Pasa den maiatzaren 25eko hauteskundeen emaitzek antzeko joera politikoak markatu zituen Europar Batasuneko herrialde guztietan. Nahiz eta komunikabide burgesek parte hartzearen gorakada nabarmena azpimarratu, egia dena da abstentzioa masiboa izan zela %56,1arekin; 2009koekin alderatuz parte hartzearen gorakada puntu bat baino gutxiagokoa izan zen. Honek guztiak agerian utzi du Europako instituzio kapitalistek gizartean duten deskreditua, gaur egun langileen eskubide sozialak suntsitzearen arduradun bezala ikusten baitira.
Orokorrean gobernu ezberdinetako alderdiak zigortuak izan ziren, bai eskuinekoak baita sozialdemokratak ere, guztiak murrizketa politiken bultzatzaileak. Oinarrizko beste joera bat eskuinera eta ezkerrera eman zen polarizazioa izan zen, tendentzia horien erakusle nagusiak izan ziren Grezian Syriza eta Estatu frantziarrean Fronte Nazionala. Prentsa burgesak modu erabat interesatuan ez zuen greziar ezkerrak lortutako garaipen historikoa ia aipatu ere egin, eta protagonismo osoa Estatu frantziarrean, Britainia Handian eta beste herrialde batzuetan eskuin muturrak izan zuen gorakadari eman zion. Beraien asmoa Europan biraketa sozial erreakzionario bat gertatu denaren mamua zabaltzea da; noski, langile klasea desmoralizatu eta bere indarretan konfiantza galtzea helburu duena.
Syriza eta kapitalismoaren krisia
Azken urteetan milioika pertsonen begiradak Greziara zuzenduta egon dira. Europar Batasunaren eta burgesia greziarraren murrizketa plan basatien aurka langile eta gazte greziarren erresistentziak, mobilizazio masibo eta etengabeekin batera, inspirazio iturri den izaera iraultzailedun krisi politikoa eragin du. Klase arteko borrokaren gorakada honen ondorioz, garrantzia ikaragarria duen gertaera politikoa izan da: Europaren historia gertukoenean, lehen aldiz sozialdemokraziaren ezkerretara dagoen alderdi batek hauteskunde orokor batzuk irabazi zituen, eta masen sektore handi batek sistema kapitalistaren amaiera iraultzaile bati babesa adierazi zion. Ez zen kasualitatea Grezia izatea parte hartzea gehien hazi zen herrialdea (5,5 puntu 2009arekin alderatuz). Syriza izan zen bozka gehien jaso zituen alderdia, %26,6, eskuineko Demokrazia Berria (DB) alderdia ia lau punturekin gainditu zuen. KKEren (Alderdi Komunista) bozkekin, %6,07, sozialdemokraziaren ezkerretara dauden ezkerreko alderdiek %33 lortu zuten: DBrekin gobernuan dagoen PASOKek ikaragarrizko porrota jaso zuen, bozken %8 bakarrik (2009an %36,65). To Potami (Ibaia) Alderdi sozialdemokrata berriak, hain juxtu hauteskunde horietarako sortu zenak, ez zuen PASOKek galdu zituen bozkak bereganatzerik izan.
Syrizaren emaitza bikainak Atican izandako garaipenarekin are garrantzitsuago bihurtu ziren herrialdeko zonalderik garrantzitsueneko gobernua lortu baitzuen eta bertan bizi da biztanleriaren herena (Europako hauteskundeekin batera izan zen Greziako udaletxeetako eta lurraldeetako hauteskundeen bigarren itzulia). Garaipen hau are eta esanguratsuagoa da Syrizak PASOKek eta DBak batera aurkeztu zuten hautagai baten aurka egin zuela kontuan hartzen badugu. KKEren zuzendaritzak berriz, posizio erabat sektarioa mantenduz, ez zuen alderdi bakar baten aldeko botoa eskatu.
Sozialdemokraziaren krisia eta alternatiba sozialista iraultzaile baterako aukerak
Greziako hurrengo hauteskunde orokorrei begira, Syrizaren garaipenak eskuina garaitu eta langileen gobernu bat eratzeko aukera zabaltzen du, murrizketei aurre egin eta gizartearen eraldaketa sozialistan pausoak eman ditzakeena. Aldaketa hau gertatuko balitz, gainerako herrialdeetan izango lukeen eragina ikaragarria izango litzateke. Greziako eta Estatu espainiarreko hauteskundeetan izan den ezkerrerako biraren uztarria masen mobilizazio eta parte hartze aktiboa da. Zalantzarik gabe Grezian maila altuago batean dago, momentuz behintzat.
