<"/>

Kolonbia eta AEBko gobernuen akordio militarraren iragarpenak hautsak harrotu zituen. Akordio honi esker ejerzito estatubatuarrak Kolonbian zazpi base militar erabiltzeko eskubidea izango du. Honek, krisi berri bat ireki du Alvaro Uriberen gobernu proinperialista kontrairaultzailearen eta Ekuadorko eta Venezuelako gobernu iraultzaileen artean.

<"/>

Akordio hau publiko egin bezain azkar, Venezuelako presidenteak, Chavezek, prentsaurreko batean iragarri zituen enbaxadore venezolarraren erretiratzea Bogotatik, mugaren itxiera eta Kolonbiatik zetozen inportazio guztien geldiaraztea. Boliviako Evo Moralesen gobernua ere akordioaren aurka azaldu zen eta Correaren gobernu ekuatoriarrak antzeko moduan salatu zuen AEBko ejerzitoaren baseen ezarpena lur kolonbiarretan. Ekuadorko gobernuak ere Kolonbiako inportazio guztiak ordezkatzeko mehatxua egin zuen.

Narkotrafikoaren eta terrorismoaren kontrako borrokaren aitzakian, inperialismo estatubatuarrak sarritan erabili du Kolonbia iraultza latinoamerikarraren aurka. Kolonbia, Patriota eta Balboa planak Kolonbia goitik behera militaritzeko erabili zituzten. Aurrekontu militar kolonbiarrak BPGren %5a hartzen du gaur, orain dela hamarkada bat gerrillaren ekintza aktiboagoa eta indartsuago zenean %2,5etik pasatzen ez zen bitartean. Kolonbia da gainera, Irak eta Afganistanen atzetik, laguntza militar estatubatuar handiena jasotzen duena. 

Obamaren hitzak eta ekintzak

Ez zen kasualitatea izan AEBk eta Kolonbiak euren akordioa publiko egiteko garaia. Obama presidentetzara iritsi zenetik, honen estrategia elkarrizketaren irudia ematea izan zen gobernu venezolarrarekin eta ezkerreko gobernu latinoamerikarrekin. AEB eta Kolonbiaren arteko adordio militarraren iragarpen publikoa, Latinoamerika osoa ukitu duen Hondurasko estatu kolpearen baten ondoren etorri da. Estatu kolpe honek haustura eragin du masa latinoamerikarren eta Obamaren irudi “polit” horren artean. Nahiz Obama, Hillary Clinton eta Hondurasko AEBen Enbaxadak estatu kolpea gaitzetsi, bistakoa da ezaugarri hauetako ekintza bat ezin zela antolatu inperialismo estatubatuarraren sektore erabakigarri bat gabe gutxienez.   

Agian ez zen Obama izan Hondurasko estatu kolpea erabaki eta antolatu zuena. Baina noski, ez Obamak herri honen borondate demokratikoa errespetatzen duelako. Klase dominatzaile estatubatuarraren ordezkaria den heinean, Obamak ere hautsi egin nahi zuen Honduras eta Venezuelaren artean ematen ari zen gerturatzea Zelaya gobernutik ateraz, hori lortzeko bide “legalagoak” nahiago zituen arren.

Dirudienez, AEBko burgesiaren sektore erabakigarriek, estatu aparatuak eta inteligentzia zerbitzuek gertaera burutu baten aurrean jarri zuten Obama. Gobernu kolpistako presidenteak mespretxuzko hitzak erabili zituen Obamaren aurka, “ese negrito no sabe ni donde está Tegucigalpa” esanez. Hondurasko oligarkiak ez zuen erakutsi sekula maila honetako ausardiarik Etxe Zuriaren aurka. Honek erakusten du inperialismo yankiaren sektoreak daudela kolpearen atzean eta Obamak bere nagusiek agindutakoa betetzen jarraitu beharko duela.

Inperialismoaren ezina

Hondurasko estatu kolpea, Afganistango eskuhartze militarra sendotzea eta Kolonbia eta AEBen arteko akordio militarra bizi ditugun garaien erakusgarri dira. Gaur egungo egoera ez dago egonkortasunak, harreman diplomatiko lasaiek eta elkarrizketa internazionalak markatua. Ezegonkortasun politikoa, soziala eta militarra, gatazka diplomatikoak, gerrak, iraultzak eta kontrairaultzak edozein egunetan ikus ditzakegun garaiak dira. 

Hondurasko estatu kolpea antolatu duten inperialismoaren sektoreek egoera aztertu eta ondorio batera heldu ziren: Latinoamerikak bizi duen gorakada iraultzailearen aurrean beharrezkoa zutela iniziatiba hartu eta mugimendu iraultzailea punturen batean garaitu. Zerrendako puntu ahulena aukeratu zuten: Honduras. Hala ere, beste herri latinoamerikarretan kolpearen aurka mobilizatu ziren ehundaka mila herritarrekin batera, masa hondurastarren erantzunak erakutsi zuen kontinente osoko masak adi daudela eta kontrairaultzak gauzak zail dituela. Zelayak programa iraultzaile bat izan balu, masei dei egingo zien presidentzi jauregiaren aurrean konzentratzeko, iragarrita zegoen estatu kolpea eragotziz. Eta ondoren, Hondurasko erresistentzia mugimenduko arduradunek dei egin balute ejerzitoaren oinarrira eta dei hori programa iraultzaile batekin lotu, posible zitzatekeen ejerzitoa klaseko lerroetan banatu eta gobernu kolpista garaitzea.   

