EAJren demagogia borrokatu behar da! Euren murrizketa eta pribatizazioek erailtzen gaituzte

Enpresaburuen irabaziak langile klasearen bizitzen gainetik daude. Hori da oligarkiak eta beren aginduetara dauden gobernuek gordintasun osoz inposatzen diguten lezioa. PSOE-Unidas Gobernua ez da salbuespena, nahiz eta xumeenen aldeko diskurtsoak eta "ezkutu soziala" behin eta berriz errepikatu. Hala erakusten duten hartzen dituzten neurriek; enpresaburu eta bankari handien irabaziak babestu besterik ez dute egiten.


Langile klasearen aurkako ofentsiba horretan, Eusko Jaurlaritza lehen lerroan kokatu da, CEOErekin batera. Pedro Sanchezek aste santuaren ondoren amaiera eman zion funtsezkoa ez zen jarduera ekonomikoaren etenari, hain zuzen ere Koronabirusak hamasei mila hildakotik gora utzi dituenean, horietatik mila Euskal Herrian, eta kutsatzeak etengabe handitzen ari direnean. Baina nahiz eta jardun ekonomikoaren etena oso mugatua izan zen enpresaburu handien mesedetan, Urkullu bera izan zen lehena atera zena euskal patronalarekin batera oldarturik enpresen itxieraren aurka egitera.

Osasungintzako langileak duten guztia ematen ari dira koronabirusari aurre egiteko, beren bizitzak arriskuan jarriz babes, kontrol eta bitarteko faltagatik, 23 langile hil dira aurten lantokietan, eta Zaldibarko zabortegiko luizian desagertutako bi langileak desagerturik jarraitzen dute. Egoera honetan, euskal eskuinaren lehentasun bakarra "koma ekonomikoa saihestea" izan da. Erkorekak komunikabideen aurrean Urkulluren eta Arantxa Tapiaren kudeaketa goraipatu zuen, espainiar Gobernua zentzuz jokatzera eta "akatsa zuzentzera" eraman zutelako, lantokien erabateko itxiera eragotziz. Bestalde, Chiviteren Gobernuak ere eskatu dio gobernu zentralari Nafarroa lehen proba gunea izan dadila normaltasunera itzultzeko planaren barnean.

Confebaskek argi utzi du lehen unetik nola aurre egin nahi dion krisi horri: "Lan malgutasuneko ezohiko neurriak beharrezkoak izango dira, eta baita izaera ekonomiko eta fiskalekoak ere, diru sarreren jaitsierari eta jarduera ixteari aurre egiteko". EAJren zeregina, beti bezala, mandatu hau betetzea da, eta krisia langile klaseari ordainaraztea. Apirila Hego Euskal Herrian 26.600 Aldi Baterako Erregulazio Espedienteekin (ERTE) hasi zen, 166.000 langileri eraginez; langabeziak hilabete batean inoiz izan den igoerarik handiena jasan du EAEn, ia 11 mila gehiago, eta datorren hilean kopurua asko haziko dela espero da.

Batasun nazionalaren iruzurra

Nazionalismo espainolistaren diskurtsoa lau haizetara zabalduz, PSOE-UP gobernuak aplikatutako neurriak – CCOO eta UGT sindikatuek gogo handiz txalotuak– oso konkretuak izan dira: bankaren eta enpresaburu handien esku jarri dituzte 100.000 milioi euro, espainiar Estatuko BPGaren %10aren baliokidea, finantza-sektorearen beste erreskate publiko bat egiteko, 2008koa baino handiagoa. Enpresa handien neurrira diseinatutako ERTE uholdea zabaldu dute, orain arte bildu dituzten irabazietatik euro bakar bat ere ez ordaintzeko. Osasun krisiak irauten duen bitartean, enpresariek Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuoten ordainketa kendu dute...

