Burgesiak behin baino gehiagotan erabili ditu eta erabiliko ditu faxistak bere interes ekonomikoak mehatxatzen dituen langile klasea mehatxatzeko, jipoitzeko, erailtzeko... Garbi dago kapitalismoaren krisiaren beste ondorioetako bat dela faxismoa.

Estatu Espainiarrean, Euskal Herrian eta Europako herrialdeetan, azken aldian, ugaritu egin da indarkeria faxista. Europako parlamentuan ultraeskubiak talde propio bat du. Hau ez da kasualitate kontua, faxismoa ez da ezerezetik sortzen. Franco, Hitler, Mussolini… bezalako pertsonaiak ez dira historian arrazoi ezezagun batengatik edo kasualitatez azaltzen. Kapitalismoaren krisiaren ondorioz botere ekonomikoak “erabilitako” pertsonaiak izan ziren, kapitalismoa babesteko. Marxek zioen kapitalismoa hil egingo dela, baina ez bere kabuz, hiltzen lagundu behar zaiola baina burgesiak ez duela onartuko kapitalismoaren heriotzarik, ez duela kapitalismoa hiltzerik nahi, noski, honekin batera bere klaseko pribilegio guztiak galduko lituzkeelako. Heriotza hau saihestu  nahian agertzen dira historiako une jakin batzuetan gorago aipatu diren pertsonaiok, langile klasearen mehatxu iraultzailea suntsitzeko hain zuzen. Historian bertan ikusi da herrialde ezberdinetako burgesiak zein paper jokatu duen krisi iraultzaileetan. Francoren altxamenduarekin, esaterako, euskal burgesiak berak, PNV-k ordezkatua, zalantzarik gabe eman zion babesa (aldizkari honetan argitaratu ditugu horren frogak).

“Gugatik izan ez balitz, dagoeneko ez legoke burgesiarik Alemanian: boltxebismoak aspaldi garaitu zuen (…) Egoerak hala jarraitzen badu, Alemania kaos boltxebikean murgildurik geratuko da…”  Hauxe esan zuen Hitlerrek 1932an eman zuen hitzaldi batean.

Aipu hau ez zen etsiturik dagoen baten hitzaldia, baizik eta burgesia eta kapitalista alemaniarraren ahotsa zen. Langile mugimendua sortu zen une beretik, burgesiak edozer egiteko gai da grebak zapaldu, sindikalistak jipoitzeko…, azken batean, mugimenduarekin amaitzeko. Hitler, Mussolini edota Franco bezalako pertsonaiak edo beste maila bateko faxismoaren defendatzaileak berragertzeko aukerek jarraituko dute sistema honekin amaitzen ez dugun bitartean.

Orokorrean, kapitalismoa erregimen demokratiko burgesaren bidez islatzen da, bereziki, herrialde garatuetan. Baina langile mugimendu indartsuak badaude eta bake soziala kontzesioekin eros ezin badaiteke, salbatzaile batek, kasu askotan militarra, hartu dezake boterea mugimendua zapaldu eta bere asmoak inposatzeko. Kasu hauetan, burgesia eta gidaritza erreformistak erregimen berriaren zerbitzura jartzen dira inongo zalantzarik izan gabe (honen adibideak UGT eta PSOE Primo de Riveraren diktaduran). Erregimen aldaketa hau mintzaldi demokratikoak eta langile gidaritzak gora doan langile mugimendua geldiarazteko gai ez direnean gertatzen da zeinak kapitalismoaren existentzia zalantzan jartzen duen.

Historiak erakutsi digu banda faxistak langile klasearen aurka antolatzen direla sektore desberdinek bultzaturik: burgesia, eliza, burgesia txikiko sektore batzuk... Faxistak dira kapitalismoak bizirik irauteko eta langileak mehatxatzeko burgesiak dituen otsoak. Gainera, behar izanez gero, beste metodoek (ilusio demokratikoak, klasearteko kolaborazioak…) huts egiten dutenean erregimen faxistak bultzatzearen aldeko izan da burgesia historian zehar. Baina honek ez du esan nahi erregimen faxista bat edozein unetan denik erabilgarria. Erregimen kapitalista aldatzean kapitalistek beti nahi duten moduan agindu ezin dezaketelako gertatzen da. Krisi sozial bat dagoenean, burgesiak bide “demokratikoekin” bere interesak babestu ezin dituenean erabili dituzte erregimen faxistak. 

Baina honek ez du esan nahi faxistak gure kaleetan ez dabiltzanik, ondo antolatuta gainera. Horregatik, Euskal Herrian ere gero eta ohikoagoak diren eraso faxistei aurre egiteko modua politika iraultzaile bat defendatzea da, komite antifaxistak sortuz adibidez. Ez da burgesiaren polizia izango elementu hauetaz salbatuko gaituena, poliziaren sektore batzuk antolatuta dauden faxistekin elkarlanean aritzen baitira.

Faxismoak indar gehiago har ez dezan beharrezkoa da ezkerrekoak eta langileenak diren erakundeek arazo honi behar adinako arreta jartzea, ez da txikikeria bat. Langileak, etorkinak, homosexualak, ezkertiarrak... jipoituak eta erailak izan baitaitezke faxisten eskuetan. Langile klasearen metodo iraultzaileekin soilik lotuko dugu kapitalisten babesle hauei aurre egitea.

Faxismoa zer den ulertu ahal izateko, gomendagarria da Trotskyren La Lucha contra el fascismo irakurtzea.