PSOE-ren gobernuak langileen aurkako eraso historiko bat onartu zuen ekainean, negoziazio kolektiboan aurka, enpresarien boterea handitu eta kaleratzeak merkatzeko. Modu honetan, eraso honek garbi erakusten du CCOO eta UGTko zuzendariek aurrera eramandako sindikalgintzaren porrota, egunez egun beraien ahultasuna nabariagoa delarik, patronalaren aurrean egindako akats zein onarpenengatik.

Erreforma honek, besteak beste, bi aspekturi egiten die erreferentzi zuzena: EREak eta lan hitzarmenak. EREei dagokienez azpimarratu, gobernuak jada behin betiko onartu duela bere araudia, modu honetan zehazturik geratzen da enpresek kaleratzeak burutu ahal izango dituztela ez soilik galera iraunkor batzuk espero dituztenean, momentu puntual bateko galerak espero dituztenean ere bai. Guzti honekin orain arteko kaleratze inprozedenteen zati bat (lan egindako urte bakoitzeko 45 egun indemnizazio moduan jaso), kaleratze prozedenteetan bihurtuko dira (lan egindako urte bakoitzeko 20 eguneko indemnizazioa gehienez). Modu honetan enpresariari kaleratzea merkatuko zaio, langileentzat galera ekonomikoa bihurtuz. Enpresariak aurreztutako diru hau, are eta handiagoa izango da, indemnizazioen %40 diru publikoaz (Fogasa) ordainduko baita. Neurri hau, Grezian jadanik indarrean dagoenaren (“elkartasun zerga”) oso antzekoa da: lanpostua mantentzen duten langileei zergak igo, langabetuei laguntzeko eta bitartean diru publikoa enpresari zein banketxeen eskuetan jarri.

Erreformaren nondik norakoak

Negoziazio kolektiboari dagokionez, legislazioaren punturik garrantzitsuenak honako hauek dira:

-Lan Hitzarmenen luzapen mugagabeen limitazioa: orain arte, hitzarmena amaitu ostean automatikoki luzatzen zen 8 edo 14 hilabetetan (hitzarmenaren arabera) bi aldeak adostasun batera heldu zitezen. Hartutako neurri berri honekin ordea, langileak presiopean aurkituko dira berau firmatzeko, luzapenik ez baita izango.

-Derrigorrezko arbitrajea: 14 hilabetetako epea amaitzen bada, hitzarmena, betetzea derrigorrezkoa den arbitraje batekin konponduko da. 1981ko Tribunal Konstituzionalaren sententzia batek inkonstituzionaltzat jo ostean, Gobernuak berau apaindu eta inposatu berri du. Legedia bete ahal izateko, trikimailu batzuk burutu ditu, modu honetan hitzarmena “boluntarioki” adostera behartzen duela azalduz.

-Enpresako lan hitzarmena, probintziakoaren aurrean: enpresariek, edozein momentutan sinatu ahalko dute enpresako lan hitzarmen bat, zeina lan hitzarmen probintzialari nagusituko zaion eta honen eskakizun eta baldintzak mugatuko dituen. Sindikatuen eragina mugatua den enpresa askotako egoera zein izango den aurreikustea ez da zaila: enpresariak berehala “negoziatuko” ditu hitzarmenak, lan kostuak murriztuz, bere irabaziak handitzeko asmotan.

-Enpresa barnean lan hitzarmen ezberdinak sortzea ahalbidetuko da, berau enpresako delegatuen gehiengoak onartzen badu. Neurri honek, enpresariari langileak banatu eta zatitzeko aukera ematen dio.

-Barne malgutasuna: lan postuaren aldaketa, lanaldiaren luzera eta orduen poltsari dagozkion aldaketak egitea erraztuko da. Modu honetan, enpresariak ordu estrek sortutako kostua saihesteko aukera izango du.

Ikus daitekeen moduan, dekretuaren puntu ezberdinek zuzenean jotzen dute langileen lan baldintzetan. Modu onetan, azpimarratu bereziki dutela itxura txarra hitzarmenaren luzapenaren limitazioa ezartzeak, enpresako hitzarmena probintziakoaren gainetik ezartzeak eta nola ez, derrigorrezko arbitrajeak bi aldeen arteko adostasunik ez den kasuetan.

