Urtarrilaren 16an izan genuen berrietako bat Manuel Fraga Iribarneren heriotza izan zen, langile mugimenduaren, askatasunaren eta eskubide demokratikoen etsai amorratua, ministro frankista eta PPren fundatzailea. Komunikabide gehienek, gutxi batzuk izan ezik, beraien orrialdeak bere zapaltzaile jantzia “bizi osoko demokratarenagatik” aldatu zuen gizon honi buruzko hitz ederrez bete zituzten. Eta ez komunikabideak soilik, tipo horrek amorruz jazarri zituen hainbat pertsona ere lasai asko atera ziren hainbat irrati eta telebistan “aberriaren aitatzat” eta frankismoarekin bukatzeko pertsona garrantzitsuenetarikotzat aurkeztuz.

Baina diktadura frankista erregimen genozida izan bazen, Fraga bere ordezkari esanguratsuenetakoa izan zen. Franco Fraga postuz igotzen aritu zen, eta gizartearen haserrea handitzen eta ageriago ikusten zihoan heinean, 1962 urtean Informazio ministro izendatu zuen (lehengo Agitazio eta Propaganda Ministerioa). Bere ministerioaren agintepean Inprenta eta Prentsaren lege errepresiboa atera zuen. Madrid egunkaria itxi zuen, zentsura politikoa areagotu eta beste hainbat ekintza egin zituen “Estatuaren zerbitzura”. Nabarmenenak Julian Grimau zuzendari komunista eta Delgado eta Granados anarkisten erailketetan parte hartze zuzena izatea dira.

Langileen hiltzailea

 

Bere ideologia faxistaren ondorioz, langile klasearenganako amorrua hainbat aldiz erakutsi zuen Fragak. Diktadorearen heriotzaren ondoren, 1975eko azaroan, bere konpintxeek gobernu berriko presidente kargua ukatu zioten, baina Fragak Gobernazioko Ministerioaren kartera eskuratu zuen (gaur egun Barne Ministerioa dena) eta hurrengo hilabeteetan Estatuaren aparatu errepresibo guztia gogoz erabili zuen.

1975 urteko abenduaren hasieran, Madrilgo metaleko 25.000 langilek greba hasi zuten eta Asturiasko minak geldituta zeuden. Hurrengo urtearen hasieran Madrilgo metroko langileek hasi zuten greba. Correos eta Telefonica-koek jarraitu zieten hauei. Ondoren Renfe-koak, taxilariak eta Madril inguruko ehunka enpresatako langileak jarri ziren greban. Gobernu espainiarrak mugimendua geldiarazteko ekintza desesperatu batean metroa eta Correos militarizatu zituen. Datuen arabera, estatu guztian urtarrilean egin ziren greba guztien ondorioz 21 milioi lan-ordu galdu ziren.

Borrokak Gasteizen izan zuen bere punturik sakonena martxoaren hasieran. Martxoaren 3an, 54 egun greban eman ondoren, beste greba bat antolatu zen Gasteiz osoan. Hiria erabat gelditu zen eta 5.000 pertsona baino gehiago hurbildu ziren San Frantzisko elizan antolatu zen batzar orokorrean parte hartzera. Poliziak hasieran gas negar-eragileekin eliza barruan zeudenak kanporatu zituen eta irteten zeudela berunezko balez eraso. Hiru langile bertan hil zituzten, baita ehunka zauritu ere. Bi langile beranduago ospitalean hil ziren poliziaren ekintza basatiaren ondorioz zaurituak izan eta gero. Erailketek eta poliziaren jarrerak langileen haserrea are gehiago piztu zuen, eta barrikadak antolatu zituzten hiri guztian. Mobilizazioek gaueraino iraun zuten. Hirian zehar zegoen giroaren ondorioz gobernuak borroka geldiaraztera bidalitako soldaduek ere uko egin zioten barrikadak kentzeari. Hileta egunean, martxoaren 5ean, hildakoen senideek eta 100.000 langile inguruk, eraildako langileen gorpuak Gasteizko kaleetan zehar babestu zituzten. Baina langile hauen hiltzaileek izen-abizenak dituzte eta milaka langileren kontzientzietan grabaturik daude: Manuel Fraga Iribarne, Gobernazioko ministroa eta Adolfo Suarez, Fragaren ordezkaria zena kanpoan zegoen bitartean.                

Gasteizko gertakariek estatu guztiko milaka eta milaka langileren kontzientziak goitik behera astindu zituzten. Hainbat lekutan bat-bateko greba eta manifestazioak antolatu zituzten. Gobernuak errepresio latzarekin erantzun zuen: hilaren 5ean Tarragonako Duro Felguera lantegiko langile bat poliziak erail zuen; Eldan (Alacanten) ere poliziak beste langile bat erail zuen. Langile eta gazte mugimendua greba orokor baten zain zegoen, baina CCOOeko agintariek lasai egoteko esan eta ez zuten ezer egin. Soilik Euskal Herrian, martxoaren 8an, greba orokor bat antolatu zen eta 500.000 lagun inguru, pertsona bakar bat balira bezala, kaleetara atera ziren Gasteizko gertakariak salatu eta langileei babesa emateko. Basaurin poliziak 18 urteko langile gazte bat hil zuen buruan tiro bat jota.

