Aste Iraultzailea zela eta, Engels Atenean (Tolosa) Ibon Artola Euskal Herria Sozialista aldizkari marxistako kideak krisi kapitalistaren gainean emandako hitzaldia.

 

Krisiaren bukaera gertu al dago?

 

Azken bi urteetan, ekonomia kapitalistak 1929ko cracketik bere erorketa handiena bizi izan du. Sistema finantzarioaren leherketak eta gehiegizko ekoizpenaren krisi sakonak burgesia historiako erreskate plan handienak egitera eraman dute. Hilabete gutxitan, AEBtako, Europar Batasuneko, Txinako eta Japoniako gobernu kapitalistek diru publikoko 20 bilioi dolar, munduko BPGren herena, baliatu dituzte kapitalisten irabaziak salbatzeko eta mantentzeko ekonomia bultzatzearen aitzakian.

 

Krisia hasi zenetik bi urte inguru pasatzean, burgesiaren propaganda kanpaina ikusi dugu mezu bat lau haizetara zabaltzeko helburuarekin: “Okerrena pasa da eta ekonomia garrantzitsuenen errekuperatzea hasi da”. Baina egia al da? Instituzio kapitalistek (FMI, Mundu Bankua, OCDE) urte honetarako aurkeztu zituzten aurreikuspenei begiratuta bestelakoa da egoera. Langabezia gora doan bitartean, kontsumo pribatua, ekoizpen industriala, munduko komertzioa eta kapitalaren inbertsioa ikaragarri ari da erortzen. Orduan, zergatik horrenbeste euforia?

 

            Kanpaina honen hasiera Alemanian eta Estatu frantziarrean bigarren hiruhilekoan emandako %0,3ko hazkuntza ekonomikoak, ekonomia japoniarraren antzeko hazkuntzak eta Txinako aktibitate ekonomikoaren hobekuntzak eragin zuten. Beste aldetik, langabezia iparamerikarraren gorakada historikoa %0,1 jaistea datu garrantzitsutzat erabili zen. Irakurri ondo, ez zen AEBtako langabeziaren gorakada geratu, odolustea %0,1 murriztu baizik!!   

 

Datu hauek krisiaren amaieraren hasieratzat zabalduak izan ziren mundu osoan. Baina aldi berean, munduko ekonomiaren erorketa izugarria eta ekoizteko indarren suntsiketa masiboa baieztatzen zituzten datuak alboratuak izan ziren. Honek erakusten du kapitalistek beldur handia dietela krisia eragiten ari den ondorio politiko eta sozialei. Mundu osoko burgesia herritarrak konbentzitzen saiatzen da krisiaren bukaeraren ideiarekin, horrela konfiantza sortu nahi dute sakrifizio gehiago, gastu sozialen murrizketa gehiago, soldaten jaitsiera gehiago, enpleguan prekarietate gehiago… onartzeko. Sakrifizio guzti hauek gure eginez, iraganeko boom ekonomikora azkarrago itzuliko garela adierazten digute.    

 

Marxek “El Capital”-en  erakutsi eta historiak hala frogatu du, gehiegizko ekoizpenen krisien eginkizuna “soberan” diren merkantziak, kapitalak eta ekoizteko indarrak suntsitzea dela, horrela, ekoizpenaren eta merkatuaren arteko egokitzapena bultzatuz. Modu horretan, krisiak errekuperazio ekonomikorako baldintzak sortzen ditu, baina errekuperazioaren erritmoa eta iraupena ez daude faktore bakar baten menpe, kapitalismoaren garai jakin batean aurkitzen diren baldintza orokorren menpe baizik. Beraz, beharrezkoa da aztertzea goranzko fase historiko batean edo gainbehera orokor baten aurrean gauden. Azken boom ekonomikoaren garaietan prekarietateak eta langileen bizi baldintzen okertzeak izan zuen handitzeak erakusten du sistema kapitalista beheranzko fasean dagoela aspalditik. Confebask patronalak berak ere onartu du errekuperazio ekonomikoa urruti dagoela eta gainera krisitik ateratzeak ez duela suposatuko aurreko garaietara itzultzea.  

“Analista” askok AEBk krisitik azkar aterako zirela baieztatu zuten. Baina 1929ko depresioak frogatu zuen bezala erorketa oso handia izan daiteke, eta errekuperazioa oso motela eta ahula, urte askotan luzatuz. Datu ofizialek desberdintasunak ezkutatu nahi arren, hauek ikaragarriak dira: crack finantzarioaren ondoren banku handien burtsako kotizazioak berrezarri egin dira irabazi milioidunak izatera itzuliz, baina beste aldean ikus dezakegu munduko herrialde kapitalista aurreratuenean 12 milioi ume gosean erortzeko arriskuan daudela.  

Obamaren erreskate planek ere ez dute inondik krisia konpondu. Ekonomia marxistaren ikuspuntutik Estatuaren inbertsioek, ekonomia indartsuenen kasuan, eragin mugatu bat izan dezakete atzeraldiaren ondorio batzuk leuntzeko edo ekonomia zerbait estimulatzeko horretarako baldintzak badaude. Baina Estatuaren inbertsioek ezin dute ziklo ekonomikoa aldatu. Atzeraldiari buelta emateko beharrezkoa da kapital pribatuak ekoizpenean inbertitzea. Gaurko egoeran ordea, kapitalistak ez daude prest ekoizpenean inbertitzeko eurentzat ez baita errentagarria. Errekuperaziotik urrun, AEBtako ekonomiaren egoerak oso larria izaten jarraitzen du. Manufaktura industriaren ekoizpen ahalmena adibidez %68aren azpitik dago, 1948an estatistika hau ezarri zenetik baxuena.