Zelayaren ezaugarri mugatuen eta zuzendaritza iraultzaile baten gabeziaren ondorioz, prozesua luzatu egin da. Baina, edozein kasutan, garrantzitsuena da masek hilabeteak iraun dutela kalean eta kolpistak ez zirela gai hauen protestak geratzeko. Honek erakusten du Hondurasko eta Amerika Latinoko korrelazio indarrek iraultzaren aldekoak izaten jarraitzen dutela eta kontrairaultzak arazoak dituela oinarri sozial trinko eta iraunkor bat aurkitzeko. 

Amerika Latinoko gorakada iraultzaileak arrazoi sakonak ditu eta ez da erraz garaitua izango. Gainera, Hondurasko kolpean eta politika internazionalean Chavezek duen jokaera, enpresa berriak desjabetzeko hartu duen erabakia eta bere adierazpenak langile kontrolaren alde; honek denak, inperialismoari erakusten dio presidente venezolarra aurrera jarraitzeko prest dagoela. Chavezen kontraesan eta akatsen gainetik, gako garrantsitsua da kontinente osoan masen mobilizazioa bultzatzeko eta erradikalizatzeko garaian.

Baina iraultzak ere baditu galbideak. Masa latinoamerikarren erreferente bihurtu den Venezuelan adibidez, iraultza arriskuan jartzen du ehunka mila pertsona lanpostu egonkor edo etxebizitza duinik gabe egoteak, petrolio industriako gerenteek edo estatuko funtzionarioek negozio legal eta ilegalak dituzten bitartean. Arazo hauek mantentzen edo areagotzen diren heinean, oposizio kontrairaultzaileak aukerak eta aitzakiak izango ditu herri sektoreetan sartzeko, sozialismoaren ideiak erasotzeko, masen morala kolpatzeko eta kontrairaultzarentzak babesa aurkitzeko. Oztopo hauek konponduko balira, enpresa garrantzitsuenak langileen kontrolpean nazionalizatuz eta ekonomia demokratikoki planifikatuz, iraultzaren babesa, baita inguruko herrialdeetan ere, ikaragarri handituko litzateke.

Kolonbia, Venezuela eta Ekuador

Venezuelan jatorri kolonbiarra duten bost milioi pertsona bizi dira, biztanlegoaren %20. Pertsona hauek guztiek lanpostu, hezkuntza eta osasun duin bat eskuratzeko aukera izango balute eta sozialismoa bakea, justizia eta duintasuna bermatuko lituzkeena bezala ikusiko balute, beren eta Kolonbiako senideen babesa handitu egingo litzateke oligarkia kolonbiarra oinarri sozial indartsurik gabe uzteko aukera irekiz. Honek erraztu egingo luke ezker iraultzaile kolonbiarraren garapen azkarra. Iraultza venezolarrak eta Chavezen proposamen sozialistek ez dituzte soilik Venezuelako langile, nekazari eta gazteri iraultzailearen interesak islatzen, baita Kolonbia eta kontinente osokoenak ere.

Chavezen gobernuak ez du defendatzeko eskubidea bakarrik, Venezuela defendatzeko eta botere militarra sendotzeko beharra du. Aldi berean, funtsezkoa da garbi uztea edozein gatazka edo mugetako tentsioen arduradunak inperialismo estatubatuarra eta bere morroi kapitalistak direla, hauek kolonbiarrak edo venezolarrak izan. Desberdindu egin behar dira beti gobernu burgesak eta klase dominatzailea alde batetik, eta herri venezolarra, ekuadortarra eta kolonbiarra bestetik, azken hauek baitira zapalkuntza jasaten dutenak eta hauen aurka baitoaz klase dominatzailearen maniobra kontrairaultzaileak. Chavezen eta Correaren gobernu antiinperialisten eta Uriberen gobernu proinperialistaren talkek ez dituzte interes nazional ezberdinak adierazten, klase arteko interes kontrajarriak baizik. Errealitatean, Kolonbia, Venezuela eta Ekuador herri bera dira. Hauen banaketa oligarkia ezberdinei eta inperialismoari bakarrik mesede egin zien ekintza kriminala izan zen. Ordutik, Bolivarrek altxatako batasun latinoamerikarraren bandera kontinente honetako iraultzaileen ikur bihurtu da.

Iraultza sozialistari esker soilik izango litzateke posible errepublika amerikarren federazio sozialistan elkartzea iraganean inperialismoak banatutakoa. Federazio sozialista batek kontinentearen historian garai berri bat irekiko luke eta Venezuelako, Kolonbiako, Ekuadorko, Boliviako… herrien garapena baimenduko luke maila guztietan. Paraiso naturala den Amerika -kapitalismoak miseriazko infernu batean eraldatu duena milioika pertsonarentzat-  paraiso ekonomiko, sozial eta kultural bihurtuko litzateke.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.