Maiatzean Somako (Turkia) meatzean izandako istripu tamalgarrian 300 meatzaritik gora hil ziren. Gertakari honek agerian utzi du erregimen turkiarraren eta berau sostengatzen duten monopolio kapitalista handien izaera kriminala. Istripua ez zen kasualitatez gertatu: azken urteetan Garapenerako eta Justizia Islamiarrerako Alderdiaren (AKP) gobernuak aplikatu dituen murrizketa eta pribatizazioen ondorio zuzena izan zen. Meatzarien sarraskiak mobilizazio masiboak eragin ditu, gehiengoaren babesa jaso zuen greba orokor bat ere deitu zen; ondorioz, hain gorrotatua den Erdoganen gobernua kinka larrian geratu da.
Istripu hau iragarrita zegoen heriotza baten kronika izan zen: aspaldi langileek meategietako segurtasun faltaz ohartarazi zuten, epaitegiak salaketaz beteta daude, eta Somako meatzean leherketa gertatu baino 20 egun lehenago, oposizioko alderdiek parlamentuan proposamen bat egin zuten meategietako segurtasunari buruzko ikerketa batzorde bat sortzeko eskatuz. Hala ere, gobernuan dagoen Erdogan lehen ministroaren alderdiak atzera bota zuen proposamen hau.
Soman gertatutakoa, NDFk eta Europar Batasunak bertan sartu nahi duten estatuei (Turkiaren kasua hauxe da) “erreskate” eta maileguak ematearen ondorioz, estatu hauek aplikatutako herstura planen ondorio da. EBren hizkuntzan “erreformak” deitzen diren neurri drakonianoen atzean Turkiako meatzeen pribatizazioa dago, eta hau 2005-2010 urteen artean egin zuen turkiar gobernuak.
2012az geroztik, Somako meategia Soma Komur Isletmeleri AS, Soma Holdingen filial bat da, eta Turkian dagoen ikatz ekoizlerik handiena da: Somako meategitik 250.000 tona ikatz ateratzen dituzte hileko. 2012ko irailean, Soma Holdingeko jabeak harro esan zuen ekoizpen kostuak 130-140 dolarretatik (meatzeak estatuarenak zirenean hau kostatzen zen) 23,80 dolarretara murriztea lortu zuela, nahiz eta estatuari %15eko kanon bat ordaindu beharra zion; eta, halere, etekinak handitzea lortu zutela (Chicago Tribune, 2014-5-14). Baina, nola lortu dute ekoizpen kostuak %60 jaistea? Argi dago ez dela izan ikatza erauzteko teknikak modernizatzeko inbertsioak egin dituztelako. Etekinak lortzeko modua milaka langile kaleratzea, lan orduak luzatzea, esperientzia gabeko langileak azpikontratatzea eta osasun eta segurtasun neurriekin bukatzea izan da.
Gainera, Somako meategia ez da salbuespena: Turkiako ikatz meategiak munduko arriskutsuenetarikoak dira; jasotako ikatz tona bakoitzeko 7,22 hildako eragiten ditu (Txinan tonako 1,27 hildako daude). General Miners Unionek 2010eko martxoan argitaratutako informe batek esaten duenez, Turkiako meatzeetan gertatzen diren istripuen %98a pribatizazioaren, desregulazioaren eta soldataren jaitsieren ondorio dira.