Ekonomia estatubatuarraren egoera txarrak munduko errekuperazioa baldintzatuko du.

Ekonomia estimulatzeko eta banku pribatuak salbatzeko plan publikoek arazoa finantza publikoetara eraman dute. Estatu kapitalista aurreratuetan, batik bat AEB, EB, Japon eta Txinan, zor ikaragarriak pilatu dira, ekonomiaren eta politikaren egonkortasuna mehatxatzen direlarik.

Ekonomia erregulatzeko saiakerek porrota jasan dute. Merkatu finantzarioen kontrolean ez da aurrerapausorik eman eta lehen bezala funtzionatzen jarraitzen dute. Beste burbuila espekulatibo bat sortu da azken hilabeteetan estatuek bankuei emandako diru publikoari esker. Denon dirua erabili da modu lotsagarrian banku pribatuen zenbaki gorriak saneatzeko, eta orain banku hauek irabazi bikainak lortzen ari dira zor publikoaren merkatuan eta burtsako eragiketetan eta lehengaien merkatuan espekulatuz. Hemen ikusten da kapital finantzarioari ezin zaizkiola mugak jarri kapital finantzarioaren legeekin. Wall Streeten 2009ko irabaziak honen guztiaren erakusgarri dira: iazko urteko irabaziek orain dela hiru urteko errekorra gainditu dute.

Estatuen zor historikoak

Munduko 30 estatu aurreratuenen zor publikoek beren BPGren %100 hartuko dute. Bake garaietan sekula ez da ezagutu horrenbesteko zor publikorik. Bigarren Mundu Gerraren ondorengo datuek soilik gainditzen dituzte gaur egungo estatuen zorrak. Banku eta multinazionalei milioitza horiek oparitzearen ondorioz, estatu garatuenen zor publikoa sostengaezin bihurtzen ari da. Honi aurre egiteko burgesiak gerrikoa estutzearen beharraren alde egiten du kanpaina: gizarte gastuen murrizketa (hezkuntza, osasuna, langabezia sorospena…), pribatizazio gehiago, soldaten jaitsiera eta lan erreforma berriak.

Kapital finantzarioaren paper parasitarioa inoiz baino begi-bistakoago ari da geratzen.

Pasa den otsailean, Zapaterok banku eta kutxa nagusienetako ordezkariekin izandako bilera batean, enpresa eta familiei maileguak gehitzeko “ahalegin handiago bat egitea” eskatu zien presidente espainiarrak. Baina arazoa da bankuak ez direla ONGak, funtsezko helburutzat irabaziak lortzea duten erakunde pribatuak dira. Eta Estatuak bankuei dirutzak oparitu arren, honek ez du hauen izatea aldatzen. Industriako ministro espainiarrak “pazientzia amaitzen ari zitzaiola” esanagatik bankarien jarrera ez zen batere mugitu. Gainera, orain sustapeneko ministroa den Jose Blanco azkar atera zen esatera “pazientzia mugagabea duela” bankuekin.     

Krisi kapitalista azpimarratzen ari da bankuen paper parasitarioa, agerian utziz ez dutela “eginkizun sozialik ekonomiaren dinamizatzaile bezala”, hainbat aditu prokapitalistek dioten moduan. Bankuak, esku pribatuetan, gizarteak sortutako aberastasun osoa irenstea mehatxatzen duten zulo beltzak dira. Egoera hain izan da eskandaligarria ezen AEBetako prentsa burgesak ere onartu egin behar izan zuela 163.000 milioi dolarreko diru laguntza publikoaren erdia akzionistei eta erakunde finantziero handietako ejekutiboei banatu zitzaiela, hauetako batzuk 18.500 milioi dolarreko sariak jasotzera iritsiz.

Zer zentzu du banku hauen jabegoak eta funtzionamendu irizpideak pribatu izaten jarraitzeak? Denon diruarekin gutxi batzuk aberastea du helburu bakar. Ez ditu irabaziak ateratzen laguntza publikoei esker soilik, estatu kapitalisten zor publikoa finantzatzeari esker ere ikaragarrizko dirutzak ari da lortzen. Bankak %1eko tasetan lortzen du dirua eta zor publikoa %3ko interesetan erosten du. Posible al da negozio errentagarriagorik? Errekurtso publikoak espekulatzaile iruzurti gutxi batzuen eskuetan jartzen ari dira gobernu kapitalistak.

Datu hauek baieztatzen dute jasaten dugun kapital finantzarioaren benetako diktadura. Honek erakusten du oinarrizkoa dela bankuak desjabetzea langileen eta hauen erakundeen kontrolpe demokratikoan. Hau egin ezean ezinezkoa izango da krisiaren aurka neurriak hartzea herritarren gehiengoaren alde.

Nolako nazionalizazioak behar ditu langile klaseak?

