Atzo Gipuzkoako grafikagintzan izan zen greba eta gaur metalgintzan. LAB sindikatuak adierazi duenez, atzokoak jarraipen handia izan zuen eta gaurkoak ia erabatekoa. Hurrengo pausoa langile (eta langabetu) guztiak bilduko dituen greba orokorra egitea da!
Atzo CCOO, ELA eta LAB sindikatuek deitu zuten greba enpresen % 90etan egin zen eta gaurkoan ere ADEGI-ren neurri atzerakoien aurka egindako lanuztea ia %100 izan da.
Mugimendu handiko astea izan dugu eta ziurrenik ez da azkena izango. Datozen egun eta hilabeteetan areagotu egingo dira greba eta mobilizazioak. Kapitalisten erasoak gero eta handiagoak dira eta erantzuna are handiagoa eman behar da. Gutxienez, bost greba izan ditugu aste honetan Euskal Herrian: sektore publikokoa, grafikagintzakoa, zerbitzuetakoa (RENFE), metalgintzakoa eta jubilazioa atzeratzearen aurkakoa Ipar Euskal Herrian.
Agerian geratzen ari da sistema kapitalistak duen ezintasuna krisia konpontzeko. Gainera, gaur iragarri dutenez, kapitalismoaren goraldia urrun dago oraindik eta langabezia gehiago igoko da datozen hilabeteetan.
Dagoeneko ustelduta dago sistema eta orain dago aukera behin-betiko amai dezagun kapitalismoarekin. Sistemari aurre egiteko modu eraginkorrena langile klasearen batasuna da, beharrezkoa da sindikatu guztiek langileen aldeko politika aurrera eramatea, kapitalismoaren logika apurtu eta ikuspuntu eta metodo sozialista bat izatea. Sindikatuek kapitalismoaren logika onartzen badute, behartuta egon daitezke patronalak edo gobernuak egindako langileen kontrako erabakiak onartzeko.
Aste honetako greben ondoren, hurrengo pausua estatu osoko Greba Orokorrera deitzea da, Euskal Herriko langileriak bat egin behar du espainiar eta frantziar estatuko langileekin estatu hauetako gobernuen neurri atzerakoien aurka egiteko eta langile internazionalismoa defendatzeko! Azken finean, Euskal Herriko langile eta ikasleak zapaltzen dituen estatu berak zapaltzen ditu espainiar eta frantziar langileak.
Krisian edota aurriskuan dauden lantegien borrokak bateratu!
Langileen batasuna defendatu!
Kapitalismoaren logikarekin apurtu eta sozialismoaren bidea hartu!
GREBA OROKORRA!
Iturria:
http://www.labsindikatua.org/sarrera/albisteak/folder_eu/878
http://www.labsindikatua.org/sarrera/albisteak/folder_eu/880
http://www.ela-sindikatua.org/aktualitatea/albisteak/erantzun-historikoa-errealitatetik-kanpo-dagoen-patronal-bati