Sarritan defendatu izan da kapitalismoaren alternatiba kooperatibismoa dela, hau da, fabrika bakoitza bertan lan egiten duten guztiena izan behar dela eta horrela konponduko liratekeela gizarte honetako oinarrizko arazoak. Horren eredutzat aurkeztu izan da MCC taldea (Mondragon orain). MCCko kooperatiba baten autoritatea da Bazkideen Batzar Nagusia. Zuzendaritza Batzordea da kudeaketaren arduraduna eta erantzukizunak bazkideenak dira. Batzar Nagusiak esaten duen moduko kudeaketa izan behar da. Zuzendaritza Batzordeak aukeratzen du gerentea eta horrek bazkideen borondatea bete behar du, arauak bete behar ditu: Barne Araudia (“Reglamento de Regimen Interior”).
Honaino, teoria, baina orain, goazen errealitatea ikustera: MCCko Cikautxo kooperatibako Batzar Nagusi batean, 1996an, barne-araudiko artikulu batzuk aldatu egin ziren. “Osasunerako eta lan arriskuak saihesteko legea” edota antzeko bat zen lege berria. Cikautxoko Zuzendaritza Batzordeak orduantxe onartu zuen aldi bateko langileek parte hartu behar zutela “Osasun eta Lan Arriskuen” mahaiaren osaketan. Baina gerenteak, mikrofonoa hartuz honakoa esan zuen: “Barne-araudia lege berriagatik aldatu dugu, baina hemen, gauzak geure erara egingo ditugu”. Horrela, “Osasun eta Lan Arriskuen” mahaiaren osaketa aldi bateko langilerik gabe gauzatu zen. Aukeratua izandako ordezkari moduan, “Osasun eta Lan Arriskuen” mahaiaren egoera salatu nuen ez baitzuen barne araudia betetzen. Zuzendaritza Batzordearen Idazkariarekin berba egin nuen eta Legeekin eta Arauekin ahazteko agindu zidan.
MCCko jauntxoek, nahi badute, erantzungo dute ea gerente batek kooperatiba bat kudeatu ahal duen beren araudiaren edota “kolektiboaren” gainetik. Erantzuna egon ala ez errealitatea hortxe dago eta hauxe da salaketa: Cikautxoko egoerak diagnosi bakarra du, batek agintzen du gainontzekoen gainetik. Ez pentsa, gure gerenteak “gauzak egingo ditugu” esan zuenean talde baten ordezkari bezala hitz egiten zuenik, ez. Linguistikak oso argi definitzen du plurala erabiltzea lehenengo pertsonan: hau plural maiestatikoa da. Erregeek, Aita Santuak eta MCCko jauntxoek erabiltzen dute, dirudienez!
Cikautxoko Zuzendaritza Batzordeak, hori entzunda, ez zuen zirkinik ere egin: onartu egin zuen autarkia, onartu egin zuen diktadura eta Cikautxo Pitxuenena bihurtu zen. Zuzendaritza Batzordearen gainetik, azken 10-15 urtetan, Lea Artibaiko langileek (batez ere gazteek) jasan duten zapalkuntza zuzendu du. Tailer satelite pila bat jarrita hau da gazteen egoera: prekarietatea, soldata miserableak, errespetu falta, eskubide eza. Hain zuzen ere hauxe da gaia: Cikautxoko tailer sateliteak, zapalkuntza basatia (batez ere gazteengan).
Kapitalismoa eta MCCren kooperatibismoa
1967ko urtarrilean Zutik-en 44. aleak honakoa zioen: “Porque si Euskadi está oprimida por España y Francia, la nación obrera está oprimida por la nación burguesa”. Dokumentu honetan idazlearen ardura bikoitza ikusten da: askapen nazionala eta sozialismoa. Euskal Herrian ere gehienak langile zapalduak gara eta gutxi batzuk (kapitalistek) kudeatzen dute guztia euren erara: xurgatu gainbalioa errukirik gabe. Ilusioa da Euskal Herrian ez dela klase gatazka adieraziko. Zutik 44ko idazleak, hauxe nahi digu esan, Euskal Herrian talde bi direla: “nación obrera” eta “nación burguesa”. Marxek beste berba batzuekin, berdin: burgesak (kapitalistak) eta langileak. Klase bi, eta ondorioz, klase gatazka. Marxek esaten zuen, klaseak dauden gizarte batean, ideologia nagusia klase menderatzailearena dela. Gaur egun, Euskal Herrian ere, ideologia burgesa, kapitalista, da nagusia.
Cikautxo kooperatiba kautxu ekoizle txikia da, konpetentzia enpresa handi transnazionalak diren merkatuan goma merkea saltzen duena. Andersoneko tekniko batek, Kataluniako New-Poll fabrikan, Cikautxoko goma kutxa pila bat zer ziren galdetu zuenean, erantzun zioten: goma merkea. 80. hamarkada hasieran, merkatu kapitalistaren presioaren ondorioz, eta ez beste ezergatik, proiektu berri bat sortu zen: CK2. Beste planta bat, beste lantegi handi bat mangitoa ekoizteko, baina lanpostuek kooperatibistak izan behar zuten.