Baina langileei interesatzen zaien nazionalizazio mota eta burgesiaren estrategek azken garaietan bultzatu dutena ezberdinak dira. Egin daitezke, eta egin dira gainera, irizpide erabat burgesak izan dituzten nazionalizazioak. Horrela, hainbat banku modu azkarrean “saneatzeko” eta sistema bere osotasunean arriskuan jarri zezaketen bankuen kolapsoa sahiesteko formula bezala erabili dituzte nazionalizazioak. Baina banku hauek irizpide pribatuekin funtzionatzen jarraitzen dute eta diru publikoarekin saneatu ondoren berriro pribatizatzen dituzte.

Gure sakrifizioei esker bankak irabazi duen diru guztia, gehi krisiaren aitzakiarekin jaso duten dirutza publiko guztia, mota guztietako inbertsio publikoak egiteko erabili ahako litzateke: herri eta auzoetako hornikuntza sozialetan, hezkuntza eta osasuneko kalitatezko sistema publiko batean, industria eta nekazaritza garatzeko, eta nola ez, kontsumoa eta negozio txikien inbertsioa errazteko. Zein arazo egongo litzateke ekonomiaren funtzionamenduaren ikuspuntutik neurri hauek aurrera eramateko? Bat ere ez. “Arazo” bakarra bankariek beren irabaziei uko egin beharko lieketela da.

           

Baina ekonomia, enplegua eta orokorrean garapen soziala bultzatzeko, bankaren nazionalizazioa osatu egin beharko litzateke industria eta monopolio garrantzitsuenen desjabetzearekin. Soilik horrela izango litzateke posible jabego pribatuak eta ekoizpen modu kapitalistaren anarkiak sortutako kaosa eta suntsiketa sahiestea.

Ezin da eraiki behar sozialak aseko lituzkeen ekoizpen eredu berri bat burgesia finantzarioari ekonomiaren kontrola kendu gabe. Eta hau ezin da egin kapitalismoa garaitu gabe eta gizartearen eraldaketa sozialista lortu dezakeen borroka iraultzailerik gabe.  

Kaleratzeen aurrean soldatak izoztea alternatiba bat al da?          

Azken asteetan langileen soldaten aurkako enpresaburuen ofentsiba handitu egin da. Enpresariek “soldaten moderazioa”  behar-beharrezkoa dela esaten jarraitzen dute. Enpresaburuek, finean, soldatak izoztea eta ondorioz erosteko ahalmena gutxitzea nahi dute. Enpresaburuek diote “soldaten moderazioa dela enplegua mantentzeko bermerik hoberena”. Hau da, enpresarien ustez, denon ongizatearen aldeko sakrifizio batez ari gara, batez ere, langileen interesen aldekoa. Enpresarien kanpaina honek garrantzi handia hartu du. Dagoeneko izaera ofiziala eta instituzionala du. Kanpaina honetan hartu dute parte OCDEk, Espainiako Bankua bezain instituzio “zorrotzak”, ekonomista ezagunek, bankariek, komunikabide gehienek, eskuineko alderdiek (CIU, PNV eta PPk, azken honek FAES fundazioa buru duela) eta PSOEko sektore batzuk. Sindikatuetako ordezkari batzuk ere erosteko ahalmenaren galera onartzen ari dira; honela, enpresaburuen argudioekin bat eginez.        

Noski, krisiaren eraginez konpetentzia areagotzearen testuinguruan, enpresariak langileen soldatak jaitsita ekoizpen-kostuak egokitzen saiatzen dira. Baina soldatak murrizteak, berez, ez du enpresariak langileak kalera botatzea saihesten, kapitalistak beharrezkoa baitu ekoizpena krisira moldatzea eta ekoizpena jaitsi beharraren ondorioz langileak kaleratzea. Egungo krisi hau, gehiegizko ekoizpenaren krisi bat da.

Benetan gertatzen dena zera da, soldatak jaisterakoan krisia areagotu egiten dela, langileek erosteko ahalmena galtzen baitute eta gogoratu behar da hauek kontsumitzaileen zati garrantzitsu bat direla. Noski, enpresarien ikuspuntutik, soldatak murrizten badira aukera handiagoa dago lehiakorragoak izateko eta merkatuko lehiari baldintza hobeetan eusteko. Horregatik, sindikatuetako ordezkari batzuk enplegua mantentzeko soldata izoztea onartu dute, adibidez, Seat enpresan. Baina, ondoren zer gertatu zen? Hurrengo egunean Ford etxeak ere soldataren murrizketa eskatu zuela. Dinamika argi dago: soldaten murrizketa orokortzen bada, enpresa batek ere ez luke abantailarik izango konpetentzian, baina enpresa guztiek beren irabazietara langileen soldatetatik zati handiagoa transferitzea lortuko dute. Eta krisia? Okerrera egingo du, langileen erosteko ahalmena murrizten delako, ondorioz  kaleratze gehiago eraginez, teorian, soldatak izoztuz saihestu nahi zena. Soldata jaitsierarena aitzakia da irabaziak handitzeko.

Kapitalismoaren logika, non dago muga?

Bestela esanda: “inbertsiogileentzat baldintza sozialak, ekonomikoak eta politikoak erakargarriak izatea lortu behar da”. Errealitatean, kapitalistentzat baldintzak zenbat eta “erakargarriagoak” izan, langileriaren baldintzak orduan eta okerragoak izaten dira.

