Pasa den martxoaren 15ean albiste batek nazioarteko prentsa astindu eta inperialismoa eta bere burgesia sateliteak alerta egoeran ipini zituen: Nazio Askapenerako Farabundo Marti Fronteak (FMLN) El Salvadorko presidentzia irabazi zuen.
Zalantzarik gabe, garaipen hau Amerika Latinoak azken hamarkada honetan bizi duen testuinguru asaldatuan aurkitzen da; El Salvadorreko herriak, tradizio iraultzaile handikoak, berriro ere bideari ekin dio bere herri anaiekin bat eginez. Herri salvadortarraren borroka enblematikoetako bat 1931-1932 bitartean eman zen. Garai haietan, El Salvador kafe-sail zabal bat zen, nekazal-jornalariak ia erdi-esklabutzako baldintzetan bizi ziren, industria langileek eta enplegatuek ez zuten zorte hoberik eta burgesia txikia atzerapen sozioekonomikoaren kolpeek kaltetzen zuten. Egoera honek okerrera egin zuen 29ko krisi kapitalista handiarekin, Ameriketako Estatu batuak baitziren, Ingalaterrarekin batera, Ertamerikako lehengaien hartzaile handienetakoak. 1931an hauteskundeak ospatu ziren, baina emaitzak faltsutuak izan ziren eta hauxe izan zen esplotazio eta zapalketako hamarkadetan zehar pilatu zen ondoeza leherrarazi zuen txinparta. Langileak, nekazariak eta ikasleak kalera irten ziren, eskuetan aizto eta fusilak zituztela, eta komisaldegiak, udaletxeak eta lurrak hartu zituzten, Agustin Farabundo Marti gehiengoen buru zutela. Farabundo Marti ikasle iraultzaile bat zen, gazte gaztetatik ezker ertamerikarraren eraiketa politikoan aritu zena, Guatemalan Ertamerikako Alderdi Komunistaren zuzendaritzan parte hartuz, gerora Augusto Cesar Sandinoren idazkari pertsonala izan zen, mugimendu haietan koronel karguraino iritsiz. 1930ean El Salvadorko Alderdi Komunista sortu zuen eta 1931-32ko altxamenduaren ostean atxilotua eta fusilatua izan zen 1932ko otsailaren 1ean, Maximiliano Hernandezen diktadura hasiz, 30.000 hildako utzi zituena. Garai hartatik Farabundo Martiren izena salvadortarren herri-pentsamendu iraultzailean geratu da erresistentzia antiinperialistaren eta sozialismoaren aldeko borrokaren sinbolo bezala. Honetatik sortu zen 1980an Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontea, 5 herri erakunde biltzen zituena. Fronte honek zuzendu zuen herriaren borroka 1980tik 1992ra bitartean 75.000 hildako utzi zituen “Gerra zibil” hartan. Herriak heroikoki egin zien aurre inperialismoaren aldeko atzerakoiei, baina mugimendua gerrilla baterantz bideratu zen, Nikaraguako garaipen sandinistak eta jada finkaturik zegoen Kubako iraultzak eraginda. Borrokaren oinarria nekazalgo txiroa bilakatu zen, askotan isolaturik aurkitzen zena eta antolaketa edozein aparatu militarren antzeko egitura hierarkiko batera mugatu zen. Langile mugimenduaren papera oso garrantzitsua izan arren hirietan, FMLNren eraso modua zela eta burgesia laster bilakatu zen hiri garrantzitsuenen jabe, eta hirietako errepresioarekin langile mugimenduaren antolaketa klandestinitatera igaro zen eta ondorioz bigarren plano batera. Honek guzitak, gerrak hamar urte iraun izanak eta oinarriak jada nekea sentitzen hasteak iraultzarako nahitaezkoak ziren aliatuak gainbeheratzea ekarri zuen: Sandinistek boterea galdu zuten, Sobiet Batasuna erori egin zen eta Kuba kili-kolo zebilen; 1992an Mexikoko Bake akordioak sinatu ziren eta FMLN alderdi politiko bilakatu zen.
