Ezkerreko Oposizioa 1923 urtean jaio zen helburu argi batekin: estatu sobietarrean abian zen burokratizazio geroz eta handiagoari aurre egitea, eta bai Alderdi Boltxebikea bai Internazional Komunista jasaten ari ziren gainbehera ideologikoaren aurrean marxismo iraultzailearen posizioak defendatzea. Leninek berak 1920an onartu zuen "deformazio burokratiko" geroz eta sakonagoa ikus zitekeela langile estatu berrian.
Urriko Iraultzaren isolamendua luzatu ahala, joera burokratiko horiek larriagotzen joan ziren. 1917ko iraultza honetan, Errusiako langile eta nekazariek boterea hartzea lortu zuten Lenin eta Trotsky buru zituen Alderdi Boltxebikearen bidez. Zapalkuntza kapitalistarekin amaitu eta langile demokrazian oinarrituriko Estatu sobietarra ezarri zen. Hala ere, iraultzak oraindik ez zuen garaipena lortu Europako beste herrialde bakar batean ere, eta honek Sobietar Batasuna erresistentzia egoera batean bizirautera behartzen zuen. Hori gutxi balitz, iraultzak aurre egin behar izan zion Inperio tsarista zaharrak utzi zion mendeetako atzerakada ekonomiko eta kulturalari; hala nola, Lehenengo Mundu Gerrak, Gerra Zibilak eta iraultzaren aurka esku hartu zuten 21 potentzia inperialistek eragindako suntsiketari.
Irakurtzen eta idazten zekien herritarren kopurua %30ekoa bakarrik zen herrialde batean eta gerrek iraultzaile hoberenak eta borrokalarienak eraman zituzten egoera batean, boltxebikeak beharturik zeuden iraganeko hainbat "profesional" tsarista baliatzera estatu administrazioko eginkizun jakin batzuk aurrera eramateko. Honela, gizarteko atzerapen eta egoera gogorrak baldintza materialak sortu zituen burokrazia indar boteretsu bihurtzeko eta honek Estatuaren kontrola hartzen saiatzea ahalbidetzeko.
Faktore horiek etsipenezko giroa sortu zuten geroz eta langile gehiagoren artean, eta milioika pertsonarentzat bizitza politikoko parte hartzea bigarren maila batean geratuz joan zen pixkanaka. Egoera honek Estatuaren eta alderdiaren barnean geruza bat sortzea bultzatu zuen, psikologia kontserbatzailea zuena eta bere boterearen indarraz geroz eta kontzientzia gehiago hartzen ari zena.
1922an egoera hain zen jasanezina ezen Leninek berak Trotskyri planteatu baitzion "bloke bat egin zezaten burokraziaren aurka orokorrean eta Antolakuntza Buroaren aurka bereziki" (Nire bizitza, Trotsky). Stalinek, bere aldetik, nahiz eta hasiera batean ez kontzienteki izan, beregan haragiztatu zituen eratzen ari zen handinahien talde horren interesak. Ezinbestean, dinamika horrek marxismoaren planteamenduetatik eta printzipioetatik urruntzen zuen, Sobietar Batasunaren existentzia bera arriskuan jartzeraino.
SESBak jaiotzetik jasan zituen garapen baldintzak zirela eta, beharrezkoa izan zen, hasiera batean, nekazal ekoizpena eta hiriaren eta landa eremuaren arteko trukea suspertuko zuen politika ekonomiko bat martxan jartzea. Neurri horiei NEP izena eman zitzaien eta oinarrian ekonomian elementu kapitalista batzuk sartzea esan nahi zuen. Honek hainbat pribilegioz gozatzen zuen herritarren geruza txiki bat sortzea ekarri zuen. Egoera ekonomiko mesedegarri batean, espezialisten eta nekazari aberatsen geruza honek geroz eta eragin gehiago eskuratuz joan zen burokraziaren eta Estatu aparatuko eta Alderdiko sektore kontserbatzaileenen artean.