Inbertsioa “erakargarria” egiteko soldatak jaitsi egin behar dira. Hori bakarrik? Ezetz esango dute kapitalistek. Negoziazio kolektiboaren eskubidea desegin behar da eta enpresariaren eta langilearen arteko akordio indibiduala ezarri. Hori bakarrik? Ez. Enpresariek kotizatu behar dutena gutxitu egin behar da eta horren ordez BEZa igo. Hau, lanaren errenta enpresarien errentara aldatzeko beste modu bat da. Enpresariek zergetan aurrezten duten guztia langileok ordaindu behar dugu kontsumo prezioen igoerekin. Hori bakarrik? Erretiroaren adina 67 urtera arte atzeratzeko eta pentsio bat edukitzeko eskubidea eta hau kalkulatzeko urteak gehitzeko PSOEren gobernuak egindako proposamena, kaleratzea merkatzeko helburuarekin, lan erreforma berri bat inposatzeko erabakiarekin batera.

Hori bakarrik? Ez, honela mugagabeki jarraitu ahal izango genuke.

Marxek zioen “...kapitalistak soldatak murrizteko eta laneguna luzatzeko etengabe borrokatzen du, langileak beti kontrako norabidean egiten duen bitartean. Kontua beraz, aurkako indarren auzira laburtzen da”. Hau da soldaten balioa determinatzen duen borroka erreala eta bizia. Horregatik, enpleguaren, ekonomiaren eta gizartearen interes orokorraren alde hitz egiten duten bitartean, Estatuaren errepresiorako, demokraziaren kontrako gero eta lege gehiago prestatzen dituzte, eta arrazismoaren demagogia eta gorroto nazionala erabiltzen dute langileak zatitzeko eta hauen erantzuteko ahalmena murrizteko.  

Kapitalismoaren krisia eta langabeziaren aurkako borroka

Antzekoa esan genezake langabeziarekin, kasu honetan 30. hamarkadako beheraldi ekonomikora joan beharko genukeelarik. OCDEko ekonomietan, munduko 30 estatu industrializatuenetan hain zuzen, langabezia 60 milioi biztanletara iritsi da. Krisia hasi zenetik langabezia bikoiztu egin da! Krisi ekonomikoaren ondorioak oso gogorrak izaten ari dira langileentzat eta beren familientzat. Langabetuak Hego Euskal Herrian 170.000 gora dira eta Espainiar Estatuan 4 milioi baino gehiago. Eta perspektiba beldurgarria da: 2012 urtera arte gutxienez kopuru hauek mantenduko omen dira. Horregatik, langabeziaren aurkako borrokak sindikatuen eta ezkerreko alderdien borroka garrantzitsuenetarikoa izan beharko luke. Kontua da, langabeziaren aurkako borrokari modu eraginkorrean nolako neurriekin egin beharko geniokeen aurre.

Langabezia langileriaren aurkako mehatxurik handienetarikoa da. Tamalez, oso ondo dakigu langabeziaren eraginak zeintzuk diren: lur jota geratzea, familian kaosa, herrietan eta baita eskualde osoetan ere bizi baldintzak okertzea... Adibidez, espainiar Estatuan, 80. hamarkadako krisitik hona, langabeziaren geografia eta lasaigarrien eta depresioaren kontrako kontsumo masiboa, modu harrigarrian, bat datoz. Oro har, langabeziak langileen eta bere familien osasun psikikoan eta fisikoan duen eragin kaltegarria anbulatorioetan egiaztatzen da. Gainera, langabeziaren ondorioak ez dira soilik bakarka sufritzen. Industriatik, nekazaritzatik edo abeltzaintzatik bizi diren eskualde osoak langabeziaren eraginak jasaten dituztela ikusteak, langabezia eragiten duen sistema kapitalistaren izaera kriminala erakusten du.

Horregatik, langabezia kobratzeko legeak ezarritako epea bukatzen denean, lanpostu baten edo lanbideen arteko gutxieneko soldata mugagabe baten eskubidea aldarrikatu behar da. Espainiar Estatuan adibidez, langabetu guztientzat urte batez lanbideen arteko gutxieneko soldata bat bermatzea posible izango litzateke Santander Banketxeak 2008an izan dituen irabaziak baino gutxiagorekin. Jakina, enpresaburuak ez dira inoiz gure kalkuluekin ados egongo, noski, tartaren beraien puska nahi baitute. Baina, datuak eskuan, langileok langabetu guztientzat sorospen mugagabea ekonomikoki posible dela erakutsi dezakegu.

80. HAMARKADAN EMANDAKO BORROKAK

 

80. hamarkadan langabeziaren laguntzak zabaltzeko borrokak, langabetuen mobilizazio handiak eragin zituen. Zenbait eskualdeetan eta sektoreetan familia askoren egoera jasanezina egin zenean eta sindikatuetako zuzendaritza erreformistek egoeraren aurrean benetan ardura hartzen ez zutela ikusirik, langabetuak eta beren familiak asanbladatan  antolatzen hasi ziren. Horregatik, berehala zenbait tokitan, langabetuen asanblada hauen presioari esker, langabeziaren laguntza luzatu egin zen.

