Sektore ezberdinetako borrokak elkartzea beharrezkoa da!
Langile klaseak batasun sindikala behar du!
1929tik aurrekaririk ez duen krisi ekonomikoak kapitalismoaren oinarri sozial eta politikoak astintzen eta sistema atzerakoi honen benetako aurpegia erakusten jarraitzen du. Krisia sufritzen ari diren bakarrak langileak eta gizarteko sektore zapalduak izan arren, kapitalisten ikuspuntutik konponbide bakarra dago bertatik ateratzeko: gastu soziala murriztu eta soldatak eta langileen eskubideak erasotu. Baina maiatzean eta ekainean sektore ezberdinetako langileek egin dituzten grebak eta mobilizazioak asko izan dira eta jarraipen handia izan dute.
Esaterako, Ipar Euskal Herrian greba orokorrak, Hego Euskal Herriko sektore publikoan grebak, Nafarroako osasunean protestak, zenbait zerbitzuetan grebak (RENFE), Bizkaiko anbulantzietan grebak, Gipuzkoan grebak adinekoen egoitzetan, metalgintzan, grafikagintzan, eraikuntzan... eta ekainaren 29ko greba orokorra.
Hego Euskal Herriko sektore publikoan grebak
Enpresari handien eta bankaren eskaeren aurrean amore emanez, PSOEren Gobernuak erasoz betetako plan basati bat aurkeztu zuen. Beste neurri batzuen artean hauek aurkitzen dira: sektore publikoko langileen soldataren %5eko jaitsiera, pentsioen izoztea 2011n, jaiotzeengatik ematen den 2.500 euroko laguntzaren ezabaketa, 6.450 milioi euroko murrizketa inbertsio publikoan, Dependentziako Legearen laguntzen murrizketa eta medikamentu subentzionatuak eskuratzeko murrizketak.
Neurri hauekin estatuaren defizitari aurre egin nahi zaiola esaten digute, baina errealitatean defizit hau bankari diru publikoko milaka milioi euro eman direlako sortu da eta ez gastu sozialarengatik. Orain, defizita eta zor publikoa murrizteko aitzakiarekin, langile familientzat plan gogor bat inposatzen dute, krisi ekonomikoaren arduradun nagusiei, hau da, bankariei eta enpresari handiei eragingo ez diena. Gainera, plan honek ez du krisia konponduko, ez du enplegua sortuko eta ez dio gizartearen gehiengoari hobekuntzarik ekarriko. Plan honen helburu bakarra bankak eta enpresariek Estatuaren laguntza izatea bermatzea da beren negozioak egiteko.
Eraso hauen aurrean ELA, LAB eta STEE-EILASek greba orokorra konbokatu zuten maiatzaren 25erako Hego Euskal Herriko sektore publikoan eta jarraipen handia izan zuen. Bestalde, CCOO eta UGTk ere ekainaren 8rako greba orokor estatala konbokatu zuten sektore publikoan.
Gipuzkoako metalgintzan eta grafikagintzan grebak
Era berean, Gipuzkoako metaleko eta arte grafikoetako langileen aurka botatako eraso basatiek, Adegiren eta enpresarien aseezintasuna eta harropuzkeria erakusten dute. Ez da inolako kasualitatea bi konbenio hauetarako Adegiren proposamenak berdinak izatea kasu askotan: soldataren izozketa, lan jardunaldiaren handitzea, antzinatasunaren desagerpena, 120 orduko “malgutasuna” enpresarentzat, ordu sindikalen ezabaketa, lan jardunaldian asanbladak egitearen debekua eta konbenioaren iraupenean grebak ez egitea derrigortzea suposatuko lukeen akordio sozialaren sarrera. Eraso hauek klase kapitalistak elkarrekin antolatuak izan dira, langile klasea zapaltzeko eta desmoralizatzeko helburuarekin. Beren harropuzkeria hain handia da ezen ausartu egiten baitira langile mugimenduaren borrokarekin lortutako eskubide historikoak erasotzera: eskubide sindikalak, asanbladarako eskubidea eta grebarako eskubidea.