Stalin buru zuen Antolakuntza Buroa modu zabal batean hasi zen alderdiko ardura ezberdinetan Stalinek berak bultzatzen zuen barne erregimen berria ezartzeko disposizio gehiena erakutsi zuten elementu segidistak ezartzen. Modu honetan, sozialismoaren alde gehien borrokatzen zuten iraultzaileak bazterturik geratzen joan ziren alderdi barnean eta baita Estatu barnean ere.
Ezkerreko Oposizioaren babesa hazi egiten da
Leon Trotskyk zuzentzen zuen Ezkerreko Oposizioak atsedenik hartu gabe borrokatu zuen irregulartasun hauen aurka eta benetako leninismoaren alde: kanpo politikari dagokionez internazionalismoa defendatu zuen, garapen industriala bizkortzeko beharra azpimarratu zuen, horrela, nekazaritza modernizatzearekin batera proletalgoa kopuruz indartzeko, eta noski, baita eguneroko Estatuaren gestioan langile eta nekazari masen parte hartzea bultzatuz. Trotskyren kritikek berehala jaso zuten Alderdi Boltxebikeko zuzendaritzan zeuden berrogeita sei kideren babesa. Modu honetan, manifestu bat izenpetu zuten, eta bertan Stalinen taldeari egozten zioten momentu hartan jasan behar zuten krisi ekonomiko larria eta Alderdiko Organoen burokratizazioa.
Ezkerreko Oposizioaren aldeko babesa geroz eta handiagoa zen langileen artean. Fabriketan egin zitezkeen eztabaida publikoetan triunbirato burokratikoko kideak batzuetan irainekin hartzen zituzten beren posizio politikoengatik eta eztabaidak amaitzean egiten ziren bozketetan modu argi batean garaitzen zituzten. Armadan ere Ezkerreko Oposizioaren aldeko babesa hazten ari zen, hainbesteraino ezen Alderdi Boltxebikeak kuarteletan zeuzkan hiru erakundetatik bat oposizioaren alde jartzen baitzen. Gazte Komunisten Komite Nagusiak ere oposizioaren tesiak babestu zituen.
Egora honi Stalinek erantzun zion moduak beste behin frogatu zuen marxismo iraultzailearen ideietatik eta metodoetatik erabat urruntzen ari zela eta berarentzat nahiz bere akolitoentzat garrantzitsuena prestigiozko interes pertsonalistak zirela. Oposizioko kide nabarmenenak karguetatik kentzen eta horien eskubide demokratikoak ezabatzen hasi zen. Modu honetan, Gazte Komunisten Komite Nagusi guztia kargutik kentzeko agindu zuen.
Neurri horiek hartzearekin batera, ordea, 1923ko abenduan, triunbiratoak (Stalin, Kamenev eta Zinovieven arteko aliantza), gainean zeukaten presioaren aurrean, erresoluzio bat izenpetu zuen eta bertan bere egiten zituen oposizioaren kritikak "eraikuntza sozialistaren mundu mailako iraultzaren ikuspegi zabala galtzearen" eta "alderdiko postuetan ikus zitekeen burokratizazioaren arriskuaren" ingurukoak. Trotskyk Politburoaren dei hori aprobetxatu zuen alderdiari gutun ireki bat bidaltzeko. Gutun honetan bere kide guztiei eskatzen zien Kamenev, Zinovievek eta Stalinek egindako planteamenduak defendatzeko. Stalinen erantzuna berehalakoa izan zen lau egunen buruan iritsi zen Pravdako artikulu baten bidez eta Leon Trotskyren aurkako eraso gogor batekin amaituz. Baina Stalinek Ezkerreko Oposizioan Trotskyk zuen parte hartzea argitaratzea erabaki zuenean, ez zen ohartu, egia esan, egiten ari zena honi autoritate politiko eta moral handiagoa ematea zela. Azken batean, Leninen maila bertsuan mantendu zitekeen irudi bakarra Armada Gorriaren antolatzailea baitzen.