Mugimendu honen ahultasunaren lehen arrazoia lorpenak beste tokietara ez zabaltzea eta ondorioz hauek ez sendotzea izan zen. Ez zen koordinaziorik, ez batasunik, ez antolamendurik egon borrokak elkartzeko. Baina bigarren ahultasun bat ere izan zuen mugimenduak: antolatutako langile mugimendutik, sindikatuetatik, banatuta egotea. Nahiz eta sindikatuetako zuzendaritza gehienen politika okerra iruditu, aurrera egiteko behar-beharrezkoa da langabetuen borroka lanpostua duten langileekin lotzea. 80. hamarkadako esperientziak erakutsi zuen, sindikatuetatik banatuta egoteak, langabetuak ahuldu ez ezik, patronalaren maniobrei mesede egin ziela, enpresaburuek langile talde ezberdinak elkarren aurka jartzea erraztu baitzuen.

Langabeziaren aurkako programak ideia nagusi batean oinarritu behar du: langabeziaren arazoa, langileriari bere osotasunean eragiten dion arazoa da eta ez soilik lanik gabe geratzeko zorte txarra dutenena.

Langabeziak noski berehala eragiten dio kaleratua denari edo lehenbiziko lanpostua aurkitzen ez duenari. Baina, ondoren langabeziak lana dutenen aurka egiten du hauen lan baldintzak okertzen baitira. Horregatik, langabetuen eta lana dutenen borroka elkartzearen beharra ez da modu abstraktu batean “elkartasuna” emateko, baizik eta langileen batasuna praktikan behar-beharrezkoa da langileriak bere osotasunean krisiaren ondorioei modu eraginkorrenean aurre egiteko. Adibidez, lehenengo langabeziara atzerrikoak eta aldi baterako kontratua zuten langileak, gehienak gazteak, bota ondoren, orain, urte gehien daramatzaten langileak eta normalean soldata handiena dutenak geratzen dira lantokietan, izan ere, hauek kaleratzea gehiago ordaindu behar baita. Horregatik, ez gaitu harritu behar patronalak eta Espainiako zein Europako Banku Zentraletako gobernadoreek kontratu mugagabea duten langileen kaleratzea merkatzearen alde bat egiteak.

Langile finkoen kaleratzea merkatuta, soldatak ere jaitsiko lirateke, patronalak oraindik berari aurre egin diezaiokeen kontratu finkoa duten langileak eskubiderik gabeko langabetuekin ordezkatuko lituzkeelako. Eta mehatxu honek ere lana dutenenak eta langabetuak elkartzen ditu. Eskuinaren demagogiaren aurka, soldata “altuek” enplegua eragozten dutela esaten dutenen aurrean, argi esan behar da: enpleguak inbertsioarekin duela zerikusia eta ez soldata mailarekin. Eskuinak esaten duena horrela balitz, soldata handienak dituzten Europako herrialdeak (Alemania, Luxemburgo, e.a.) langabezi erraldoi batean erortzen egon beharko lukete eta aldiz soldata txikienak dituzten herrialdeak (Portugal, Maroko, e.a.) enplegu betearen paradisuak izango lirateke!

Beraz, soldaten erosteko ahalmenaren defentsa eta lanbideen arteko gutxieneko soldata 1200 eurora igotzea, hau baita bizitza duin bat emateko gutxienekoa, langabetuen eta lana dutenen programan oinarrizko aldarrikapenak izan beharko lukete.

Bestalde, zatituta, langile bakar batek, familia batek, ezin du ezer egin banketxe baten boterearen aurrean. Baina langabetuen eta lana dutenen borroka elkartuta, hipoteka bat ordaindu ezin dutenak, hurrengo hilabeteetan ordaintzeari utzi beharko diotenak, eta lana galduz gero nola ordaindu ez dakitelako lo egiten ez dutenak, guztiak batera, aurre egin diezaiokete kapital finantzarioari. Enbargu bakar bat ere ez, hipoteka ordaindu ezin duen familia bakar baten kaleratzerik ere ez!

Langile familia baten etxebizitzaren kargak ez luke diru sarreren %10a baino gehiago izan behar. Nahiz langabezian nahiz lanean egon, hipotekak ez luke langileentzat mehatxu bat izan behar. Eta gutxiago banketxeak administrazio publikoetatik dirutza izugarria jasotzen ari direnean. Zer egin beharko genuke kutxek ez badute beren etekinetan muga hau onartu nahi? Orduan berehala banketxeen nazionalizazioa eskatu beharko genuke, indemnizaziorik gabe eta langileen kontrolpean kudeatua. Banketxeak nazionalizatuta eta langileen kontrolpean egonda, errekurtso horiek guztiak gizartearen beharrak asetzeko eta enplegua sortzeko behar diren inbertsioak finantzatzeko erabili ahalko dira.

Bestalde, langabetuak eta lana dutenak elkartu egin behar dute langabeziari aurre egitea posible den modu bakarra aurrera eramateko: lan orduak banatzea. Lan jardunaldia 35 orduetara jaistea soldata murrizketarik gabe eskatuko genuke.

Eta zer egin EREekin dauden lantokiekin? Egia da krisia lantokietan eragiten ari dela. Baina, langileok kontabilitatea ikusiz, enpresaburuek zein erabaki hartu dituzten eta azken urteetako etekinak nora joan diren jakin ondoren, lantokietako egoera zein den egiaztatu behar dugu. Nahiz eta lantokia krisian egon horrek ez du esan nahi ondorioak langileek ordaindu behar dituztenik. Langabeziari kaleratzeen aurka eginez egingo diogu aurre. Borroka honek langabetuak eta lana dutenak elkartzen ditu. Bestalde, dagoen lana, aldiro, langile guztien artean banatuko da eta krisian dauden lantokiak langileen  kontrolpean nazionaliza daitezen eskatu behar da.

