Peruk abenduaren 7tik bizi duen matxinadak zapalduek gizartea aldatzeko duten indar eta borondate izugarria erakusten du. Ehunka mila langile, nekazari eta ikasle kaleak hartzen aritu dira bertako oligarkiak eta Estatu Batuetako inperialismoak antolatutako estatu kolpearen aurka. Masek aurre egin diote Gobernuak antolatu duen errepresio bortitzari, dagoeneko 70 heriotza baino gehiago eta ehunka zauritu eta atxilotu eragin dituena.
Peru da adibiderik berriena, baina 2018az geroztik Latinoamerikako zenbait herrialdek krisi iraultzaileak edo mobilizazio handiak bizi izan dituzte, eta horietako gehienetan ezkerreko gobernuak eratu dituzte.
Latinoamerika munduko eremu kolpatuenetako bat da, ezberdintasun sozial itzela jasaten duena. Kontinenteko %10 aberatsenak aberastasunaren %77 metatzen du, eta %50 pobreenak %1 baino ez du jasotzen. Latinoamerikako populazioa munduko populazioaren %8 bada ere, Covidak eragindako heriotzen %32 jaso du. Pobrezia eta muturreko pobrezia maila gorenera igo dira azken hiru hamarkadetan: 86 eta 201 milioi pertsona, hurrenez hurren (biztanleria osoaren %13,1 eta %32,1).
Peruko kolpeak eta Brasilen urtarrilaren 7ko kolpe saiakerak argi erakusten dute Latinoamerikako oligarkiak eta multinazional inperialistak edozer egiteko prest daudela. Ezkerreko gobernuek ez badute determinazio bera erakusten neurri iraultzaileak hartuz kapitalismoarekin hausteko eta masen bizi baldintzak aldatzeko, klase agintariak, behar izanez gero, odolez inposatuko du bere borondatea.
Kapitalistak desjabetu ala belaunikatu, ez dago hirugarren biderik
Txilen (2019), Kolonbian (2021) edota orain Perun, greba orokorrek, mobilizazio masiboek eta altxamenduek airean jarri zituzten gobernu kapitalistak. Masek, ekintza zuzenaren bidez, langile boterearen enbrioiak sortu zituzten: herri batzarrak, borroka batzordeak, kabildoak, autodefentsako lehen lerroak… enbrioi horiek boterea hartzeko estrategia eta programa sozialista baten baitan bateratzea planteatzeko momentua zen, eragin handiena zuten langile klaseko erakundeen aldetik. Baldintza objektibo guztiak eta klase arteko indar-korrelazioa mesedegarria zen egoerari irtenbide iraultzaile bat emateko. Baina ezker erreformistako buruzagiek borroka saboteatu zuten, hauteskundeetara eta parlamentura desbideratuz, eta maniobra-tarte ederra eman zieten burgesiari eta inperialismoari berriro aurrea hartzeko.
Urte eta erdian zehar, Peruko masek asko eman zuten Pedro Castilloren alde. Baina neurri zorrotzak ere eskatu zizkioten, kapitalistek, eskuinak eta eskuin-muturrak kontrolatutako parlamentuak neurri aurrerakoi oro blokeatzen baitzuen. Castillok uko egin zion oligarkia desjabetzeari eta agindutako promesak betetzeari. Bere politika betiko botere faktikoekin negoziazio maniobra ugari egitera bideratzeak, Estatu Batuetako inperialismoari eta oligarkiari lagundu zien kolpea hobeki prestatzeko. Antolatutako kolpe “biguna” ofentsiba odoltsu bihurtu zuten berehala, herriak erresistentzia grina erakutsi zuenean.
Kolonbian, 2021ean herri matxinada handia izan ondoren eta Gustavo Petro ezkerreko hautagaia errepublikaren lehendakaritzara iritsi ondoren, burgesiak argi utzi du ez duela aldaketarik onartuko, gutxiengoan egon arren. Osasuna, soldatak eta lan-eskubideak bezalako arloetan proposatu zituen erreforma xumeen aurrean, amorruz erantzun dute epaileek, botere ekonomikoak eta bere gobernuan barneratu zituen “aliatu” burgesek.
Azken finean, ezinezkoa da laukia borobiltzea, ez dago hirugarren biderik. Edo alternatiba sozialista bat eraikitzen da, hemen eta orain, biztanle gehienen bizi-baldintzak aldatzeko, bankuak, lurra eta monopolio handiak desjabetuz, edo burgesiarekin egindako akordio orok masak etsitzera eta izugarrizko porrotari bide emango dio.