Estatu espainiarrean edo Grezian bezala sozialdemokraziaren ezkerretara dauden Europako beste alderdi batzuk emaitza hain onak lortu ez izana hainbat arrazoiren ondorio da. Ukaezina da orokorrean klase arteko borroka eta polarizazio politikoa hazi egin dela, baina hauteskundeetako adierazpenek ez dute zertan berdinak izan eta batera gertatu herrialde ezberdinetan. Gertaera sozialen erritmo ezberdinak edo beste hainbat faktore politikok eragina dute; adibidez aurkezten diren alderdien ibilbidea etab. Estatu frantziarreko kasuan, adibidez, Alderdi Komunista Frantsesak eta Ezkerreko Alderdiak (Melenchon buru duen Alderdi Sozialistaren zatiketa) osatzen zuten Ezkerreko Fronteak (Front de Gauche, FdG), bozken %6,5 lortu zuen (2009an %6), helburu zuten %10etik oso urrun. 2012ko presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea maiatzaren 25eko hauteskundeetan baino %30 handiagoa izan zen eta bozken %11,1 lortu zuen.
Sarkozyren porrota eta Hollanden garaipena FdGren emaitza onekin batera, Estatu frantziarrak 2010ean bizi izan zituen masen mobilizazio garrantzitsuen ondorio izan zen. Testuinguru hartan FdGren bilera eta mitinak masiboak ziren eta ilusiozko airea arnasten zen. Erakunde hau aldaketa sakon bati lotua ikusten zen. Baina Alderdi Komunistaren zuzendaritzaren norabide aldaketak beraiengan jarrita zeuden esperantzak aldendu ditu hein batean: 2014ko udal hauteskundeetan Alderdi Sozialistarekin hitzartu zuen, nahiz eta Hollanden gobernua murrizketak onartzen ari dagoeneko. Frontea osatzen duen beste alderdiak, Ezkerreko Alderdiak alegia, bere aliantzak Berdeetara zuzentzeak ez zituen gauzak hobetu, hauek ere Hollanden gobernuarekin inplikatuta baitzeuden.
Eskuin muturraren gorakada
Grezian ezkerrak lortutako garaipena gertakari garrantzitsuena bezala nabarmentzea eskuin muturraren alderdiek lortutako babesa gutxiestea da? Inolaz ere ez. Grezian Egunsenti Urrekara (EU) bezalako alderdi faxisten garapena abisu bat da: maiatzaren 25ean milioi erdi boto lortu zituen, %9,38. Estatu aparatu burgesarekin eta klase dominatzailearekin harremanak dituen eta sistemak berak sortutako deskonposizio sozialetik hornitzen den talde hau ezkerreko sektore antolatu eta aurreratuenaren aurka egiteko batailoi bezala erabiltzen dute. Estatu frantziarreko Fronte Nazionala (FN) eskuin muturreko alderdiak ezberdintasun batzuk ditu Egunsenti Urrekararekin, besteak beste nazien perfila ez izatea zaindu du. FNk bere ideario arrazista alboratu gabe, kanpainaren indarra, nahiz eta era demagogiko batean izan, ongizate estatuaren eta gai sozialen defentsan oinarritu du, bere burua “antisistema” bezala errebindikatu du, Europar Batasunaren burokraziari kritika egin dio, etab.; hori guztia erretorika nazionalista batekin bustiz (kanpainaren leloa “Ez Bruselari, bai Frantziari” izan zen), babes ekonomiko gehiago eskatuz, eurotik ateratzea aldarrikatuz…
Marine Le Penen diskurtsoak (errealitatean kapitalismoa baldintzatzen ez duenak) sistemarekiko gorrotoaren sentimenduekin konektatzeak, gizartean oso zabaldua dagoena eta politikoki atzeratuenak diren sektoreei ere eragiten dienak, ez du esan nahi bere garaipena gutxietsi daitekeenik. Erakunde horrek langile klasearentzat arriskua dakar. Baina hori bai, akatsa izango litzateke Le Penek lortutako emaitzek langile klasea ahul eta garaituta dagoela pentsatzea, baita Estatu frantziarrean eta Britainia Handian kontrairaultza garaile dela eta faxismoa berehala datorrela pentsatzea. Europako herrialde guztietan langile klasearen indarra eta bere borrokarako eta antolatzeko gaitasuna askoz handiagoa da gaur egun eskuin muturrak lor dezakeen babesa baino.
Egoera ezegonkorra
Herrialde batzuetan momentuko osagarria den eskuin muturreko erakundeen emaitzak puztea langile mugimenduari begietara hondarra botatzea da. Estatu frantziarrean 2012ko hauteskundeetan bira handi bat eman zen ezkerrera mobilizazio sozial harrigarrien ondorioz, eta eskuina baztertzea eta Sarkozy garaitzea lortu zituen. Oraingoan, aldiz, ezkerraren desmobilizazioa izan da nagusitu dena, Alderdi Sozialista Frantsesaren gobernuak aldaketarako zeuden ilusioak zapuztearen eta zuzendaritza sindikalek patronalarekin egindako akordioen eraginez. Eskuin muturraren gorakada polarizazio sozial ikaragarriaren ondorio da, baina baita sozialdemokraziaren dekadentziaren ondorio ere. Hauteskundeak argazki finko bat bakarrik dira testuinguru erabat aldakorrean. Egoera oso ezegonkorra da eta konfrontazio soziala, masa mobilizazio handiak eta hauen isla politikoa lehenago edo beranduago eguneko gai ordenan jarriko da Europa osoan.