahuldade edo borrokarako gogo falta abstraktuan.
Bestetik, aurreko urteetako hazkuntza ekonomikoak izan du eraginik noski langile askoren buruetan. Bazirudien posible zela kapitalismoa beti gorantz joatea eta gero eta bizi kalitate hobeago bat lortzea baina amets horiek ezerezean geratu dira. Langileak, errealitatea ikusteaz gain beren larruetan ari dira sufritzen krisia, eta ez dute dudarik egin eta ez dute egingo borroka eraginkorretan parte hartzeko.
Zer egin daiteke kontzientziak pizteko?
Langileen kontzientzia pizteko edo indartzeko modua borroka ideologikoa eta antolakuntza bultzatzea da. Lan hau bultzatzearen arduradun nagusiak ezkerreko alderdi, sindikatu eta eragileetako zuzendaritzak dira. Guk antolatu ditugun hitzaldiek izan dezakete eraginik langile batzuen artean, baina langile klasearen erakunde tradizionalek modu sistematiko batean bultzatuko balituzte borroka ideologikoa eta antolakuntzaren beharra ikaragarri azkartuko litzateke langileen kontzientziazio prozesua.
Maiatzaren 1ean sindikatuak bere aldetik irtengo dira kalera.
Langileen zatiketak patronalari eta enpresariei bakarrik egiten diete mesede eta horregatik beharrezkoa da sindikatu guztiek langileen batasunaren aldeko lana egitea. Dudarik gabe, maiatzak 1a egun aproposa litzateke batasun hori emateko. Sindikatu ezberdinetako kideei egin zitzaien inkesta baten emaitzak azaltzen zuen, sindikatu guztietako kideen gehiengoa batasun sindikalaren alde dagoela. Gure ustez ere hori da bidea. Noski, ez da beti posible izango baina lan helburu horretan egin beharra dago. Praktikan ikusten da batik bat Euskal Herriko lau sindikatu nagusiek, ELA, LAB, UGT eta CCOOk antolatu dituzten grebek babes handia izaten dutela. Hori da bidea, sindikatuen eta langileen batasuna.
Zeintzuk dira aipatzen duzuen aldaketa horren oinarriak?
Sistema ekonomikoaren aldaketa defendatzen dugu guk. Hau da, beharrezkoa da kapitalismoarekin bukatzea eta denen bizi baldintzak etengabe hobetu ditzakeen gizarte bat eraikitzea. Horretarako beharrezkoa da bankuak, enpresa handiak eta latifundioak desjabetzea eta hauek langileen kontrolpean jartzea. Horri esker posible izango litzateke ekonomia herritarren beharren arabera planifikatzea. Eta ekonomia planifikatuak modu egoki batean funtzionatzeko beharrezkoa izango litzateke herritar guztien parte hartzea eta kontrol demokratikoa gizartearen kudeaketan, gaur egun erabat ezinezkoa dena bankuak eta enpresa handiak esku pribatuetan baitaude. Ekonomia planifikatuaren eta langile demokraziaren garapenari esker baldintzak sortuko lirateke sozialismoa eraikitzeko eta orain arte bizi izan ditugun basakeria guztiak iraganeko zakarrontzira botatzeko.
############
EKITALDIAK
Engels Ateneoan, 19:30ean
Gaur, hilak 28. 'Kapitalisten erasoak eta langile mugimendua' hitzaldia.
Bihar, hilak 29. 'Nikaraguako iraultza sandinista' hitzaldia.
############
############
Greba orokorraren inguruan
Non? «Ikusita PSOEren gobernuaren erreformek Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Estatu espainiarreko beste lurraldeetako langile eta herritarrei eragiten diela, erreforma hauen aurkako greba orokor eraginkorrena estatu mailakoa litzateke».
Nork? «Aipatu ditudan nazio eta lurraldeetako sindikatu guztiek, baina batik bat sindikatu nagusi guztiek».
Noiz? «Gure ustez ahal den azkarren hasi beharko litzateke antolatzen eta data zehazten».
Zergatik? «Ez dagoelako modu eraginkorragorik eraso horiei aurre egiteko».
Zertarako? «Patronalari hortzak erakusteko eta langile mugimenduaren batasuna eta antolakuntza bultzatzeko. Eta bide batez, nazio gaindiko greba orokor bat izango litzatekeenez, langileen internazionalismoa bultzatzeko eta estatuko beste langileei autodeterminazio eskubidearen beharra azaltzeko. Adibidez, uste dugu guztiz egokia izan zela LABek estatu frantziarrean iaz antolatu ziren greba orokorrei babesa ematea. Nazioz gaindiko langileen batasuna eta autodeterminazio eskubidea defendatu behar dituzte langile klasearen erakundeek, Errusiako iraultzan boltxebikeek egin zuten bezala».
############