Marokotik bidali ondoren Lantzaroteko aireportuan Saharako Frente Polisarioko buruzagi den Aminatu Haidarren egindako gose grebak eta gerora Aaiunera itzultzeak, bertan dago etxean giltzatuta marokoar autoritateen zaintzapean, berriro ere agerian utzi du Mendebaldeko Saharako egoera. Saharako arazoa inperialismoak Afrikan utzitako ondareetako bat da, urte askoan ahaztua egon bazen ere eremu mortu honek berebiziko garrantzia hartu zuen bertan zeuden baliabide naturalak ezagutu zirenean.
Espainiako kolonia izan zen 1894tik aurrera, espainiar burgesiarentzat balio ekonomiko eskasa bazuen ere, inperialismo frantziarrak bertan zuen domeinuari aurre egiteko eta kanariar uharteak eta bertan zegoen arrantzarako munduko gune garrantzitsuena babesteko balio zion. Horrela egon zen 40. hamarkadara arte, munduko fosfato meatoki handiena aurkitu zuten arte. 1974an Munduko Bankuak Mendebaldeko Sahara Magreb osoko eskualde aberatsena izendatu zuen.
Erregimen frankistak Sahara utzi zuen
70. hamarkada hasieran, erregimen frankista bere azkenetan zegoen eta egoera aurre-iraultzaile bati aurka egin behar zion; horregatik, gutxien interesatzen zitzaiona Saharan gerra kolonial bat eragitea zen, batez ere, Mozanbikeko eta Angolako gerra kolonialek Portugalgo diktaduran izandako eragina eta Portugalgo 1974ko iraultzaren faktore garrantzitsuena bilakatu zela ikusi ondoren.
Marokoar monarkia 60. hamarkadatik aurrera egoera ahul batean zegoen ikasle mugimenduak, grebak, nekazarien altxamenduak, bi estatu golpe saiakerak eta matxinada armatuak zirela eta. Beraz, Hassan IIak Marokok saharar eskualdearengan zuen eskubidea aldarrikatu zuen, ez bere balio ekonomikoagatik bakarrik, baizik eta Saharako gaia erabili zuen sentimendu nazionalista eta chauvinista indartzeko, horrela masa marokoarren arreta bere arazoetatik desbideratuko zuelakoan. Honekin, monarkiaren gainbehera saihestu nahi izan zuen.
Erregimen frankistak 1974an erretiratu zituen bere tropak Saharatik eta herri sahararrari hitz eman zion 1975ean autodeterminaziorako erreferendum bat egingo zutela. Hau onartezina zen erregimen marokoarrarentzat bazekielako erreferenduma eginez gero, independentziaren aldeko aukerak irabaziko zuela.
1975ean Hassan IIak 350.000 pertsonek osatutako Martxa Berde famatua bidali zuen Mendebaldeko Sahara okupatzeko ofentsiba militarrarekin hasteko. Hau ez zitzaion komeni diktadura frankistari eta ez zuen zalantzarik egin Marokorekin akordio sekretu bat sinatzeko. Akordio honetan, Sahararen ordainetan Marokok uko egin zien Ceuta eta Melillarengan zituen eskubideei. Era berean, akordio honek Espainiak zituen arrantza interesak bermatzen zituen eta fosfatoaren ustiapenen %35a irabazten zuen.
1975eko azaroan Marokok Sahara inbaditu eta Marokorekin anexionatu zuen. Bortitza izan zen Marokoren okupazioa. Sahararren aldegite masibo bat eragin zuen eta iheslariak fosforoz eta napalmez erasotu zituzten eta ejertzito marokoarrak gupida gabe tirokatu zituen basamortura ihesean zihoazenak. Sahararren herenak erbestera ihes egin zuen eta geratu zirenek errepresioa eta atxiloketa masiboak jasan dituzte eta oraindik 500 bat saharar daude ofizialki desagerturik.
Erregimen marokoarraren irabazi gozoak
Gaur egun Mendebaldeko Sahara bitan banatuta dago: fosfato meatokiak dituen Marokok okupatuta daukan mendebaldeko kostaldeko zatia; Lurralde Aske bezala ezagutzen Argelia eta Mauritaniarekin muga egiten duen ekialdeko zatia. Maroko 1980an eraikitzen hasi eta 2.720 kilometro neurtzen dituen harresi batek banatzen ditu bi zatiak. Harresi hau minez josia dago, 5 kmz behin bunker bat du konpainia militar marokoar batekin eta 15 kmko radar bat. Kalkulatzen da gaur egun harresiaren inguruan 100.000 soldadu inguru daudela.
Ihes egitea lortu zuten sahararrak Tindufen (Argelia) dagoen errefuxiatu gune batean bizi dira, bertan 160.000 saharar daude. Kanpamenduok basamortuaren erdian dauden hare eta harriz egindako hedadura erraldoiak dira. Ur eta begetazio gutxi dago eta haimetan edo harea apur batekin egindako etxeetan bizi dira. Elikagai oso gutxi dute eta udan 50 graduko tenperaturak jasan behar izaten dituzte. Baldintzan oso kaskarrak dira benetan.
