PSOEren gobernuak, EAJ-PNV eta CIUren babesarekin, langile mugimenduaren konkisten eta eskubide historikoen aurkako erasoaldi bat antolatu du. Bankaren eta patronalaren eskaeren aurrean modu lotsagarrian makurtuz, aurrekaririk gabeko neurriak onartu dira: enplegatu publikoen soldata murrizketak, gastu sozialen murrizketak hezkuntzan eta osasunean, pentsioen erreformaren iragarpena, erretiratze adina 67 urtera atzeratzea eta pentsioa kalkulatzeko urteen zenbaketa luzatzea… eta orain lan erreformaren dekretua gehitzen da.   

Lan erreformarekin kaleratzea merkatzen da eta 33 egun eta 24 hilabeteko kalte-ordaina orokortzen da muga bezala, gaur egungo 45 egun eta 42 hilabeteren aurrean. Baina, batik bat, kaleratze objektiboa errazten da (20 eguneko kalte-ordainarekin eta 10 hilabeteko mugarekin), egoera ekonomiko txarra argudiatuta bakarrik aurrera eraman ahalko dena. Horrela, enpresariek plantilak erraztasun gehiagorekin murriztuko dituzte hitzarmen kolektiboak alde batera utziz, negoziazio kolektiboarekin bukatzeko bidea irekita jarriz eta langilea enpresariarekin indibidualki negoziatzera behartuz. Gainera, Senatuko lan erreformaren negoziazioan, gogortu egin zen EAJ-PNVren babesarekin, 30 egunera murriztuz (lehen 100 ziren) langabetuek ikastaroak arbuiatu ahal izateko muga, langabezia sorospena galtzeko mehatxupean.   

PSOEren gobernuak eta CEOE patronal espainiarrak esaten digute murrizketak beharrezkoak direla eta denok egin behar ditugula sakrifizioak. Baina zein sakrifizio egin dituzte bankak eta enpresa handiek? Zapateroren gobernuak diru publikoko150.000 milioi gastatu ditu banka salbatzeko (eta urtero 24.000 milioi baino gehiago ordaindu zor publikoaren interesengatik). Azken urteetan, Estatuak milaka milioi euro jasotzeari utzi dio enpresariei eta ondasun handiei etengabe zergak beheratzeagatik (euskal burgesia asko onuratu da beheratze hauetaz). Baina aldi berean, 2009ko soldata errentak enpresarialenen hirukoitza erori ziren. Orduan, nola defenda daiteke soldatak murriztea eta pentsioetan, osasunean, hezkuntza publikoan edo langabezia sorospenean gastuak erasotzea zerbait “ezinbestekoa” eta “premiazkoa” bezala? Neurri hauekin nahi duten bakarra da diru publikoa arazorik gabe enpresari eta bankari handien poltsikoetara joaten jarraitzea. Kapitalismoaren logika onartzen duten gobernuak ezinbestez enpresa handien eta banka handiaren presioen aurrean azpiratzen dira eta hauen aginduak ezartzen dituzte. 

Nola egin borroka lan erreformaren aurka?

 

Lan erreformak suposatu zuen erasoaren aurrean, Euskal Herriko gehiengo sindikalak 2009ko maiatzaren 21ean hasitako bidea jarraitu zuen, iragan den ekainaren 29an greba orokor bat konbokatuz. Greba hauen aurka burgesia euskal herritarrak eta espainiarrak deskalifikaziozko eta kalumniazko kanpaina politiko anker bat jaurti zuten, langileak desmoralizatzen eta zatitzen saiatuz eta ondoren hauen ekintzaren hedadura minimizatuz. Horregatik zen hain garrantzitsua UGT eta CCOOko zuzendaritzek bi deialdi hauek babestea. Baina akats larri bat egin zuten, pasa den urteko maiatzaren 21eko greba orokorra ez konbokatuz, eta gainera hau gogor erasoz. Akatsa errepikatu egin zen aurtengo ekainaren 29an, UGT aurka azalduz eta CCOOren zuzendaritzak, nahiz eta EAEn konbokatu, Nafarroan langileak zatituz. Honen ondoren, CCOO eta UGTko zuzendaritzek irailaren 29rako planteatu zuten greba orokorra, egoerak presionatuta eta negoziazio mahaiek erasorik geratzen ez zutenaren nabarmentasunaren aurrean. Borroka eraginkorrenak, masiboak eta denboran jarraituak bakarrik lor dezake kapitalisten planak garaitzea. Greba orokor honen deialdiaren aurrean, zein jarrera mantendu behar genuen Hego Euskal Herriko langileok?  

Langile ondradu asko galdetzen ziren orain zergatik hartu behar genuen parte greba honetan lehenago UGT eta CCOOko agintariek uko egin bazioten euskal gehiengo sindikalak konbokatutakoak babesteari. Arrazonamendu logikoa zen. Hala ere, Estatu espainiar osoko langile klasea 24 orduko greba orokor batera konbokatuta dagoenean, mahai gainean jarri behar da zer irabazten dugun eta zer galtzen dugun Hego Euskal Herriko langileok greba orokor honetan parte hartuta.

Euskal Herrian, Estatu espainiarrean, Estatu frantziarrean eta Europa osoan langile klasea jasaten ari garen erasoak berdinak dira. Krisi kapitalistaren ondorio dira eta burgesia, edozein desberdintasun nazionalen gainetik, modu bateratuan jarduten ari da langile klasearen aurka. Euskal burgesiak ez du dudarik izan gobernu espainiarrarekin eta burgesia espainiarrarekin aliatzeko herstura plan guztiak eta lan erreforma babesteko. Burgesia langile mugimenduaren aurkako bere ekintzan elkartuta mantentzen bada, auzia begi-bistakoa da: langileok gure indarrak bateratzea behar dugu. Ekintza sindikalaren batasuna beharrezkoa da; langileen zatiketatik onuratzen diren bakarrak bankariak eta enpresariak dira, bai euskal herritarrak eta bai espainiarrak. 

