Valdimir Putinek eraso militar zuzenera jo du Ukrainan. Berehala, NATO eta AEBetako eta Europako gobernu inperialistak -ohiko zinismo ikaragarriarekin- erasoaldia gaiztestera atera dira “nazioarteko zuzenbidearen urraketa” dela eta “Europako eta munduko segurtasuna eta egonkortasuna kaltetzen duela” esanaz.
Horiek dira Siria, Iraq, Yemen, Libia edo Afganistan bezalako nazioak suntsitu dituzten botereak; Jugoslavian Alemaniako eta Estatu Batuetako multinazionalen mesedetan herrialdea zatitzeko gerra egin zutenak; esku hartze militarrak, estatu kolpeak eta diktadura militar odoltsuak babestu dituztenak; SESB desagertu ondoren Errusiaren ahultasuna baliatu zutenak eta abantaila geoestrategiko nabarmena eskuratzeko NATO bere mugetara eraman zutenak … Horiek dira, hain zuzen ere, orain aieneka dabiltzanak eurek erabilitako arma berberak erabiltzen dituelako Putinek bere erregimen kapitalista eta oligarkikoaren interesak bermatzeko.
Komunista internazionalistak garen aldetik, argi eta garbi esan behar dugu NATO, AEB eta EB direla Ukrainan gaur egun bizi diren gertakarien erantzuleak. Haiek izan ziren 2013-14an eskuin muturreko taldeak eta neonaziak babestu, finantzatu eta armatu zituztenak, Ukrainako Gobernuaren, Estatuaren eta armadaren kontrola eskuratzeko. Asmoa, jakina, aliatu estrategiko bat eskuratzea zen, Putinen erregimenaren indar gero eta handiagoaren eta Txinarekin zuen aliantzaren aurka erabiltzeko.
Putinen ekintzari ezin diogu inolako elkartasunik adierazi. Estalinismoaren oinordeko den ezkerreko zati batek Putin SESBaren jarraitzaile gisa aurkezten du, baldintzarik gabeko babesa merezi duela esanaz, mendebaldeko oldarraldiari aurre egiteko prest dagoen nazionalista omen delako. Baina Putinen erregimenak Errusiako oligarkia kapitalistaren interesei erantzuten die. Jabetza nazionalizatuaren hondakinen gainetik, SESBeko ondare historikoaren arpilatzearen eta sobietar herriari egindako lapurretaren gainetik, Putin helburu inperialistak dituen kapitalismo basatiaren sistemaren buru jarri zen.
Esku hartze militarra baino 48 ordu lehenago eman zuen hitzaldian, Putinek Lenin eta boltxebikeak salatu zituen 1917ko urriko iraultzaren ondoren Ukrainaren autodeterminazio eskubidea eta independentzia praktikan jarri zituelako, Errusiarekin eta beste nazio batzuekin berdintasunean integratzea ahalbidetuz Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunean (SESB). Argi utzi zuen, Errusia handiaren chauvinista eta inperialista bat dela, boltxebismoaren etsai eta antikomunista porrokatua.
Sekulako gezurra da errusiar oligarkia chauvinistak gerra honekin helburu aurrerakoiak bilatzen dituela. Bere interesetan ez dago Donbaseko herritar errusiarrak defendatzea, Ukraina “naziez garbitzea” ezta munduko zapalduak zaintzea ere. Errusiar kapitalistek eta Putinen Gobernuak ageriko helburu inperialistak dituzte.
Gerra auzi politikoa da beste bide batzuetatik
Gerra gatazka honen atzean munduko hegemoniaren aldeko borroka eta indar inperialisten arteko korrelazioan eman diren aldaketak daude. Errusiak egungo potentzia kapitalistarik dinamikoenaren babesa du, Txinarena.
Militarismo estatubatuarra, Europan duen eragina berresten saiatu da Afganistango porrotaren ondoren. Joe Bidenek eta bere aliatuek Errusiaren aurkako estrategia militarista garatzen jarraitu dute, egoera 1991ko berdina izango balitz bezala. Baina gauzak asko aldatu dira orduz geroztik.
AEBen aliatuek, Europar Batasunak eta nazioarteko sozialdemokraziak ezikusiarena egiten dute gogorarazten zaienean NATO 1999 eta 2004 artean Hungariara, Poloniara, Txekiara, Eslovakiara, Bulgariara, Esloveniara, Estoniara, Letoniara, Lituaniara eta Errumaniara zabaldu zela, Errusiaren aurkako aurrekaririk gabeko setioa sortuz. Hedapen militar honekin jarraitzeko Ukraina NATOn sartu eta Errusia are gehiago inguratzeko asmoan dago erasoaldiaren gakoa. Nola erreakzionatuko luke AEBk baldin eta Errusiak edo Txinak akordio militarrak egingo balituzte eta base militarrak edo arma nuklearrak ezarriko balituzte Mexikon edo Kanadan?
Gerra da ekuaziorik zailena, eta faktore militarrak tartean egon arren, funtsean auzi politikoa da. Une honetan, Ukrainako gerrak izaera erreakzionarioa du bi aldeetan. Kieveko Zelenskiren gobernua mendebaldeko inperialismoaren txotxongilo hutsa da, non eskuin muturraren eragina gailentzen den. Errusiako Gobernuaren klase izaera berriz, argitu da goian zein den.
Gerra inperialistaren aurkako mugimendu indartsua altxatu behar da!
Ez Ukrainako ez Errusiako herriak ezin dute ezer positiborik espero gerra erreakzionario honetatik. Sufrimendua, heriotza eta suntsipena besterik ez. Putinen argudio defentsiboak, hots, “Donetskeko eta Luhanskeko errepublika popularretako herritar errusiarrak babestea”, deseginda geratu dira. Biden, Johnson, Macron edota Pedro Sanchezen aldarriak -“demokrazia”, “zuzenbide estatua”, “subiranotasun nazionala”…-, bildots larruz estaltzen diren otsoen engainuak dira.
Lapurren arteko gerra baten aurrean gaude, Ukrainako, Errusiako eta mundu osoko langileek ordainduko duguna. Sistema kapitalistaren krisi gaindiezinaren eta potentzia eta bloke inperialisten arteko indar korrelazioaren aldaketaren beste sintoma bat da gerra hau. Ukrainako gatazkak, gainera, desoreka ekonomiko guztiak areagotuko ditu, energiaren (gasa, petrolioa), oinarrizko produktuen eta elikagaien prezioen igoera areagotuko du, hondamendi humanitario berri bat sortuko du, milaka errefuxiaturekin, suntsitutako etxebizitzekin, suntsitutako azpiegiturekin...
Baina gerra hau ez da geldiaraziko diplomaziarako deiekin edo NBE bezalako erakundeen esku hartzearekin. Erakunde horiek inperialistek beren maniobretarako erabiltzen dituzten estalki hutsa dira. Gerra soilik langile klasearen eta gazteriaren mobilizazio masibo eta sendoarekin geldiaraziko da, mundu osoko kaleak hartuz, eta politika iraultzaile, internazionalista eta klase independentziazkoa altxatuz, inplikaturik dauden potentzien interes kapitalistei eta inperialistei aurre eginez.
Bakea nahi baduzu, borrokatu sozialismoaren alde