Hainbestekoa zen haserrea ezen Stalin oposizionistekin eztabaida publikoa irekitzera beharturik egon zela. Baina hemen, stalinistak kotxe ofizialak eta Estatuko mota guztietako zerbitzuak baliatzen zituzten bitartean, oposiziokoak kaleratzeekin mehatxatzen zituzten beren lanpostuetara huts egiteagatik edo txantajea egiten zieten eztabaida bertan behera utz zezaten. Garai hartako giroa ondo islaturik geratzen da S.I. Gussevek, hau da Stalinek Kontrolerako Komisio Nagusian ezarri zuen kide berriak defendaturiko pentsamenduetan: "Autoritatea lanagatik ez ezik, beldurragatik ere lortzen da. Eta orain Kontrolerako Komisio Nagusiak eta Langile eta Nekazarien Inspekzioak arrakasta eduki dute beldurra inposatzen. Alde honetan bere autoritatea hazten ari da" (Ezkerreko Oposizioaren Historia, Dave Frankel)
"Sozialismoa herrialde bakar batean" vs. Internazionalismoa
Europan iraultzak porrot egin izanak eragin handia izan zuen Stalinek defendaturiko politikan bai SESB barnean eta mundu mailan. Trotskyk herrialde bakoitzak bere zuzendaritza garatu behar zuela eta gertaeren esperientzian oinarrituz eta gerturatze jarraituen bidez ikasten joan behar zutela defendatzen zuen bitartean, Stalin herrialde bakoitzeko alderdi komunistetako buruzagi nagusiak Moskutik aukeratzen hasi zen, ohikoa zen bezala, triunbiratoak defendaturiko postulatuekiko zuten adostasunaren arabera. Modu honetan, iraultzen porrot berriak prestatzearekin batera, baldintza guztiak sortzen joan ziren III. Internazionala burokrazia sobietarraren eskuetan zegoen beste tresna bat izateko.
Ezkerreko Oposizioaren eta burokraziaren arteko borroka geroz eta latzagoa zen. 1924an stalinistek pauso bat haratago joatea erabaki zuten eta Trotskyk Urriko Iraultzan eta Gerra Zibilean jokaturiko papera gutxiesten hasi ziren, ondoren desitxuratzeko eta azkenik erabat ezabatzeko. Hala ere, oposizioak defendaturiko posizioek eztabaida ideologikoaren ildoa markatzen zuten, troikak analisi enpirikoak eta oso epe laburrekoak besterik ez baitzituen egiten. Ahultasun horren aurka borrokatzeko Stalinek publiko egin zuen, lehen aldiz, herrialde bakar bateko sozialismoaren teoria antimarxista. Teoria hau burokraziaren kontserbadurismoaren adierazle garbia zen, bakea eta lasaitasuna nahi zuena beren pribilegio berriez gozatzeko, iraultza zabaltzeak ekartzen zituen eginkizunen oztoporik gabe.
Marxismoaren teoriko nagusientzat, internazionalismoaren puntua beti izan da funtsezkoa, eta ez sentimentalismo erromantikoengatik. Leninek berak, bi urte lehenago bakarrik, 1922an, argi uzten zuen: "Iraultza internazionala hasi genuen momentutik, [...] gure ideia zen: berehala, edo gutxienez oso azkar, iraultza hasiko da beste herrialdeetan, garapen kapitalista aurreratuena dutenetan; horrela ez bada, hilko gara. Honen jakitun izan arren, gure eskuetan zegoen guztia egin genuen sistema sobietarra baldintza guztietan eta edozein kostura mantentzeko, bai baikenekien ez ginela ari guretzat bakarrik lan egiten, baizik eta iraultza internazionalarentzat" (Trotskyk aipatua Errusiako Iraultzaren Historian).
"Sozialismoa Herrialde bakar batean" hain ideia gaitzesgarria zen, hain urrundua tradizio boltxebikeetatik, ezen Kameneventzat eta Zinovieventzat ere perspektiba teoriko berri horiek urrunegi joan zirela. Azken batean, Stalinekin aliatzean bi hauek zuten helburu bakarra Trotskyk alderdiaren zuzendaritza eskuratzea saihestea zen, ez mundu mailako iraultzaren perspektibari uko egitea. Stalinekin haustean, hauek modu ireki batean aitortu zuten Ezkerreko Oposizioak arrazoi zuela bere planteamenduetan eta onartu zuten burokraziak kanpaina basatia ireki zuela beraien aurka.
