Azken hamarkadan, Europako herrialde gehienetan langile klasearen mobilizazio jendetsuak ikusteko aukera izan dugu, adibidez 2002an Italian 12 milioi langilek babestutako greba orokorra Berlusconiren gobernuaren aurka 3 milioi manifestarirekin, Irakeko gerraren aurkako mobilizazio masiboak… eta honela zerrenda luze bat, Estatu frantziarrean, Austrian, Belgikan, Irlandan, Danimarkan, Grezian, etab…
Prozesu hau guztia behin eta berriz ukatu dute hainbat sektorek, esanez Europan eskuinerako biraketa egon dela eskuineko alderdien garaipenengatik. Baina eskuineko gobernuak egoteagatik Europako langile klaseak eskuinerantz egin duela argudiatzea azaleko analisia egitea da eta ez du errealitatea bere osotasunean erakusten. Langileen alderdietako zuzendaritza erreformistek urteetan zehar eskuineko alderdiek hartutako neurri politiko eta ekonomiko berberak hartu eta langile klasearen aspirazio eta itxaropenak behin eta berriz zapuztu ondoren, arazo ugari dituzte orain ezkerreko bozka mugiarazteko. Eskuineko alderdiek ez dituzte beraien babes soziala handitzeari esker lortu gobernuak, hauteskundeetan emandako langile klasearen abstentzioari esker baizik. Estatu frantziarreko eta Italiako azken hauteskunde erregionalak horren adibide dira. Estatu frantziarrekoetan %50eko abstentzioa eman zen eta Italiakoetan berriz 2005ekoekin alderatuz % 8 jaitsi zen bozkatu zutenen kopurua. Aldiz, langile klasearen mobilizazioak ez dira jaitsi, martxoaren 23an Estatu frantziarreko sektore publikoan egindako greba orokorrean 800 mila lagunek hartu zuten parte manifestazioetan eta Italian martxoaren 12an CGIL sindikatuak deitutako greba orokorrak Italia geldiarazi zuen. Hau guztia politika ofizialarekiko dagoen mespretxuaren adierazlea da eta ez langile klasearen pasibitatearen, eskuineranzko joeraren edota borrokarako gogo faltaren adierazle.
Greziako eztanda
Pasa zen urteko urrian, “Demokrazia Berria” alderdi eskuindarraren erorketaren ostean, PASOK alderdi sozialdemokrata jarri zen gobernuan. Greziako zorraren krisiari aurre egiteko, gobernura iritsi bezain laster neurri gogorrak hartzen hasi zen, merkatu internazionalean eta Europako gobernuetan eragin zuen tentsioagatik. Noski, orain arte herrialde guztietan bezala, PASOKek hartu dituen neurri guztiak langile klasearen aurkako neurriak izan dira, baina langile klasea ematen ari den erantzuna eredugarria izaten ari da. Zuzendaritza sindikalak hainbat greba orokor egitera bultzatu dituzte 3 hilabetetan eta, honekin batera, hainbat sektoretako grebak, martxak eta protestak egin dituzte kaleetan.
Laugarren egokitze plana erabat basatia da greziar langileentzat. Aurrekontuetatik 30.000 milioi gutxitu nahi ditu datozen 3 urteetan zor publikoa gutxitzeko. Horretarako FMIaren errezeta klasikoa erabiliko da: gastu sozialak eta lan eskubideak murriztu, eta pribatizazioak bultzatu. Maiatzaren 6ean parlamentuak hartutako neurrietako batzuk hauek izan ziren: %10eko zerga igoera tabakoan, alkoholean, erregaietan…; BEZa %23raino igotzea uztailaren 1etik aurrera (martxotik %21ean zegoen); sektore publikoko langileen soldatak izoztea eta paga estrak kentzea hiru urtez (soldataren %30eko jaitsiera suposatuko luke); erretiratze adinaren atzeratzea, pentsioen murrizketa eta hau jasotzeko kalkulu sistema berria bizi guztiko lanaldia kontutan hartuz (pentsioen murrizketa %30 eta %50 bitartean egongo litzateke); eta lan merkatuaren erreforma kontratazioak eta kaleratzeak errazteko. Gainera, FMIak sektore pribatuko 200.000 langile kaleratzeko presionatzen du.
Hauek dira Papandreuren gobernuaren neurrietako batzuk eta nola ez honek guztiak langile greziarren haserrea are gehiago piztu zuen. Hainbat inkestaren emaitzek zer pentsa ematen dute, greziarren % 80ak uste baitu datozen hilabeteetan gatazkek gora egingo dutela. Manifestariek eta herritarrek, oro har, garbi ikusten dute gertatzen ari dena klase arteko borroka dela, aberats eta behartsuen arteko borroka. Manifestazioetako leloetan eta jendearen eta zuzendari sindikalen adierazpenetan ideia hau oso garbia da. Kiosko bateko nagusiak ere zera esan zuen: “Neurri hauek jendea hiltzen ari dira. Gerraren atarian gaude, behartsuen eta aberatsen arteko gerra!”.
Ohikoa den bezala, herrialde guztietako prentsa burgesa ere bere lana egiten aritu da. Grebek izan duten jarraipen masiboa, manifestazio jendetsuak eta langile greziarrek borroka azken muturreraino eramateko erakutsi duten kontzientzia eta gogoa azpimarratu beharrean, mugimendu biolento eta kaotiko bat bezala agerrarazi dute, langile greziarren eta hauen erakundeen borrokak kalumniatzeko. Burgesiaren komunikabideen asmoak argiak dira: mobilizazio hauek Europako langileriaren kontzientzietan duten eragina saihestea eta eredu bezala ez hartzea. Borroka desprestigiatzeko asmoz, ekintza isolatuetan oinarritzen dira, talde txiki eta erdilunpenek edo zuzenean polizia probokatzaileek egindakoetan, KKEko (Alderdi Komunista greziarra) zuzendaritzak salatu bezala.
