Burgesiak bere gaztaroan feudalismoren aurka egin zuen bezala, langile klaseari dagokio orain sistema honen aurkako borroka zuzentzea. Langile klaseak du sistema kapitalista behin betiko lurperatzeko ahalmena. Produkzio kapitalistan duen paperak eta bere bizi eta lan baldintzen berezitasunek klase hau ordezka ezina bihurtzen dute eginkizun honetan.
Langile klasearen ideologia naturala
Erdi-mailako klasea, bere bizimoduan eta produkzioan duen papera dela eta, organikoki ez da gai sistema kapitalistaren benetako izaerari aurre egiteko. Gizartean duten posizioarengatik eta bere lan isolatuagatik, ez dira klase dominatzaileko etsai batekin zuzenean aurrez aurre jartzen. Honenbestez, beraien gaitz guztiak gobernatzaileen ezgaitasunetik edo borondate txarretik, edota bestela jainkoaren zigorretik datozela iruditzen zaie maiz.
Langileek berriz, euren gaitzen iturria euren nagusian ikusten dute. Hau da soldatak jaisten dizkiena, ordu estrak sartzera behartzen dituena, esplotatzen dituena eta kaleratzen dituena. Honen aurrean defendatu ahal izateko beharrezkoa dute lankide guztien elkartasunik handiena hemendik datorrelarik beren mentalitate solidario, kolektibo eta anti-indibidualistaren jatorria. Bestetik, lanerako orduan ere, ekoizpen prozesu orok behar du funtzionatu ahal izateko enpresako langile guztien inplikazioa, hauetako bakoitza ezinbesteko zati bat delarik ekoizpen prozesuaren katean. Egunerokotasunean eramaten duten elkarren arteko interdependentzia honek, indartu egiten du aipaturiko mentalitate kolektibo hau.
Edozein enpresetako langileen borrokak dialektikaren lege oso garrantzitsu bat azaltzen du: osoa bere zatien batura baino gehiago da. Lantegi bateko langileen indar bateratua askoz handiagoa da hauetako bakoitzak isolaturik egin dezakeen presioa baino. Hemen alderatzen dira erdi mailako klaseko burges txikiarekiko.
Sozialismoa da langile klasearen ideologia naturala. Langileen eta enpresako nagusiaren arteko borroka puntu gorenera iristen denean, hauek fabrikak okupatzera edo zuzendaritzak honen barruan eustera jotzen dute. Momentu horietan izaten da “hemen benetan nork agintzen duen” argi geratzen den unea. Nagusia desjabetzeko ideia eta enpresa langile guztien arteko jabetza komuna izan behar duela esaten dien sentimendua, beren kontzientziaren garapen naturalaren ondorioz jaiotzen da momentu jakin batean. Jabetza komunaren ideia langile izatearen baldintzatik sortzen da. Enpresak funtzionatzen jarraitu behar badu, hau ezin da zatikatu eta langileen artean banatu, baturik eta denek elkarrekin lan eginez mantendu behar da. Greba orokor orok ere mahaiaren gainean jartzen du, maila altuago batean, “hemen benetan nork agintzen duen”, eta aldi berean, baita langile klasearen sektore guztien interesak berberak direla. Egoera iraultzaile batean honen potentzial ikaragarria geratzen da agerian.
Ekonomia kapitalistan, lanaren banaketaren izaerak eta sektore ekonomiko guztien arteko elkarreraginek egiten dute ideia hau ekoizpen indarren osotasunera zabaltzea. Hemendik dator beraz, klase kapitalista guztiaren desjabetzea eta langile klase osoaren kontrol eta zuzendaritzapean egongo den ekonomia planifikatu baten sorrera langileek bere enpresa partikularretik ateratako ondorioen orokortze bat izatea.
Kapitalismoak berak sortzen dituen bizi baldintzak dira, hain zuzen ere, etorkizuneko gizarte sozialista baterako oinarriak jartzen dituztenak. Nekazal ekonomia zaharrean familia bakoitzak zuen bere etxea, putzua eta elikatzeko, janzteko eta bizi ahal izateko modu indibidual bat. Gaur egun ordea, langile familiak komunean bizi dira (hiri, auzo eta eraikin komunetan) eta elektrizitate, estolderia, telefonia, garraio publiko eta kontsumorako baliabide komunak dituzte ingurukoekin. Guzti honek pentsamendu indibidualista apurtzera eta sozialista bat sortzera bultzatzen ditu langile familiak.