Unidos Podemosek ahalegin berezia egin du politika horiek zuritzeko, oligarkia kapitalistaren interesak babesteko, langileei zuzendutako soberakin ziztrinen publizitatea eginez. Zertan datza hainbeste aipatzen duten “ezkutu soziala”? Bertan behera uzten ez diren eta ordaintzen jarraitu beharko diren alokairuei aurre egiteko mikrokredituak, 440 euroko sorospenak martxoaren 15aren ondoren aldi baterako kontratuak iraungi zaizkien langabeentzat, etxegabetzeen sei hilabeteko atzerapenak, baldin eta bizitokiko alternatibarik ez badago, argia, ura eta gasa mozteko debekua alarma-egoerak irauten duen bitartean.

Koalizio gobernu honek astintzen duen Espainiako batasun nazionalaren bandera iruzur ikaragarria da langile klasearentzat eta eskuina eta muturreko eskuina elikatu besterik ez du egiten. Baina modu berean, PDCat eskuin katalanistak eta EAJren euskal eskuinak erabiltzen duten diskurtsoa tranpa berbera da. Euren gobernuak lehenen postuan egon dira osasungintzari murrizketak egiten eta langile klasearen aurkako eraso guztiak babesten eta aplikatzen; ez eskumen faltagatik eta beste politika batzuk egiteko aukera faltagatik, euskal eta kataluniar burgesiaren interesak zaintzeko ekimen propioak bultzatuta baizik.

Zalantzarik gabe, espainiar Estatuan krisi kapitalista gogortu izanak nazio zapalduen eskubide demokratikoen aurkako neurri zentralista eta autoritarioak indartuko ditu. Ikusi dugu 78ko erregimena Kataluniako herria kolpatzen. Baina honen aurka egiteak ez du zerikusirik euskal herritar guztiok ontzi berean gaudela dioen EAJren diskurtsoarekin. 78ko erregimenaren erasoaldia langile klasearen aurkakoa da bere osotasunean, baita Katalunian eta Euskal Herrian ere eta noski, euskal eskuinaren babes sutsua izango du.

Moncloako itunak berreskuratu?

Bere hitzaldi guztietan Pedro Sanchezek tonu patriotikora jo du. Baina apirilaren 4an salto bat eman du Moncloako Itun berriak eskatu dituenean, Vox, PP, CS eta parlamentuko arku osoarekin batera, pandemia igaro ondoren egoera sozial leherkor bati aurre egin ahal izateko. EAJk bere ahotsa batu du dagoeneko abesbatza horretara, Madrilgo gobernuari egindako kritiken tonua jaitsiz.

Moncloako Itunen bertsio berri bat berreskuratuz, langileak kate motzean lotu nahi dituzte. Akordio horiekin Felipe Gonzalezen PSOEk, Santiago Carrilloren PCEk eta UGT eta CCOO sindikatuetako buruek traizio historikoa egin zuten, besteak beste honakoa onartuz: estatu frankistaren aparatua bere horretan mantentzea eta diktadurako krimenak zigorrik gabe geratzea, Juan Carlos I.aren monarkia sakratu egitea, hamarkadetan lizunki aberastu ziren kapitalistek beren dirutzak ondo babestea eta boterearen bitartekoak kontrolatzen jarraitzen baimentzea… Gainera erosteko ahalmenaren eta lan-eskubideen galera ikaragarria ekarri zuten, prekarietate handiagoa, gizarte-prestazioak murriztea eta greba eskubidea mugatzea. Hori izan ziren 1977ko Moncloako Itunak, eta haien errepikapenak helburu bera du: altxamendu soziala eragoztea, 78ko erregimen kapitalista indartuz.

Beharrezkoa da alternatiba iraultzailea defendatzea

Koronabirusak eragindako konfinamendu egoera historiako krisi kapitalistarik handienetako baten lehen etapa baino ez da, eta inflexio puntua markatuko du klase borrokan, baita Euskal Herrian ere.

Langile klasea jasaten ari garen egungo erasoaldia ez da konfinamenduarekin amaituko. Horregatik da beharrezkoa erantzuna lehenbailehen antolatzea. Gaurko Aldi Baterako Erregulazio Espedienteak biharko egunean EREak, kaleratzeak, soldata murrizketak eta abar bihurtuko dira. Langile klaseari beste krisi bat ordainarazi nahi diote, hamarkada bat baino gehiagoan gure lan baldintzak masiboki prekarizatu dituztenean. Horregatik da beharrezkoa erantzuna eta mobilizazioa lehenbailehen antolatzea.

