Haizea Mendia: “Ekintza batasuna ezinbestekoa izan da. Langile batasunak eta borrokak eraman gaitu hitzarmenaren akordioa sinatzera

Duela hiru urte hasi ziren Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako jangeletako enpresetako langileek patronalarekin lan hitzarmena adosteko ahaleginean. Eusko Jaurlaritza ere aurka izan dute. Greban guztira 35 egun eman dituzte. Bilbon egindako manifestazioan mila lagunetik gora bildu ziren eta beste sektore batzuetako eta ELA, LAB eta UGT sindikatuetako ordezkariak batu zitzaizkien elkartasuna adierazteko. Protestetan gurasoak ere batu zaizkie. Azkenean akordioa sinatu dute. Elkarrizketatu dugun Haizea Mendia LABeko ordezkariaren iritziz ELA, LAB eta UGT sindikatuen ekintza batasuna ezinbestekoa izan da. Langile batasunak eta borrokak eraman ditu hitzarmenaren akordioa sinatzera.

Euskal Herria Sozialista.- Nolakoak dira zuen lan baldintzak eta zeintzuk zuen eskaerak?

 

Haizea Mendia.- Askoren ustetan gure lan jarduna “soilik umeei jana ematean datza, umeak zaintzean eta fregona pasatzean”. Baina ez da hori bakarrik. 3 orduko lanaldian egin behar duguna hori baino askoz gehiago da. Gure esku dago umeak zaintzea, umeen elikadura egokia bermatzea, umeekin jolastea, beraien arazoak konpontzea, gaixorik daudenean zaintzea, parkean daudenean zaintzea, etab. Gainera, 2 eta 3 urtekoei bazkaltzen erakusten diegu, fardela aldatu, komunera joaten irakatsi, siestan jarri, etab. Hori guztia 3 ordutan. Gainera kontuan hartu behar da beti gelditzen garela ordu laurden gehiago andereñoekin. Hein batean, umeen heziketan irudi oso garrantzitsua gara. Horregatik gure eskakizunetan hobekuntzak eskatu ditugu kalitatean, ez soilik ekonomikoan: lan jarduna luzatzea, formakuntza guztientzat (lehen sorospenak, dietak, alergiak…), baimenak hobetzea, saileko langileekin soldata parekatzea, etab. Orokorrean, hitzarmen duin bat sinatzea eskatzen dugu.

 

EHS.- Nolako mobilizazioak antolatu dituzue?

 

Haizea Mendia.- Hitzarmenik gabe eman dugun 3 urte hauetan era guztietako mobilizazioak egin ditugu, bai patronalaren aurrean, bai Eusko Jaurlaritzaren aurrean, baita eskoletan ere. Gure borroka berriz etengabe gutxietsia izan da. Kolektibo feminizatua izateagatik badirudi eskubide gutxiago dauzkagula eta enplegu duina ukatzen digutela. Zailtasunak, zailtasun, gure ahotsa entzun behar izan dute oraingoan eta 35 greba egun ondoren, irabazi dugu. Gure eskubideak aitortuak izan dira eta diskriminazioarekin amaitze bidean salto garrantzitsu bat eman dugu.

 

EHS.- ELAko, LABeko eta UGTko langileak batera mobilizatu zarete. Nolako balorazioa egiten duzue hitzarmenaren alde egin duzuen ekintza batasunaren inguruan?

 

Haizea Mendia.- Ekintza batasun hori ezinbestekoa izan da. Langile batasunak eta borrokak eraman gaitu hitzarmenaren akordioa sinatzera. Lehen aipatu bezala, sektore feminizatua izateagatik, gutxietsi egiten gaituzte eta honek hainbat zailtasun sortzen dizkigu. Gure arteko batasuna eta antolaketa ezinbestekoa izan da.

 

EHS.- Elkarrizketa hau burutzen ari ginen bitartean ELAk, LABek eta UGTek patronalarekin akordioa sinatu duzue, CCOOek ez du ontzat eman, zer akordio da?

