Israeldar eta palestinar langileen greba orokorra parlamentuko kolpe saiakeraren aurka!
Orain dela 75 urte sortu zenetik izandako protesta sozialik handienak bizitzen ari da Israelgo Estatua. Ehunka mila pertsonak hartu dituzte herrialdeko hiri nagusiak, hamaika borroka jardunalditan (“diktaduraren aurkako erresistentzia egunak” deitu dituzte), grinaz eta amorruz erantzuteko Likud alderdiaren eta eskuin mutur sionistaren arteko koalizio gobernuaren neurriei; izan ere, Parlamentuko estatu kolpea dakarte neurriok.
Netanyahu lehen ministroak segida eman eta garatzen ari da Trump-en, Bolsonaroren eta mundu osoko eskuin mutur populista eta nazionalistaren erreakzio agenda.
Onartu nahi dituen legeen asmoa da Gobernuari erabakimen itzela ematea epaileen hautaketan, ezabatu nahi dute Auzitegi Gorenak Gobernuaren aurka gehiengo soilez epaitzeko duen gaitasuna, eta ezabatu nahi dute, halaber, Gobernuak edo Parlamentuak onartutako legeria baliogabetzeko ahalmena, Konstituzioaren aurkakotzat joz gero. Lege berri horiek indarrean jarrita, Knesset edo Israelgo Parlamentuak Auzitegi Gorenaren epaitzak ere baliogabetu litzake. Legea lehen ministroaren neurrira egina dago, eragotzi egiten baitu goi auzitegiak ministerio karguetan aritzeko ezgaitutzat jo ahal izatea zigor penalak dituztenak, eta aukera emango lioke Netanyahuri edozein kondena saihesteko edo, hala badagokio, hura atzera botatzeko. Gaur egun, epaiketaren zain dago, eroskeria, iruzurra eta konfiantza abusua egotzita.
Azken batean, lege aldaketa honek gobernu bonapartista bat finkatu nahi du, Netanyahu buru duena eta eskuin mutur erlijiosoak sostengatzen duena; horrela, agerian uzten du sionismoak berak hainbat hamarkadatan sortutako instituzionaltasuna ere —masa palestinarren zapalkuntza krudela eta Israelen espantsionismoa babestu eta justifikatu dituena— orain ez dela nahikoa burgesiaren agintea bermatzeko.
Desadostasunak klase menderatzailean
Netanyahu berriro hautatu zuten 2022ko azaroaren 1eko hauteskundeetan, oposizioan hamabi hilabete eman eta gero. Lehen ministro gisa duen seigarren agintaldian (guztira hamabost urte daramatza Gobernuan), eskuin muturreko alderdi erlijiosoen koalizio batek babesten du. Parlamentuko 120 eserlekuetatik 64 eskuratu zituen koalizio horrek. Gobernu koalizioak honako hauek biltzen ditu: Likud; Sionismo Erlijiosoa (botoak bikoiztu zituen, eta historiako emaitzarik onena lortu zuen, 14 diputatu); Xas (11 eserleku) eta Torako Judaismo Batua (7 eserleku).
Laborismoak, hamarkadetan zehar Israelgo estatu sionista giltzarria izan bazen ere, 4 eserleku baino ez zituen lortu. Meretz alderdiak, berriz, ez zuen lortu parlamentura ordezkaririk bidaltzea, historian lehen aldiz, ez baitzen iritsi botoen % 3,5era. Netanyahuk Itamar Ben-Gvir (Botere Judua alderdi ultranazionalistako liderra) sartu zuen Gobernuan, Segurtasun Nazionaleko ministro gisa, eta Israelgo poliziaren eta okupatutako Zisjordaniaren ardura eman zion. Horren ondorioz, ikaragarri areagotu dira herri palestinarraren aurkako erasoak eta errepresioa.
Baina estatua goitik behera astintzen ari den eztanda sozialak etengabe areagotzen ari den polarizazioa erakusten du, eta ez da inola ere hutsetik sortua. Azken urteotan, herritarrek oso mobilizazio garrantzitsuak gauzatu dituzte, hala Palestinako lurraldean egindako eraso militarren aurka, nola pandemia aldian hartutako errepresio neurrien aurka. Krisi ekonomikoak ere atsekabe eta haserre itzela eragin du gizartean, eta horrek guztiak sustatu egiten ditu klase menderatzailearen barruko banaketak, are gehiago Ekialde Hurbileko aliantza geoestrategikoak jasaten ari diren astinduen ondorioz, Ukrainako gerra inperialistaren itzalpean.
