Zer gertatzen ari da Europar Batasunean? Funtzionatuko al du Europako agintariek onartutako egonkortasun planak? Euro-zona hautsiko al da? Europako Batasunetik ateratzea al da, Sarkozyk Estatu frantziarrarekin mehatxatu bezala, langile klase frantziarraren edo beste estatu europar bateko langileen irtenbidea? Nola defenda daitezke langile klasearen interesak egoera honetan?

Auzi europarra oinarrizko gako politikoan bihurtu da, ez bakarrik burgesiaren estrategentzat, baita langile klasearen interesentzat ere, eta beraz ezkerreko sindikatu eta alderdientzat. Orain dela hiru urte, subprime-en krisia delakoa lehertutakoan eta mundu mailako krisia errekonozitua ez zenean, burgesiaren komunikabideen ustez Europako egoerak ez zuen zerikusirik AEBtan gertatzen ari zenarekin. Europa barruan gainera, banka espainiarra adibide eredugarri bezala jartzen zen krisi finantzarioaren antidoto moduan. Europari ikasgaiak emateko prest ere agertu ziren bankari espainiarrak. Guztiz kontrakoa gertatu da ordea. Hilabeteetan zehar albiste ekonomikoak okertzen joan ondoren, zor greziarraren krisia Europako zutabeak astintzen hasi zen, mundu mailako krisiaren epizentroa Europan bertan ipiniz. Aldi berean, sistema finantzario espainiarrak erakutsi du ez dela gai krisi finantzarioari aurre egiteko eta azaleratzen ari da potentzial suntsitzaile arriskutsua duela sistema finantzario europarrarentzat, zor greziarrak duena baino askoz handiagoa.

Merkatuak beldurtuta zeuden banka greziarrari emandako maileguengatik, 110.000 milioi euro denera, baina banka espainiarraren zifra 770.000 milioi eurotara iristen da. Hauetako estatu baten edo beren erakunde finantzario garrantzitsu baten ezordainketen ondorioek sistema finantzario europar osoa kolpatuko lukete. Atzerriko inbertitzaileek zor greziarrean, espainiarrean eta portugaldarrean (publikoan eta pribatuan) arriskatutakoak bi bilioi euro hartzen ditu. 

Gaur egungo zorraren krisia, mundu osoko ekonomian eragiten duen gehiegizko ekoizpenaren krisi kapitalistaren ondorioa da eta ez da Europara bakarrik mugatzen. Zorren maila altua, bai arlo publikoan eta bai arlo pribatuan, mundu osoan orokortu den fenomenoa da eta ondorio zuzenak ditu krisiaren garapenean. AEBtako aurrekontuen defizita %10ekoa da eta 12,98 bilioi dolarreko (10,4 bilioi euro) zor publikoa du, bere BPGren %90 gutxi gora behera. Baina zifra hauek, harrigarriak diren arren, errealitatea ezkutatzen dute. AEBtako altxorrak “aktibo toxikoak” ditu, banku pribatuek merkatuan saldu ezin zituztenez hauei hartutakoak eta 1,7 bilioi dolarreko balioa hartzen dutena. Lehenago edo beranduago egoera honek iskanbila finantzario gehiago ekarriko ditu. Hala ere, zorraren krisiaren arrazoietan eta ondorio orokorretan arduradun izateaz gain, Europak dituen faktore bereizgarriek are gehiago okertzen dute krisia. 

Europako harreman finantzarioak

 

2002an euroa ezarritakoan handitu egin zen Europako estatu ezberdinen arteko harreman finantzarioa eta erraztu egin zuen ekonomikoki ahulagoak ziren estatuen zorpetzea. Grezian, Estatu espainiarrean, Portugalen eta Italian euroa egoteak handitu egin zituen bankari alemaniarren, frantziarren eta ingelesen inbertsioak estatu hauetan. Lehen ez bezala, inbertitzaileek ez zuten irabaziak galtzeko arriskua estatu bakoitzeko txanponen debaluazioaren ondorioz behintzat. Hala ere, krisiarekin, ekonomia hauetako ahultasun historikoa lurrazalera atera zen berriro, defizitaren eta zorraren handitze ikaragarri bat emanez.

Azken urteetan harreman finantzario hori garatzearen eraginez, krisi inmobiliario espainiarra, adibidez, banka europarraren arazo bihurtu da. Bankuek eta gobernuek bilioika euro zor dituzte beren artean. Bat erortzen bada gainontzekoak atzetik doaz. Italiak Estatu frantziarrari 511.000 milioi dolar zor dizkio (BPG frantziarraren %20), banka espainiarrak zor portugaldarren herena du ia (86.000 milioi dolar baino gehiago), bitartean Estatu espainiarrak Estatu frantziarrari 220.000 milioi zor dizkio, Alemaniari 238.000 eta Britainia Handiari 114.000 milioi dolar. Harreman sakon hauengatik, estatu bateko arazoek besteei eragiten diete, euroaren egonkortasuna ere ukituz.  