Istripuak langile klasearen borroka piztu zuen
Istripu honek Turkiako langile klasearen haserrea eta amorrua eragin zituen. Berria zabaldu zenean, milaka izan ziren Erdoganen dimisioa eskatuz estatu guztiko kaleak bete zituztenak. Maiatzaren 13az geroztik, egun askotan milaka lagun kalera irten ziren herrialde guztiko hainbat hiritan Erdoganen gobernuaren dimisioa aldarrikatuz. Mersin, Antalya, Istanbul, Bosforo, Kadikay edo Ankara bezalako hirietan gehien entzuten zen oihua hurrengoa zen: “Ez da istripu bat! Ez da patua! Hau hilketa bat izan da”. Maiatzaren 14an, lau sindikatu nagusiek deitutako greba orokorrak jarraipen masiboa izan zuen, eta bertan plazaratu zuten komunikatuak honako hau zioen: “Soman gure anaietako ehunka hil dira lan baldintza basatietan lan egitera behartuak izan ondoren, horrela enpresak etekin maximoak lortuz (...). Langile guztiei Somako gure anaiak defendatzeko deia egiten diegu”. Erdogan Turkiako lehen ministroak esandakoak haserrea areagotu besterik ez zuen egin: “horrelako istripuak uneoro gertatzen dira”, eta XIX. mendeaz geroztik meatzaritzan gertatutako istripu nagusiak aipatu zituen. Horregatik, ez da batere harritzekoa Soma bisitatu zuenean bertako jendeak haserre biziz bere kotxea astintzea.
Erdogan da AEBk eta EBk inguru horretan duten aliatu nagusia; atzerakoi islamiar bat da. Orain dela gutxi, Rajoy AKPren kongresuan egon zen Turkiako lehen ministroaren ondoan. Ohikoa duten moduan, potentzia inperialistek Erdoganen izaera demokratikoa goraipatzen dute, baina gogoan eduki beharra dugu 2003az geroztik dagoen gobernuak, erabat mespretxatzen dituela eskubide demokratikoak. Erdoganen gobernuak azken bi urteetan gorantz egin duten langile klase eta gazteriaren borrokak gogorki erreprimitu ditu; gutxiengo etnikoak, Kurduak kasu, zapaldu ditu; erlijio islamiarra egunerokotasunean inposatu du, emakumeen eskubideak eraso ditu eta interneteko zentsura ere onartu dute erregimenaren ahultasuna agerian utziz.
Duela urtebete inguru, Istanbuleko Taksim parkean merkatal zentro bat eraikitzeko egitasmoak azken hamarkadetan izandako leherketa sozialik bortitzena eragin zuen; protesta gisara Taksim parkea okupatu eta berau husterakoan 10 hildako, ehunka zauritu eta milaka atxilotu eragin zituzten. Merkatal zentroaren egitasmoak gizartearen gehiengoak jasaten dituen bizi baldintza kaskarren ondorioz piztutako haserrea azaleratu zuen; haserrea leherketa sozialera bideratu zituen txinparta izan zen. Nahiz eta protestak baretu ziren, hauek sorrarazi zituen egoera sozial eta politikoak bere horretan jarraitzen dute.
Honetaz gain, duela hilabete batzuk, gobernuaren ustelkeria kasu bat agerian geratu zen, eta bertan zenbait ministro eta Erdogan beraren semeak inplikatuta zeuden. Erregimenak, beste behin ere, mendebaldean hainbeste goraipatzen duen izaera demokratikoa erakutsiz jokatu zuen: nahiz eta frogak egon Erdogan eta bere lagunak inkriminatzeko, honek dena konplot internazional bat zela esan zuen eta ustelkeria kasuak, kontrabandoa, banda mafioso eta antzekoak ikertzen zituzten 2000 polizia inguru aldatu zituen. Beste horrenbeste egin zuen fiskal guztiekin, eta hauek bere inguruko batzuekin ordezkatu zituen, kasua itxi eta Erdogan eta bere konplizeak kalterik gabe ateratzeko asmoz.
Ondoren, Somako istripua izan zen jendearen pazientziarekin amaitu zuena: Turkiako langile klase eta gazteriak ekintzara pasatzea erabaki zuen; eta, horrela, 12 urtez eskubide demokratikoak eta langileen bizi baldintzak eraso eta enpresa handi nazional eta multinazionalak aberastera bideratutako pribatizazio politika aurrera eraman duen AKPren gobernua garaitzea posible dela erakutsi zuten.