Oraingoz, Gobernu berriaren planen kontra dagoen burgesia sektore bat ari da mobilizazioak gidatzen. Oposizioko mitinen buru ministro ohiak izan dira —haietako askok Netanyahuren agintepean jardun dute iraganean—, bai eta jeneral erretiratuak eta inteligentzia buruak ere. Baina sektore guztietara hedatzen ari da polarizazioa, hala nola armadara; izan ere, erreserbista askok (haiek dira Israelgo armadaren bizkarrezurra) mehatxua egin dute zerbitzu militarra egiteari uko egiteko, aurka daudela argi erakusteko askoz. Bizirik dauden Israelgo Aireko Armadako komandante ohi guztiek gutun bat idatzi zuten erreforma judiziala bertan behera uztea eskatzeko.
Hainbesterainokoa da zatiketa, non garbi hitz egiten baita gerra zibilaz. Isaac Herzog Israelgo presidenteak zera ohartarazi zuen: “Inork uste baldin badu ez garela inola ere helduko gerra zibilera, ez daki zertaz ari den. Orain Israelen 75. urteurrenera iristear gauden honetan, herrialdea porrot egiteko zorian dago. Gerra zibila gainditu ezineko marra gorria da, eta ez dut onartuko hori gertatzea”.
Ildo beretik mintzatu zen Benny Gantz, Defentsako ministro ohia, aurreko Gobernuko kidea: “Indarkeria lehertzen hasi da, eta senide arteko gerra baten atarian gaude”. Martxoaren 18ko (larunbata) manifestazioen ostean egina zen ohartarazpen hori; orduan, poliziak manifestarien aurka erabilitako indarkeria eta Netanyahuren banda faxisten erasoak batu ziren.
Palestina eta Iran, arreta desbideratzeko.
Barneko presioaren eta atsekabe orokorraren aurrean, Israelgo Gobernua probokazioak areagotzen ari da, herritarrak ustezko kanpo mehatxu baten aurka suspertze aldera.
Netanyahuk sekretupeko bost elkarrizketa egin ditu, AEB jakinaren gainean zegoela; Irango instalazio nuklearren aurkako eraso baterako prestaketa maila igotzea erabaki zuen elkarrizketa horietan. Erreakzionario horren esanetan, munduak Iranen aurka jarduten ez badu, Israelek nahitaez jardun beharko du, eta halaxe egingo du, batere zalantzarik gabe. Aitzakia gisa balizko txosten batzuk baliatu ditu, hain zuzen Iranek uranioa % 84an aberastu duela adierazten dutenak, bonba nuklear baterako behar den aberaste maila baino % 6 beherago soilik.
Alabaina, kolpekatu dezakeen etsairik ahulenaren aurka ari da ankerren jokatzen, bide librea eman emanda Gobernuan sartu dituen terrorista sionistei: palestinarren aurka. Probokazio handienaren eragin nahian, urtarrilaren 4an, Ben-Gvir Segurtasuneko ministroak Meskiten zabalgunea bisitatu zuen, Waqf fundazioaren onespenik gabe. Fundazio islamiar horrek kudeatzen du lekua, 1967ko akordioen arabera. Netanyahuk proposatutako lege sorta berrian, Zisjordaniako kokalekuak handitzea ere aurreikusten da.
Otsailaren 26an, ehunka kolonoko talde basati batek eraso egin zion Huwara herrixkari. Herri hori Zisjordania okupatuaren hegoaldera eta iparraldera mugitzeko bidegurutzea da, eta, beraz, behin eta berriz izaten dira gatazkak bertan. Palestinarrek bi anaia kolono hil zituztenez, erantzun gisa, faxista taldeak herrixkari eraso egin zion eta ordu batzuk eman zituen bertako biztanleak ikaratzen, etxeak eta autoak arpilatzen eta haiei su ematen. Palestinar bat tiroka hil zuten, eta beste ehun zauritu. Bideo askok erakusten dute soldaduek eta poliziak ez ikusiarena egiten zutela edo, areago, kolonoei laguntzen zietela. 2023. urtea hilgarriena izaten ari da palestinarrentzat azken bi hamarkadetan. Aurten, oraingoz 80 langile palestinar baino gehiago hil dira Israelgo Estatuaren eta haren kolono talde armatuen esku.
Gertakari horien aurrean, Israelgo Finantzetako ministroak, Bezalel Smotrich izena duen faxista hutsak (Netanyahuk hari ere eman dio okupazioaren gidaritza hartzeko botere osoa), Huwararen aurkako erasoa goraipatu zuen, eta herria suntsitzearen alde hitz egin zuen: “Ez ahal du Jainkoak nahi izango partikularrek egitea. Uste dut suntsitu egin beharko litzatekeela Huwara herrixka, eta Israelgo Estatuak suntsitu beharko lukeela”.