Maiatzaren 5eko greba orokorrean 3 langile hil ziren koktel baten ondorioz su hartu zuen Marfin Bankuan. Komunikabideek era aztoratu batean, hildakoen errua manifestariei bota zien eta Papandreuren gobernuak ekintza hauek errepresioa handitzeko aitzakia bezala erabili zituen. Esan ez zutena da, banketxe horrek ez zituela suteen aurkako segurtasun neurriak betetzen eta nagusiak langileak mehatxatu zituela grebaren gaiarekin, bertako langile batek esan bezala: “Zuzendaritzak erabat debekatu die bere langileei gaur bulegoak uztea (greba eguna) nahiz eta beraiek goizeko lehen ordutik horrela eskatu, langileak ateak ixtera behartu zituzten (…) eraikinak itxita egon behar zuen egun guztian zehar. Interneterako konexioa ere blokeatu egin zuten langileek kanpokoekin komunikaziorik izan ez zezaten”. Eta langile honek salaketa era garbi batean amaitzen zuen: “Nire lankideak Marfin Bankuaren eta batez ere Vgenopoulosen (Grezia kapitalista handienetakoa) erruz hil dira, zeinak esan zuen gaur lanera joaten ez zenak bihar etorri beharrik ez zuela izango”.
Langile greziarren aurkako kanpaina ia etengabea izan da. Biolentziaz gain munduko beste toki askotan gertatzen den bezala, alper hutsak direnaren fama, Estatuaren kontu bizi direla, arduragabeak direla, etab… esan dituzte eurengatik baina errealitatea erabat ezberdina da. Langile greziarren lan astearen bataz bestekoa 42 ordukoa da (27ren EBrena 40,3 koa eta euro zonakoa 40 ordukoa), hileko bataz besteko soldata gordina 803 euro dira eta 2009an 4,5 milioi langiletatik milioi batek inongo babes sozialik gabe lan egiten zuen. ADEDYren esanetan, funtzionarioen soldatak 1990 urtetik hona %30 jaitsi dira.
Ez al dago alternatibarik?
Greziako krisi ekonomikoa, politikoa eta soziala hasi besterik ez da egin. Hartutako neurriek zama gehiago suposatuko dute ekonomiarentzat, nahiz eta oinarrizko arazoak ez izan egindako egokitze planak bakarrik. Hau guztia dekadentzian dagoen sistema kapitalistaren ondorioa da, non kapital finantzarioak bere diktadura inposatzen duen gobernuen onespenarekin. Gizartearen gehiengoaren oinarrizko beharrak asetzeko gai ez den eta ondorio lazgarriak sortzen dituen krisiak saihesteko gai ez den sistema dugu. PASOK milioika langile eta gazteren mobilizazio eta bozei esker iritsi zen gobernura eta orain hauek zituzten esperantzak traizionatzen ari da. FMIak inposatutako planak onartu beharrean, Papandreuk aukera zeukan beste bide batzuk hartzeko. Lehenik eta behin, diru publikoarekin aberasten ibili den bankari ordaindu beharreko zorrari uko egin eta banka nazionalizatu. Era berean, langile klase greziarraren indarrean oinarritu kapitalisten kontraerasoak saihesteko eta langile klase europarrari bide berdinean jarraitzeko deia egin. Noski, Papandreuren gobernuak benetako bide sozialista bat aukeratzea oztopatu duena, PASOKeko zuzendaritzak eta Papandreuk kapitalistekin dituzten harremanak eta kapitalismoarekiko duten konfiantza dira. Grezian gertatutakoak argi utzi du sozialdemokraziaren porrota eta gehiengoaren interesak defendatzeko ezintasuna, bere “errealismo” politikoarekin.
Greziako zorra Europako herrialdeek eta mundu guztiko herrialde kapitalista gehienek pairatzen duten gaixotasunaren adibide bat gehiago besterik ez da. Zorraren krisia Portugal, Irlanda, Italia edota Estatu espainiarrera zabaltzeko aukera erabat erreala da. Soilik mobilizazioek, greba orokorrak barne, lortu dezakete gobernuek eta burgesiak hartzen ari diren neurri gogor guztiak atzera botatzea.
Dudarik ez dago krisia munduko bazter guztiak ari dela jotzen. Posible izango litzateke europar langile klasearen mugimendua gastu sozialen eta eskubideen murrizketen aurkako programa batekin batzea, herrialde guztietako zuzendaritza sindikalek borondate politikoa balute eta kapitalistekin dituzten konpromiso politikoak hautsiko balituzte. Grezian Partenonean jarritako pankarta batek zioen bezala: “Europako herriak, altxa zaitezte” oso esanguratsua izan zen, baita KKEko zuzendari baten adierazpenak ere: “Mezu hau Europako jendearentzat da (…) jendeak arazo berdinak dauzka edozein lekutan. Geure etorkizunaren kontrola hartu dezakegu protesta antolatuekin, geure bizitzak ez daitezen FMIak eta Europar Batasunak kontrolatuak izan”.
Mundu mailako krisi kapitalistak mundu mailako klase arteko borrokara garamatza. Grezia datozen urteetan herrialde ezberdinetan emango diren borroken hasiera besterik ez da. Langile klaseak kapitalismoaren krisiaren aurrean izan behar duen alternatiba bakarra, sozialismoaren aldeko borroka da, bankuak, monopolioak eta latifundioak desjabetuz eta hauek langileen eta hauen erakundeen kontrolpean jarriz lortuko dena.