Hamarkadetan zehar, erreformistek langile klasearen hoberako erreformen aldeko borroka mesprezatzeaz salatu dituzte marxistak. Begi-bistakoa da hau erabat faltsua dela, ideia hauek kontzienteki zabalduak dira marxistak langile familien eguneroko arazoez arduratzen ez diren zoro eta sektario bezala aurkezteko.

Marxistak ez dira bereizten erreformistengandik erreformak baztertzen dituztelako.  Alderantziz, marxistak dira erreformen alde borroka gogorren egiten dutenak, baina borroka honi klaseko eduki sozialista ematen die, erreformistek ez bezala.

Gizarte kapitalista langile klasearen eta beste klase eta geruza zapalduen zapalkuntzan oinarritzen da klase kapitalistaren eskutik. Honek gizartean duen agintea eta pribilegioak zalantzan jartzen ez dituzten erreformak bakarrik onar ditzake. Marxistek erreformen aldeko borroka palanka moduan erabiltzen dute klasearteko borroka azken ondorioetaraino bultzatzeko eta langileek bere indarrengan eta buruarengan duten konfiantza indartu ahala bere klase kontzientzia indartzeko. Erreformistek, aldiz, kapitalismoak bere baitatik eman dezakeenera automugatzen dituzte beren ekintzak eta langile masenak, inongo egoeretan hau zalantzan jarri gabe; hau da, kapitalisten jabetza pribatua eta bere irabaziak zalantzan jarri gabe.

Egia da, boom ekonomiko batean bere irabaziak igo eta igo ari direnean, kapitalistak bere langileei ogi apur batzuk emateko gai direla; inoiz doakoak ez diren apurrak, borrokaz, gogor lan eginez, ordu estren bidez, osasuna izorratuz eta familiako bizitza sakrifikatuz lortzen direnak.

Baina, zer gertatzen da kapitalistentzat negozioak gaizki doazenean, edo hauek lehen langileei emandako erreforma batzuk mantendu ezin dituztenean? Egoera horretan, sindikatu eta langile alderdi erreformistek interes kapitalisten transmisio lokarri baten antzera jokatzen dute. Kapitalisten interesak zalantzan ez jartzean bere burua erreformen aldeko borroka uztera beharturik ikusten dute eta kontrarreformen ezarpenak babestera, langile klasearen interesen aurka. Ez al da hau bada azken urteetan mundu guztian zehar eta, batez ere, gure inguruan ikusi dugun errealitatea?

Mundu guztian zehar gobernu kapitalistek bultzatutako langile familien aurkako kontrarreformak babestu dituzte hainbat sindikatu erreformistek. Eta kasu gehienetan gobernu erreformistek ere eskuinaren politika berdina mantendu dute praktikoki, patronalaren eta eskuinaren presioen aurrean burua makurtuta. Boom ekonomikoa deitu dioten garai honetan, hazkuntza ekonomikoaz eta enpresa eta bankuen irabaziez hainbat erreformistek harrotasunez hitz egiten duten honetan ikusi besterik ez dago zein diren masen soldatak eta erosahalmena, etengabe jaisten ari dira, zer esanik ez etxebizitzaren egoeraz, familien zorpetze larriaz eta nola ez gero eta ilunagoa den lanpostuen prekaritateaz. Lan erreformek, hezkuntzakoek etab. errekorte sozialen bidea jarraitu dute eta bitartean, non daude zuzendari sindikalak?

Hau dena gainera desmobilizaziorako politika kontziente batekin dator. Eskuina, erabat erradikalizaturik dabil Europako zenbait herrialdeetan, geruza erreakzionario guztiak batzeko eta mobilizatzeko bere gaitasun handienetan dagoen bitartean, zuzendaritza erreformistek ez dute behatz bat bera ere mugitzen, langileriaren, klaserik borrokalarienaren, potentziala paralizatuz eta asfixiatuz. Metodo iraultzaileak baztertzean eta langile klasea mesprezatzean, logika ergel eta koldar batekin jokatzen du: Eskuinari aurka egiteko modu hoberena bera imitatzea eta asko ez probokatzea da. Hau langileentzat kaltegarria izateaz gain, hauteskundeei begira zentzugabea da, eskuineko politiketaz hitz egitean, nahiago izaten delako originala bere fotokopia baino.