Azkenik, langabeziaren aurkako borrokan momentuko aldarrikapenak sistema kapitalistaren aurkako borrokaren perspektiba orokorrarekin lotu behar dira. Langabezia saihestezina da ekoizteko indarren jabetza pribatuan eta gehienezko etekin indibidualean oinarritutako sistema batean. Langabeziak gizarte sozialista batean bakarrik du konponbidea eta gizarte horretan bakarrik bermatu ahal izango ditugu gaurko lorpenak. Horregatik, langabeziaren aurkako borroka, batez ere, borroka politikoa da. Sindikatuak eta langileen alderdiak berreskuratzea ezinbestekoa da langile klasearen indar iraultzaile guztia antolatzeko eta sortu ziren helburu historikoa gauzatzeko: gizartearen eraldaketa sozialista.

Murrizketa sozialei eta gure eskubideen aurkako erasoei aurre egiteko alternatiba bakarra: LANGILE KLASEAREN MOBILIZAZIOA

Krisiaren sakontasuna eta denbora luze baterako ekonomiaren geldialdiaren perspektiba bete betean agertzen dira kapitalisten analisi garrantzitsuenetan ere. Eta noski, beren ikuspuntutik, euren interesak defendatzeko (irabaziak, posizioak mundu merkatuan, gaitasun finantzarioa) hartu behar diren neurriekiko adostasuna erabatekoa da: eraso sakonak egin behar dira gastu sozialen eta langileen eskubideen aurka.  

Horregatik, burgesiaren helburua da, utzitako diruaren itzulketaren bermea nahi baitute, Estatuen zorrak murriztea. Baina hori ez dute egin nahi bankuek edo enpresek Estatuei emango lizkioketen laguntzekin, langileen kontura baizik. Auzia oso garbi eta sinplea da: euren irabaziak mantentzeko eta Estatuaren dirua kapitalisten poltsikoetara joatea bermatzeko beharrezko dute langileak eta gizartearen gehiengoa pobrezia gehiagoko egoera batera eramatea. Horrekin ez dute krisirik konponduko, okertu ere egin dezakete, baina behin kapitalistek krisia sakona eta luzea dela onartu dutenean, ahal den ondoen moldatzen saiatuko dira bertan bai arlo ekonomikoan eta baita arlo politikoan ere. Langileen soldatetan edo gastu sozialetan murrizten den guztia, zuzenean (ekoizpen prozesuan) edo zeharka (Estatuaren laguntzak) kapitalisten poltsikoetara joango da, hauen irabazien erorketa ahal den maila txikienera eramanez, zorrei ahal den azkarren buelta emanez eta mundu mailako merkatuan baldintza onenetan kokatuz.  

Bestalde, krisi ekonomikoa gero eta ageriago uzten ari da ondorio politiko bat: kapitalisten eta langileen interesen arteko erdibideko politika bat egitea ezinezkoa da. Madrilgo PSOEren gobernuaren eskuineranzko bira (hezkuntzan eta osasunean gastu publikoen murrizketa gogorra, lan eta pentsio erreformen proiektua, BEZaren igotzea, hezkuntza akordioa eskuinarekin, osasun erreforma, gizarte laguntzetan negozio pribatuaren bultzada…) ez da soilik azaltzen bere zuzendaritzako zati garrantzitsu batek burgesiarekin eta estatu aparatuko goi-karguekin dituen lotura politiko eta sozialengatik. Nahiz eta faktore hauek garrantzitsuak izan, kapitalismoaren alternatiba faltak eta beste sistema bat posible ez denaren konbentzimenduak, kapitalismoa defendatzera mugatzen dute, bere ondorio guztiekin. Honek arlo politikoan ere kontraesanak sortzen ditu.   

Krisi ekonomikotik krisi politikora

Atzeraldi ekonomikoaren hasieran Zapaterok esan zuen ez zituela neurriak hartuko Estatu espainiarreko langileen aurka eta ez zirela hauek izango krisiaren ondorioak ordainduko zituztenak. Krisi kapitalistak izango zituen ondorio larriak gorde zituen arren, egia da neurri batean PSOEren gobernuak, eztabaida “soziala” saihesteko edo ahalik eta gehien atzeratzeko helburuarekin, ez zituela denboraldi batean langileen aurkako neurri zuzenak hartu. Baina Zapateroren gobernuaren jarrera hau ez zen batere gustukoa kapitalistentzat eta presio handia egiten hasi ziren honek neurri sakonak har zitzan. Otsaileko zor greziarraren krisiaren okertzea izan zen PSOEren gobernua kontrarreformak hastera bultzatu zuen gertakaria, lan eta pentsioen erreformen berehalako aplikazioa iragarriz.   

Eraso honen aurrean, Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, STEE, HIRU y EHNEk eta Estatu mailan UGT eta CCOOk mobilizazioak antolatu zituzten otsailean eta martxoan. Hasiera bezala mobilizazio hauek garrantzitsuak izan arren, beharrezkoa da borroka honi jarraipena ematea, mobilizazioak langile klasearen antolakuntza handitzeko erabiltzea, fabriketan batzarrak antolatzea, kontrarreforma hauek langileok jasaten ari garen gainontzeko erasoekin lotzea eta sindikatu guztiek batera Estatu mailako greba orokor bat antolatzea. Estatuko nazio ezberdinetako langileria elkartuz, internazionalismo proletarioa bultzatuz, LABek Estatu frantziarreko greba orokorretan bezala, posible izango litzateke PSOEren gobernuaren erasoak geraraztea.