Ezker Abertzaleak eta gutun sozialean bildutako sindikatuek aurrerapauso bat eman behar dute zentzu horretan. Gaitz txikiaren politika aplikatzea beste irtenbiderik ez dagoela onartzea da, hau da, murrizketak, kaleratzeak eta erasoaldi guztia onartzea. Gehiengo sindikalak irmoki kontra agertu behar du. Noski badagoela alternatiba! Gehiengoaren osasunak eta eskubideek patronalaren irabazien gainetik egon behar dute, baina hori soilik lortuko dugu eraso bakoitzaren aurrean enpresaz enpresa langile guztiak antolatuta eta borrokarako zutik jartzen baditugu.

Patronalaren eta EAJren ofentsiba honen erdian, EH Bilduk neurri zuzentzaile batzuen proposamena aurkeztu du, politika sozialagoak eskatuz, baina funtsean kapital handiari oparituriko dirutzak eta osasun pribatuaren negozioa bere horretan utziz. Bere proposamak hartzen du diru-sarrerak bermatzeko sisteman sartzeko baldintzak malgutzea, enpresa txiki eta autonomoei laguntzak ematea, Osakidetzan eta erresidentzietan test masiboak eta babes ekipoak bermatzea, etab. Lanerako itzuleraren aurka agertu da arduragabekeria dela esanez, ez dagoelako garantiarik eta arriskuan jartzen duelako gure osasuna eta ekonomia. Era berean, Arnaldo Otegik Radio Popularren egindako elkarrizketa batean adierazi zuen: “gu ere interesaturik gaude enpresek lehiakorrak izatean”, eta "bermerik badago, jarduerari eutsi behar zaio, baina bermea badago". Zer esan nahi du enpresak lehiakor mantentzea merkatu kapitalistan? Hori izan da enpresarien argumentu nagusia langileen eskubideak erasotzeko. Bestalde, EAJri aurpegiratzen zion "ez duela zentzurik hemen erakunde, alderdi, patronal eta sindikatuen artean krisi honetatik nola atera behar dugun hitz egiteko foru bati uko egiteak eta gero Moncloako Itunetan egoteak. Benetan industria eta ekonomia bereizia baldin badaukagu, hemen erabaki beharko dugu neurririk onenak zeintzuk diren, lurraldea ezagutzen dugunok. Tamalgarria iruditzen zaigu Aberri Egun bateratua ospatzetik EAJ desmarkatzea."

Planteamendu horiek, eta bereziki langile klasearentzat egoera hain larria denean, izugarrizko akatsa dira. Lehenbailehen amaitu behar dena EAJko eskuinari eskua luzatzeko estrategia da. Eta benetako alternatiba bat defendatu behar da, kapitalista handiak boteretik botatzeko, eta ez haien agindu eta oniritzien baitan legeak egiteko.

Logika kapitalistak banku handien eta enpresen diktadura inposatzen du gizarte osoan. Ezinezkoa da logika hori onartuz sistema honek eragiten duen basakeria eta miseriari aurre egitea. Ezinbestekoa da aldarrikatzea kapitalista handien boterearekin amaitu behar dela eta ekonomia langile klasearen kontrol zuzen eta demokratikoan jarri behar dela, bai parlamentuetan, bai borroka sindikalean.

Beharrezkoa da Euskal Herrian langile klasearen eta gazteriaren borroka bateratzea, lantokietan gertatzen diren eraso guztiei aurre egiteko, lanera itzultzearen eta ERTEen inposaketaren aurrean, beharrezkoa bada bizitza babesteko grebak deituz, klaseko elkartasuna antolatuz, erresistentzia kutxak, borrokak koordinatuz eta batuz … Beharrezkoa da ezker iraultzaile bat eraikitzea.

Batu zaitez Ezker Iraultzailera

Benetako programa iraultzaile baten alde

1. Bankaren eta monopolio handien nazionalizazioa langileen kontrol demokratikoaren pean, jendearen eskubideak eta haien bizitzak gainetik jarriko dituen ekoizpen plan bat ezartzeko.