Azken hilabete hauetan krisiaren manifestazio ikusgarrienak estatu kapitalista garatuenen inguruan eman arren, zorraren arazoak sistemaren nukleo zentrala kolpatzen du. Zor bat txikia denean, arazoa zordunarena da, baina zorra erraldoia denean arazoa mailegariarena da. Horregatik, Europan arazo handienak dituztenak banka alemaniarra, frantziarra eta ingelesa dira. Europako estatu garatuenek ere zor historiko erraldoiak dituzte eta gauza berbera esan liteke beren enpresez.

Egonkortasun plana

Hau guztiagatik azkartu zen egonkortasun plana delakoa. Plan hau eztabaidatzerakoan tentsioak nagusitu ziren estatu ezberdinen artean Alemaniatik hasita. Estatu hau da finantziazio iturri nagusia eta bere burgesiari ez zaio gustatzen inguruko ekonomiek sortutako desorekei etengabe aurre egitea eta “beren” txanponak egonkortasuna galtzea. Azkenean, akordiora iritsi ziren maiatzaren 10eko goizaldean, 750.000 milioi euroko plana onartuz. Hasiera batean euforia handia sortu zuen burtsetan, baina egun gutxitan ziurgabetasuna eta urduritasuna azaldu ziren berriro. Arazoa da maila altuko zorrak eta honi aurre egiteko murrizketa basatien planak, egonkortasun planari lotuta daudenak, ekonomiaren okerrerako izango direla. Burgesia oso arduratuta dago bere sistemak sortutako krisiaren aurrean, egiten duena egiten duela ere egoera okerrera baitoa. 

Krisi europarra oso lotuta dago mugimendu espekulatiboei. Besteenen diruarekin batik bat, mugimendu espekulatiboak erabat ausartak dira. Noski, estatuak edo enpresak ezordainketaren mugara helduko direnaren beldurra dute merkatuek, baina badakite muga horretatik zenbat eta gertuago egon interes gehiago lor ditzaketela dirua mailegatuz. Europaren kasuan muga hau maila oso kritikoetara heldu da EBko estatu ezberdinen arteko zatiketengatik eta barne presioengatik. Egoera honek atzeratu egin zuen erabaki koordinatuen “adostasuna”. Krisi europarraren sakoneko zergatia espekulazioa ez den arren, mekanismo espekulatzaileak estatu batzuk amildegiaren ertzean jarri ditu. Aseezintasun espekulatzaileak sistemaren ezegonkortasun ekonomikoa eta politikoa elikatzen ditu, Grezian ikusi den bezala.

Egonkortasun planaren onartzearekin, hurrengo egunean, Europako egunkari gehienak pozik azaltzen ziren titular handiekin. Horien artean EBk gobernu bakar bat osatzeko pauso garrantzitsua eman zuela azaltzen zen. Errealitatean, gertatu dena da kapital finantzarioaren diktadura politikoa eta ekonomikoa areagotu egin dela, EBean Alemaniaren hegemoniaren kontsolidazioa emanez, eta estatu eta nazio guztietako langile klasearen aurkako eraso plan historikoak martxan jarriz. Burgesia alemaniarra da edozein gobernuren gastu sozialen politikei neurri zorrotzak jartzearen bultzatzaile nagusia. Marxismoak aspaldi esan zuen gobernu kapitalistak kapital finantzarioaren administrazio kontseiluak besterik ez direla. Honek gero eta ageriago uzten du demokrazia burgesaren azpikeria.

“Euroaren gobernuak”, burgesia alemaniarraren gailentasun zakar eta lotsagabearekin, potentzia ekonomiko, euro-zonako mailegari handi eta euroaren bermatzaile moduan, ez ditu nahitaez egonkortasuna sortzen, interes nazionalak ezabatzen eta EBeko politika bateratzen. Egia da beste bloke ekonomiko indartsuen (AEB, Japonia eta Txina) aurkako merkatu internazionaleko borrokaren intentsifikazioan txanpon batasun europarra abantaila bat dela funtsean EB osatzen duten burgesientzat. Azken finean, faktore hau izan da batasun prozesuaren bultzatzaile nagusia. Hala ere, handitzen ari den borroka bat dago EB barruan kanpo merkatuari dagokionean eta ez da bigarren mailako kontu bat euro-zonako estatuen esportazioen norako nagusia euro-zona bera izatea.  

