Marxek duela mende eta erdi azaldu zuen estatua klase batek bestea menperatzeko instrumentu bat dela. Sozialdemokratek eta ezkerreko bestelako korronteek ez dute hau ulertu eta euren itsutasun kontzienteagatik edota inkontzienteagatik, herriaren energia iraultzaile guztia alferrik galarazi dute eta are okerrago: menperatze faxista baten arriskura bultzatu dute.
Herri boliviarrak urte luzez esplotazioa, zakuraketa, umilazioa, eta baita bere lurraldearen sezesioa ere, pairatu behar izan du, baina, aldi berean, tradizio iraultzaile sakon eta miresgarri bat eraiki du. Azken sei urteetan bakarrik, bi presidente eraitsi ditu (Sanchez de Losada 2003an eta Carlos Mesa 2005ean). Une haietan burgesia boliviarrak ahul ikusten zuen bere burua eta ezinezkoa egin zitzaion Evo Morales boterera igotzea ekiditea. Bi urte baino zerbait gehixeago igaro diren honetan, burgesia boliviar mihiluze eta harropuztu bat ikusten dugu, nazioko eta nazioarteko indarren arteko korrelazioa herriaren eta honen aldaketarako proiektuaren alde badago ere. Erreakzioaren ausartze hau Evo Moralesen gobernuaren duda-muda “demokratikoengatik” eman da, “sozialismora” burgesiarekin elkarrizketatuz irits daitekeela pentsatzen jarraitzen baita, honek, eztabaida sakonen eta konbentzimenduzko esaldien ostean bere pribilejioen galera demokratikoki onartuko duelakoan. Historiak erakusten du desagertzeko zorian dagoen klase orok borroka bortitz bat eramango duela aurrera desagertu aurretik.
Pasa den maiatzaren 4ean, Santa Cruzeko departamenduan (probintzian) autonomia estatutuaren inguruko erreferendum bat ospatu zen, proiektu honi herrialdeko hautes-botereak uko egin zion, baina proiektuaren kontrako oposiziorik handiena herri boliviarraren eskutik etorri zen; ehunka eta milaka izan ziren herrialdeko gune ezberdinetan azpikeria inperialista honen aurka egiteko kalera atera zirenak manifestatzera, Santa Cruzen bertan jukutria burges honen aurka antolatu ziren langile eta indigena erakundeak topatu ahal ziren. Langile klase boliviarrak eta herri indigenek ederki dakite estatutu hau Burgesia Santacruztarrak eta Inperialismo Yankiak zuzenki sustaturik dagoela eta bere helburu bakarra botere zentralari (gobernu indigenari eta langileari) aberastasun naturalak kentzea eta aldaketa ahultzea dela. Izatez, Estatu Amerikarren Erakundeak berak, historikoki erreakzioaren ordezkaria izan denak, ez zuen erreferenduma onartu eta Evo Moralesen gobernuari eman zion babesa, baina ez erakunde hau bat-batean demokratikoa bilakatu delako, indarren arteko korrelazioa euren alde ez zegoela bazekitelako baizik. Ekintza hau inkonstituzionala izanik ere, diplomazia erreakzionarioak gaitasunik erakutsi ez bazuen ere eta herri iraultzailearen borondatea bestelakoa bazen ere, gobernuak ez zuen ezer egin ekintza hau debekatzeko.
Pasa den abuztuaren 10ean, beste erreferendum bat burutu zen, baina hau izaera errebokatzailekoa zen: presidente nazionalak, presidenteordeak eta bederatzi prefektuetatik (probintzia gobernadoreetatik) zortzik euren karguetan jarraituko zuten edo ez zegoen jokoan. Hilabete bat lehenago jada burgesiak bere komunikabide kanpainari ekin zion, nahiko bortitza izan zen gainera, Santa Cruzeko Prefektua, Ruben Costas, Indar Armatuei dei bat egiten ikusi ahal izan baitzen Moralesen gobernuaren eraisketa eskatuz “gobernatzen ez dakiela erakutsi baitu” (beraientzat noski). Gainera, erreferenduma baino egun batzuk lehenago enpresariek oilaskoaren, haragiaren eta ogiaren salneurriak igo zituzten gobernua inflazioari eusteko eta barne ekonomia indartzeko ez zela gai esan ahal izateko. Elikagaiena bezalako sektore garrantzitsu bat nazionalizaturik eta langile kontrolpean egon izan bazen horrelakorik ez zen gertatuko. Hala ere erreferenduma arrakasta bat izan zen gobernuarentzat, %80ak baino gehiagok hartu baitzuten parte eta presidentea eta presidenteordea botoen %67arekin berretsiak izan baitziren, 2005ean boterera eraman zituzten hauteskundeetan baino ia 14 puntu gehiagorekin. Hala ere, herri langilearen indar erakustaldi hau aurrera eman bazen ere, eta gobernuaren aurkako kontrakolpe faxista baten asmoa begi-bistakoa bazen ere, gobernuak “nazio eztabaidarako” eta “kontsentsurako” deia egin zuen bakar-bakarrik.