Zoritxarrez, hainbat agintari sindikal enpresariei kontzesioak egiteko prest daude, baita lan eta pentsio erreformetan ere. Baina ondo dakigu langileok kontzesio horiek zer dakarten. Krisi sakoneko testuinguruan, egiten diren akordioak segituan ezerezean geratzen hasten dira kapitalistak gehiago eskatzen hasten baitira. Ikusi da zer gertatu den UGT eta CCOOko zuzendaritzek hiru urtetarako soldata izozketa sinatu ondoren: CEOE patronal espainiarrak kanpaina gogor bat antolatu du krisitik ateratzeko soldatak murriztu behar direla eskatuz. Aldi berean, gazteriarentzat kontratu berezi bat eskatzen du, kotizaziorik eta langabezia eskubiderik gabeko kontratu bat, hasiera batean lan erreformaren negoziaziotik kanpo aurkitzen zena. Dinamika honek ezegonkortasun handiko elementua sartzen du egoeran.

Sindikatuen betebeharra da langile klasearen borrokarako potentzial osoa erabiltzea eraso guztiei aurre egiteko. Gaur egungo egoeran langile klasearen borroka da faktore erabakigarriena. Kapitalismoaren aurka eta gizartearen eraldaketa sozialistaren alde borroka egiteko beharrezkoa da langileen erakunde politikoek eta sindikalek ideia eta borroka metodo erreformistak alde batera uztea, azken finean, enpresariengan eta kapitalismo hobe batean konfiantza izatea. Langileen batasuna, gatazkan dauden fabriketako borrokak elkartzea, autodeterminazio eskubidea eta langileen kontrolpeko banku nahiz enpresa handien desjabetzea bilduko lituzkeen programa iraultzailea hartuko balute, langileen erakunde nagusiek, langileen babesa izango lukete eta baldintzak jarriko lirateke kapitalismoaren aurkako borrokari benetan heltzeko. Langileen erakundeek politika iraultzaile bat planteatzen ez badute pilatzen ari den ondoez guztia modu distortsionatuan eta kontraesankorrean adieraziko da. Baina garrantzitsuena da ikustea ondoez hori badagoela eta adierazpide bat bilatzen duela eta gutxien espero dugun moduan azaldu daitekeela.

Kapitalisten helburu zatitzaileei aurre egiteko oinarrizkoa da sindikatuek langileen batasunaren alde borroka egitea. Borroka isolatu gehiago ez ditugu behar. Banatuta dauden borrokak egoteak gobernuei eta patronalei bakarrik egiten diete mesede. Klaseko borrokaren bitartez, antolakuntzarekin eta mobilizazioarekin bakarrik lortu dezake langile klaseak krisi ekonomikoaren ondorioak ez ordaintzea eta sozialismoaren alde borroka egitea bankariak eta enpresari handiak desjabetuz. Ez dago beste biderik.

Krisiaren aurka borrokarekin eta mobilizazioarekin defendatu behar dugu geure burua. Hori da Greziako eta Portugalgo langileek hasi duten bidea, hemen bezala jasaten duten antzeko ofentsibaren aurrean. LABek Estatu frantziarrean antolatutako greba orokorrei emandako babesaren bideari jarraituz, sindikatu guztiek Estatu mailako Greba Orokorrerako dei bateratua egin behar dute eta lanean hasi lantoki guztietan asanbladak deituz. Hauetan, gure arazo nagusienak konponduko lituzkeen plataforma aldarrikatzaile baten inguruan eztabaidak bultzatu beharko lituzkete:  

-Erretiroaren adina luzatzearen aurka. Erretiroa 60 urterekin eta soldataren %100arekin eta erreleboko kontratuak eginez.

 

- Lan erreforma ororen aurkako jarrera tinkoa. Enpleguaren ziurtasuna eta duintasuna. Soldataren murrizketarik ez eta galdutako erosteko ahalmenaren errekuperatzea.

 

-1.200 €ko langabezia sorospen mugagabe bat bermatu behar da langabetu guztientzat lanpostu bat aurkitu bitartean eta aldi berean hauen hipoteken baliogabetzea. Legez 35 orduko lan astea, langile guztien artean dagoen enplegua banatuz, baina soldatak eta eskubide guztiak mantenduz.

-Kaleratzeen aurrean EREak ez dira konponbidea. Lanpostu guztiak salbatzeko, sindikatuek krisian dauden enpresen nazionalizazioa eskatu behar dute, indemnizaziorik gabe eta langileen eta hauen erakundeen kontrolpean.

 

-Langileen batasuna banaketa guztien gainetik eta nazioen autodeterminazio eskubidea.

 

-Bankaren, monopolioen eta latifundioen nazionalizazioa langileen kontrolpean, horrela azpiegitura, etxebizitza, hezkuntza eta osasun publikoan programa handiak martxan jarriz.