Alemaniaren eta Estatu frantziarraren arteko tentsio iturrietako batek superabit komertzial alemaniarra izan du puntu nagusi bezala. Honek 134.000 milioi euro hartzen ditu urtean, eta hauetako %86 EBeko barne merkataritzatik datoz. Esportazio alemaniarra handitu egin da beste nazio europarretara, 1995 eta 2008 urteen artean %7,4 urtero, eta Japoniara %2,2 hazi dira esportazioak bitartean. BPG alemaniarrak esportazioekiko duen dependentzia hazi egin da ikaragarri azken urteetan. 1990ean esportazio alemaniarrek BPGaren %20a hartzen zuten, gaur egun %47 hartzen duten bitartean.

Txanpon berarekin bizi dira beraien artean borroka egiten duten eta arazo ezberdinak dituzten burgesia estatal ezberdinak. Azken mende erdian batasun prozesu europarrak aurrera egin du baina osagabea izaten jarraitzen du. Benetako batasun nazionalik gabe txanpon bakar bat kontsolidatzeak, kapitalismoaren krisi historikoaren testuinguruan, kontraesanak are gehiago asaldatu ditu. Prozesua bide erdian geratu da eta atzeranzko buelta tentsio latzez beteta egongo litzateke. Baina “euroaren gobernu” bateranzko bidea ere masek gero eta mesfidantza gehiagorekin ikusten dute eta ez dira gai burgesia estatal ezberdinen arteko interesen talkak saihesteko. 

Estatu mailako txanponen kontrolaren errekuperazioaren ideia tentagarria izan daiteke krisi garai hauetan, baina gaur egun orain dela 10 urte baino zailagoa da. Grezia edo Estatu espainiarra euro-zonatik ateratzeak ondorio sumaezinezko dardara ekonomikoa eragingo luke. Dracma edo pezeta berri baten errekuperazioak ez luke zorraren arazoa konponduko hauen balioak eurotan finkatuta jarraituko bailuke, jakinik gainera txanpon ahulago batekin zailagoa litzatekeela zorrak itzultzea, langile klasearen aurkako eraso gehiago bultzatuz. Lehiakortasunaren ikuspuntutik ere ez legoke abantailarik, debaluazio batek esportazioak merkatu baina proportzio berean inportazioak garestituko bailituzke. Horrela, aurrerantzago, gaur egungo egoera errepikatuko litzateke, “lehiakortasuna” langile klasearen soldatak jaitsiz lortuko litzakeelarik. Bestalde, nola egingo litzateke eraldaketa monetarioa? Zein egongo litzateke prest dracma edo pezeta berrien jabe egiteko jakinik debaluazio saihestezin bat jasoko luketela euroari dagokionean? Txanpon ahulago batera itzultzeko perspektiba batek kapitalen ihesaldi bat eragingo luke estatu horietatik. Euroaren hausturak guztiz zalantzazkoa litzatekeen perspektiba bat irekiko luke eta horregatik burgesia guztiek saihestu egin nahi dute mota honetako perspektiba bat, epe motzera begiratuta behintzat. Hala ere, EB barneko desorekek bere horretan jarraitzen badute, krisi finantzarioaren gertakizun berriak sortzen badira eta geldialdi ekonomikoaren perspektiba luzea kontsolidatzen bada, eta guzti hau euroaren ezegonkortasunean presio gogorrak sortuz, erauzpenak edo kaleratzeak eman litezke euro-zonatik.  

Europa eta langile klasearen alternatiba

Langile klasearen interesen ikuspuntutik, eztabaida ezin da izan euroa bai edo euroa ez. Euroaren kanpoan edo barruan burgesiak beharrezkoa du langile klasea erasotzea, eta egiten ari da. Euroarekin hausteak ez du suposatzen krisi kapitalistatik edo mundu merkatuko lehiakortasunetik ateratzea. Grezian, Estatu espainiarrean, Alemanian edo beste edozein estatutan burgesia saiatuko da krisiaren pisu guztia langile klasearen gainean jartzen, eta gizartearen gehiengoarentzako arazoak funtsean berdinak izaten jarraituko dute. Benetako aukera kapitalismoa edo sozialismoa da eta borroka hau soilik posible da, gaur inoiz baino gehiago, Europa osoko langile klasearen batasunarekin Europako estatu eta nazio guztietako burgesien aurkako borrokan.  

Europako klase arteko borroka hasi besterik ez da egin. Esperientziak erakutsiko du Euskal Herriko eta kontinente osoko langileen arazoen alternatiba bakarra Europako Herrien Federazio Sozialista dela. Europako benetako potentzial ekonomiko eta kulturala eragingarri egingo dugu Federazio Sozialista batekin, banka, monopolioak eta latifundioak desjabetuz, eta langileen kontrolpean egongo litzatekeen ekonomia planifikatua antolatuz. Horrela soilik izango litzateke bideragarri langabeziaren desagerpena, osasunean eta hezkuntzan aurrerapauso ikaragarriak lortzea, maila guztietako zapalkuntza nazionalarekin amaitzea eta pertsonen arteko benetako berdintasuna ezartzea.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.