Europako Batasunaren garapena lagundu zuena, batasun monetarioa lortzearen puntura iristeraino, XX. mendeko azken bi hamarkadetan bizitutako hazkuntza ekonomiko garai luzea izan zen. II. Mundu Gerraren ondoren, Europa erabat suntsituta zegoen eta langile iraultzek sistema kapitalistaren existentzia mehatxatzen zuten. SESB milioika langile europarrentzat eredu bihurtu zen, nahiz eta bertan deformazio estalinista gertatu.
Egoera honetan, lehenago esan dugun bezala, burgesia estatubatuarra, dena galdu baino lehen, kapitalismo europarra salbatzera etorri zen Marshall Planaren bitartez diru kantitate handiak inbertitzeko eta Europa berreraikitzeko. Horrela lortu zuen Alemaniak, bere lurraldearen zati bat galdu arren, bere industria berreraikitzea eta potentzia europar garrantzitsuenena bihurtzea. Baina mundu mailako merkatuarekin lehiatu beharra zeukan Alemaniak talka egiten zuen AEBko, Japoniako eta SESBko ekonomia indartsuekin. Errekurtsoak elkartu eta merkatua zabaldu behar zituen, eta horregatik bultzatu zituen beranduago Europako Batasuna eta euroa ekarriko zituzten lehen akordioak.
Alemania beti izan zen akordio horietako potentzia dominatzailea, Berlingo Harresiaren erorketaren ondoren batik bat. 81 milioi biztanle zituen eta Europaren erdian kokatzen zen erraldoiak, Europako ekialde osoa zuen banku eta enpresa alemaniarrek erraz menperatu ahal izateko. Burgesia frantziarrak eta britainiarrak ez zuten batere gustuko nagusitasun hau, baina hazkuntza ekonomikoak aukera eman zieten Estatu frantziarrari eta Britainia Handiari beren indarra baliatzeko itun europarren bidez. Honek lasaitu egin zituen estatu hauetako burgesiak. Batzuk pentsatu zuten posible izango zela batasun federal bat Europan, Ameriketako Estatu Batuetakoaren antzekoa.
Baina krisiak mahai gainean jarri zituen kolpe batean ezkutatuta zeuden kontraesan guztiak. Orain dela ia mende bat marxismoak azaldu zuen bezala, kapitalismopeko Europako Estatu Batuak sortzearen ideia utopikoa eta atzerakoia zen.
Iraultzekin eta gerrekin sortu zen estatu nazional kapitalistak (AEB barne) ekoizteko indarrak ikaragarri garatu eta historikoki asko aurreratu zituen; baina ondoren hauek gainditua izan zen. Garapen ekonomikoak mugen gainetik salto egin zuen mundu mailako merkatuaren bitartez, eta honek estatu nazionalaren bukaera suposatu zuen unitate ekonomiko independente bezala. Esperientzia historikoa argi dago: merkatuak eskuratzeko borrokak Lehen eta Bigarren Mundu Gerra ekarri zituen eta gaur egun Afrikan, Ekialde Hurbilean… ikusten ditugunak eragiten ditu. Krisi garaietan merkatuak txikiagotu egiten dira, eta hauetatik geratzen dena lortzeko borrokak are gehiago gogortzen dira. Iraganeko nazio zahar “adiskideak” beren artean lehiatzen dira bakoitzaren interesak eta enpresa handiak defendatzeko! Hori dago Europan dauden borroka gogorren atzean: burgesia britainiarraren eta gainerako burgesien artekoa; burgesia alemaniarraren eta frantziarraren artekoa; eta burgesia boteretsuenen eta estatu ahulenetakoen artekoa.
Askorentzat Merkel izan da krisia horrenbeste okertzearen arduradun nagusia. Batetik, euro-bonoak sortzeari eta EBZk zor publikoa erosteari uko egin diolako, eta bestetik zaitasunak lituzkeen eta eror zitezkeen herrialdeak laguntzeko erreskate fondo komun bat sortu ez duelako. Neurri hauen defendatzaileek uste dute EBk hau guztia eginez gero, AEBk adina likidezia lortu ahalko litzatekeela zorrari aurre egiteko, eta horrela posible izango litzatekeela herrialdeetako zorrei espekulatzaileak egiten ari diren erasoak saihestea.
Kontua da neurri hauek guztiak ekonomia indartsuenen babesa izan behar dutela, eta hor sartzen da hain zuzen Alemania. Burges alemaniarrek ez dituzte finantzatu nahi, kobratzeko bermerik gabe, ekonomikoki behartsuenak diren herrialdeak. Jarrera honek gatazka eragiten du kapitalista alemaniarren eta frantziarren artean, azken hauek beren ekonomia atzeraldirantz joaten ikusten baitute. Zailtasun berdinak zabaltzen dira Europa osoan zehar eta arrisku sariak handitzen ari dira oso abiadura bizkorrean.