Erregimen marokoarrak beti izan du potentzia inperialista nagusien babesa, batez ere, Frantziarena, zeinarenak baitira Marokon egiten diren inbertsioen %60a, eta AEBena, zeinaren eskualdeko aliatu nagusia marokoar monarkia den. Gaur egun Maroko da AEBengadik laguntza gehien jasotzen duen herrialde arabiar edo afrikarra (Egipto kenduta). Baina azken urte hauetan, espainiar gobernuek ere (baita PSOErenak ere) aktiboki babestu dute marokoar erregimena eta isilik mantendu dituzte Saharan (eta Marokon) egin dituen sarraski guztiak, hau guztia arrantza enpresa espainiarren interesak arriskuan ez jartzeko.
Alauiar monarkia ez dago prest baldintzarik gabe Mendebaldeko Sahara uzteko, honek irabazi gozoei uko egitea suposatuko bailuke. Fostato sahararrari esker, Maroko da munduko lehen fosfato esportatzailea eta hirugarren ekoizlea. Fosfatoak berebiziko garrantzia du kosmetika eta elikagai industrian eta Maroko munduko erreserben hirulaurdenaren jabe da. Mohamed VIk herrialdea diktadura bortitz batez gidatzen du, oinarrizko eskubiderik errespetatu gabe. Horretaz gain, landu daitezkeen lur gehienak eta industria nagusiak erregearenak dira
Forbes aldizkariak (09/06/17) argitaratu zuen “Arrokaren erregea”, izeneko artikulu baten arabera, fosfatoari erreferentzia eginez, Mohamed VI da munduko 15 monarken artean aberatsenetakoa eta bere diru-iturri nagusia fosfato industria da. 2008an monarken artean, bere aberastasuna izan zen gorakada jasan zuen bakarra, 1.000-2.500 milioi dolar gordin bitartean. Bere negozioak herrialdeko BPGaren %6 dira. Aberastasun honen bestaldean, gizartearen %20ak jasaten duen pobrezia dago. Marokoar langile baten gutxieneko soldata hileko 200 eurokoa da eta Casablanca bezalako hirietan prezioen maila Estatu espainiarreko hiriburukoaren antzekoa da.
NBEa da konponbidea?
90. hamarkada hasieran, NBEk saharar arazoa konpontzeko eta autodeterminaziorako erreferenduma egiteko misio bat sortu zuen. Hainbat plan proposatu dituzte, baina bat ere ez dute ondo ikusi bi aldeek, bata Marokoko gobernua, bestea Frente Polisarioa. Erreferenduma egiteko oztopo nagusia zentsuaren kontua da. Egun, dagoen zentsu bakarra espainiar gobernuak 1974an egin zuena da eta arazoa da ez dituela kontuan hartzen Mendebaldeko Saharako muga artifizialetatik kanpo daudenak. Gainera, Maroko zentsu honen aurka dago ez baititu aintzat hartzen azken urteetan saharar eremuan finkatu diren eta Sahararen independentziaren aurka bozkatuko luketen marokoarrak.
NBEren lehen bake plana 1991koa da, Baker Plana edo Hirugarren Bidea izenez ezagutua, baina ez zuten onartu. Proposatu zen azken plana 2003an izan zen eta Baker Plana II izenez ezagutzen da. Plan hau onartezina da sahararrentzat lehen ez zituen botere batzuk aitortzen baitizkio gobernu marokoarrari. Lehenik eta behin, zentsoan eskualde sahararrean bizi diren kolono marokoar guztiak sartzea onartzen da, bertan zenbat denbora daramaten kontuan hartu gabe. Saharari autonomia bat ematen dio marokoar subiranotasunpean. Kontseju Exekutiboa aukeratuko zen baina bandera, txanpona, aduanak, kanpo eta barne politika, polizia eta justizia Marokoren esku egongo lirateke. Gainera, bi zatitan banatuko litzateke eta Maroko iparraldeko zatiarekin geratuko litzateke bertan baitago aberastasun gehiena. Erreferenduma autonomiatik 5 urtera egingo litzateke.
NBEk 500 milioi euro gastatu ditu Saharan konponbide bat bilatzeko eta 35 urteren buruan hasiera baino urrunago dago. Herri sahararra ezin daiteke etengabe potentzia inperialista handien interesen zerbitzura egon den organismo batez fidatu.
Autodeterminazio eskubidea defendituz irtenbide bakarra sahararren borroka iraultzaile bat da, gazte eta langile marokoarrekin batera etsai beraren aurka: marokoar monarkia despotikoa garaitzeko borroka, saharar eta marokoar herriek horrenbeste sufritzearen arduradun diren kapitalismoaren eta inperialismoaren aurka.