Egia da CCOO eta UGTko agintariek ardura handia dutela gertatzen ari den guztian. Eta egia da ere greba orokor bat askoz lehenago konbokatu behar zutela. Baina orain aukera bat azaltzen zen Hego Euskal Herriko langile klaseak kolpe bat emateko aldi berean, modu bateratuan, Estatu espainiarreko langileekin, gure etsaiei. Zer galduko zuketen ELA eta LABek irailaren 29ko greban aktiboki parte hartzera deitzen, euren programa propioarekin, euren kontsignekin eta euren planteamendu propioekin?

UGT eta CCOOko zuzendaritzei segidismoa egitea esan nahiko zukeen? Ezetz uste dugu. Borroka bateratuak ez du esan nahi sindikatu batek, kasu honetan ELA eta LABek, bere errebindikazioak alde batera utzi edo gainontzeko sindikatuak kritikatzeari utzi behar dionik; guztiz aurkakoa, hori posible da eta beharrezkoa gainera. Baina langile mugimenduaren zatiketak eta batasun sindilalaren gabeziak ez die ezertan laguntzen Hego Euskal Herriko langileei eta ez Estatu espainiarrekoei ere. Burgesia espainiarraren eta euskal herritarraren eraso bateratuen aurrean, beharrezkoa da langile mugimendua elkartuko duen politika defentsibo bat. Taktika honek, “bananduta joan, batera kolpatu” esaldian laburtzen dena, errebindikazio konkretuen defentsan hitzartutako ekintzen bidez etsai komuna borrrokatzeko balio du, sindikatu bakoitzak independentzia osoa mantenduz. 

ELA eta LABek ez zuketen ezer galduko irailaren 29ko greba orokorra antolatuz eta konbokatuz, guztiz aurkakoa, autoritate gehiago irabaziko zuketen, baita CCOO eta UGTko oinarrian ere. CCOO eta UGTko zuzendaritzek modu desegokian jardun izatea, ekintza batasunari uko eginez, beren arazoa da, eta gainera, jokabide horrek faktura garrantzitsu bat pasa diete. Baina Hego Euskal Herriko langile klasea modu gogorrean kolpatuko duten plan batzuk garaitzeko modu bateratuan borrokatzeko aukera bat dagoenean, ELA eta LABeko zuzendaritzek aukera hau bi eskuekin hartu beharko lukete. Modu honetan UGT eta CCOOko agintarien inkoherentziak garbitasun gehiagorekin agerraraziko lirateke. Euskal Herria Sozialistatik uste dugu PSOEren gobernuaren lan erreformari aurre egiteko modu onena hau jasango duten langileen borroka bateratua dela, kasu honetan Hego Euskal Herriko, Kalaluiniako, Galizako eta Estatuko gainontzeko langileena. 

Irailaren 29ko greba orokorra babesteak Euskal Herriaren eskubide demokratikoen aldeko borroka alde batetara uztea edo ahultzea esan nahiko zukeen? Guztiz aurkakoa uste dugu. ELA eta LABeko zuzendaritzek greba hau babesteak eragin handia izango zukeen langile klase espainiarrean, aukera ona izango zen langile klasearen batasuna defendatzeko, langile internazionalismoa defendatzeko eta Estatu espainiarreko langile mugimenduarekin harremanak estutzeko. Eta guzti honek langile espainiarrei Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidea defendatzearen beharra azaltzeko balioko luke. Errazago helarazi ahalko litzaizkieke estatu aparatuak eskubide demokratikoen aurka daraman errepresioa eta komunikabideetatik botatzen dituzten kalumnia guztiak Euskal Herriko gatazka politikoari buruz.

Estatuko gainontzeko langile klasera zuzendutako politika eta propaganda honen bidez, ateak irekiko lirateke bere eskubideak lortzeko Euskal Herriak behar duen babesa irabazteko. Erabat bateragarria da, eta gainera ezinbestekoa, Estatu espainiarreko eta frantziarreko langileekin borroka bateratua eta aldi berean autodeterminazio eskubidea defendatzea, LABek modu egokian estatu frantziarreko greba orokorrak, azkenekoa ekainaren 24ean, babestu dituenean frogatu den bezala.    

Alternatiba sozialistaren alde

2009ko maiatzaren 21eko, eta 2010eko ekainaren 29ko eta irailaren 29ko grebak ezin daitezke hartu ezeren bukaera bezala, mobilizazio zabalagoen prozesu baten zati bezala baizik, jarraitu eta langile klasearen kontzientzia maila altxa behar duena, oinarrizko aldarrikapenak kapitalismoaren aurkako borrokarekin lotuz. Langile klase europar osoa erasotua izaten ari da eta honek borroka egiteko borondate handia azaldu du. Estatu europar ezberdinetako irailaren 29ko greba orokor eta partzialen ondoren, beharrezkoa da sindikatu europarrek hurrengo bezala Europa osoko 24 orduko greba orokor bateratua planteatzea.   

Kapitalismoaren krisia ezin da konpondu erregulazioekin, erreformekin edo aurpegi gizatiarreko ezinezko kapitalismo batekin. Beharrezkoa da sistema ustel hau borrokatzea sozialismoaren alde borrokatuz, ekoizteko indarren jabego pribatuarekin bukatuz eta ekonomiaren funtsezko palankak langileen kontrol demokratikopean jarriz.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.