“Askatasunaren aldeko borrokalari” (horrela aurkeztu nahi dute orain Fraga) horrek antolatutako errepresio polizialari, askotan, faxisten bandek lagundu zioten, eta hauek Estatu aparatuaren babes eta inpunitate osoz jarduten zuten. Maiatzaren 9an Carlos Hugoren karlistek (lehengo errekete faxisten ezkerreko joerako eszisioa) Jurramendin (Nafarroa) beraien urteroko kontzentrazioa egiten zuten beste hainbat ezkerreko talderekin. Egun horretan faxisten bandek bertan zeuden 3.000 pertsonak tiroz dispertsatu zituzten, eta ondorioz 2 pertsona hil ziren. Hauetako bat Lizarrako langile bat zen. Hiltzaileak ez dira inoiz epaitu eta geroago jakin zen faxista taldea gobernuko hainbat pertsonek finantzatu zutela. Orduan ere, Fraga zen Gobernazioko ministroa. Gertakari hauek Estatu guztian haserre handia eragin zuten, eta nahiz eta orain historia ofiziala elementu horren ibilbide guztia garbitzen edo borratzen saiatu den, bere esaldi asko geldituko dira: “¡la calle es mia!” eta “si quieren poner la ikurriña tendra que ser por encima de mi cadáver”, etab.  Esaldi hauek “zerbitzari publiko” honen ideologia faxista erakusten dute argi eta garbi.

Demokrata bat?

 

Erregimen frankistaren azkenetan, estatu guztian protesta mugimendu bat aurrez aurre zuela, Fraga, diktadurako beste hainbat zuzendarirekin batera, prozesu “erreformista” batean sartu zen buru belarri. Helburua, besteak beste hauxe zen: diktaduraren krimenak ez epaitzea, politikari frankistek beraien karrera politikoekin inolako oztoporik gabe jarraitzea eta estatuak inolako anbiguotasunik gabe diktadura babestu zuen klase kapitalistaren esku jarraitzea. PSOE eta PCEko zuzendaritzen onespenarekin, 1977an Batzar Konstituziogile baterako hauteskundeak antolatu ziren, baina Fragak oraindik ere eskubide demokratikoen aurka egiten zuen, hauek mugatuak izan arren langile klasearen eta gazteriaren odolez lortu zirenen aurka. UCD alderdia osatzen zuen nukleotik aldenduta, Fraga frankismoaren sektorerik eskuindarrenarekin elkartu zen, eta Alianza Popular alderdia sortu zuten, geroago Partido Popular (Alderdi Popularra) izenez birfundatu zena.

Orain justiziak epaitu gabe hil denean, politiko gehienek “demokrata handitzat” eta “espainiar konstituzio demokratikoaren” aitatzat hartu dute. Burgesiak eta honek langile mugimenduan dituen agenteek beti azaldu nahi izan dute “Trantsizio” prozesua  diktadurako sektore moderatuenen (Fraga barne) eta langileen ordezkari “arduratsuen” akordio bezala. Burgesiaren eta erreformisten ikuspegi interesatu honek ezkutatu egin nahi du 70. hamarkadaren bukaeran Euskal Herrian eta estatu espainiar osoan langile klaseak burutu zituen greba orokor eta greba uholdeak, mendebaldeko Europan aurrekaririk gabekoak. Gobernuak errepresioaren gorakada batekin erantzun zuen: Gasteizen 1976ko martxoaren 3an gertatuak eta Madrilgo Atochan abokatu laboralistak erail izanak, etab.  argi uzten duten bezala. Langile klasearen mugimendu indartsu hau gabe ez Suarez, ez Fraga, ezta Juan Carlos I erregea bera ere, ez ziren demokrazia burges formalerantz ezta zentimetro bat ere mugituko. Uztarri, gezi eta frankismoaren beste sinbolo faxista guztiei erabat loturik jarraituko zuketen.

Fraga bere krimenengatik ordaindu gabe hil da eta kontzientziadun langile eta gazte batek ere ez zuen negarrik egingo bere heriotzagatik. Hala eta guztiz ere, geure eta belaunaldi berrien eginkizuna izango da egia historikoa erakustea, eta elementu hori eta beste guztiak dagokien tokian ipintzea: klase kapitalista eta pribilegiatuen interesak bermatzeko diktadura odoltsu bat babestu zuten madarikatuen tokian.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.