Sindikalgintza borrokalari, klaseko eta demokratiko baten alde    

Klaseko sindikatuek oinarrizko defentsa garrantzitsua osatu behar dute enplegua suntsitzearen eta soldatak jaistearen aurka eta langabeek behar duten babesaren alde. Baina hau lortzeko, langile klasearen mobilizazioan oinarritutako eta klase dominatzailearen interesekin gatazkan sartuko litzatekeen programa aldarrikatzaile baten aldeko borroka egingo lukeen politika sindikal bat defendatu behar dute. Egungo egoeran, klaseko sindikalgintzak ikuspegi sozialista bat behar du, kapitalaren logikan ez erortzeko eta sistemaren laguntzaile ez bihurtzeko.

Krisia hasi zenetik sindikatuetako zuzendaritza gehienen estrategia okerra izan da. EREen %90 sindikatuen sinadurarekin onartu dira. Baina, kalte txikiena onartzeko dinamika honek, hau da, enplegua gutxien suntsitzeko negoziazioek, ez dute patronalak gustura uzteko balio izan. Lan baldintzak okertu eta soldatak murriztu egin badira ere, enpleguaren etorkizuna ez da bermatu eta honek langileriaren posizioa ahultzeko bakarrik balio du. Politika honek, langileak eta enpresariak, denak txalupa berdinean daudela pentsatzea, langileen mobilizazioa ez bultzatzea eta fabrika bakoitza bere borrokarekin bakarrik uztea, patronalaren asmoei bidea libre uzteko modurik hoberena da. Beraz, unea da borrokalaria, klasekoa eta demokratikoa izango den sindikalgintza bat egiteko, langile klase guztiaren mobilizazio bateratuan oinarritutakoa, patronalaren ofentsiba gelditzeko eta gobernuak herritarren gehiengoaren aldeko neurri eraginkorrak hartzera behartzeko. 

Garrantzitsuena ordea zera da, atzeraldi handi honen ondorio sozial eta politikoak hasi besterik ez direla egin eta munduko milioika kontzientzia astinduko dituela. Krisiak garatzen jarraitzen du eta klaseen arteko polarizazioa handitzen du, nahiz eta bere ondorio politikoak linealak ez izan. Garbi dago burgesiak bere errezeta duela krisitik ateratzeko: langile klasearen konkistak, soldatak eta lan baldintzak erasotzea eta gastu sozialak gutxiengora murriztea. Egoera honetan langileek eskola gogor batetik pasa beharko dute: kapitalistek erabilitako langabeziaren mehatxuarekin soldatak murriztuko dira eta miseria zabaltzen joango da gizarteko sektore zapalduetara. Horregatik, errekuperazio ekonomikoaren eztabaida ustelkeria bat da munduko milioika langile familiarentzat.

Langileak krisiaren larritasuna bereganatzen ari dira eta beharrezko ondorioak ateratzen joango dira, eta ez dute dudarik izango borrokara ateratzeko, horretarako bideak aurkitzean, batez ere borroka bateratuetan, Euskal Herriko azken greba orokorretan ikusi dugun bezala. Ez da prozesu gradual bat izango, aurrerapenak eta atzerakadak egongo dira, langile batzuk besteak baino lehenago gehituko dira borrokara, baina marxismo iraultzailearen ideiek milioika zapalduren esperientziarekin konektatuko dute gizartearen eraldaketa sozialista baten aldeko borrokan. Eginkizuna garbi dago: krisiak sortutako zailtasunen aurrean ezin gaitezke urduritasunean erori, eta marxismoaren ideiak langile mugimendura eraman behar dira, hauen erakundeetara, hauen borroketara…  modu kontsekuente batean ideia sozialistak defendatuz. Honi esker soilik lortuko dugu etorkizuneko eginkizunetarako baldintzak prestatzea.     

Krisi kapitalistak badu alternatiba bat eta badago gaur egungo arazoak konponduko lituzkeen beste eredu ekonomiko bat, baina alternatiba hori ez da posible kapitalismoaren barruan. Kalitatezko enplegua sortzeko, biztanle guztien bizi maila etengabe hobetzeko eta gehiengoaren beharrak asetzeko, posible da dauden errekurtso ekonomiko eta teknologiko izugarriak erabiliko lituzkeen sistema ekonomikoa eraikitzea. Baina hori lortzeko beharrezkoa da ekoizteko indarren langileen planifikazioa eta kontrol demokratikoa, hau da, ekonomia eta gizarte sozialista baten oinarriak ezartzea. Duela 150 urte baino gehiago sozialismoaren aldeko borroka sortu zuten eta langile mugimenduari oinarri politikoa eman zioten arrazoiak gaur egun ere guztiz indarrean daude.

Langileen zerbitzurako sortu zen klaseko sindikalgintza, aurre egin nahian gabiltzan oinarrizko arazoen iturria kapitalismoaren existentzia zela ulertuz. Horregatik, langile klasearen aldarrikapenen aldeko borroka gizartearen eraldaketa sozialistaren aldeko borrokaren zati bezala hartu zen. Horrela, sindikalgintza benetan klasekoa da, langileen atomizazioaren eta desmobilizazioaren aurka, langileen kontzientzia, antolakuntza, batasuna eta borroka maila igotzen laguntzen duenean. Hau da langileon erakundeetan berreskuratu eta bultzatu behar dugun programa, marxismo iraultzailearen ideiekin armatutako sindikalgintza.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.