Langile klaseko erakundeek greba orokorrarekin erantzun behar diete faxistei eta oligarkiari!
Urtarrilaren 8an, igandea, Jair Bolsonaro Brasilgo presidente ohiaren aldeko milaka lagunek Brasilgo Parlamentuaren, Justizia Auzitegi Federalaren eta Planaltoko Presidentearen Jauregiaren egoitzei eraso zieten aldi berean. Donald Trumpek eta haren jarraitzaileek AEBn antolatutako kolpearen modu berberean jokatuz, dozenaka mila pertsonek eskatu zioten armadari boterea hartzeko eta Lula, 2022ko urriaren 30eko hauteskundeetan Brasilgo presidente hautatua, boteretik kentzeko.
Lehen albisteek 260 atxilotu baino gehiago aipatzen dituzte. Komunikabide kapitalistek, Lularen Gobernuaren babesarekin, egoera erabat kontrolatuta dagoela azpimarratzen dute, eta gertaera horiek bolsonarismoaren azken kolpe gisa aurkezten dituzte. Baina errealitatea oso bestelakoa da.
Klase agintariaren laguntzarik gabeko kolpea?
Bolsonaroren estrategia kolpista ez dator ustezko erokeria eta desesperazio sentimendu batetatik. Are gutxiago, ez du inolaz ere isolatuta dagoela adierazten. Kolpe honetan zerbait argi geratu bada, botere finantzario eta industrialaren eta estatu aparatuaren sektore erabakigarrien babesa duela da, armadaren eta poliziaren ofizialtasunetik hasita. Gainera, “milizien” (narkotrafikoarekin lotutako talde paramilitarren), mafia polizialen eta lurjabeen babesa du. Horien nukleo gogorra dozenaka mila faxista mobilizatuk eta armatuk osatzen dute.
Ibaneis Rocha Barruti Federaleko (Brasilia) gobernadore bolsonarista eta Anderson Torres Bolsonaroko ministro ohia dira kolpean parte hartu zuten buruzagi nagusiak. Baina hauek icebergaren punta besterik ez dira. Ezinezkoa da kuartel eta eraikin publikoen aurrean hilabeteetan kanpamentu faxistak mantentzea kolpe bat eskatuz, edo Brasiliaraino ehunka autobus antolatzea kolpea bera gauzatzeko, enpresarien, bankarien, lurjabeen eta eskualdeko gobernadore askoren eta armadako eta poliziako agintarien laguntza finantzario eta politikorik gabe. Kazetariek eta lekukoek irudiak zabaldu dituzte, poliziak erasotzaileekin selfiak eginez, eta polizia buruak kolpistei bidea irekitzeko eta jarduten uzteko aginduz. Horrez gain, Gobernuko goi funtzionarioek 200 langile baino ez zituzten Presidentearen Jauregia babesten, manifestazio hori duela aste batzuk deitua zegoenean eta kolpe biolento baten mehatxua nabarmena zenean.
Kolpe saiakera hori ez bada gailendu, ez da klase agintariko gehiengo sektore batek demokraziaren alde egiten duelako, PTko buruzagiek planteatzen duten bezala, eta PSOLeko eta sindikatuetako askok ere ontzat ematen duten bezala. Errealitatea ukatzen duen inozokeria errukarri baten argudioa da hori.
Eskuinarekin egindako itunak eta kolpearen aurrean Lularen Gobernuaren jarduna
Klase agintari guztia bat dator helburu nagusian: munduko eta Brasilgo kapitalismoak pairatzen duen krisiaren pisua masen gain jartzea, eskubide sozial eta demokratikoei erasotzen jarraitzea eta langileen eta herritarren mobilizazioa zapaltzea. Ezadostasunak hori egiteko erritmoan eta taktikan daude.
Sektore bat erabat inplikatu da lehen erasoaldi kolpista horretan. Beste bat zain geratu da, erabakia hartu aurretik saiakerak zer nolako garapena duen ikusteko. Masak geldiarazteko, higatzeko eta desmoralizatzeko, oraingoz behintzat, Lula eta PT erabiltzearen alde egiten duten klase agintariko sektoreek ere kolpistei jarduten utzi diete eta saiakera berriak egon daitezkeen mehatxua erabiltzen ari dira Lulari bere programa are gehiago epeltzeko eskatzeko.