 

Haizea Mendia.- Akordioak ondorengoan datza: Zerbitzua hobetzeko 18 ordu langile guztientzat eta ohiko jardunaren baitan; formaziorako 6 ordu langile guztientzat eta ohiko jardunaren baitan; soldaten %97,5eko ekiparazioa 2013/14 ikasturterako etab. Bertan behera geratzen dira patronalak mahai gainean jarritako atzerapenak, horien artean, soldataren %5a absentismoari lotzea. Ondorioz, gure aldarrikapen batzuk bidean utzi ditugun arren, ekiparazioari begirako salto garrantzitsu bat eman dugu eta lortu dena zerbitzuaren hobekuntza eta kolektiboaren heziketa lanaren errekonozimendua izan da.

Elkartasuna jangeletako langileekin!

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 2000. urtetik 30.000tik 90.000ra baino gehiagora pasatu dira jangelan geratzen diren haurren kopurua eta begirale kopurua ez da ikasleen maila berean igo. Langileek, lanez lepo daudela salatu dute. Haur Hezkuntzako begirale batek, adibidez, 15 ume ditu bere ardurapean, Lehen Hezkuntzako batek 37 eta Bigarren Hezkuntzako batek 45. Begirale horien lana ez da soilik janaria zerbitzatzea eta haurrak zaintzea, Haizea Mendiak elkarrizketan esaten duen bezala, beraien lana pedagogikoa ere bada. Hala, begiraleak dituzten zereginei txukun eta kalitatez erantzun ezinik ibiltzen dira.

Gurasoentzat ezinbesteko zerbitzua bihurtu da jangelarena. EAEn zerbitzu hori eskaintzen duten 500 eskola publiko daude; Nafarroan, berriz 114. Garai batean, ikastetxe askok bertan prestatzen zuten janaria, beraiek kontratatzen zituzten sukaldariak eta begiraleak. Azken batean, zuzenean kudeatzen zuten jangela. Gaur egun, ordea, hori aldatu egin da. Zerbitzuaren kalitatea hobea izango dela argudiatuz, administrazioek “catering” enpresen esku utzi dute kudeaketa. Bestalde, baldintza prekarioetan egiten dute lan langileek. Aldi baterako kontratuak izaten dituzte, ikasturteak irauten duen bitartekoak. Gainera, ez dute jakiten ikasturte berria abiatzerakoan zein baldintzetan hasiko diren ezta lanik izango duten ere.

 Azken urteetan, administrazio publikoek ezinbestekoak diren jantokietako zerbitzuak “catering” enpresei eman dizkiete. Zazpi dira EAEn jangeletako menuak eskaintzen dituzten enpresak eta guztira 4.700 langile dituzte. Enpresa pribatuak jangelaren zerbitzu publikoa negozioa egiteko eskaintzen dute. Jantokietako langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea lotuta daude. Negozioa dago lan baldintza txarren eta zerbitzuaren kalitatearen atzean. Enpresek etekinak atera eta Eusko Jaurlaritza gastu soziala gutxitzea dute helburu. Eusko Jaurlaritza da, jantokietako zerbitzu publikoa enpresa hauei azpikontratatuz, langileen lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea txartzearen arduraduna. Horregatik, beharrezkoa da sektore publikoaren aldeko aldarrikapena kasu honetan ere. Langileen lan baldintza duinekin kalitatezko jantokietako zerbitzu publikoak emango dituzten enpresa publikoak behar ditugu. 

Euskal Herria Sozialistaren iritziz, Bilbon egindako manifestazioan beste sektore batzuetako sindikatuetako ordezkariak elkartzea eta protestetan gurasoak ere batzea garrantzitsua izan da. Beste sektoreetako langileen aurka patronalaren eta gobernuen erasoak ia berdinak direlako eraginkorra litzateke sektore ezberdinetako langileak eta sindikatuak borrokan elkartzea. Kontraerreformen eta murrizketen aurka antolatu diren greba orokorrek jarraipen handia izan dute eta beharrezkoa da borroka hauei jarraipena ematea beste greba orokor berri batekin, hitzarmenen aldeko borroka ere bultzatuz. Lan erreforma, pentsio erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreforma atzera botatzeko beharrezkoa da sindikatuek borroka egutegi bat antolatzea, bertan beste GREBA OROKOR berri baten deialdia eginez.

Jangeletako langileen lan baldintza duinen alde!

 

Kalitatezko jangela publikoak defenda ditzagun!

 

Lan erreforma, pentsio erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreformaren aurka eta hitzarmen duinen alde beste GREBA OROKORRA!