Lan erreforma eta herstura planak atzera
botatzeko 48 orduko greba orokorra!
Greba orokorrak eta manifestazio jendetsuak ikusten ari gara Europa osoan. Estatu frantziarrean eta Ipar Euskal Herrian, langile klaseak eta gazteriak gizartea gerarazi dute lehenago greziarrek egin bezala; Italian, milioi bat langile baino gehiago manifestatu ziren Erroman pasa den urriaren 16ean. Langile klase europarra bere borrokarako borondatea frogatzen ari da martxan dauden kontraerreformak geratzeko. Kapitalistek diru publiko gehiago eskatzen dute estatuen zorrak finantziatzeko eta sistema kapitalista onartzen duten gobernuek, Sarkozyrena bezala eskuinekoak izan, edo gobernu greziarra eta Zapaterorena bezala sozialdemokratak izan, gizartearen jabeen aurrean makurtzen dira langileak eta gazteak ahaztuz. Bankari handiek, espekulatzaileek eta patronalak aberasten jarraitzen dutela da emaitza, guretzat langabezia gehiago, prekarietate gehiago eta miseria gehiago dagoen bitartean.
Pasa den kurtsoa borroka eta greba orokor askorekin bukatu bazen, Hego Euskal Herria barne, irailetik hona mobilizazio handiak ikusi ditugu. Estatu frantziarreko eta Ipar Euskal Herriko greba mugimendua, azken hilabeteetan Sarkozyren gobernuaren pentsio erreformaren aurka garatu dena, adibide bat da munduko langile guztientzat. Estatu frantziarreko eta Ipar Euskal Herriko biztanleriaren gehiengoa prest dago gizartea gerarazteko eta garbi utzi du bukaeraraino iristeko prest dagoela kapitalisten neurriak atzera botatzeko eta Sarkozyren gobernua erorarazteko.
Zuzendaritza sindikalen papera oinarrizkoa da mugimendu honek garaipena lor dezan. CGT, CFDT, LAB eta gainontzeko sindikatuetako agintariek greba orokorra zabaldu behar dute mugagabekoa bihurtu arte. Honi lotuz, beharrezkoa da benetako programa iraultzaile bat altxatzea Estatu frantziarra, Euskal Herria eta Europa osoa krisi kapitalistatik ateratzeko. Ukaezinezko eskaerak dituen programa: pentsioen erreformaren eta herstura planen erretiratzea, langabetu guztientzat langabezia sorospena, krisian dauden enpresa guztien nazionalizazioa langileen kontrolpean eta bankaren eta sektore finantzarioaren nazionalizazioa. Programa hau defendatzeko baldintzak helduta daude: langileen kontzientziak, ekintzan islatu duena mugimenduak izan duen erradikalizazio maila, aldarrikapen hauekin konektatuko luke ezkerreko erakundeetatik modu serio batean planteatu eta langileen eta ikasleen batzar orokorretan eztabaidatuko balira.
Sindikatuetan eta alderdietan dauden ezkerreko sektoreek borroka plan hau eta programa politiko alternatibo hau aurkeztu behar dituzte. Greba orokor mugagabea antolatzeko greba komiteak eratu behar dira sektore guztietan, metodo demokratikoekin, delegatu aukeragarri eta kengarriekin, maila lokalean, nazio edo lurralde mailan eta estatu mailan koordinatuz. Komite hauek ikasleen erakundeetara eta biztanleria osora lotu behar dira, ikastetxetan komiteak sortuz, auzoetan bizilagunen elkarteen bidez antolatuz…
Burgesia frantziarraren aurkako garaipenak garai berri bat irekiko luke eta efektu kutsakorra izango luke kontinente osoan eta mundu guztian. Horregatik, estatu frantziarreko eta Ipar Euskal Herriko borroka eredugarria da eta agintari sindikal europarrek bide hau jarraitu beharko lukete Europa mailako greba orokorra antolatuz. Kapitalismo frantziarraren aurkako borroka hau borroka zabalago baten zati da, sozialismoaren eta Europako Herrien Federazio Sozialistaren aldekoa.
Estatu espainiarreko eta Hego Euskal Herriko greba orokorra
Kurtso hasiera honetako greba orokor garrantzitsuenetakoa irailaren 29koa izan zen. Hego Euskal Herria kenduta, gehiengo sindikalak ez baitzuen bultzatu, estatu osoan zehar irailaren 29ko grebak jarraipen handia izan zuen eta langile klaseak bere indarra eta borrokarako gaitasuna erakutsi zituen. Estatuko beste bi nazioetan, Galizian eta Katalunian, greba eta manifestazioak arrakastatsuak izan ziren. Galizian, non CIGak konbokatu zuen CCOO eta UGTrekin batera, greba trinkoa izan zen, ez bakarrik industrian, non erabatekoa izan zen, baita komertzio txikian ere. Katalunian, non estatuko ekoizpen industrialaren %20 dagoen, greba oso garrantzitsua izan zen.