2. Osasun publikoaren defentsan. Osasun-arloko 20.000 profesional berehala kontratatzea (medikuak, erizainak, ikertzaileak, teknikariak, laguntza-langileak, anbulantziak …). Ospitaleko instalazio publiko guztiak irekitzea, ZTGak (UVI) indartzea eta zabaltzea, eta beharrezko material medikoa eta kirurgikoa erostea.  Material medikoaren eta osasun pribatuaren ekoizpen-sektore guztiak nazionalizatzea. Farmazia sektorearen nazionalizazioa, koronabirusari eta gainerako gaixotasunei aurre egiteko beharrezkoak diren botika guztien doakotasuna.

3. Pandemiaren aurka borrokatzeko funtsezkoa ez den ekoizpen-jarduera guztia berehala geldiaraztea. Legez bermatzea funtsezkoak ez diren fabriketako eta enpresetako langile guztiak etxean egon ahal izango direla ordaindutako baimenekin, beren enplegu guztiak errespetatuak izango direla eta ez dela lan-eskubiderik galduko. Funtsezko enpresetako langileentzat, beharrezko segurtasun- eta babes-neurri guztiak. Betetzen ez dituzten enpresaburuei zigor ekonomiko oso zorrotzak ezartzea.

4. Ekoizpena langileen kontrolpean jartzea. Sektore industrial guztietan langile batzordeak sortzea, demokratikoki asanbladetan hautatuak, ekoizpena birmoldatzeko eta berehala pandemiari aurre egiteko behar den material mediko guztia fabrikatzeko: babes ekipoak, arnasgailuak, maskarak, mantalak…

5. Kaleratzerik, ERTErik edo enplegu-erregulazioko espedienterik ez koronabirusaren eraginez. Soldata murrizketarik ez. Enpresaburuek urte hauetan pilatutako etekin guztien beren zatia jar dezatela! Itzul dadila patronalen eta bankuen erreskateen dirua!

6. Ixten den fabrika, langileen kontrolpean nazionalizatutako fabrika. Langabezia sorospen mugagabea, lanpostu bat aurkitu arte 1.200 eurokoa hilean.

7. Legez murriztea familia langileen eguneroko bizitzarako funtsezkoak diren produktuen prezioak eta espekulazioaren jazarpen sendoa. Aski da. Supermerkatu kate handiak eta elikagai sektoreko multinazionalak izugarri aberasten ari dira. Horien nazionalizazioa langileen eta erabiltzaileen kontrol demokratikoan.

8. Guztiontzako etxebizitza duin baten alde. Alokairuko etxebizitzen jabe handien, bankuen eta funts putreen nahitaezko desjabetzea, eta etxebizitza publiko unibertsalaren sistema bat sortzea, alokairu sozial eskuragarriekin. Kaleratze guztiak legez baliogabetzea eta alokairuak, argindarra, gasa, ura, berogailua eta telekomunikazioak ordaintzetik salbuestea kaleratutako eta zailtasun ekonomikoak dituzten langile guztientzat, zerbitzu horiei guztiei eutsiz.

9. Etorkinen eta errefuxiatuen eskubide ekonomiko, sozial eta politikoen defentsa. Lege arrazista guztiak indargabetzea eta kontzentrazio eta barneratze esparruak eraistea. Milaka milioi euroko mobilizazioa, haien bizitzak salbatzeko.

10. Adierazpen, manifestazio eta antolaketarako askatasunari inolako murrizketarik ez. Kanpora estatu poliziala eta bizitza sozialaren militarizazioa! Faxismoari eta eskuin muturreko erakundeei aurre egitea langile klasearen eta gazteriaren borroka masibo eta antolatuarekin. Haien inpunitatearen aurka, eta Estatuaren aparatuaren aldetik jasotzen duten babesaren aurka.

11. Gerra inperialistekin amaitu! Monopolioek eta Nazioarteko Diru Funtsak ezarritako kanpo-zor guztia berehala kitatzea.

12. Zapaldutako nazio guztien autodeterminazio eskubidearen alde.

13. Iraultza Sozialistaren eta Munduko Federazio Sozialistaren alde.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.