The Wall Street Journal “Portugalen kapitalismoa hil da” esatera heldu zen baina zoritxarrez Portugalgo Alderdi Sozialistaren eta Komunistaren politikaren ondorioz ez zen posible izan kapitalismoarekin bukatzea.

70eko krisiak egonkortasun aldi luzearekin amaitu zuen herrialde kapitalista garatuetan. Europa guztian zehar zeuden inflazioak, langabezia masiboak, konkista sozialen aurkako erasoak… Honi guztiari borroka giro orokortuarekin eta gizartearen ezkerrerako joerarekin erantzun zitzaion eta Portugal izan zen prozesua urrutien eraman zuena. Portugalgo burgesia, historikoki, oso atzeratua izan da. Kapitalista portugaldarrak ez ziren gai iraultza demokratiko-burgesa aurrera eramateko, lurjabe eta kapital britainiarrarekin zeuzkaten loturengatik. Apirilaren 25aren bezperetan zazpi familia handi ziren ekonomiaren gehiengoa kontrolpean zutenak.

Baina Portugalgo kontzentrazio kapitalista horrek ezusteko eraginak izan zituen 50. eta 60. hamarkadan. Oporton, Setubalen, Lisboan… langile kontzentrazioak sortu ziren eta honekin batera kontzientzia kolektiboaren hazkundea etorri zen; bizitza hobetzeko borrokaren esperientziak Salazarren eta ondoren Caetanoren Estatu diktatorialarekin talka egiten zuen. Bestalde, monopolizazio prozesuak pobretu eta langiletu egin zuen herrietako eta hirietako burgesia txikiaren sektore handi bat.

1974ko apirilaren 25eko Estatu Kolpea ez zen zeru oskarbi bateko tximista izan. Portugalgo krisi kapitalistak eta bere erregimenak inkubatu zuten. Krisia etortzen denean, kaleratze masiboak gertatzen direnean, inflazioa, soldata murrizketak... proletalgoaren indar potentziala esnatu egiten da, eta gauza bera gertatu zen Portugalen. 1970ean bankuetako langileek lehenengo Konbenio Kolektiboa ezarri zuten beren borrokarekin eta urte bereko urrian Intersindikala sortu zen metaleko, ehungintzako eta finantzetako sindikatuen iniziatibarekin; 1973ko apirilean 40.000 langile manifestatu ziren Oporton; urte bereko udazkenetik 1974ko apirilaren 25era 100.000 langilek egin zuten greba, noski ilegalki.

Gerra koloniala ere faktore erabakigarria izan zen diktadura erainsteko. Aparatu estatal atzerakoiak eta burgesiak indarrak bateratu zituzten Angola eta Mozanbikeko eremu zabal eta aberatsak beren menpe izaten jarraitzeko. Baina zapalketa honen kostua oso garestia zen, baita metropoliko masentzat ere. Gerra kolonialean (1961-74) 15.000 portugaldar hil eta 30.000 ezindu geratu ziren eta gainera soldaduskak lau urte luze irauten zituen. Bestalde, 1973ko abentura kolonialista odoltsuak aurrekontu guztiaren %45 irentsi zuen.

APIRILAREN 25

Portugalgo iraultzaren ezaugarri nagusia Estatu Kolpe militar batekin hasi izana da. Subofizial eta soldadu talde batek dena kontrolatzen zuen diktadura batekin amaitu zuen 24 ordutan inongo erresistentzia eta odol isurketarik gabe. Honek langile klasearen indarra oso handia zela erakusten du; bere ausardiak, bere borrokak, gerra kolonialarekin eta diktadurarekin pobretuak eta nazkatuak zeuden kapa ertaineko kideak erakarri zituen, ejerzitu barruko talde bat (MFA, Movimento das Forças Armadas) diktaduraren aurkako konspirazioaren autore izateraino.

Apirilaren 25ean hamarkadetan zehar bildutako energia eta amorru guztia lehertu egin ziren: ospakizunak, borrokak, manifestaldiak, aldarrikapenak, era guztietako erakundeak, eztabaidak… sortu ziren. Otsaileko Errusiar Iraultzan bezala, masek zuten boterea baina ez zeuden jakinaren gainean. MFA-k Spinola buru zen Salbamendu Nazionalerako Batzarrari eman zion boterea.