Hala ere, normala den bezala, komunikabide burgesek ez zuten izan arazorik gezurra esateko. La Razon egunkariak “Fracaso de la huelga borroka” titularrarekin baloratu zuen greba estatu espainiarreko langile klasea ere terrorismoarekin lotzeko helburuarekin. Aldi berean, batik bat Madrilgo PPk eta CEOE patronalak, greba hau aukera bezala hartu zuten langileak erasotzeko, sindikatuak kriminalizatzeko eta fabriketan mehatxuak eta errepresio sindikala bultzatzeko. Poliziaren bortxakeria ere hainbat sektoretan eman zen, baina batik bat garraio publikoan eta merkataritza-zentro handietan. Bereziki eskandalagarria izan zen poliziaren jokaera Getafeko EADS fabrikan, zazpi tiro bota baitzituen airera. Piketeetan zeuden langileen bideok frogatu zuten tiro horiek ez zirela egin fabrika barruan polizia piketeek inguratuta zeukatenean informazio ofizialak esan zuen modura. Sortutako tentsioaren ondoren poliziaren probokazio bat izan zen.
Grebak jarraipen arrakastatsua zuen CCOO eta UGTko zuzendaritzen jokabidea okerra izan arren. Grebaren prestaketan sindikatu hauetako aparatuak herdoilduta daudela agerian geratu zen, konfiantza falta izan zitzaien batzarren kanpaina masibo bat egiteko, lan erreformaren ondorioak behar bezala azaltzeko eta borrokari jarraipena ematearen beharra defendatzeko. Hala ere, langile klaseak erasoak atzera botatzeko duen gaitasuna erakutsi zuen. Baina honen borroka potentzial osoa baliatzeko beharrezkoak dira egoeraren larritasunarekin kontsonantzian dauden taktika bat, estrategia bat, metodo batzuk, programa bat eta perspektiba bat. Azken finean, PSOEren gobernuak atzera egiteko modu bakarra langile klasearen eta gazteriaren mugimendua errebolta sozialean eraldatzea da.
Langile klaseak badu edozein gobernu atzera joatera behartzeko gaitasuna, bai noski!. Baina guztiaren gakoa agintari sindikalek egingo dutena da. Klase dominatzailea eta PSOEren zuzendaritza, nahiz eta langile mugimenduarekiko axolagabekeria helarazi, oso arduratuta daude, ez CCOO eta UGTko zuzendaritzen borroka grinarekin, estatuko langile klasearen presioak agintari hauengan behartu ditzakeen borroka antolaketengatik baizik. Burgesia espainiarrak ez du oinarri sozial nahiko indartsurik langile mugimenduaren aurka borrokatzeko. Agintari sindikalen babes zuzena edo zeharkakoa behar dute. Horregatik, presionatzen edo kritikatzen eta publikoki kalumniatzen dituzten bitartean, irailaren 29ko mobilizazioak konbokatutakoan bezala, beldurra dute elkarrizketa soziala deitutakoaren zubiak hausteko. Estatu espainiarraren kasuan ere, langile mugimenduaren ahultasun handiena bere zuzendaritza da. Eta ez langile klasearen indarra edo borrokatu beharraren kontzientzia falta.
Estatu espainiarreko langileen interesak defendatzeko CCOO eta UGTko agintariek politikaz aldatu behar dute. Alde batera utzi behar dute kontzesioetan eta patronalaren akordioan oinarritutako estrategia. Estatu frantziarreko langileen adibidea garbia da: gobernuak atzera egitera behartzeko, lan erreforma eta herstura planak atzera botatzeko, eta soldaten eta gastu sozialen handitzea defendatzeko, borrokara itzuli beharra dago 48 orduko greba orokor bat konbokatuz eta estatuko nazio guztietako sindikatuen ekintza batasuna lortuz estatu frantziarrean bezala. Helburu honetan oinarrizkoa da ELA eta LABeko zuzendaritzek politika hau defendatzea, hori baita Hego Euskal Herriko langileak defendatzeko modu eraginkorrena. Ipar Euskal Herriari eragiten dieten estatu frantziarreko greba orokorrek erakusten dute borroka bateratuak duen indarra. Batasuna borrokarako eta erakunde sindikal bakoitzak defenda ditzala demokratikoki bere posizioak eta ikuspuntua batzarretan eta langile mugimenduan inolako eragozpenik gabe. Hau da bidea.
Europa sozialistaren alde
Jokabide ausart bat izanez ekintzan eta koherentea ideietan, krisi kapitalistari alternatiba sozialista bat emanez, langileek askoz azkarrago egingo lukete aurrera eta errazago garaitu eraso guztiak. Borroka sindikala, langileen eskubideetan eta lorpen sozialetan ematen ari den erasoen aurkako borroka, ezin da sistema kapitalistaren aurkako borrokatik bereizi. Kapitalismoa sistema posible bakarra dela babesten duten burgesek eta kapitalismoa defendatzen duten guztiek desafio eginez galdera hau botatzen diete langileei: eta zein da zuen alternatiba? Galdera honi modu garbian eta anbiguotasunik gabe erantzun behar zaio. Gaixo dagoen kapitalismo honi gizarte sozialistaren aldeko borroka kontrajartzen diogu, ekoizteko indarren jabego pribaturik gabeko gizartea, non langile klaseak demokratikoki planifikatuko dituen dauden aberastasun ikaragarriak herritar guztien mesedetan. Posible da lanpostuak defendatzea, langabeziaren aurka borroka egitea eta gastu sozialak mantentzea. Horretarako, bankariek eta monopolio handiek gizartearen gainean duten kontrol itogarriarekin amaitu behar da. Errekurtso ekonomikoak, teknologia eta zientzia herritarren gehiengoaren zerbitzura egotea bermatu behar da eta ez parasito gutxi batzuen irabazi maximoaren menpera. Langile mugimenduaren borroka sozialismoaren aldekora lotzea oinarrizkoa da.