Marxistentzat erreformen aldeko eguneroko borrokak ezinbestekoak dira langile klasea bere osotasunean mobilizaziora bultzatzeko, ez bere sektore kontzienteenak bakarrik, hain zuzen ere atzeratuenak eta inerteenak bultzatzeko. Modu honetan, langile klasea borrokan batzen da eta esperientziaren bitartez bere kontzientzia maila igotzen du. Erreformen aldeko borroka arrakastatsuak langileei berez duten indarrean konfiantza emateko balio du, indartsuak direla ulertarazteko, azken finean langileen baimenik gabe ez dela gurpil bat bera ere mugitzen, ezta argi bat bera ere pizten erakusten digu; eta, aldi berean bizi eta lan baldintzen aurrerapen guztiek bai gure auzoetan, bai legeetan, etab. gure kontzientzian eta duintasunean eragiten dute, nagusi baten menpeko lan makina soilak baino zerbait gehiago garela eta pentsatzen eta bere kabuz ibiltzen dakiten gizon eta emakumeak garela sentiarazten digute, borrokatzen dugunaren azken helburuak zein diren argiago erakutsiz.

Gainera, marxistak erreformistetatik benetan bereizten dituena, inolako azpijokorik erabili gabe langile klaseari, kapitalismoak esku batekin ematen dizuna bihar bestearekin kenduko dizula azaltzen diotela da, hau da, konkista guztiak denboraldi motz batekoak direla, korrelazio indarrak aldatzen diren arte irauten dutela eta benetan gure aurrerapen sozialek irauteko eta hauek hobera egiteko bide bakarra gizarte kapitalistarekin amaitzea dela.

Boom ekonomikotik krisira bitarteko, eta alderantzizko, trantsizioa urteetan zehar pilatutako esperientzia izaten da, hain zuzen ere, etorkizunaren aurreko zalantza pizten duena, kontzientzia hartzearen prozesua bizitzea eragiten duena eta berandu baino lehen, sistema honetan jarritako itxaropen guztiak pikutara bidaltzen dituena.

Erreformen aldeko borroka ekonomikoaz edo sindikalaz gain, politikoki ere borrokatu behar dela azaltzen du marxismoak, instituzioetan eta kalean, langile eta geruza zapalduen artean kapitalistak desjabetzeko eta giza baliabideak langileen kontrol demokratikopean jartzeko adinako indarra lortu arte. Horrela benetako gizarte sozialista bat lortzeko oinarriak jarri ahalko genituzke, zapalkuntza, miseria, gerra eta ingurugiroaren suntsiketarik existituko ez zena.

Zentzu honetan, marxismoak ez ditu mesprezatzen Parlamentuan eta beste instituzioetan lortu daitezkeen posizioak, hauek programa iraultzaile bat defendatzeko erabiltzea oso lagungarri da iraultzaileen ahotsa ozenago entzun dadin eta horrela ideien atzean herritar gehiago biltzeko. Baina instituzioetako lana masen borrokaren osagarri bat bakarrik izan behar du, azken borroka hau izango baita benetan helburu dugun gizartearen eraldaketa erradikal hau posible egingo duen bakarra.

Gazte edo langile guztiek dakite bere esperientziaren kabuz, kaleetako borrokaren bidez eta sindikatu eta langile alderdietan milaka eta milaka pertsonen antolakuntzaren bitartez bakarrik lortzen direla benetako aldaketa garrantzitsuak. Hortxe ditugu errepresioaren aurkako borrokak, gerraren aurkakoak...; eta hau egiazkoago bihurtzen da gizartea goitik bera aldatzeaz ari garenean.

Egia da, hamarkadak pasa daitezkeela langile klasearen masek existitzen den orden soziala zalantzan jarri gabe eta honek zuzendaritza erreformistek eta burgesiak, gizartearen errutinan eta inertzian oinarrituz, ordena sozialaren egoera normalean bere babes puntuak jartzera ahalbidetzen duela.

Baina berdin berdin erakusten du historiak badaudela momentu batzuk gizarte kapitalista krisian sartzen dela. Eremu ekonomikoan, politikoan eta sozialean pilatutako kontraesanen pisuak errutina eta inertzia hautsi egiten dute eta jendearen gehiengoak gizartearen ordena zalantzan jartzen du, iraganeko sineskeria eta aurreiritzi guztiak baztertuz eta gizartea aldatzeko antolatzea eta borrokatzea bilatuz.

Ilusio hutsa da, pixka-pixkanaka, gradualki eta urte askoren buruan, gehiengo bat lor daitekeela parlamentu burgesean eta gero honetaz baliatuz gizarte kapitalistan aldaketa iraultzaileak aurrera eraman daitezkeela pentsatzea. Ez historiak ezta giza kontzientziak ez dute modu gradualista honetan jokatzen. Alderantziz, fermentu iraultzaileko egoera batean bakarrik da posible, erakunde marxista eta iraultzaile baten bidez gizartea eraldatzea, langile klaseari bere botere organoak sortzen lagunduz (fabrika, enpresa, auzo, hiri... bakoitzeko borroka komiteak) eta kaleko presioarekin batera, monopolioak, bankuak, eta latifundioak espropiatzea, gizartea langile klasearen zuzendaritza demokratikoaz antolatuz.