“LABek argi ikusten du langileen eskubideak defendatu behar baditu bai Enpresa Batzordeak, bai Ez Afiliatuen taldeak, bai LABek eta bai CCOOek mobilizazio egutegi bat zehaztu behar dugula eraso honi aurre egiteko” LABeko delegatuak.
Arcelor Mittal multinazionalak Estatuan eta Gipuzkoan dituen Olaberriako, Bergarako eta Zumarragako hitzarmen kolektiboaren negoziazioan orain arteko eraso basatiena eman nahi du. Arcelor Mittalen helburua are gehiago aberastea da langileak pobretzearen kontura. Horretarako, mahai gainean jarri ditu soldatak %34 murriztea, soldatak izoztea 2015 urtera arte, lan orduak handitzea 96 ordutan (12 egun gehiago) eta antzinatasuna eta beste eskubide batzuk suntsitzea. Gainera, beren proposamena onartzen ez bada, lan erreformak ematen dizkien aukerak indarrez inposatuko dituztela mehatxatzen dute. Honen aurrean, Euskal Herria Sozialistak bere babes osoa eman nahi die Arcelor Mittal-eko langileei eta antolatu dituzten mobilizazioei. Hemen duzue Olaberriako LABeko ordezkariei egin diegun elkarrizketa.
· Azken urteetan, krisia hasi zenetik, zein izan da Arcelor Mittalen egoera?
Arcelor Mittal multinazionalak 5.000 milioi euro inguruko etekinak ditu, eta krisiak oraingoz ez dio asko eragin. Estatuko 12.000 langileei EEE bat du ezarrita 2009tik eta lantoki bakoitzean komeni zaion moduan aplikatzen ari da, baina, Olaberrian egun gutxi izan dira. Olaberrian lanaren mailan nahiko txukun ibili gara. Orain hitzarmen kolektiboaren negoziazioaren unean EEEn egun bakar batzuk egin ditugu.
· Orain zeintzuk dira enpresaren asmoak?
Arcelor Mittalek Gipuzkoako lan zentroetan inposaketa eta mehatxuak erabiliz ekin dio negoziazio kolektiboari. Eta horretarako, beharrekoa izango balitz, inongo lotsarik gabe, lan erreforma aplikatuko dutela mehatxu egin digute. Lehenik aurtengo urterako hitzartuta zegoena ez betetzearekin mehatxatu gintuzten eta orain, denbora laburrean beren eskaerak jasoko dituen akordio batera iritsiko ez bagina, lan erreformak ematen dizkien aukerak indarrez inposatuko dizkigutela adierazi digute. Adostasuna bilatzen dutela dioten arren, euren proposamenean justu kontrakoa bilatzen ari direla dirudi. Honela, langileen soldatak (honi dagozkion gastu zuzenak zein zeharkakoak) %34 jaitsi nahi dituzte, 2015 urtera arte soldatak izoztu egin nahi dituzte, 96 lan ordu gehiago (12 lan egun gehiago) ezarri, antzinatasuna ezabatu eta beste hainbat eskubide galbidean jarri. Egindako proposamena, beraz, Estatu mailako akordio markopean dauden lan zentroei luzatutakoa baino proposamen askoz atzerakoiagoa da.
· Zein da LAB sindikatuaren balorazioa?
LABek ez du inposaketa, beldur eta mehatxuan oinarritutako lan harreman eta negoziazio eredurik onartuko. Bakarrik elkarrizketan eta elkarren arteko errespetuan oinarritzen den negoziazio bat onartu eta uler dezakegu. LABek ez ditu lan zentroen benetako egoera justifikatzen eta dokumentatzen ez dituzten eskaerak negoziatuko. LABek, beraz, zuzendaritzak bere horretan jarraitzen badu gainerako sindikatuei erantzun bateratu eta indartsu bat emateko deia egiten diegu. Gure eskubideak mantendu nahi baditugu borroka egin beharko dugu. Halaber, Arcelor Mittalek Hego Euskal Herrian dituen lan zentroetarako, negoziaziorako euskal eremua aitortu eta errespeta dezala eskatzen diogu zuzendaritzari.
· Zenbait ekintza egin dituzue enpresak eman nahi dituen erasoen aurka.
Bai, irailaren 20an, lantokiaren aurrean elkarretaratzea egin genuen LABek deituta; alde batetik, enpresak planoen sailean egin nahi duen erasoaren aurka, egun horretan Estatuan egin dituzten mobilizazioekin bat eginez; eta bestetik, bezperan Olaberriko fabrikan zuzendaritzak aurkeztu zizkigun murrizketa basatia salatzeko. Eta atzo, urriaren 29an, elkarretaratzea potentea egin genuen Enpresa Batzorde osoak, Ez afiliatuak, LABek eta CCOOek deituta.
· Aurrera begira mobilizazio egutegi bat zehaztuta baduzue?
Ez daukagu une honetan ezer antolatuta. Enpresak atzoko elkarretaratzeari zer erantzuten dion ikusi nahi dugu, baina, LABek argi ikusten du langileen eskubideak defendatu behar baditu Enpresa Batzordeak, bai Ez Afiliatuen taldeak, bai LABek eta bai CCOOek mobilizazio egutegi bat zehaztu behar dugula eraso honi aurre egiteko.