Bere burua progresistatzat aurkeztu nahi duen MCCn ordea gezurra da nagusi, kontua zera da, irudia. Jabier Lertxundik (La tecnocracia en MCC, el Opus Dei y el PNV liburuan) beste irudi bat ematen digu, errealagoa eta interesgarriagoa. Nik neuk, ezagutzen dudan neurrian, argi dago MCC kooperatibaren inboluzioa: kapitalismo basati honen baloreak onartuta, kapitalismoaren merkatuan erabat txertatuta, gainontzeko enpresen moduan merkatuan gogor borrokatuz, MCCko jauntxoen helburu bakarra irabazi maximoa da.
Horregatik, MCCko jauntxoek diru pila bat gastatzen dute irudi ona emateko, gezurra zabaltzeko. Lehenengo fase edo “estadio” batean, sistema “teorikoki” solidarioa zen, soldatak 1:3 neurrian zeuden. Soldata txikiena 1 bazen, gerentearena 3. Baina aldaketak etortzen hasi ziren gerentearentzat eta beste zuzendaritzako jendearentzat, MCCko jauntxo bihurtuz. Tartea zabaldu zuten, 1:6 artekoa (jauntxoentzat, noski) eta bazkide arruntek 1:3arekin jarraitu zuten. Beste fase edo “estadiora” pasaz MCC “kooperatibistak” herrialde pobreetan ekoiztea eta aberatsetan saltzea erabaki zuen. Listoak eh? Eta noski, herrialde pobreetako langileak ez ziren MCCko bazkide izango, inolako bazkidetza eskubiderik gabe lan baldintza prekarioak eta esklaboak izango zituztenak baizik. Nahiz eta “Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala”k lan berdinagatik gutxiago ordaintzea gaitzetsi, errukirik gabe, enpresaren estrategia bezala onartu zen deslokalizazioa. Hau da euren estrategiaren ardatza.
Lehen aipatutako CK2, Lea Artibaiko beste planta bat izan behar zuena (kooperatibista, soldata duinekin, eskubideekin) prekarietatearen “ghetto” bat bihurtu zen. Ondarroako alamedan, oraindik, baina ez dakit noiz arte, hantxe daude enpresa batzuen izenak. Enpresa horien jabeek Cikautxoren proposamena onartu zuten: soldata baxuak, prekarietatea, eskubide eza. Bazkide baten soldatarekin 2-3 aldi bateko langileen soldatak ordain daitezke. Ondorioz, eta gazteen zapalkuntzari esker, MCCk diru piloa xurgatzen du (gainbalioa). Hori da Cikautxoko gerenteak aldi bateko langileak edonolako barne mahaien osaketan ez ikusi nahi izatearen arrazoia, eta gutxiago, langile moduan dituzten eskubideak onartzea: zenbakiak baino ez dira berarentzako. Eta horregatik, definitzen dut bere kudeaketa diktadura moduan.
Zein da alternatiba?
Gauza ez da gerenteak zer egiten duen. Bere papera oso ondo betetzen du. Egoera honi aurre egiteko beharrezkoa da sindikatu eta ezkerreko erakundeek (tartean bereziki ezker abertzaleak) alternatiba egoki bat defendatzea.
Sistema kapitalistan, konpetentziaren eraginez egunero lantokiak itxi edo desagertzen dira. “Konpetentzia” mantentzeko, MCCren kasuan bezala, aldi bateko langileak hartu eta botatzen dira komeni den erara, hauek bazkide egiteko helbururik gabe. Munduko enpresa guztiak, hauetako bakoitzean lan egiten dutenenak izanda ere, hauen arteko konpetentziak lan baldintzak okertzen eta lantegiak ixten jarraituko luke. Kooperatibaren teoria alferrik ahalegintzen da klase borrokarekin amaitzen, eta ekoizpen modu berri bat bezala agertzen, non poliki-poliki, kapitalismoaren gainbeheraren hondakinen gainean ezartzen ari den. Munduko merkatuan ekoizpen modu nagusia kapitalista den bitartean, gainontzeko ekoizpen ereduak horren menpe daude. Kooperatibismoa, beraz, guztiz baldintzatuta dago, azken batean, kapitalaren oinarrizko legeengatik.
Horregatik, lehen mailan, sindikatuek eta ezker abertzaleak, MCCko bazkide “arrunt” aurrerakoien elkarlanarekin, edozein enpresetan bezala kooperatibetan ere eskubide berdintasuna eta langile guztien lan baldintza duinak defendatu behar dituzte, honen alde borrokatuz. Eta aldi berean, ikusirik kooperatibismoa deitutako hau ez dela inolako alternatiba, enpresa handi guztiak nazionalizatzea eta hauek gizarteko langile guztien kontrolpean jartzea defendatu behar dute. Alternatiba ez da fabrika bakoitza bertan lan egiten duten guztiena izatea, fabrika guztiak langile guztienak izatea baizik. Honela posible izango litzateke enpresen arteko konpetentzia guztiak deuseztatuz, herritar guztien beharren arabera ekonomia planifikatzea, hau da, sozialismoa eraikitzea.