Duela hamahiru aste iritsi ziren toriak boterera Britainia Handian. Gobernuan zeudela hartu zuten lehen neurria inoizko herstura planik eta murrizketa sozial handiena onartzea izan zen. Orduz geroztik, sektore publikoko 143.000 lanpostu gutxitu dira eta 100.000 langile publikori baino gehiagori kontratu berria inposatu zitzaien, baldintza txarragoekin eta soldata baxuagoarekin. Gainera, bi urterako izoztu zuten irakasleen, udal langileen eta erizainen soldata.
Apirilean gobernuak sektore publikoko langileen pentsioei eraso zien. Besteak beste, erretiro adina atzeratu nahi da, langileen kontribuzioa igo eta pentsioaren balioa IPCaren puska baxuenarekin lotu (Britainia Handian IPCa puskatan banatuta dago). Sektore publikoko sindikatu handiek orain arte ez dute hatz bakar bat ere mugitu eta gobernuarekin negoziatzera mugatzen dira, Thatcherren gobernuan 1983an onartu zituen sindikatuen aurkako legea gogortzearen mehatxuaren aurka ere ez dute protestatu; lege hauek protestak ez antolatzeko aitzakia bezala erabiltzen dituzte.
Hau hala izanik ere, milaka eta milaka langile publikok (500.000 eta 750.000) jarraitu zuten ekainaren 30erako sektoreko sindikatu txikienek deitu zuten greba orokorra. Grebak erabateko jarraipena izan zuen irakaskuntzan. The Guardian egunkariaren arabera, “irakaskuntzako greba laurogeiko hamarkadaz geroztik egin den handiena izan da”, bi milioi ikasle baino gehiagorengan izan zuen eragina. Unibertsitatean ere jarraipen garrantzitsuan izan zuen grebak: Lan eta Pentsioen ministerioetan ere jarraipena %90ekoa izan zen, aduana zerbitzuan, judikaduran, museoetan eta polizia metropolitarraren larrialdi zerbitzuetan hamarretik bederatzik jarraitu zuen greba. Milaka langilek hartu zuten parte egun horretan herrialde osoan antolatu ziren manifestazioetan. Alderdi Laboristako liderrak, Ed Millibandek, bere blog pertsonalean grebaren kontrako jarrera erakutsi zuen, “aurrera jarraitu behar ez zuen akats” bezala ikusten zuen. Halaber, parlamentari laboristei piketeen lerroak gainditu eta lanera joateko dei egin zien.
Sindikatu gehienak eta Alderdi Laborista aurka egon arren, ekainaren 30eko grebaren arrakastak langile britainiarrek borrokarako eta gobernu tory-liberalaren eraso politikari aurre egiteko prest daudela erakutsi dute, pasa den abenduan azken hogeita bost urteetako mobilizazio handiena antolatu zuten ikasle britainiarrek egin bezala. Orain arte langile britainiarrak kalera modu masiboan atera ez badira, balazta lana egin duten sindikatuetako zuzendaritzengatik izan da, baina greba honen ondorioak erakusten duen bezala, langileen erresistentziak muga du eta hona iritsi dira.