Kontutan izan behar da, neurri berri hauek, jadanik martxan diren neurriei gehitu behar zaizkiela, Fogasa eta kaleratzeen indemnizazioaren kostuen %40 kontuan hartzea besteak beste. Bestalde, ezin ahaztu “Ley General Tributarian” eginiko aldaketak: neurri honekin ez da beharrezkoa izango enpresako langile guztiak mantentzea amortizaziorako askatasuna lortzeko (zergak ez ordaintzeko aukera).

Negoziazio kolektiboa, sindikalismoaren gakoa

Azken hogei urte hauetan, langileak etengabeko erasoak jasaten ari gara gure eskubideak kolokan jarriaz. Gaur egun bizi dugun krisi kapitalistak, areagotu egin ditu eraso hauek. Hala ere, negoziazio kolektiboaren aurkako eraso hau, ez da eraso bat gehiago, sindikalgintzaren oinarriak astintzen dituen eraso gogor bat da. Langile klaseak, historian zehar, borrokarekin aurrera egin ahal izan du negoziaketa indibidualak gainditu eta berauek kolektiboengatik ordezkatuta. Banan bana, langileok ahulak gara, baina denok batzeak eta negoziaketa elkarrekin aurrera eramateak botere enpresarialari aurre egiteko aukera ematen digu. Soilik langileok batu eta antolatzen garenean lortu ditzakegu garaipenak, eta horrexegatik da hain larria eraso hau, klaseen arteko sindikalgintzaren oinarrien aurkako erasoa delako.

Ekonomiak funtzionatzen duenean eta jendeak aurrera egin dezakeenenean (baldintza kaxkarretan izan arren), egoera instituzioetatik “bidera” daiteke. Baina gaur egun bizi dugun egoeran, garbi dago bulegoetako sindikalgintzak ez duela ezertarako ere balio. Geroz eta handiagoa den langileen gaineko presioak, ezinbesteko egiten du klaseen arteko borrokak ematea, eta modu honetan garbi ikusten ari da gaur egungo agintari sindikal askok inor ordezkatzeaz gain, langileen aldetik gutxietsiak direla.

Gaur egun bizi dugun egoeran erreforma honi erantzun eraginkorrik ez ematea, akats handia da. Gainera, erreforma honek, pentsioen kasuan ez bezala, berehalako eragina izango du eta delegatu sindikalei presio bikoitza sorraraziko diote: langileen ezinegonak sortua eta patronalaren harrokeriak eragina.

CCOO eta UGT sindikatuei dagokionez azpimarratu, berauen zuzendaritzen egoera oso dela prekarioa eta egoera honek krisiak sortuko ditu erakunde hauetan. CCOO eta UGTk barne garbiketa bat beharrezkoa dute, poltronetan eroso daudenak eta motibazioa galduta dutenak balazta lana egiteari utzi eta sindikatu hauek sindikatuak sortu zireneko helburuak bete ditzaten: langile klasearen borrokarako erreminta izan. ELA eta LABeko zuzendaritzek prozesu hau babestu beharko lukete, eta hau bultzatzeko modurik onena klaseko sindikalgintza demokratiko eta borrokalaria defendatzea da.

Orain arte antolatu diren greba orokorrei jarraipena emanez beharrezkoa da sindikatuek hitzarmen kolektiboaren erreformaren aurkako greba orokor berri bat deitzea. Lan erreformari, pentsio erreformari, hitzarmen kolektiboaren erreformari, eta osasun eta hezkuntza publikoaren aurkako erasoei aurre egiteko beharrezkoa da gehiagora joango den mobilizazio eta greba plan bat. Garbi geratu da orain arte antolatutako greba orokorrak, nahiz eta oso pauso garrantzitsu izan ziren, ez zirela nahikoa izan erasoak atzera botatzeko. Beraz, beharrezkoa da kapa berriak mobilizaziora erantsiko dituen eta sendotasun gehiago emateko denboran luzatuko den estrategia. Kapitalismoaren krisia eta honen ondorio larrien aurka borrokatzeko langileen adierazpen antolatua diren greba orokorrek gainera, programa antikapitalista eta sozialista baten defentsa izan behar dute ardatz. Sistema ustel honen erasoekin bukatzeko modu bakarra sozialismoaren alde borrokatzea da, banka eta monopolio handiak langileen kontrolpe demokratikoan desjabetuz. Modu honetan langabeziaren eta pobreziaren amesgaiztoa ezaba genezake eta hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publiko eta duinak bermatu.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.