Beharrezkoa da sindikatuek denboran luzatuko den borroka plana antolatzea
Euskal gehiengo sindikalak irailaren 26rako deitutako Greba Orokorra pauso garrantzitsua da PPren gobernuaren erasoei aurre egiteko. Raxoiren gobernuaren helburua langile klasearen lan eskubideak eta eskubide sozialak suntsitzea da: murrizketak hezkuntza eta osasun publikoan; murrizketak pentsioetan eta langabezia laguntzetan; langile publikoen paga extra baten ezabatzea eta BEZaren igoera; garraioen, erregaien, argiaren etabar luze baten garestitzea. Neurri hauek hala ere ez gaituzte krisitik aterako, guztiz kontrakoa gertatuko da.
Mobilizazio eraginkor, bateratu eta masiboa
Azken urteetako esperientziak erakutsi du erasoak geratzeko modu bakarra borroka dela. Horregatik izan behar du irailaren 26ko greba orokorrak erabateko arrakasta, eta hori bermatzeko beharrezkoa da ahal den batasun handiena.
Burgesia langile mugimenduaren aurka elkartuta baldin badago, langileok ere beharrezkoa dugu gure indarrak elkartzea. Hori dela eta, ekintza sindikalaren batasuna funtsezkoa da; langileen zatiketak bankariei eta enpresari handiei bakarrik egiten die mesede. Horregatik uste dugu UGT eta CCOOeko zuzendaritzek akats larria egiten dutela Hego Euskal Herriko irailaren 26ko greba orokorra ez babesten, eta Estatura ez zabaltzen.
Martxoaren 29ko greba izan behar da jarraitu beharreko bidea. Greba hura arrakastatsua izan zen, azken urteetako handiena. ELA, LAB, CCOO eta UGTk egun berean deitu izana izan zen gakoa. Horregatik, UGT eta CCOOeko zuzendaritzek beren posizioa zuzendu eta irailaren 26ko greba orokorra babestu beharko lukete. Modu berean, euskal gehiengo sindikalak ez dio beldurra izan behar ekintza batasunari, honen alde egin behar du borroka, eta ez bultzatu sektarismoa edo langile klasearen zatiketa sor dezakeen inolako jarrerarik. Ekintza batasunak ez du esan nahi indar sindikal batek egokiagoak ikusten dituen bere posizioak defendatzeari utzi behar dionik. Guztiz kontrakoa. Batasuna etsai komunaren aurkako borrokan eta erabateko askatasuna propagandan, proposamenetan eta alternatibetan.
Eta ekintza sindikalaren batasunaren beharrarekin batera, uste dugu greba orokor honek borroka eta mobilizazio berrien plan bati lotuta joan behar duela, gero eta sektore sozial gehiagorengana heltzeko eta benetako errebolta sozial baten baldintzak sortzeko. Baina plan hau ahal den demokratikoena izateko beharrezkoa da gazteen eta langileen antolakuntza maila handitzea. Sindikatuek jendea greba eta manifestazio handietan parte hartzera deitzearekin batera, funtsezkoa da herrietan eta hirietako auzoetan, fabriketan, enpresetan, ospitaleetan, ikastetxeetan, etab., batzar publikoak bultzatzea gertatzen ari dena eta nola borrokatu eztabaidatzeko. Langabetuek, etxe-kaleratzeen arriskuan dauden pertsonek, langile prekarioek, etab., beren adierazpenak egiteko toki bat izango duten langile klasearen batzarrak behar dira, kaleko erantzun bakoitza hobeto antolatzeko, erabakitako mobilizazioak eta ekintzak bultzatzeko prest dauden langile guztiekin Komiteak sortuz.
Borrokak programa sozialistari lotuta joan behar du
Bistakoa da borrokak sistema kapitalistaren gaur egungo kaosari aurre egingo dion alternatiba kontsekuente bati lotuta joan behar duela. Greba orokorrak eta manifestazioak, hauek oso garrantzitsuak izan arren, ez dira nahikoa kapitalismoarekin amaitzeko. Eta gauza bera esan liteke hauteskundeez ere. Ustezko demokrazia honetan benetan agintzen dutenak bankariak eta enpresari handiak dira. Mobilizazioei elkartuta joango den programa alternatiboa, hau da, programa iraultzailea, sozialista, beharrezkoa da gizartea aldatzeko. Zapalkuntza sozialaren eta nazionalaren arduradunak kapitalistak badira, oinarrizkoa da beren bankuak eta enpresa handiak desjabetzea eta hauek langileen eta gizarte honetako zapalduen kontrolpean jartzea, langileok gure esfortzuarekin sortzen dugun aberastasuna parasito gutxi batzuen zerbitzura egon ez dadin, gehiengoaren bizi duinaren zerbitzura baizik.
Datorren urriaren 21eko EAEko hauteskundeak beste aukera bat izango dira murrizketei eta kontrarreformei aurre egiteko, langile klasearen eta behartsuenen onurarako programaren alde borrokatuz. Hauteskundeak irabazi edo ez, gauza bat ziurra da: Euskal Herria Bildu koalizioak, ezker abertzalea delarik bertako zutabe nagusia, emaitza historikoak aterako ditu. Legez kanporatzeen ondoren, ezker abertzaleko ordezkariak eusko legebiltzarrera itzuli ahalko dira, eta hori langileen borrokak bultzatzeko eta programa sozialista defendatzeko palanka zoragarri bihur liteke. Baina gaur egungo gertakizunak erakusten ari diren bezala, ezin da gobernatu aldi berean zapaltzaileen eta zapalduen alde. Euskal burgesiaren eta hauen ordezkarien eskutik biztanleriaren gehiengoaren onurarako neurriak hartu daitezkeela uste duten haiek bere ingurura begiratu besterik ez dute: burgesiak, euskal herritarra, espainiarra, frantziarra, amerikarra edo greziarra izan, bere klaseko interesei soilik begiratzen die, eta are gehiago krisi garai hauetan.
· Murrizketarik ez sektore publikoan eta gastu sozialetan. Herstura planik ez langile klasearen eta gazteriaren aurka.
· Krisia bere arduradunek ordain dezatela: Kapitalistek. Zergen gehikuntza sakona ondasun handiei, irabazi enpresarialei eta bankari!
· Bankaren nazionalizazioa langileen eta beren erakundeen kontrolpe demokratikoan.
· 1.200 euroko gutxieneko soldata. Langabezia laguntza mugagabea lanpostu bat aurkitu arte. Etxe-kaleratze guztien gelditzea.
· Enplegua salbatzeko, krisian dauden enpresen nazionalizazio langileen kontrolpean.
· Autodeterminazio eskubidea Euskal Herriarentzat eta nazio zapaldu guztientzat. Sozialismoaren alde.