Abuztuaren amaiera aldera, enbaxadore estatubatuarrak hainbat biltzar izan zituen oposizioko talde ezberdinekin, isiltasun handienarekin eta ateak ongi itxita egin ziren elkarketa hauek; bilera hauetatik egun gutxira, irailaren 8an, Oligarkiak bere talde faxistak martxan ipini zituen Bolivia ekialde osoan istiluei ekiteko: Pandon, Benin, Santa Cruzen eta Tarijan. Gobernu zentralaren bulegoak hartu eta suntsitu egin zituzten, sindikatuetako liderrak eta buruzagi indigenak erasotu zituzten, Estatuaren komunikabideetan eta komunikabide aurrerakoien egoitzetan sartu ziren hauen komunikazioak etenez, Tarijan aireportua hartu zuten eta hegazkin baten irteera moztu zuten, gasaren ekoizpenari boikota egin zioten, Brasil eta Argentina hornitzen dituen gas-bide bat geldiaraziz amaitu zuena, eta ehun milioi dolar baino gehiagoko galerak eraginez; talde paramilitarrek gobernuaren aldekoak ziren landa-herrietan esku hartu zuten eta Pandon 25 nekazari hil zituzten. Honen aurrean gobernuak Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadorea, Philip Goldberg, herrialdetik bota zuen, “ohiz kanpokoa” bezala definitu zuen estatu kolpe baten autore intelektual bezala salatuz, eta polizia nazionalari eta ejertzitoari manifestazioak armarik erabili gabe eusteko agindu zion (telebistan “ohiz kanpoko” irudiak ikusi ahal izan genituen, militarrak negarrez agertzen zirenak talde faxisten eskutik jasotzen zituzten kolpeak zirela eta) eta Santa Cruzeko estatu fiskalari bere ahalmenak erabiltzeko eskatu zion, hau erreakzioaren enplegatuetako bat dela kontuan hartu behar delarik. Egun horietan, Hugo Chavezek zentzuzko adierazpena egin zuen aldaketa defenditzearen alde legokeen herriaren mugimendu armatu bat babesteko prest zegoela esan zuenean. Beste aldetik, koka-biltzaileek eta nekazariek La Paz eta Chuquisaca arteko bideak blokeatu zituzten Santa Cruzerako sarbidea eteteko, baina gobernuak lasaitasunera itzultzeko deia egin zuen eta berriro ere “batasun nazionalerako” eta “kontsentsurako” deia egin zuen.
Goldberg enbaxadorearen kanporaketa, Pandoko prefektuaren, Leopoldo Fernandezen, atxiloketa eta zonalde horretako setio egoera neurri eraginkorrak izan ziren, baina ez dute egiazko mehatxua desaktibatzen. Aldaketaren aldeko Erakundeen Koordinadora Nazionalak, indigenen eta langileen erakundeak biltzen dituenak, dei indartsuak egin dizkio gobernuari burgesiaren eraso faxistak berehala gelditu ditzan eta bere oinarriak ere mobilizaziora bultzatu ditu faxistei erantzuna emateko, baina gobernuak erakundeek finkatzen dituzten ibilguak errespetatzen jarraitzen du “herrialdea ez zatitzeko”.
Herri boliviarra prest dago faxismoari aurre egiteko, hau egiteko borondatea, indarra eta esperientzia du, baina hau ezinezkoa izango da botere herrikoia finkatuko luketen egiazko politika iraultzaileak aurrera eramaten ez badira, ekonomiaren oinarrizko palanka guztiak nazionalizatzea bezalako neurriak esaterako, langileen kontrol zuzenaren pean ipiniz, latifundioa suntsituko lukeen nekazal erreforma bat bultzatuz edota estatu burgesaren desegitea aurrera eramanez, oraindik burokrata atzerakoiez eta burgesiaren aldeko elementuez josirik jarraitzen baitu. Gainera, botere herrikoiaren organoak eratu behar dira, egungo estatua ordezkatuko duen egitura politikoa eraikitzeko. Gauza jakina da Boliviako ejertzitoaren oinarrietan Evo Morales babesten dela eta soldadu askok ez dute zalantzarik izango etorkizuneko milizia herrikoiak antolatzeko laguntza eta ezagupenak eskatzen zaizkienean hauei euren ekarpena egiteko, erreakzioari erantzun tinkoago bat emango liokeen antolaketa bat sortzearen bidean. Evo Moralesek populazioaren %67a bere alde du, herrialdeko 112 probintzietatik 95etan irabazi zuen. Nazioko sektore aurrerakoiek babesten dute eta haratago ere joateko bultzatzen dute. Gaur egun Estatu Batuak oraindik ere Iraken eta Afganistanen leporaino sarturik aurkitzen dira lohietan, Errusiak berehala geldiarazi zuen Kaukasoan eta bere mugen barnean ere aurrekaririk gabeko krisi ekonomiko bati egin behar dio aurre, Bushen gobernuak zilegitasun osoa galtzea ekarri duelarik honek denak, bere alderdiko kideak ere publikoki berarekin batera ez daudela adierazteko mailaraino iritsi direlarik. Une honetan ia ezinezkoa litzateke edozein herrialde latinoamerikarren gaineko inbasio bat, eta are gutxiago eskuinak lurralde hauetan jaso dituen kolpeak direla eta. Mundua bidegurutze batean aurkitzen da eta Bolivia horren adibide garbia da. Buruzagi kapitalista bakar bat ere ez da gai gainbeherako aro honetan publikoki “merkatu ekonomiaren” bandera jasotzeko gizateriaren arazoen konponbide gisa, eta are gutxiago nazionalizazio bat auzitan jartzeko Ingalaterra, Alemania eta Estatu Batuak bezalako zentro inperialistak hauxe bera egiten ari diren une batean. Iraultza finkatzeko garaia da: Botere guztia herriarentzat!