Mugimenduak hala ere aurrera jarraitu zuen: preso politikoak askatu zituzten, pideak (PIDE polizia politikoko kideak) jazarriak izan ziren, enpresak saneatuak (faxistak bidaliak), etxe bizitza hutsak okupatuak. Alentejeko jornalariek latifundioak okupatu zituzten; grebak egiten ziren soldata igoera eta 40 orduko lan-astea aldarrikatuz. Langileen kontrolpeko neurri politikoak ere aldarrikatzen ziren: ekonomiaren fiskalizazioa, langile kaleratuak berronartzea eta faxisten depurazioa. Langileen eta herritar zapalduen borroka hauek perretxikuak bezala sortzen ari ziren langile eta bizilagunen batzordeek (Comissoes de Moradores) antolatu zituzten. Maiatzaren Lehenean, estatu kolpetik bost egunera, 600.000 pertsona manifestatu ziren Lisboan, horien artean soldadu eta marinel armatuak zeudelarik. Burgesia ez zen gai egoera kontrolatzeko, bere erabakiak betetzeko indar armaturik ere ez zuen! Kontrola berreskuratzeko modu bakarra langile erakundeek zuten prestigioa erabiltzea izan zen. Batez ere, Alderdi Komunista (autoritate handia zuen “diktaduren aurka borroka egin zuen alderdia” zelako) eta Sozialista.

ALDERDI IRAULTZAILE BATEN GABEZIA

Zoritxarrez, boltxebismoaren baliokiderik ez zegoen Portugalen Apirilaren 25ean. Maiatzaren 5ean PAK-ek (Portugalgo Alderdi Komunista) behin-behineko lehenengo Gobernuan sartzea eskatu zuen, lehen ministroa Palma Carlo eta lehendakari Spinola zirelarik. Spinolak honela azaldu zuen sartze hau: “gobernuaren eginkizunen erantzunkizuna eman behar zitzaion. Bestela (…) ez zukeen inongo ardurarik hartuko, bere irudia indartuz” (António de Spínola, Ao serviço de Portugal). Noski, Alderdi Sozialista ere gobernuan sartu zen. Bi alderdiak, ñabardura batzuk kenduta, ados zeuden oinarrian. Publikoki sozialismoa aldarrikatzen bazuten ere, praktikan hau urruti zegoela eta demokrazia indartu behar zela zioten, eta bide bakarra aldarrikapenak moderatzea zela burgesia demokratikoa ez beldurtzeko. Politika honek burgesiak Estatuaren kontrola bereganatzea erraztu zuen eta Batzordeen boterea puskatzea lortu zuten kapitalistek.

Nahiz eta giroaren erradikalizatzeak MFA-ren gehiengoa  Iraultzaren helburua sozialismoa zela aldarrikatzera bultzatu, nahiz eta langileen presioarekin Gobernua zazpi talde ekonomiko garrantzitsuenen zati handi bat nazionalizatzera behartua izan, nahiz eta The Wall Street Journalek “Portugalen kapitalismoa hil da” esan, buruzagi sozialistek eta komunistek ez zuten betebehar iraultzaileei buruz hitz bakar bat ere esan, ez zuten ezer aipatu nazionalizazio horiek behar zuten langileen kontrolaz.

KANPAINA ANTIKOMUNISTA

Burgesia aurreiritzi antikomunistak zabaltzen hasi zen bere oinarri sozialean langile klasea bitan banatzeko. Oinarri sozialista politikoki desarmatua izan zen erreakzioari erantzuteko komunisten erahilketa eta PAK-en eta Intersindikalaren egoitzen aurkako erasoak erraztuz.

Egoera honetan erreakzioa Gobernu berri bat osatzeko indarrarekin ikusten da helburu garbi batzuekin: burgesiarentzako kontrola bereganatu, Batzordeekin amaitu eta Ejerzitoaren kontrola berreskuratu. Baina iraultzaren sugarrak pizturik jarraitzen zuen: Oporton mugimendu iraultzaile semiklandestino bat sortu zen (SUV, Soldados Unidos Venceran) zeinak destakamentu gorriarekin bat egin zuen desfile armatuan; eraikuntzako100.000 langilek Asanblada Konstituziogilea inguratu zuten konbenioaren aldeko borrokan diputatuei irtetea eragotziz. Diputatuak erreskatatzeko asmotan bidalitako tropek langileekin bat egin zuten.

Iraultzaren azken ekintza destakamentu gorriaren altxamendua izan zen azaroaren 25ean. Soldadu eta ofizialen borroka zapaldua izan zen prestakuntza militar nahikoa ez zutelako eta benetako ikuspegi sozialista baten faltagatik.

Zuzendaritza boltxebike batekin apirilaren 25ean hasi zen egoera iraultzaileak Portugalgo eraldaketa politikoa ekarriko zuen: zazpi familia handiak, multinazionalak eta latifundioak desjabetu,  kapitalismoarekin amaitu, langile demokrazia ezarri eta honenbestez herritarren bizi maila hobetuz.