Lulak eta PTek eskuinarekin itunak egiteko estrategia hartu dute Bolsonarori aurre egitearekin eta demokrazia defendatzearekin justifikatuz. Horen ondorioetako bat, bere Gobernuan burgesiaren ordezkari zuzenak sartzea izan da. Jose Mucio Defentsa ministroaren kasua bereziki eskandalagarria da. Armadako sektore erreakzionarioenekin dituen loturak aski ezagunak izanik, Muziok Bolsonaroren laguna dela aitortu izan du, hainbat urtetan alderdikide izan baitziren, eta kanpamendu faxistak demokraziaren parte diren ekintza gisa definitu zituen, haietan parte hartzen zenbait lagun eta senitarteko zeudela aitortuz. Bistan dagoenez, Lulak Muziori kanpamentuak eraisteko egindako enkargua alde batera utzi zen, eta faxistak nahi bezala mugitu dira erasoa prestatzeko.
Baina Mucio ez dago bakarrik. Alckmin presidenteordea eta lehen itzulian eskuineko hautagaia izan zen Simone Tebet ministroa politika neoliberal eta erreakzionarioak defendatzen dituzten burgesiaren ordezkari nabarmenak dira. Beste ministro batzuek jada argi utzi dute animoak ez asaldatzeko onena dela abortatzeko eskubide osoa eta faxistak haserretu ditzaketen beste aldarrikapen demokratiko eta sozial batzuk alde batera uztea.
Esperientzia historiko guztiak erakusten duen bezala, eta Peruren azken esperientziak berresten duenez, funtsezko aldarrikapenak alboratzeak eta amore emateak, klase agintaria eta erreakzioa lasaitu beharrean, kontrako eragina izaten dute: masak desmobilizatzea eta desmoralizatzea, plan kolpistak erraztuz.
Inperialistak kolpearen aurka?
Komunikabide kapitalistek, PTko buruzagiek eta ezker erreformistako beste sektore batzuek errepikatzen duten beste argudio bat da kolpeak ez duela ustez “kanpotik datorren babesik” eta nazioarteko komunitateak aho batez gaitzesten duela. Joe Bidenek eta AEBetako Gobernuko zenbait bozeramailek Brasilgo demokraziaren aurkako edozein eraso arbuiatu izana froga eztabaidaezintzat jo dute.
Ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu kaxkarragorik. Azaldu dugun bezala, Perun inperialismo estatubatuarrak — kolpe goiztiar batekin eztanda iraultzailea eta Boliviakoak eta Venezuelakoak bezalako altxamenduak eragiteko arriskuaren beldur — urte eta erdiz aitortu zuen Castillo, Peruko demokraziari errespetua aldarrikatuz (gaur egun Brasilekin egiten duten bezala), ezkerreko edozein neurriri uko egitea eskatzen zuten bitartean. Ahal bezain laster, Washingtonek bere eskuliburu kolpista zaharra hartu zuen, hautestontzietan hautatutako presidentea boteretik kentzeko.
Txina da Brasilerako lehen inportatzaile eta esportatzailea, urtez urte AEBekiko eta EBrekiko distantzia handituz. Estatu Batuetako ordezkaritzaren aurrean, Txinak Wang Quixan presidenteordea bidali zuen Lularen inbestidurara Xi Jinpingen gutun pertsonal batekin, Txina bisitatzera eta bi herrialdeen arteko harremana eta aliantza are gehiago estutzera gonbidatuz.