Enpresariek urteak pasa dituzte izugarrizko irabaziak eskuratzen eta zer jaso dute langileek? Ezer ez, errealitatean guztiz aurkakoa. Eta orain, hazkuntza ekonomikoko garaian lortzen zituzten irabaziak eskuratzeko zailtasunak dituztenean, langileek gerrikoa are gehiago estutzea eta lan baldintzetan eta eskubideetan atzerakada anker bat besterik gabe onartzea nahi dute. Enpresa handien jabe diren jaun dotore hauek urte bukaerako beren emaitza kontuetan bakarrik pentsatzen dute eta oso gutxi axola zaie langileen egoera. Horrelakoa da kapitalismoa, irabazi maximoan oinarritzen den sistema.
Sektore ezberdinen borrokak elkartu behar dira!
Adegiren erasoei PSOEren Gobernuaren herstura plana, lan erreforma eta pentsio erreformaren mehatxua gehitzen zaizkie. Honek guztiak erakusten du ezin dela inolako konfiantzarik izan patronalengan eta hauen alde dauden gobernuengan. Ez dute ezer egingo langileen alde. Ez zaigu borroka egitea beste erremediorik geratzen. Sektore publikoan eta Gipuzkoako metalean egindako greba eta mobilizazio garrantzitsuek erakusten du beste behin langile klasearen potentzial handia mobilizatzen denean.
Adegiren eta kapitalisten erasoei aurre egiteko beharrezkoa da langile klasearen borrokak elkartzea. Sektore publikoko langileen borrokak sektore pribatukoekin elkartzea eta sektore ezberdinetako borrokak elkartzea. Zentzu horretan, oso positiboa izan zen, maiatzaren 28an, metaleko eta arte grafikoetako grebak batera konbokatzea. Euskal Herria Sozialistatik uste dugu hau dela jarraitu behar den bidea eta oso garrantzitsua izango litzateke bi sektore hauetako mobilizazio bateratuak antolatzea. Lanpostuak defendatzea enpresaz enpresa borrokatuta zailagoa den moduan, konbenioen aurkako erasoak sektorez sektore geratzea ere zailagoa da. Eraso berdinen aurrean, mugimenduaren indarra biderkatu egiten da mobilizazio bateratu eta koordinatuekin. Horregatik, uste dugu sindikatuek lan egin behar dutela sektore ezberdinetako borrokak elkartzeko: metala, arte grafikoak, eraikuntza, osasuna, hezkuntza, garraioak, zerbitzuak, sektore publikoa…
Greba Orokor bateratuaren beharra
Eraso guztiei aurre egiteko uste dugu beharrezkoa dela langile klasearen indarrak elkartzea, langile guztien eta erakunde sindikal guztien ekintza batasuna bultzatzea. Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatuek beren errebindikazio propioak defendatzeari edo beste sindikatuak kritikatzeari uztea. Baina langile mugimenduaren banaketak eta batasun sindikalaren gabeziak ez die ezertan laguntzen Euskal Herriko langileei ezta estatu espainiarrekoei ere. Oso aukera ona dugu gure aurrean langile klasearen batasuna defendatzeko, langile internazionalismoa defendatzeko eta kasu honetan estatu espainiarreko langile mugimenduarekin loturak sortzeko. Erabat bateragarria da estatu espainiarreko langileekin borroka bateratua defendatzea eta aldi berean autodeterminazio eskubidea defendatzea, LABek modu zuzen batean estatu frantziarreko greba orokorrak babestu zituenean frogatu zen bezala.
Sindikatu guztiek konbokatutako greba orokor batek, langile euskal herritarrak, kataluniarrak, galiziarrak eta espainiarrak elkartuz, mahai gainean jarriko luke langile klaseak duen potentzial handia eta modurik onena izango litzateke langile familiei, langabetuei eta gazteriari eragiten dieten erasoei aurre egiteko. Beraz, ekainaren 29ko greba orokorraren ondoren beharrezkoa da euskal sindikatuek irailaren 29ko greba orokorra babestea Zapateroren lan erreforma atzera botatzeko.
- Sarkozy, Zapatero, Lopez eta Sanzen langileen aurkako murrizketen planei ez!
- Lan erreformarik ez! Pentsio erreformarik ez!
- 1.200 euroko langabezia sorospena langabetu guztientzat lana aurkitu arte!
- Erasorik ez lan baldintzen eta eskubide sindikalen aurka!
- Bankuen eta enpresa handien desjabetzea langileen kontrolpean!
- Krisian dauden enpresen desjabetzea langile kontrolpean!
- Autodeterminazio eskubidea nazio guztientzat!