Iraultzaile errusiar handi honen adierazpen inspiratzaile hauek marxistok gaurko egunean sistema kapitalistari aurre egiteko oinarrizko ideiak planteatzen dituzte, gizartearen eraldaketa sozialistaren borrokan jarraitzeko.
Estalinismoaren erorketaren ondoren burgesia eta bere akolitoen kanpaina indartsu bat hasi zen mundu guztian, marxismoaren eta sozialismoaren benetako ideien aurka. Hurrengo urteetan herrialde kapitalista garrantzitsuenetan nolabaiteko egonkortasun ekonomiko eta soziala eman ziren eta horretaz ere baliatu ziren eraldaketa sozialaren ideia ezabatzeko.
Marxistok ez dugu beldurrik eduki behar azkeneko bi hamarkadetan langile mugimenduak beheraldi ideologikoa izan duela aitortzeko. Masen erakunde tradizionaletako agintari politiko eta sindikalak eskuinerantz joan dira orokorrean herrialde guztietan eta horrek langile mugimendua desorientatuta eta perspektibarik gabe utzi du.
Paradoxikoa da FMI giza historian inoiz izan diren ezberdintasun ekonomiko eta sozial handienak errekonozitzen ari den bitartean langile mugimenduaren barruko joera gehienek, moderatuenetatik hasi eta ezkertiarrenetaraino, gaur egungo egoera ontzat ematea, kapitalismoa “txarretan onena” den sistema balitz bezala santifikatzea eta burua lurraren azpian gordez garai hobeen esperoan egotea. Herrialde garatuetan langile klaseak lortutako konkista historikoak murrizten ari dira egunero, langile klaseko gazteenei etorkizun beltz bat eskeintzen zaie, gerrak hainbat lekutan, gaixotasunak, miloika pertsonengan eragina duten basakeria eta miseria amaigabeak mundu osora zabalduta gero eta gehiago; hau dena multinazionalen interes ekonomikoen ondorioz. Kapitalismoaren ekoizpen anarkikoa berealdiko krisi gogorrak prestatzen ari den bitartean hainbat agintari politiko eta sindikal ezkertiarrek ez dute burgesiak dominatzen duen gizartearen partez sozialismoa eraiki nahi, zapaltzaileen salbatzaile handienetan bihurtzen direlarik.
Makalaldi ideologiko hau zertan den erakusteko, azken urte hauetan, langile mugimenduaren barnean dauden analista burutsuak ekonomista burgesen bulegoetan prestatzen diren zabarkeriak errepikatzen ari dira behin eta berriz. Analisi marxista hondatuta dagoela ikusarazteko hainbat “froga eta gertaerekin” bonbardatzen gaituzte, batez ere ekonomia berriaren aitzakia erabiliz. Langile klasea “modu tradizionalean” ez dela existitzen esaten dute ekoizpenean sartu diren teknologia berrien ondorioz. Gizartearen estruktura aldatu dela aipatzen dute erdi mailako klaseen sorrerarekin, honek ekonomian industriak orain arte zeukan indarra ahulduz eta beraz akolito hauen ustez langile industrialek sistema ekonomiko kapitalistan garrantzia galdu dute.
Analisi hauetatik harrigarriena ez da esaten dutena, berauetan ezer berririk ez dagoela baizik. Hitzez hitz, azken ehun urteetan marxismoaren oinarrizko ideien aurka eraibili diren argumentuak errepikatzen dira berriro. Aldizkari honen bitartez argumentu horiek erantzun nahi ditugu marxismoaren baliozkotasuna defendatuz.
Guretzat, marxismoak eskeintzen dituen ideia eta analisien konjuntua langile klaseak orainaldia ulertzeko eta etorkizuna irabazteko herraminta onena da. Che Guevara gerrilarekin borrokan Sierra Maestran zegoenean ere ez zen ahazten marxismoaz eta baldintza gogorretan egonagatik norbait bidali zuen Marxen lan garrantzitsuenetakoa den El Capital obraren bila buruan etorkizuneko eginkizunak zituenez haiek prestatzen joateko.
Aldizkari honen atal honetan hiru aspektu landu nahi ditugu batez ere: langile klasea kontzeptuaren definizioa, honek ekonomia kapitalistan jokatzen duen papera eta klase kontzientziaren formakuntza prozesua gizartearen eraldaketa sozialista emateko derrigorrezko pauso bezala.