1959ko Urtarrilaren 1ean, Estatuaren aparatu errepresiboaren deskonposatze orokorra emateaz gain, Batista diktadore ankerrak AEBetara hegazkinez ihes egiten zuen bitartean gerrilla hirietan arrakastarekin sartzen hasi zen. II. Mundu Gerraren amaieraren ondoren AEBak lehenengo potentzia ekonomiko, politiko eta militar kapitalistan bihurtu ziren. Horrela, Kubako Iraultza eta honen ondorengo garapena amerikar inperialismoak inoiz jaso zuen kolperik zuzenena irudikatu zuen, beti ere Vietnamen pairatutako porrotak gainditua.
1959ko iraultzaz geroztik, Kuba inperialismo eta kapitalismoaren aurkako borrokaren ikur bihurtu zen. Kubak gaur arte ekonomi planifikatua mantendu izanak, Sobietar Batasunaren eta inguruko Ekialdeko erregimenen erorketen ondoren, hau da, erlazio komertzial gehien zituzten herrien erorketen ondoren, eta 90. hamarkadak kapitalismora itzultzeko suposatu zuen presioak eta mundu guztiko neurri pribatizatzaileek Kubaren erresistentziaren irudia indartu besterik ez dute egin.
Nahiz eta ekonomi ahulagatik zailtasunak eduki, eta hori gutxi balitz, inperialismoak iraultzaz geroztik blokeo ekonomikoa jazarri duen, ekonomiaren izaera ez kapitalistarekin heziketan, osasunean, alfabetizazioan (analfabetismoa iraultzaren lehen urtetan desagertu zen) eta beste hainbat arloetan Latinoamerikako beste herrietako baino maila hobeagoak lortu zituen Kubak.
Kubatar ekonomiaren izaera ez kapitalista iraultzaren lorpen sozialaren oinarri nagusia da, eta bereziki, inperialismoari gorrotoa sortzen dion arrazoia. Inperialismoak “Kubaren demokraziaren gabeziari” buruz hitz egiten duenean, faltsukeriaren usaia dario, praktikan komeni izan zaizkion estatu kolpeak, Batistarena barne, eta diktatura odoltsuenak babestu baititu. Inperialismoak benetan gorrotatzen duena, Latinoamerika osoan zehar zeuden prozesu iraultzaileen testuingurua kontutan hartuta, betidanik bere atzeko jolaslekua kontsideratu zuen ekonomi planifikatuko herriaren existentzia zen.
Hala ere, Kubako Iraultzaren konkista sozialen irautea, hau da, Kubak milioika pertsonentzat irudikatzen dutenaren irautea bera, ez dago aldez aurretik bermaturik. Kubak bere konkista sozialak mantendu ditzan, iraultzaile kontsekuente ororen betebeharra da perspektiben eta programaren eztabaidan sartzea. Gure iritziz, konkista sozial horiek babesteko, iraultza langileen demokrazian eta iraultza beste herrialdeetara zabaltzearen borrokan oinarritu behar da.
1959ko Kubako Iraultzaren garaipena eman zeneko testuingurua, Latinoamerikako eta mundu guztiko nazio kolonialetako eta kolonia ohien jarduera politikoaren igoeran zetzan. II. Mundu Gerra amaituta, prozesu iraultzaileak indartu egin ziren kapitalismoko kate-mailaren zati ahulenetan, kasu askotan independentzia nazionalaren aldeko borrokaren itxura hartuz.
Latinoamerikako herrietan eta Kuban, egoera ezegonkorra zen, ondoeza kapa sozial ugarirengan ugaltzen zelarik: langileengan, nekazariengan eta burgesia txikiaren sektoreengan. II. Mundu Gerraren osteko hazkuntza ekonomikoak herri aberats eta txiroen arteko aldea txikitu beharrean handitu egin zuen; gabezia, zapalkuntza eta inperialismoarenganako mendetasuna irauteaz aparte hazi egiten ziren desberdintasunak, nahiz eta herri hauek independentzia formala izan.
Kubako gizartearen garapena 1959ko iraultza artean, Kubako burgesiaren izaera atzeratu eta otzanaren aldetik oztopatua izan zen. XX. mendeko lehenengo hamarkadaren amaieran, azukrearen produkzioaren %70 baino gehiago atzerritar jabegoko landaketatik zetozen eta gainera, zeuden jabego kubatar gutxi hauek banku iparramerikarrekin zorpeturik zeuden. Dirua zeukaten kubatarrak produkzio gutxiko negozioetan sartu ziren, hala nola jokoa eta prostituzioa, betiere ernatzen ari zen eros ahalmen handiko turismo amerikarrari zuzendua, honela burgesia kubatarraren izaera zaharkitua sinbolizatuz.
Iraultzaren bezperatan herriaren egoera soziala erabateko desberdintasun eta txirotasunean zegoen. Eskolatu gabeko populazioaren portzentaia 20. hamarkadakoa baino handiagoa zen. Hala ere, Habanan munduko beste hirietan baino Cadillac gehiago ibiltzen ziren. 30.000 lur jabek lur nekazarien %70 beren esku zuten, nekazarien %78,5ak horien %15arekin konformatu behar zuten bitartean. Kainaberaren landaketan latifundioaren agintea are handiagoa zen: 22 jabego handik landa zitezkeen lurren %70aren jabe ziren. Hauxe zen 50. hamarkadan kapitalismoak kubatarrei eskaintzen zien panorama.
