Eraso basatiaren aurrean: mobilizazioen egutegi eraginkorra
Arcelor Mittal-en helburua are gehiago aberastea da, langileak pobretzearen kontura. Horretarako, mahai gainean jarri ditu %34ko soldata murrizketa, soldaten izoztea 2015 arte, lan orduen handitzea 96 ordutan (12 egun gehiago) eta antzinatasunaren eta beste eskubide batzuren suntsitzea. Gainera, beren proposamena onartzen ez bada, lan erreformak ematen dizkien aukerak indarrez inposatuko dituztela mehatxatzen dute. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak bere babes osoa eman nahi die Arcelor Mittal-eko langileei eta antolatu dituzten mobilizazioei.
Zerbaitetarako balioko dute enpresak planteatutako eraso guztiek? Zenbat kontzesio gehiago egin behar dituzte langileek? Ezerk ez du ematen nahikoa. Ez dago azkeneko sakrifiziorik, enpresak beti aurkitzen du langileen lepoa estutzeko arrazoi berriren bat. Etengabeko txantaiarekin, beste modu batera irenstaraztea oso zaila izango liratekeen lan baldintzak inposatu nahi dituzte. Horregatik, sindikatuek atzera pauso bat suposatuko lukeen edozein akordiori ezezkoa eman behar diotela uste dugu, zeren honek ez luke balioko enpresaren erasoak geratzeko, bera are gehiago harrotzeko baizik.
Posible da erasoa geratzea, langileen arteko batasun handienarekin
Borrokan lagileen batasun handiena lortzeko, oinarrizkoa da Batzar Orokor bateratuak antolatzea, langileek mobilizazio eraginkorren plan bat erabakitzeko eta bozkatzeko. Egia da borroka ez dela erraza, enpresa gogor doala eta langileak asko jokatzen ari direla. Baina, batzuk behin eta berriro sinetsarazi nahi dutenetik hurrun, enpresa ez da ahalguztiduna, langileok indarra dugu, asko, ondo erabiltzen bada.
Beharrezkoa da berehala greba eta mobilizazioen egutegi argi bat antolatzea, langileei konfiantza emateko beren indarretan. Baina, guztiaren gainetik, beharrezkoa da lehen unetik gatazka kanporantz ateratzea, eta elkartasuna eta batasuna bilatzea Europako Arcelor Mittal-eko beste fabrikekin, eta Goierrin eta Euskal Herrian borrokan ari diren sektore guztiekin (Corrugados, Cementos Lemona, Guardian, Gamesa...). Arcelor Mittal-ek zatiketa eta beldurra erabiltzen baditu langileak beren artean aurrez aurre jartzeko, langileek batasunaren eta elkartasunaren alde egin behar dute apustu. Egoera honetan, Arcelor Mittal-eko borroka milaka langilerentzako erreferentzia puntu bihurtu daiteke azkartasunez. Hau gertatzen bada, enpresak jasan beharko lukeen presioa ikaragarria izango litzateke eta beren planak atzera botatzea posible izango litzateke.
Murrizketen, kaleratzeen edo itxieraren mehatxuen aurrean beharrezkoa da alternatiba argi bat defendatzea: enpresaren birnazionalizazioa langileen kontrolpean. Inoiz baino gehiago, egin daitekeen sindikalgintza errealista bakarra gure eskubideak defendatzeko mobilizazioan eta langileen batasunaren indarrean oinarritzen dena da. Zentzu honetan, irailaren 26ko greba orrokorra izan zen moduan, oso garrantzitsua izango da azaroaren 14koan parte hartzea. Europa mailako greba eta borroka eguna izango da eta kontinenteko langileok aukera izango dugu gure ahotsa bateratuta altxatzeko enpresari handi eta bankarien erasoen aurka.