Alderdi erreakzionarioek hauteskundeetan lortu duten arrakastarako hainbat faktore izan dira erabakigarri; honako hauek: laborismoaren eta Meretz alderdiaren erabateko porrot politikoa, gertakarietan kolonialismoarekin eta arrazakeria sionistarekin izandako lankidetza, eta Histadrut-en bake sozialeko eta desmobilizazioko politika (Histadrut herrialdeko zentral sindikal nagusia da, zeinaren buruzagiak instituzionaltasun sionistaren parte diren eta muineraino ustelduta dauden). Bereziki eskandalagarria da Histadrutek uko egin izana eraso erreakzionario horren aurkako grebarik deitzeari. Aitzitik, sindikatu horren zuzendaritzak, burgesia israeldarraren esaneko ipurdi garbitzailea izanik —% 5,4ko inflazioarekin eta eztanda sozial baten beldurraren aurrean—, soldata % 11 igotzeko akordio bat sinatu zuen hurrengo zazpi urteetarako, herrialdeko 350.000 enplegatu publikoei eragingo dien akordioa. Hori guztia, biztanleriaren % 26,4 hileko gastuak ordaintzeko gauza ez denean eta heren bat pobretzat jotzen denean.
Israelgo egoera politikoak AEBren inperialismoaren faltsukeria ere uzten du agerian; izan ere, Ukrainan bezala, ez du aintzat hartzen babesten dituen gobernuak erreakzionarioak direla. Biden-en Administrazioak komunikatu zinikoak igortzen ditu, kezka adierazteko Israelgo gertakariak direla eta, baina jarraitu egiten du Estatu sionistari neurri gabe laguntzen, hainbat hamarkadatan egin duen moduan.
Klase menderatzailearen baitako zatiketa eta erreakzionarioen mehatxua langileen klasea borroka erabakigarri batera bultzatzen ari dira, zuzendaritza erreformistak eta sionistak gorabehera. Israelen adibideak argi eta garbi erakusten du nazio bat ezin dela librea izan beste nazio bat zapaltzen badu. Israelgo kapitalismoa irtenbiderik gabeko kalezuloan egonik, burgesiak gero eta gogorrago baliatu behar du palestinarren aurkako zapalkuntza nazionalaren aukera. Aldi berean, erreformismoaren porrotak eta klase ertaineko sektore handi bat eskuinera biratzeak erreakzioaren aurrerapausoa ahalbidetu dute.
Parlamentuko kolpe faxista borrokatzeko greba orokorraren alde!
Faxistak garaile ateraz gero, gogor ordainduko ditu ondorioak Israelgo langile klaseak. Inoiz baino premiazkoagoa da langile guztiek borroka bateratua egitea parlamentuko estatu kolpea jotzeko saiakera horren aurka. Horretarako, greba orokorrerako deia egin behar da kolpe horren kontra, eta batzordeak eratu behar dira oinarritik, langileek beraiek zuzendu dezaten eta mugimendu hori burgesia sionistaren sektore batek bere egin ez dezan —izan ere, sektore horrek bere onura baino ez du bilatzen—; aitzitik, langileek berek zuzendu behar dute, euren nazionalitatea edo erlijioa edozein dela ere.
Gaur egun, badaude ildo horien araberako greba egiteko baldintzak, azken hamarkadetan ez bezala. Mobilizazioak hasi direnetik, salatu izan da lurralde okupatuetan gertatzen ari dena. Era berean, langile eta gazte juduak soldaduei eta kolonoei aurre egitera joan dira aste hauetan, palestinarren aurkako erasi batzuetan. Palestinaren auzia konpontzeko eta, aldi berean, kapitalismo sionista garaitzeko bide bakarra langile klasearen borroka bateratua da, langileon jatorria edozein dela ere; ideia horrek oihartzuna izango du mugimenduan, zalantzarik gabe.
Era berean, premiazkoa da Israelgo langile mugimendua aitzindari izatea Palestinako herriarentzako eskubide osoen aldeko borrokan —Estatu independentea eratzeko eskubidea barne—, eta horrekin batera Israelgo klase kapitalista eta herrialdea inguratzen duten erregimen kapitalista arabiarrak iraultzarekin uzkaili eta suntsitzea, Israelen eta Ekialde Hurbil osoan sozialismoaren alde borrokatuz. Horixe da basakeriatik salbatzeko bide bakarra.