Batzar Konstituziogilearen akats tragikoa
Hori da Batzar Konstituziogilearen kontsignak betetzen duen eginkizun objektiboa. Ia aho batez eta modu akritikoan defenditzen dute Latinoamerikako ezkerreko buruzagi guztiek, beraien burua antikapitalista eta marxistatzat duten sektoreak barne. Konstituziogilea, kapitalisten botere ekonomiko eta politikoa bere horretan mantentzen duen beste parlamentarismo burges mota bat da. Txileko burgesiak aldarrikapen hori denbora irabazteko, masak zatitzeko eta prozesu iraultzailea desbideratzeko maniobra gisa erabili du.
Gabriel Boricen lehendakaritza, Txilek izan zuen ezkerrerako biraketa sakona erakusten duen arren, ondorio larriak izan ditzakeen frustrazio berri batekin amaitu daiteke. Konstituzio berriari buruzko hiru urteko eztabaidak, benetako eta funtsezko aldaketarik zehaztu gabe, eta Fronte Zabaleko gobernuak eta alderdi sozialistak eta komunistak kapitalistei eginiko etengabeko kontzesioek, gobernuaren babesa %60tik %26,9ra murriztu dute. Iraultzari babesa eman zioten erdi mailako geruzetako sektore zabalek, etsita, eskuinera biratu dute bortizki.
Peruko Batzar Konstituziogilearen kontsigna eta hura kontinente osoari klixe gisa aplikatzea ondorio kaltegarriak izaten ari da: politika sozialista eta iraultzaileari uko egitea suposatzen du, eta, aldi berean, pixkanaka eta etapez-etapa gauzak alda daitezkeen ilusioak sustatzen ditu; lehenik, demokrazia, eta, gero, sozialismoaren aldeko borroka denbora zehaztugabe baterako. Deskonposizio kapitalistaren fase honetan, demokrazia burgesaren mekanismoak erabiliz langile masen arazoak konpon daitezkeela pentsatzea, estalinismoak defendatutako gradualismo erreformistaren edo etapismoaren ideia zaharretara itzultzea da. Ez du inolako zerikusirik marxismo iraultzaileak beti defendatu izan duen klase independentziaren politikarekin.
Are gehiago, klase arteko kolaborazioaren ideia horiek, forma eta aldaera programatiko eta taktiko guztietan, klase menderatzailearen joera autoritarioetarako eta golpistetarako bideak irekitzen dituztenak izaten dira. Sektore batek Bolsonaro, Trump eta abarren alde egiten du masak bortizki zapaltzeko. Beste batek, une honetan indar nahikorik ez izatearen eta leherketa iraultzailea eragitearen beldur izanik, buruzagi erreformistak presionatzen ditu estatu kolpe mehatxuarekin hauek masak kontrola ditzaten -Batzar Konstituziogilea bera ere baliatuz- eta egoera egonkortzeko haien mesedetan.
Klase borroka eta inperialisten arteko borroka
Iraultza eta kontrairaultza, kontinenteko eta munduko hegemonia lortzeko inperialista estatubatuar eta txinatarren arteko borrokarekin konbinatzen dira. Txinaren aurrean jasaten ari den gainbeheraren jakitun, AEB gero eta erasokorrago ari da parte hartzen Latinoamerikan: lehengai eta mineral erreserba garrantzitsuak ditu, atzeko patiotzat dauka, baina Txinak argi eta garbi hartu dio aurrea azkeneko hamarkadan. “Txinaren eta Errusiaren eragin gaiztoari aurre egingo diogu gure aliatuekin batera”, “Mendebaldeko hemisferioa guri dagokigu eta ez beste inori”, adierazi zuten Laura Richardson Hego Komandoaren Buruak eta Mark Miley AEBko Estatu Nagusiko buruak Latinoamerikako militarrekin duela gutxi egindako bileretan.
Estatu Batuetako inperialismoaren gainbeheraren aurrean, Lula, Petro edo AMLO bezalako buruzagi erreformistek planteatu dute Txina buru duen blokearen eta AEBren arteko borroka hori erabili beharra dagoela biekin negoziatzeko eta baldintza hobeetan dauden inbertsio eta kredituak erakartzeko. Baina hori hondamendira daraman beste bide bat da. Azken bi hamarkadetako esperientziak erakusten duenez, kapitalismoaren eta multinazional inperialisten menpean (estatubatuarrak, europarrak, txinatarrak edo errusiarrak izan) ezinezkoa da milimetro erdi aurreratzea, eta Latinoamerikako herriek amesgaiztoaren etorkizuna besterik ezin dute itxaron.
Latinoamerikako masak senaren, borrokarako gaitasunaren eta kontzientziaren adibide izugarria dira. Oraingoz, garaipena erdiestea eragozten dien gauza bakarra ezker iraultzaile baten falta da, beren indar guztia zabaldu eta boterea hartzeko aukera emango dien programa eta estrategia antolakuntza kontzientean gauzatzea alegia. Hori da ebatzi beharreko funtsezko kontraesana.