Aurreko artikuluan azaltzen genuen bezala Estatu frantziarreko langile klaseak kapitalismoa eta klase agintariaren boterea ezbaian jarri zituen. Borroka ez zen unibertsitate eta fabriketan amaitu, hainbat hiritan borroka antolatzeko komiteak sortuz zihoazen.
Nantesen greba egileen antolakuntzak beste inon baino urrutirago iritsi ziren. Auzoetako komiteak elkartu egin ziren, Grebarako Komite Zentralaren izenpean. Ekintza honek langileen, nekazarien eta ikasleen sindikatuen babesa jaso zuen. Denbora galdu gabe, komiteak hiriaren agintaritza bere gain hartu eta jokatzen zuen paperaren garrantziaz ohartuz, maiatzaren 27an autoritate munizipal moduan udaletxean ezarri zen. Bere eginkizun garrantzitsuenetakoak honakoak izan ziren: jarduera ekonomikoa kontrolatzea, janari kopuru baten baliokideak ziren bonoak ateratzea dendetan erabiltzeko, gasolindegietan gasolina Grebarako Komite Zentralak baimendutako papera aurkezten zuenari bakarrik ematea, garraioa eta irakaskuntza antolatzea eta horretarako haurtzaindegiak sortzea greban zeuden pertsonei beren seme-alabak bertan utzi eta borrokan jarraitzeko aukera emateko.
Nanteseko esperientzia bereziki oso garrantzitsua izan zen, mugimendua edo langile klasea bera noraino iritsi zitekeen erakutsi zuelako. Kontrola bere gain hartzeko gai izan zen, garraioa, janaria, hezkuntza etab. gehiengoaren mesedetan ezarriz. Fabriken hartzearekin batera, gizarteak funtzionatzeko burgesia, bere instituzio eta Estatuaren beharrik ez duela erakutsi zen. Grebarako Komite Zentral honetan 1917ko Errusia Iraultzaileko sobieten enbrioia ikus genezakeen.
1917ko iraultzan langile klase errusiarrak bere esperientziari esker ondorio bat atera zuen, independienteak izango ziren bere botere organuak sortu behar zirela, sobietak (komiteak) hain zuzen. Boltxebikeek 1917ko Urrian “botere guztia sobietentzat” lema praktikara eraman izan ahal zutenean, Errusian kapitalismoaren erortzea errealitate bat izan zen. Errusia osoan zeuden langile, soldadu eta nekazariek osaturiko sobieten bitartez, langile klasea antolatu egin zen gizartearen zuzendaritza bere gain hartzeko. Hau izan zen boltxebikeek, Trostky eta Lenin buru zirelarik, historian lehenengo aldiz gizarte sozialista bat eraikitzen hasteko erabili zuten oinarria.
Zuzendaritza iraultzaile bat egon balitz Estatu Frantziarrean, Nanteseko esperientzia estatu osora zabaltzeko proposatuko zuena, noraino iritsi zitekeen prozesua? 1917ko Errusiako langileria baino langile klase handi eta indartsuago batekin burgesia frantziarraren porrota berez lan errezagoa izango zen.
Kapa ertainak borrokara erakarriak izan ziren
Mugimenduaren kemen eta erabakiek hainbesteko indarra erakutsi zuten ezen beste sektore sozialak, kapa ertainak eta burges txikiak, garai batean erreakzioaren oinarri izan zirenak, orain erakarriak sentitzen ziren, langile klasearekin batera borrokatzeko prest azalduz. Nekazariek gobernuko nekazal politikaren aurkako manifestazioak antolatu zituzten. Intelektual eta artistek mugimenduan aktiboki hartu zuten parte: aktoreek Odeongo antzeztokia okupatu zuten, Canneseko zine jaialdia eten egin zen eta bost Nobel saridun frantziarrek, beren babesa eman zieten ikasleei.
Estatu osoan zehar bizi zen egoera sozial lehergarriaren adibide onena erreakzioak indarrak batzeko egin zuen saiakera zapuztuan islatu zen, porrot nabarmena jasoz. De Gaullen etorrerarekin, maiatzaren 18an, Errepublikaren defentsaren aldeko komiteek manifestazio bat deitu zuten. 2000 pertsona bakarrik joan ziren. Alperrik zen, kapa ertainak eta burges txikiak mobilizazioan parte hartzen ari ziren, baina barrikaden beste aldean. Burgesiaren komunikabideek ere porrot egiten zuten. Arte grafikoen langileek, greban hauek ere, izugarrizko ekarpena egin zuten: beren komiteen bitartez prentsa burgesaren editorialen gezurrak zentsuratzen hasi ziren. Ikasleen ordezkari batek telebistako eztabaida batean izan zenekoaz esan zuen: “Telebistara iritsi ginen….teknikoen, mundu guztiaren begikotasuna segituan nabaritu genuen.”