Indar berriekin, orain Oposizio Bateratua izena zuenak aurrera jarraitu zuen soldata igoeren beharra aldarrikatuz, nekazari aberatsen eraginaren aurrean pobreen antolakuntza bultzatuz, zeharkako zergak ezabatzearen alde, nazio zapaldu ez errusiarren alde, emakumeen alde, Alderdiko barne demokraziaren alde... eta noski, "herrialde bakar bateko sozialismoaren" ideia ez-zientifikoaren aurka.
Stalin sigi-sagaka
Stalinen amorrua eta erabiltzen zituen metodo gangsterrak orokortzen joan ziren. Besteak beste, Oposizioaren mitinen aurrean megafonia ezartzen zieten eta bilera horiek hausten saiatzen ziren matoi taldeak bidaltzen zituzten. Azkenik, Oposizio guztia ardura postuetatik eta alderditik bidali zuten. Trotskyren kasuan Sobietar Batasunetik erbesteratu zuten 1929an. Baina hori guztia Stalinentzat ez zen nahikoa izan. Bere sigi-saga politikoen eta burokraziaren jokabideen aurka zeudenen autoritatea hain handia zenez, erabaki zuen taldekatze berriekin amaitzeko eta Oposizioaren jarduera politikoa gelditzeko bide bakarra desitxuratzea eta gezurra masiboki zabaltzea zela. Honela, Sobietar Batasunaren aurkako krimena egin izanaz salatu zituen Leninekin eta Urriko Iraultzaren zuzendaritzarekin lotura zuzena eduki zuten guztiak.
Zailtasun handiak izan arren, Oposizioak aurrera jarraitu zuen Stalinek arlo guztietan zeraman sigi-saga baldarren politika suizida salatzeko. Barne politika ekonomikoan, hasiera batean nekazari boteretsuenentzat "aberastu zaitezte" kontsigna defendatu zuenean, nekazarien klase altuena hazi eta indartu zuen, hauek elikagaien erreserba handienen jabe zirenez hirigunean pribilegio handiak eskuratzeko txantajea egiten zuten bitartean. Baina mesedetu zituen nekazari aberats horiek burokraziarentzat mehatxu bihurtu zirenean, goizetik gauera, "landagunearen berehalako eta erabateko kolektibizazioaren" kontsignara pasatu zen, eta nekazari aberatsez gain, erdi mailakoak eta behartsuagoak bat-batean indarrez kolektibizatu zituen. Hauek nahiago izan zuten ereiteari utzi eta beren ganadua golpetik sakrifikatzea errepresioaren aurrean.
Barne politikako biraketek beren isla izan zuten politika internazionalean ere. 1925-1927 urteetan zehar Txinako iraultzan Alderdi Komunista txinatarra Kuomitangaren zuzendaritzaren menpe ezartzeko agindu zuen, baina ondoren Kuomitang alderdi burgesak iraultza traizionatu zuen eta milaka komunista txinatar masiboki hil zituen. 30. hamarkadan berriz, biraketa ultraezkertiar batean, Alemanian langile alderdi handiena zen SPDa, "sozialfaxista"-tzat hartu eta alderdi naziaren pare jarri zuen, borrokatu beharreko etsai nagusitzat ezarriz.
Politika horiek ondorio gisa, SESBa are isolatuago uztea ekarri zuten, beste herrialdeetako iraultza galaraztean, eta gosea zabaldu zuten uzta eta ganadua suntsitzearen ondorioz. 1930ean zerealen ekoizpena 83 tona izatetik 69ra jaitsi zen 1932an. 1929an zeuden 34 milioi zaldietatik 16,6 milioi geratu ziren 1933an, eta behien %45a eta ardien bi heren sakrifikatuak izan ziren.
