MASen garaipen historikoak ikuspegi berriak irekitzen ditu Bolivia astintzen ari den prozesu iraultzailean. Evo Moralesek, herrialdeko lehenengo presidente indigenak, azken 30 urteetako hauteskunde garaipen handiena lortu du, botoen %54rekin, burgesiak eta inperialismoak babesten zuten Podemos barregarri utziz botoen %28rekin. Hauteskunde hauetan masen parte hartzea handia (%84) izan da eta horrek esan nahi du Lozada eta Mesa presidenteen erorketa ekarri zuten greba eta altxamenduen ondoren masek gauzak aldatzeko itxaropena azaldu dutela beraien botoekin. Orain hilabete batzuk beren odola emanez borrokatu zuten kale nahiz barrikadetan eta benetako aldaketaren beharra eskatu nahi izan dute hauteskunde hauetan. Horregatik MASen gobernua herritar zapalduen indar iraultzailearen emaitza da. 

MASen garaipen historikoak ikuspegi berriak irekitzen ditu Bolivia astintzen ari den prozesu iraultzailean. Evo Moralesek, herrialdeko lehenengo presidente indigenak, azken 30 urteetako hauteskunde garaipen handiena lortu du, botoen %54rekin, burgesiak eta inperialismoak babesten zuten Podemos barregarri utziz botoen %28rekin. Hauteskunde hauetan masen parte hartzea handia (%84) izan da eta horrek esan nahi du Lozada eta Mesa presidenteen erorketa ekarri zuten greba eta altxamenduen ondoren masek gauzak aldatzeko itxaropena azaldu dutela beraien botoekin. Orain hilabete batzuk beren odola emanez borrokatu zuten kale nahiz barrikadetan eta benetako aldaketaren beharra eskatu nahi izan dute hauteskunde hauetan. Horregatik MASen gobernua herritar zapalduen indar iraultzailearen emaitza da. 

Langile klaseak kaleetan egindako borroken ondorioz, bi gobernu burges suntsituak izan ziren, kapitalaren boterea ezbaian jarri zuten eta beren dinamika herrialdearen dinamika orokor bezala gailendu zen.

Mobilizaziokin langileen eta zapalduen botere erakundeak kaleak hartuz aurreneko pausuak ematen ari ziren baina klase dominatzailearen maniobrek garaipena lortu zuten borroka bide “konstituzionaletara” eramanez. Baina honek ez ditu gizartearen korrelazio indarrak erakusten zeren burgesia zatituta zegoen bere indar errepresiboen moduan. Zuzendaritza iraultzaileak ez zuen egoera aprobetxatzen jakin eta ez zituen helburuak eta eginkizunak garbi planteatu masen mugimendua egokiro bideratzeko.

Praktikan boterearen auzia planteatzen zenean, mugimenduaren zuzendaritza duda-mudatan zegoen eta atzera egiten zuen hilzorian aurkitzen zen sistemari oxigenoa emanez. 2005eko ekaina-uztailean, MASen oinarri soziala mugimendu orokorrarekin lotzen zen “nazionalizazioaren” kontsignarekin. Esperientzia honek garrantzi handia izan zuen langile eta nekazarien kontzientzietan eta hori MASen garaipen historikoarekin manifestatu zen.

 


MASen politikaren oreka ezegonkorra

 

MASen garaipen historikoa masek beren garaipentzat hartu zuten hauteskundeetan burgesia eta inperialismoa garaituz. Langile eta nekazarien gehiengoak, lan eta bizi baldintzak hobetzeko, MASen gobernuak egin zituen promesak beteko dituela pentsatzen du. Baina hori ez bada gertatzen presionatu eta mobilizatu egingo dira MASek bere hitza bete dezan. 
Klase dominatzaileak onartu egin behar izan du MASen gobernua, borroka soziala geldiarazteko. Masa iraultzaileen morala hondatzea du helburu kapitalaren interes nazionalak eta atzerritarrak defendatzeko. Burgesiari  ez dio ematen hainbeste beldur Moralesek, langileen presioaren eraginez MASek har dezakeen politikari baizik.

Kapitalaren interesentzako, MASen gobernua azkeneko aukera da erregimen demokratiko burgesa mantentzeko eta masak disziplinatzeko. Langile eta nekazarien gehiengoarentzat berriz MASen gobernua gosea eta pobreziarekin amaitzeko aukera historikoa da.