Kapitalismoaren alternatiba
Kapitalismoa mundu mailako sistema bat da. Ekonomia kapitalistak mundu guztian zehar ezarri dituen lan banaketa erlazioek herrialdeak eta kontinenteak elkarrekin batzen dituzte. Herrialde batek ere, ezta boteretsuenak edo garatuenak, ezin dio merkatu mundialaren aginte itogarriari ihes egin. Estatu burgesak eta ekoizpen baliabideen jabetza pribatua oztopo nagusi bihurtu dira gizakiaren eta ekoizpen indarren garapenean. Bi hauek dira krisi ekonomikoak, gerrak eta gorroto xenofoboak eragiten dituztenak. Hauekin behin-betiko amaitzea eta historia zaharkituaren museora bidaltzea ezinbesteko baldintza da gizateriak bere aurrean dituen arazo eta basakeriak konpontzen hasteko.
Langile klasea ere mundu mailako klasea da. Esplotazio modu berberak, arazo eta interes berberek, mundu guztian zehar batzen dute langile klasea. Jasan dituen esplotazio kapitalistako 150 urteetan zehar behin eta berriz erakutsi izan du zertan datzan internazionalismo proletarioak; bai momentu ezberdinetan sortu dituen langile erakunde internazional eta iraultzaileekin, bai kapitalismoaren aurkako borrokan herrialde ezberdinetan erakutsi duen elkartasunarekin. Internazionalismoa ez da kontsigna huts bat, langile klasearen borroka mundu mailan batzeko ezinbesteko oinarria da. Planeta guztian zehar zabaldu behar da gizartearen eraldaketa sozialista baten aldeko borroka, mundu mailan bakarrik ematen baitira sozialismoa eraikitzeko aukerak.
Multinazional handiek eta garraio eta komunikabide modernoek, historian inoiz ikusi ez diren maila erraldoietan elkartzen dituzte ekoizpen indarrak eta erlazionatzen dituzte gizakiak. Kapitalismoak eman zuen garapenaren ondorioz, lehen aldiz bideragarria da ekonomia modu harmoniko eta demokratiko batean eta gizateria guztiaren interesen arabera planifikatzea eta ez pribilegiatu eta parasito batzuen arabera, gaur arte gertatu den bezala.
Iraultza sozialista garaile batek, herrialde bakar batean izanda ere, eragin ikaragarria edukiko luke munduko langileen kontzientzia eta perspektibetan, batez ere herrialde garrantzitsu batean ematen bada. Honelako garaipen bat mundu mailako iraultzaren hasiera bezala bakarrik uler liteke.
Egia da gizarte kapitalistaren aro normal batean ideia guzti hauek ez daudela langile klasearen gehiengoaren pentsamenduetan. Horretarako beharrezkoak dira aurretiko esperientzia bat, gizartearen inertziarekin apurtzen duen egoera iraultzaile bat eta langile alderdi ezkertiar eta borrokalari bat; marxismoaren programa tinko defendatzen duena eta masen artean eragina duena, langileei bere esperientzia eta interesekin bat azken ondorioak ateratzen lagunduko diena.
Marx eta Engelsek esplotazio kapitalistaren aurka langile klaseak dituen interes inkontzienteak ulertu eta azaldu zituzten, eta honela, klase hau, borroka honetatik eratortzen diren eginkizunez kontziente egin zuten. Ekoizpen erlazio kapitalisten erabateko eraldaketa eta klaserik gabeko gizarte sozialista berri bat eraikitzea dira ezbairik gabe langile borrokaren benetako garaipena.
Burgesia desjabetuta eta ekoizpen indarren planifikazio komun batekin bakarrik izango da gai gizateria bere benetako askapenerantz aurrera egiteko. Gure historia guztian zehar teknologian, zientzian, artean, pentsamenduan eta kulturan lortu ditugun garaipen konkista guztiak gordeaz eta hauen gainean konkista altuagoak eraikiaz, etorkizun oparoa eta mugagabea du oraindik gizakiak ezagutzeko. Etorkizunik bada hura sozialismoarekin da.