Erbestetik Trotskyk Alderdi Boltxebikearen eta III. Internazionalaren barnean borroka egitea defendatzen jarraitzen zuen, berriro ere mundu mailako iraultzaren interesen alde jartzeko, eta ez burokrazia sobietarraren interes estuen menpe. Politika stalinistatik ondorioztatzen ziren gertaerak geroz eta izaera larriagoa hartzen ari ziren. Oposizioak, bitartean, hilketengatik eta klandestinitatera kondenaturik egoteagatik ahulduta bazegoen ere, boltxebikeen eta Internazionaleko militanteen babesa irabazteko borrokan jarraitzen zuen, gertaeren bidea aldatu ahal izateko.
IV. Internazionala
1935ean, Hitler boterera iritsi eta bi urteren ondoren, Internazional Komunistaren VII. Kongresua egin zen. Bertan planteatu zenak honela zioen: "indar 'demokratiko' eta 'aurrerakoi' guztien batasun solidoa, 'bakearen lagun' guztiena... Sobietar Batasunaren defentsarako alde batetik eta mendebaldeko demokrazien defentsarako bestetik". III. Internazionalak gertaera hain larrietatik atera zituen ondorio nagusiak horiek zirela ikusirik, Trotsky konbentziturik geratu zen Stalinen maniobrek eta azken urteetako garapen historikoak alderdiaren nahiz Internazionalaren barnean, elementu burokratikoak bakarrik gailentzea ekarri zuela, eta hauei ez zitzaiela batere axola iraultzaren garapena, ardura bakarra beren posizio erosoak ez galtzea baitzuten.
Momentu horretan, alderdi internazional berri bat eratzeko deia egin zuen; IV. Internazionala, mundu mailako iraultza sozialistaren alde eta SESBean burokraziaren aurka borrokatzeko.
1938an Trotskyk IV. Internazionaleko lehen konferentziarako Trantsizio Programa idatzi zuen. Langile internazionalismoaren defentsa eta etengabeko iraultzaren teoria bertako oinarri programatikoak izan ziren. Stalinentzat internazional berri baten sorrera mehatxu serioa zen ordea. Beldur zen alderdi komunisten barruan nahiz SESBen oihartzuna edukiko ote zuen.
Stalinek bere posizioa eta burokrazia sobietarrarena defendatzeko erabili zituen metodoek pauso berri bat eman zuten 1936an. Urte horretan hasi ziren epaiketa-fartsak, Moskuko prozesu bezala ezagunak, eta 1938ra arte iraun zuten. 1917ko Iraultzaren zuzendaritzan egon ziren zuzendaritzako 54 kide heriotzara kondenatu zituzten. Kalumnien, torturen eta faltsifikazioen bidez justifikatu ziren fusilamendu masiboak, lehenik boltxebikeen guardia zaharraren aurka, eta ondoren Stalinek burokraziaren aurka errebela zitekeela pentsatzen zuen edo mehatxutzat hartzen zuen edonoren aurka. Armada Gorria ere purgen biktima izan zen. 54 boltxebikeekin bezala, antzeko salaketekin, agintaritza militarraren gehiengo zabala fusilatzeko agindu zuen: 5 mariskaletatik 3; armadako 15 komandantetatik 13; 9 almiranteetatik 8; 57 armada gorputzetako jeneraletatik 50; 186 dibisioetako jeneraletatik 154; armadako komisario guztiak eta 28 armadako gorputzetatik 25; denak heriotzara eraman zituen.
Nahiz eta zailtasun ikaragarriei aurre egin behar izan, Ezkerreko Oposizioak, eta Trotskyk bereziki, egin zuen lana ez zen alferrekoa izan. Halaxe idatzi zuen berak 1935ean Laugarren Internazionalaren sorrera gutun irekian: "Baldintzak zailak dira; oztopoak, handiak; eginkizunak, erraldoiak; baina ez da existitzen pesimismoan erortzeko motibo txikiena, ezta adorea galtzeko ere. Proletalgoak jasan dituen porrot guztiak jasan arren, klaseko etsaiak egoera desesperatu batean jarraitzen du". Stalinismoak hamarkadetan zehar jarraitu zuen existitzen, eta inoiz egin den marxismoaren desitxuraketa handiena burutu du. Hala ere, honek Trotskyren paper erraldoia azpimarratzen du, egungo belaunaldiei marxismoaren bandera garbi iristea lortu baitzuen.