LAB aerolinearekin gertatzen dena sintomatikoa da. 96ko pribatizazioen ondoren, enpresaren kiebra greba eta mobilizazioekin erantzuna izan zen. Moralesek, hasieran, gatazka “pribatua” zela argudiatuz ez zuela esku hartuko deklaratu zuen. COBeko langileen presioaren aurrean, nazionalizazioa eskatzen zuten, Moralesek esku hartu behar izan zuen nahiz eta nazionalizazioarena ez defendatu.
Borroka konkretu honek hurrengo hilabeteetan eman daitezkeen prozesuen islada erakus dezake. Langileentzat MASen promesek gutxieneko soldata hirukoiztea, hidrokarburoak nazionalizatzea, latifundioak desjabetzea eta lurrak banatzea esan nahi dute. Eta hori bateraezina da kapitalismo boliviarraren mantentzearekin.

Nahiz eta kargu publikoen soldata altuak jaitsi, hauteskunde kanpainan Moralesek gutxieneko soldatarentzat eskeintzen zituen 130 dolarretatik 6 besterik ez dira igo “krisi ekonomikoa eta defizit fiskalarengatik” eta honek soldatapekoen animoa sumintzen du.

Moralesen gobernuak adiskidezinak diren klaseen artean oreka bilatzen du, masen eta kapitalaren presiopean.
 

Abangoardiak masen bidea aurkitu behar du
 
Kapitalismo boliviarraren krisia MASen politika erreformistaren muga garaiezina da. Petrolio saltzaile eta inperialistek ezin dute hidrokarburoen nazionalizazioa onartu, ezta ekonomiako oinarrizko edozein palankarena ere. Enpresariek esan zuten gutxieneko soldata hirukoiztuz gero enpresen itxiera masiboa etorriko zela. MASen edozein irristadak, dauden presioen ondorioz egoera erradikalki alda dezake.

Evo Moralesen gobernuak oraingo politika ekonomikoa ez badu aldatzen Boliviak dauzkan oinarrizko arazo bat bera ere ez da konponduko. Erreforma txikien bere politika burgesiaren kontserbadurismoarekin eta masen aldaketa sakonen beharrarekin topatuko da. MASen gobernua ez da prozesu iraultzailearen hasiera, masa borroken garai berri baten hasiera baizik.

Garai honetan, abangoardiaren politikak, altxamenduetan borrokaren lehen lerroan egon denak, prozesu iraultzailea bultzatzeko hil ala biziko garrantzia hartzen du. MASen gobernuaren esperientzia ikusita, masei azaldu behar zaie ezin direla aldi berean bi ugazaba zerbitzatu. Krisia burgesiaren bizkarrean kargatu behar da eta ez langileenean, nahitaezkoa delarik langile eta zapalduen komiteak osatzea “urriko agenda” bultzatzeko. Hidrokarburoen nazionalizazioa, soldaten igoera, latifundioen desjabetzea eta lurren banaketa nekazari behartsuen artean eta langileen kontrolpean ekonomiako oinarrizko palanken nazionalizazioa beharrezkoak dira Boliviako arazoak konpontzeko.

Moralesek petroleroen eta burgesiako sektore baten “konplota” salatu zuenean, COBek esan zuen salaketa hori hidrokarburoen nazionalizazioa neutralizatzeko zela. Baina ukaezina da masek konfidantza haundia dutela oraingoz MASen gobernuarengan. “Beren” gobernuarekin esperientzia eta MASen oinarri sozialera zuzendutako abangoardiaren politika egokia, Boliviako egoeraren gakoa dira. 

Hori kontuan hartuta, altxamendu mugimenduaren buru izan ziren COB eta COReko agintariek Morales “petroleroen agentea” dela eta promesak bete ezean azpiratua izango dela esatearekin ez da langileen eta nekazarien kontzientzizazioa azkartzea lortuko, hauek isolamendura eta inpotentziara eraman daitezkeelarik horren eraginez. Praktikan, Lozada edo Mesaren gobernuak Moralesenarekin parekatzea da, klase bereizketarik egin gabe,  MASen gobernua langile eta nekazari behartsuek nola ikusten duten kontuan hartu gabe.

Nahitaezkoak dira langileak eta sektore herrikoi aurreratuenak antolatzea altxamenduen esperientziaren gainean eta oraindik MASen gobernuan esperantza duten langileak irabazteko politika iraultzailea defendatzea. MAS etengabe presiopean egongo da eta abangoardia iraultzaileak langileen gehiengoaren babesa konkistatu behar du sufrimendua besterik sortzen ez duen sistema kapitalistarekin behin betiko bukatzeko.