GERRILLAREN SORRERA
Erbestean, Fidelek Kuban hasiera emango zion mugimendu iraultzailearen protagonistak elkartzen hasi zen, horien artean, Che bera. Gramma izeneko txalupa mitikoan, 100 pertsonetara iritsi gabe, 1956ko azaroaren 25ean Mexikoko Veracruz hiritik atera ziren Kubako kostara abenduaren 2an iristeko.Lehorreratu ondoren, poliziekin eduki zituzten hainbat topaketek taldea ia erabat banatu zuten eta aste batzuk geroago, Sierra Maestran berriz bildu eta gero, lehenengo gerrillari nukleoa sortu zuten.
Gerrillari hauen egitaraua, uztailak 26ko mugimenduan antolatua zegoena, forman erradikala zen, baina ez programan. Fidelek 1958ko udaran elkarrizketa batean kazetari iparamerikar bati esango zion bezala: “Behin ere ez naiz izan komunista. Hala izango banintz, nahiko indar edukiko nuke hori aldarrikatzeko”. Egia esan behar bada, ez Fidelek, Ortodoxoen adar unibertsitariotik zetorrenak, ezta Chek ere ez zuten Kuba sozialista bat helburu hasiera hartan. Beren borroka justizia sozialaren, demokraziaren eta askatasun nazionalaren nahiak mantentzen zuen, aurrean iparraldeko erraldoiaren errepresio itogarria baitzuten.Boterea hartu eta gero, hilabete batzuk igaro behar izan ziren Fidelek Kuban eman zen iraultzaren izaera sozialista aldarrikatzeko.
Gerrillariak, hasieran Ekialdean finkatu ziren, eremu txiroena izateaz gain nekazal borrokarako tradizioa zuen zonaldean. Nahiz eta erregimenak itxura indartsua eduki errealitatean ustelduta zegoen erabat. Horrela, Batistak ez zuen inolako babes sozialik eta boterean errepresioa eta inertzia politikoari esker irauten zuen.
Gerrillaren aurrerakadak eta jendearen babesaren igoerak ejertzitoaren deskonposatzea azkartu zuen, baita desertzioak ere, soldadu eta aginteen bando aldaketak gerrillaren alde maiz emanez. Gerrillarien fronte desberdinak hirietara sartzeko garaian ez zuten inongo trabarik aurkitu ejertzitoaren aldetik. Hala ere, ez zegoen dena ziurtaturik. Urtarrilaren 1ean Batistak ihes egin ondoren, ejertzitoko sektore batek denbora galdu gabe eta gerrillak boterea hartu ez zezan, Batistaren aurkako gobernu bat ezartzen saiatu ziren. Une horretan, prozesu guztian ikus-entzule izan zen La Habanako langile klaseak berebiziko garrantzia hartu zuen mugimendu hau ezerezean uztean. Karolek dioen moduan Gerrillariak Boterera izeneko bere liburuan “….hiriburuan emandako greba orokorra egoera honen elementurik nagusiena bihurtzen da, botereak utzi duen hutsartea edonori hartzea eragozten baitio”. Aurrerago zera dio “…Ejertzito matxinatua ez zen behar bezain anitza egitura politiko zaharkituei azken kolpea edo herio-ukaldia emateko. Horretarako derrigorrezkoa zen grebak sortu zuen mugimendu indartsuaren laguntza.
GERRILLAREN GARAIPENA
Gerrillaren garaipenak masa zapalduen artean beren bizitzako egoera aldatuko zuten itxaropen handiak sortu zituen. Gerrilla hark ez zuen diktadura bat ezabatu bakarrik, aldaketa soziala emateko eta jendeak bere presio osoa kanalizatzeko tresna ere bilakatu zen. Gainera, egoera berezia eman zen, non (,) estatu burgesa, Batistaren aparatu errepresibo ustelduan oinarrituta, azukre koxkor baten antzera desegin baitzen. Prozesu iraultzaile honen igoera eta gerrillaren aldeko manifestazioak ematen ziren heinean, burgesiaren zatirik handienak burrunba batean alde egin zuten, hau da, bufaloek arriskuaren aurrean egiten duten moduan. Hori ikusita AEBak ekonomia kubatarra itotzeko bere azukre kuota erostera eta petrolioa irlan kokatuta zeuden enpresetan birfintzera ukatu ziren.
Kubako prozesu iraultzaile honen berezitasuna honakoa zen: gerrillako agintariek nahiz eta inongo programa sozialistarik ez eduki, nahiz eta langile klaseak aktiboki, kontzienteki eta era organizatu batean prozesu honetako ataletan parte ez hartu, irlako errekurtso nagusienak nazionalizatzeaz gain, ekonomi planifikatu bat ezarri zela. Kapitalismoaren abolizioak irlaren gizartearentzat izugarrizko aurrerapausoa suposatu zuen. Baina Kubako iraultzaren arriskuak ez dira desagertu. Inperialismoaz gain Kubako burokrazia prokapitalista iraultzaren konkista sozialak apurtzeko prest dago irlara kapitalismoa ekarriaz. Honi aurre egiteko beharrezkoa da Kubako herrian benetako langileen demokrazia ezartzea, burokrazia pribilegiatuari aurre egiteko. Iraultza Latinoamerikako beste herrialdeetara zabaltzea ere ezinbestekoa da Kuba kapitalismoaren hatzaparretan ez erortzeko.