Bestalde, Europako Batasuna defendatzen omen duten neurri hauekin guztiekin kaos ekonomikoa azkartzen ari dira. Honen norabidea EBren desintegrazioa da, eta ez batasuna. Gero eta jende gehiagok defendatzen du estatu mediterranearrak eurotik ateratzea, euren txanpon zaharren debaluazioa erabiltzeko eta lehiakortasun esportatzailea areagotzeko. Baina horrek modu basatian ondoratuko lituzke estatu hauetako ekonomiak, mundu mailako merkatuan askoz ahulagoak eta dependienteagoak baitira.
Posible al da Europa kapitalista ezberdin bat?
Langile klase europarra hondamendira eramaten ari den politika liberal eta basati honen aurka, “beste” kapitalismo bat defenditzen duenik badago. Diotenez, posible da kapitalismo “produktiboagoa” gaur egungo “espekulatzaileagoaren” aurrean. Baina errealitateak erakusten du ez dagoela bereizketarik espekulatzaileen eta kapitalisten artean, biak gauza berdina dira. Inbertsio produktibo eta teknologiko oso altuko herrialdeetan, Japoniaren kasuan bezala, ez da krisia saihestu eta langile klaseak arazo sozial larriak ditu aurrean, gainerako herrialdeetan bezala. Sei japoniarretik bat (20 milioi pertsona) pobrezian bizi zen 2007an. Teknologiak ez zituen saihestu Japonian espekulazio inmobiliarioa eta ondoren etorri zen krisi bankarioa. Honek guztiak pisu ikaragarria jarri du herrialdeko ekonomiaren gainean.
AEB, munduko herrialde kapitalista boteretsuena, “iniziatiba enpresarialaren” eredua omen dena, munduko miseria gunerik garrantzitsuenetakoa bihurtu da. Azken hamarkadetan informatikan eta ekoizteko prozesuen robotizazioan aurrerapen berriak izanagatik, langileek inoiz baino lan gehiago egiten dute, eta inoiz baino gutxiago irabazten dute. Erabat adierazgarria da, era berean, oraindik hazkuntza tasa esanguratsuak aurkeztu ditzakeen estatu bakarrak, Txinak, XIX. mendeko antzeko lan baldintzetan eta zapalkuntzan oinarritzea bere zabaltzea.
Bestalde, eskaera estimulatzeko kredituaren errekurtsoa edo krisiak eraginda dauden sektoreetan inbertsioa bermatzeko estatuaren interbentzioak erabiltzearen neurri keynesiarrak erabat gaindituta daude. Lehenengoa, hain zuzen ere espekulazio handiagoa errazten duelako, bereziki zor basatiak dauden une honetan; eta bigarrena, interbentzio estatalak krisiaren eraginak zerbait leundu ditzakeen arren, krisia bera saihestu ezin duelako. Boomen eta atzeraldien segida ekoizpen kapitalistaren funtzionamenduari atxikita dago. Horregatik, langileok, gure arazoak konpontzeko kapitalismo “gizatiarragoren” batean jarri ditzakegun itxaropenak ez dira existitzen. Sistema kapitalistaren etorkizuneko errekuperatzea iraganean lortutako lan eskubideak eta eskubide sozialak suntsituta bakarrik izango da.
Europako Federazio Sozialista, irtenbide bakarra langile europarrentzat
EBk denoi onura ekarriko zigunaren ideiarekin, sakrifizio asko eskatu zaizkigu denoi azken urteetan. 1992an sinatutako Maastrich-eko Itunak “finantza osasuntsuak” eta “aurrekontu orekatuak” zituen lema bezala. Horrek, erasoz betetako garaia piztu zuen Europa osoan: pribatizazioak, murrizketak gastu publikoetan eta lan baldintzetan, eta aurreko hamarkadetan langileek eskuratuko bizi mailaren ondoratzea. Orain dela 10 urte euroa sartu izanak, sakondu egin zuen aurreko guztia eta osagai bat gehitu zion: prezioen igoera basatia. Eros ahalmenaren gutxitzea, edo garbi esanda, pobretzea, izan da EB honetan langile klaseak jaso duen benetako fruitua. Hemen sartzen da noski langile klase alemaniarra ere. Alemaniak, hamabost urtetan, bikoiztu egin du bere azpi-enplegu tasa minijob deitutakoei esker: %15eko lan masatik, gaur egungo %25era; 7,3 milioi pertsona modu basatian zapaltzen dira miseriazko soldatekin.
Horregatik, langileentzat ez dago irtenbiderik, ez Europa kapitalistaren barruan eta ezta kanpoan ere. Langile klaseak bere alternatiba propioa altxatzeko beharra du. Federazio Sozialistaren aldeko borroka oinarrizkoa da kapital finantzarioaren diktadura deuseztatzeko eta ekoizteko indarrak demokratikoki planifikatzeko. Modu honetan bakarrik izango da posible biztanleriaren gehiengo handiari onura ekartzea.