Lulak Txinarekin harremanak zabaltzearen alde hitz egin zuen, eta, aldi berean, Asiako inperialismoarekin eta bere aurkari estatubatuarrarekin harreman orekatu eta pragmatikoa izatea azpimarratu zuen, kapitalismo brasildarraren egoera hobetzen saiatzeko. Horrez gain, CELAC indartzeko beharra nabarmendu zuen, 2010ean bere gobernuak beste latinoamerikar batzuekin batera sortua, AEBk kontrolatzen duen OEAtik kanpo. Hori ez da inolako politika anti-inperialista, baina Washingtonetik mesfidantzaz ikusten da, munduko hegemoniaren borroka sutsu baten testuinguran gero eta politika oldarkorragoak egitera behartuta baitago Txinari aurre egiteko.
Oraingoz, Brasil bezalako herrialde garrantzitsu batean kolpe faxista argi eta garbi batek kontinente osoan eragingo lituzkeen ondorioen aurrean, Bidenek eta AEBetako burgesiak nahiago dute presioaren karta jokatu.
Brasilgo burgesiak ez ezik, Etxe Zuriak ere erabiliko du mehatxu kolpista, Lulari are eskuinerago joateko eskatzeko, ez bakarrik politika sozialetan, eremu guztietan baizik.
Langile klasea programa sozialista batekin mobilizatzea
PTko buruzagiek dena kontrolpean dutela behin eta berriz esanez ari dira, mobilizazioari uko eginez, galbide oso arriskutsu batean sakonduz. Kolpe saiakera berriei atea zabaldu eta berandu baino lehen erreakzioaren garaipena erraztea besterik ezin dezake ekarri horrek. Bolsonaro eta bere aliatuak garaitzeko, irmotasun osoz erantzun behar da: greba orokorra eta kolpearen aurkako masa mobilizazioak antolatuz eta ekintza batzordeak eta langile eta herri batzarrak eratuz auzo, lantoki eta ikastetxe guztietan erantzun hori antolatzeko. Hori da klaseko ezker borrokalariak duen eginkizuna eta bultzatu behar duena sindikatuen eta gizarte-mugimenduen baitan. Brasilgo demokraziaren indarrari buruzko diskurtsoekin asebetetzea sakoneko akatsa da: zigor eredugarria eskatu behar da kolpearen arduradun guztientzat (Bolsonaro eta bera babesten duten gobernadore, poliziaburu, kapitalista eta lurjabeetatik hasita) eta hori klase borroka ausartago eta irmoagoaren bidez bakarrik egin daiteke.
Borroka plan horrek bat egin behar du masen aldarrikapen guztiak bateratuko dituen programa sozialista baten defentsarekin. Programa horren baitan elkartu behar dira langile eta nekazari mugimenduko ekintzaileak, lurrik gabekoak, biztanleria beltza, jatorrizko herriak eta langile etorkinak, etxebizitza duinaren alde borrokatzen duten erakundeak, mugimendu feminista eta LGTBI kolektiboa… posible da gaur egun aldarrikapen horiek guztiak betetzea eginkizun konkretu bati eutsiz: kapitalistak, lurjabeak eta multinazionalak desjabetzea, bankuak, enpresa handiak eta lurra langile klasearen kontrol demokratikoaren pean nazionalizatuz.
Programa horren bidez, Brasilgo proletalgoak indar guztia zabalduko luke, zapaldutako guztiak elkartuz eta mobilizatuz faxismoarekin behin betiko amaitzeko. Bestalde, kapitalismoak pobretutako erdi-mailako geruzetako sektoreak erakartzea ahalbidetuko luke, PTko gobernuekin etsita, desmoralizazioan erori direnak. Duela gutxi egindako inkesten arabera, %49k Bolsonaroren alde bozkatu zuen, baina %20k bakarrik adierazi zuen bere burua bolsonarista zela eta bere programa autoritario eta erreakzionarioa babesten zuela.
Politika benetan iraultzaile batek iman bat bezala erakarriko lituzke sektore horiek. Jakina, programa honek barne hartu behar du langileen autodefentsaren antolaketa, eta hor oinarrituz armadako oinarriei dei egitea faxismoaren aurkako soldaduen batzordea iraultzaileak antolatzeko.
Urtarrilaren 8ko kolpea jokoan dagoenaren beste ohartarazpen bat da. Hurrengo aldian gogor jarraituko duen borroka baten lehen borroka.