1992ko bake akordioen ostean nazioarteko ezkerraren zatirik handiena desmoralizaturik aurkitzen zen, gudari ohi eta militante ohi asko eskuinaren eta sozialdemokraziaren lerroetara pasa ziren. El Salvador bezalako herrialde batean etengabe nazionalismora jotzen zen “aberriko anaiak” elkarren aurka borroka egitera bultzatu zituen gatazkaren zauriez ahazteko. “Demokrazia” berriak herrialdea oparotasunera eramango zuela eta desberdintasun sozialek museoan amaituko zutela zabaldu zen. Hau dena kapitalismoa nazioartean bere betierekotasunaz harro agertzen zen testuinguru batean eta sozialismoaren aurka lortu zuen “garaipena” ospatzen ari zen unean bultzatu zuten. Baina ia 20 urteren ostean, hor dugu errealitatea eta El Salvadorko herri langileak demokrazia burgeseko esperientzia mingarri batetik igaro behar izan du sistema honen menpean bere behar premiazkoenek konponbiderik ez dutela ikusteko. Nahikoa da azken urteetako datuei begirada bat ematearekin: El Salvador mendebaldeko hemisferioko herrialderik txiroenetakoena da, haurren elikadura gabeziaren indizeak oso altuak dira, 2004an CEPAL ONUren organismoak El Salvadorko populazioaren %47a eguneko bi dolar baino gutxiagorekin bizi zela esan zuen, beste %20a muturreko txirotasun egoeran aurkitzen zela. Hilabeteko batez besteko soldata 160 eurotakoa da, PENUDaren arabera milioi erdi etxeren defizita dago, “The Economistek” dio El Salvadorrek munduko hilketen tasa handienetako bat duela, egunero su-armen bidez hildako 9 pertsonarekin, populazioaren %81a soilik dago alfabetizaturik, 2,3 milioi salvadortarrek Estatu Batuetara emigratu behar izan dute, populazioaren herenak! Egoera penagarri honen aurrean, FMLNren garaipena herri langileak bere errealitatea aldatzeko duen borondatearen adierazpena izan da. 20 urtetan zehar, El Salvadorko burgesia atzerakoi eta hiltzaileak Alianza Republicana Nacionalistaren (ARENA) bitartez gobernatu du, Robert D’Aubuisson faxistak fundatutako alderdiaren bidez. Langile eta nekazari militanteak hiltzen zituen heriotzaren eskuadroietako buruzagia izan zen D’Aubuisson. Baina oraingo honetan erreakzioak kolpe gogorra jaso du, benetan arduratzen du honek, ez hainbeste presidente berriaren, Mauricio Funesen, gobernu programagatik, masa zapalduentzat garaipen honek eta beragandik espero dutenak duen esanguragatik baizik.
Mauricio Funes ez zen FMLNko militante bat, klase ertain altuko kazetari aurrerakoi bat zen, zenbait sektore liberalek babestua eta bere programetan egiten zuen kritika soziala zela eta kapa herrikoi handien babesa eskuratu zuena. Azken urte honetan, erreakzioak Funesen izen onaren aurkako kanpaina basati bat bultzatu du, FARCekin harremanak izateaz akusatuz eta bere bizitza pertsonala inmoralitatearen froga bezala erabiliz. Baina dudarik gabe, burgesiaren beldur handiena islatzen duen salaketa Funes Hugo Chavezen satelite bat dela esatea izan da. Honi Funesek Lula gehiago miresten duela erantzun dio, izan ere bere lagun pertsonala baita, eta bere gobernuak jabego pribatua babestuko duela ere azaldu du kapitalistak lasaitzeko. Funesek modu honetako hitzak erabili arren inperialismo estatubatuarrak eta El Salvadorko burgesiak hauteskunde iruzurra prestatuta zeukaten. Baina masen bultzadaren aurrean, iruzur bat aurrera eramatea oso arriskutsua zela ohartu ziren, honek egoera iraultzaile bat sortu zezakeela ikusi baitzuten, 1931-32an bezala.
Baina ez da nahikoa FMLN gobernura iristea El Salvadorko herritarren arazoak konpontzeko. Populazioaren erabateko eskolatzea, soldataren igoera duina, zerbitzu publiko eraginkorrak, kalitatezko osasun unibertsala, etab. ezin dira lortu kapitalismopean. Funesek presidente berriak oker handia egingo du ez badu kapitalismoarekin amaitzea helburutzat hartzen. Masek ez zuten bere aldeko boto itsu bat eman, honek beraien ikuspegiekin beteko duela espero dute eta egin ezean azpitik presio egitera irtengo dira beraien eskaerei erantzungo dien programa bat eskatzeko. Burgesiaren eta inperioaren beldurra zera da, klase borrokaren goraldi une batean presidente berriak herriaren presioei erantzuna ematea eta Venezuelaren antzeko prozesu baterantz bideratzea. Gogoratu behar da Chavezek 1998an zuen programa Funesenaren ia berdina zela, baina herriaren presioak eta erreakzioaren eztenkadek mugimendua erradikalizatzera eraman dutela, Chavez bera sozialismoa lortzearen beharra planteatzera iritsiz.
FMLNren garaipen hau ez da borrokaren amaiera, bere hasiera baizik. El Salvadorko langile klasea eszenatoki latinoamerikarrean ezkerrerako bira batekin sartu da. FMLNren oinarrietan ideia marxistenganako miresmen handia dago, eta Bloque Popular Juvenil bezalako korronte garrantzitsuak daude, populazio gazte eta borrokalariaren artean onarpen zabala duena, eta programa iraultzaile bat defendatzen duena. Horregatik, ezin da alde batera utzi datozen urteetan langile salvadortarrek berri onak emango dizkigutenaren ikuspegia, mugimenduko burokrazia ustela suntsituz eta oinarri herrikoietatik antolaketarako erreferenteak berreskuratuz. Munduko burgesiak badaki, duela 150 urte bezala, mamu batek, ez jada Europa bakarrik, mundu osoa ere zeharkatzen duela.