Polizia barruan ere zatiketa garrantzitsuak egon ziren. Historiak erakutsi du polizia ez dela gizartearengandik at dagoen burbuila batean bizi. Sektore garrantzitsuak iragazkorrak dira borrokarekiko; beraiek ere soldatapekoak dira eta polizia frantziarrean ere manifestariez beteriko kaleetan mugimenduarenganako begikotasuna azaleratzen joan zen. Maiatzaren 31ko editorialean, The Timesek, polizia frantziarra “deskontentuaz irakiten” ari zela ohartarazi zuen. Ez zen gutxiagorako, polizien sindikatuak gobernuari esan zion “poliziaren ofizialok aintzat hartzen ditugu grebazaleek soldata igoerak eskatzeko erabiltzen ari diren arrazoiak eta bestetik salatu egiten dugu, legea dela medio, era berdintsu batean ezin dugula mugimendu honetan parte hartu…. Autoritate publikoek ez lukete polizia sistematikoki erabili behar langileen borroken aurka.” Burgesiarentzat amesgaizto nabarmena zen, langile klasea leku guztietan zegoen. Klase agintari frantziarrak bere jazarpenerako erabiltzen zuen tresna oro, beharrezkoak bere aginte ideologiko eta fisikorako, indar errepresiboen moduan, bere kontrolpetik kanpo zeuden. Estatu burgesaren makineria handi hori, egoera “normalean” ahalguztidun eta hutsezina dirudiena, langileen mugimenduaren aurka jarriz pitzadura handiak jasaten hasi zen.
Langileen agintariek boterea hartzeari uko egin zioten
Aste gutxiren buruan egoeraren aldaketa erabakigarri bat eman zen; ez zen ikasleen matxinada huts bat, ezta gazteena ere. Gerrarako prest zegoen langile klasea zen, gizarteko sektore ekoizlea, bere onespenik gabe inongo fabrika ez da martxan jartzen, ez trenik, metrorik, autobusik, okindegirik, gasolindegirik; langile klasearen baietzarik gabe sistemak ez du funtzionatzen, eta langile klase frantziarrak praktikan bere benetako indarra egiaztatu zuen.
Burgesiak egoera eskuetatik joan zitzaiola nabaritzen zuen. Errepresioak ez zuen lortzen grebalariak izutzea eta kontzesioek berriz, adoretu egiten zituzten; erreakzioaren usadiozko oinarriek ez zuten erantzuten, komunikabideak, hain arma baliagarriak garai “normaletan”, kontrolpetik kanpo zeuden. Klase agintariaren etsipena oso sakona zen. Urte batzuk geroago Parisko estatubatuarren enbaxadoreak gogoratu zuen nola De Gaullek esan zion Errumaniatik etorri eta egun gutxira: “Amaitu da jokoa. Egun gutxiren buruan, komunistak boterean egongo dira”. Egoera hartan, zer egin zezakeen klase agintariak? Aukera bakarra zuen: Agintari erreformista eta estalinistengana jotzea, kapitalismoa salbatzen saiatu ahal izateko.
Maiatzaren 25ean gobernua, patronala eta sindikatuen arteko negoziazioak hasi ziren; eta 27an Grenelleko Akordioa izena jasoko zuen itun batera iritsi ziren. Nola liteke langileen agintariak burgesiarekin biltzea kapitalismoa nola salbatu ikusteko, langile klasea iraultza egiten ari den bitartean? PCF berak onartu zuen “ mugimendua munduak jasaten dituen eraldaketetara zuzentzen ari da”. Baina Leninek Estatua eta Iraultza izeneko lan handian azaltzen duenez: “klaseen arteko borroka soilik onartzen duena ez da marxista, oraindik pentsamendu eta politika burgesaren markoaren barruan egon daiteke…marxistak klaseen arteko borrokaz gain langileen diktadura ere aintzat hartzen du”. Klaseen arteko borroka 1968an Estatu Frantziarrean inork ukatu ezin zuen errealitatea zen, baina ez zen nahikoa errealitatea ezagutzea, benetako alderdi iraultzaile batek prest egon behar zuen borrokan esku hartu eta langile klasearen garaipena egia bihurtzeko. PCFko agintariek programa iraultzaile baten gabezia zuten, aspalditik langile klaseak kapitalismoarekin amaitzeko zuen gaitasunean sinesteari uko egin baitzioten, gizarte berri bat eraikitzeko aukera galduz.
Boterea hartzea posible al zen?
PCFko zuzendaritzari dagokionez, bere agintariek behin eta berriz esan zuten beren borondatea zein zen, “ masen mugimenduaren garapena erraztea da, monopolioaren aurka azalduko den gobernu baten etorreraren alde borrokatzea, horrela sozialismoari atea irekitzeko gai bihurtuz”. Benetako garaia iristean baina, hau da, botere hartzea, iraultzaren garaipena edo porrota alderdiaren politikaren baitan dagoelarik erabat, politika iraultzaile bati uko egiteko era guztietako arrazoiak azaldu ziren. Azkenik PCFko zuzendaritzak berriz ere ardura mugimenduaren sorbalden gainera erortzen utzi zuen, masei boterea hartzearen eginkizuna egiteko heldutasuna falta zitzaiela salatuz. Waldeck Rochetek esan zuen: “… indarren korrelazioak ez zuen onartzen langile klaseak eta bere aliatuek botere politikoa maiatzean hartzea, talde ezkertiar axolagabe batzuek nahi izan zuten bezala”. Rocheten adierazpenek benetako gertaeren ibilbidea ezkutatzen zuten. Agian ez ote zuen gizartea eraldatzeko nahiko indar langile klase frantziarrak? Hitz gutxitan, Leninek edo alderdi boltxebikeak, PCFko zuzendaritzaren politika bera ezarri izan balute, 1917ko Urria ez zen inoiz emango.