Langile klase osoaren mobilizazio bateratua PSOEren Gobernuaren, bankaren eta patronalaren erasoak atzera botatzeko!!

Zor publikoari esker banka negozio bikaina egiten ari den bitartean, Hego Euskal Herriko langileen egoera ondo ezberdina da. Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan 182.000 langabetu daude eta %23ak 45 urteko adina gainditzen du. 2008ko martxoaren eta 2010eko hilabete beraren artean Hego Euskal Herriko langabezia zifra 75.000 langabetutan igo da. Hauetatik, 46.000 2009an langile finko kaleratuak izan ziren.     

Krisi ekonomikoaren biktima bakarrak langileak eta gazteria izan arren, patronal euskal herritarrak eta espainiarra, EB, FMI eta kapital handiaren gainontzeko erakundeak “aldaketa estrukturalak” eta murrizketa sozialak eskatzen aritu dira Zapateroren Gobernuari. Enpresari handien eta bankaren eskaera hauen aurrean amore emanez, PSOEren Gobernuak erasoz betetako plan basati bat aurkeztu du. Beste neurri batzuen artean hauek aurkitzen dira: sektore publikoko langileen soldataren %5eko jaitsiera, pentsioen izoztea 2011n, jaiotzeengatik ematen den 2.500 euroko laguntzaren ezabaketa, 6.450 milioi euroko murrizketa inbertsio publikoan, Dependentziako legearen laguntzen murrizketa eta medikamentu subentzionatuak eskuratzeko murrizketak.   

Neurri hauekin estatuaren defizitari aurre egin nahi zaiola esaten digute. Baina errealitatean defizit hau bankari diru publikoko milaka milioi euro eman direlako sortu da eta ez gastu sozialarengatik. Orain, defizita eta zor publikoa murrizteko aitzakiarekin, langile familientzat plan gogor bat inposatzen dute, krisi ekonomikoaren arduradun nagusiei eragingo ez diena: bankariei eta enpresari handiei. Gainera, plan honek ez du krisia konponduko, ez du enplegua sortuko eta ez dio gizartearen gehiengoari hobekuntzarik ekarriko. Plan honen helburu bakarra bankak eta enpresariek Estatuaren laguntza izatea bermatzea da beren negozioak egiteko.  

Eraso hauen aurrean ELA, LAB eta STEE-EILASek greba orokorra konbokatu dute maiatzaren 25erako Hego Euskal Herriko sektore publikoan. Beste alde batetik, CCOO eta UGTk ere ekainaren 8rako greba orokor estatala konbokatu dute sektore publikoan. Euskal Herria Sozialistatik uste dugu PSOEren herstura plan honi erantzuteko modu onena eraso hauek sufrituko dituzten langileen borroka bateratuarekin dela, kasu honetan Hego Euskal Herriko, Kataluniako, Galiziako eta Estatuko gainontzeko langileekin elkartuta. 

CCOO eta UGTko agintariek ardura handia dute gertatzen ari den guztiarekin, zeren mobilizazio bateratu eta masiboak bultzatzetik urrun bake sozialaren eta kontzesioen politika bat praktikatu dute. Politika desegoki bat defendatu dute eta agerian geratu zen gehiengo sindikalak konbokatutako 2009ko maiatzaren 21ko greba orokorra babestu ez zutenean. Orain, baldintza bereziki larri hauetan, Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 21ean hasitako bidea jarraitu behar du eta eraso hauen aurkako borrokan paper nabarmena jokatu. Hego Euskal Herriko langileez gain, Estatu espainiarreko eta Europako langileak izan dira erasotuak. Horregatik uste dugu beharrezkoa dela gure indarrak elkartzea, langile guztien eta erakunde sindikal guztien ekintza batasuna bultzatzea. Borroka bateratuak ez du esan nahi euskal sindikatuen errebindikazioak defendatzeari edo sindikatu estatalak kritikatzeari uztea. Are gehiago, posible da eta beharrezkoa da gainera; baina langile mugimenduaren banaketak eta batasun sindikalaren gabeziak ez die ezertan laguntzen Euskal Herriko langileei ezta estatu espainiarrekoei ere.

Oso aukera ona dugu gure aurrean langile klasearen batasuna defendatzeko, langile internazionalismoa defendatzeko eta estatu espainiarreko langile mugimenduarekin loturak sortzeko. Erabat bateragarria da estatu espainiarreko langileekin borroka bateratua defendatzea eta aldi berean autodeterminazio eskubidea defendatzea, LABek modu zuzen batean estatu frantziarreko greba orokorrak babestu zituenean frogatu zen bezala.

GREBA OROKORRAREN BEHARRA

Herstura plan honek ez die eragiten sektore publikoko langileei bakarrik, baita gainontzeko langileei ere. Eta gainera, PSOEren gobernuak inposatu nahi duen lan erreformak sektore pribatuko langileei ere eragingo die. Sektore publikoko grebak egun ezberdinetan konbokatu  diren arren, pauso garrantzitsu bat izan daitezke langile guztien greba orokor bat konbokatzeko estatu mailan.

Sindikatu guztiek konbokatutako greba orokor batek, langile euskal herritarrak, kataluniarrak, galiziarrak eta espainiarrak elkartuz, mahai gainean jarriko luke langile klaseak duen potentzial handia modu bateratu batean borroka egiten duenean, Grezian gertatzen ari den moduan. Hau da Zapateroren plana atzera botatzeko eta etorkizuneko lan erreforma saihesteko bidea.

-          Herstura planik ez. Lan erreformari ez.

-          1.200 euroko langabezia sorospena langabetu guztientzat lana aurkitu arte

-          Bankuen eta enpresa handien desjabetzea langileen eta hauen erakundeen kontrolpean

-          Krisian dauden enpresen desjabetzea langile kontrolpean

-          Autodeterminazio eskubidea nazio guztientzat.