Estatuaren auzia funtsezkoa izan da betidanik marxistentzat. Iraultza sozialista orok, lehenago edo beranduago, aurre egin beharko dio nahitaez Estatu burgesaren indarrak garaitzeko eta hau suntsitzeko eginkizunari. Langile klasearen garaipenen eta porrot lazgarrien esperientziek erakusten digute Estatuarekiko ideia argiak eta programa zehatza edukitzea ezinbestekoa dela sistema kapitalistarekin behin betiko amaitzeko.

Marxisten obra askoren gai nagusia izan da Estatua. Gai hau aztertzen murgildu dira, besteak beste, Engelsen Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria, Marxen Luis Bonaparteren Brumarioko 18a eta bereziki, zabalen azaltzen duena, Leninen Estatua eta Iraultza. Hala ere, nahiz eta pentsalari hauek hainbesteko garrantzia eman gai honi, badirudi eguneroko bizitzetan Estatuaren auziak ez duela horrelako ardurarik sortzen langile klasearen masa zabalen artean.

Hau, ordea, ez da kasualitate bat. Estatu bat ez da eraginkorra izango, jendeak ez badu zerbait inpartzial bezala ikusten, klaseen interesen eta pertsona ororen gainetik dagoen zerbait bezala; hau da, azken finean “hor dagoen zerbait” bezala. Konstituzioa, ejertzitoa, parlamentua eta audientzi nazionala zalantzan jartzea gaur egungo politikan lekuz kanpokotzat ikusten da, tabu bilakatu dira. Eta agian, bere burua “aurrerakoitzat” duen politikariren bat instituzio hauen akatsen bat edo beste kritikatzera ausartzen bada ere, ez zaio inondik inora bururatuko benetan beharrezkoak diren ala ez zalantzan jartzea. Azken finean “demokrazia” honetan Estatua “denona da”, ez?

Ez da harritzekoa klase borroka lasai dagoen aldietan (historiako zati handienak dudarik gabe), masen gehiengoarentzat Estatua indar “independente” bat bezala agertzea. Burgesiak bere baliabide guztiak jartzen ditu aparatu honen legitimotasuna ideologikoki zabaltzeko lanean. Baina hala ere, klase borroka berotzen denean eta gizarteko polarizazio gogorrak oinarrizko arazo guztiak eguneko gai zerrendan jartzen dituenean, amaitu egiten dira politikarien diskurtso polit guztiak eta Estatuak bere benetako izaera erakusten digu, azken finean: “gizon armatuen indar bereziak jabetza pribatuaren defentsan”.

Marxismoak Estatu oro klase batek bestea zapaltzeko instrumentua dela erakusten digu. Estatuak ezin du neutrala izan, ez baita ezerezetik sortzen. Azken finean, gizarte bateko klase arteko borrokaren produktua da, zapaltzaileen eta zapalduen etengabeko gudatik sortzen dena. Estatua betidanik egon den zerbait bezala aurkezten digute, baina hori ez da egia. Lehenengo gizarteak Estaturik gabe moldatu ziren, oraindik ez baitziren klaseak existitzen; komunismo primitiboa deituriko aldia zen.

Estatuaren sorrera

Estatua oraindik sortzeko zegoenean, gizon emakumeak gensetan antolatzen ziren. Giza klan hauek elkar erlazionatzen zituena odolezko senidetza erlazioak ziren, ez lurraldetasunarena, geroago izango zen bezala. Ez ziren klaseak existitzen ezta ezberdintasun eta menpekotasun sozialak ere. Taldetik baten bat nabarmentzen bazen, bizitzan zehar irabazi zuen begiruneagatik eta autoritate moralagatik zen, ez besteak esplotatuz bizitzeagatik.

Gizarte primitibo hauetan eman ziren garapenek ordea, gizakiak inoiz ezagutu duen iraultza handienari eman zioten bide, iraultza neolitikoari hain zuzen ere. Arrazoi historiko ezberdinak medio, gizarte hauek ibiltari eta ehiztari izatetik sedentario izatera pasa ziren eta ibai hertzetako lur emankorrak lantzen hasi ziren, nekazaritza, abeltzaintza eta eskulanetako ofizioak garatuz. Arte hauen perfekzionamenduak aldi berean, taldearen ondasunetan soberakin bat ekoiztera eraman zuten. Produktuak soberan geratzen hastean, tribuko gizabanako batzuk soberakin hauen jabe egiten hasi ziren modu indibidual batean. Baina nekazaritzan eta abeltzaintzan ekoizpena gorantz zihoan heinean, eta oraindik ekoizpen handiagoa lortzeko aukera ematen zuten bitartean, ez zen modu berean hazten hau ekoizteko ezinbestekoa zen eskulana. Honela, falta zen lan hau gerren bidez preso hartzen zituzten pertsonak esklabo bihurtuz lortzen hasi ziren.

Aberastasunen jabetza indibiduala indartzen zen heinean gizarteko lan banaketa geroz eta handiagoa bihurtzen zihoan. Lehen aldiz, komertzioa, dirua, mailegua eta hipoteka bezalako fenomenoak sortu ziren gizarte esklabistaren zirrikituetan. Aberastasunen jabetza geroz eta esku gutxiagotan eta boteretsuagotan kontzentratzeak aldi berean gehiengo ahulenaren pobretzea ekarri zuen. Esklaboen jabeak bizitzeko lan egitetik libratu ziren bitartean, lan esklaboak nagusitasuna hartu zuen ekonomian. Honela, gizartea interes ekonomiko ezberdinak zituzten klaseetan erabat zatiturik gelditzera ailegatu zen eta honek nahitaez etengabeko borrokak sortuko zituen gizartearen beraren garapena ezinezkoa bihurtuz.

Hau eragozteko agertzen da hain zuzen ere Estatua, klaseen arteko talka hauek eragozteko edo gutxienez mantsotzeko. Honetarako, “gizartearen gainetik jartzen den eta berarengandik geroz eta gehiago banatzen den botere bezala aurkezten da”. Estatuaren lehen berezitasuna bere menpekoak lurraldeka antolatzen dituela da, lehenagoko senidetza erlazioen aurrean. Bigarrena, berriz, askoz esanguratsuagoa da. Gizartea klaseetan zatituta dagoen momentutik, ezinezkoa da biztanleen antolakuntza armatu espontaneoa eta beharrezkoa gertatzen da indar publiko baten ezarpena. Hemen, funtzionarioen kasta bat, indar publikoen eta zergak biltzearen jabe, gizartearen gainetik agertzen da. Indar publiko hau, ordea, gizon armatuez osatzeaz gain, kartzelez eta mota guztietako instituzio hertsatzaileez baliatzen da.

Klase zapalduaren esplotaziorako instrumentua

Estatuaren sorrera laburtuz, Engelsek hurrengo pauso bat ematen du marxistontzat funtsezkoa den ideia bat ondorioztatuz: “… Estatua klase arteko antagonismoak mantsotzeko beharretik jaio zenez, eta aldi berean, klase hauen gatazkaren erdian jaio zenez, lege orokor bezala, klase boteretsuenaren Estatua da, ekonomikoki dominatzailea den klasearena, honen laguntzarekin politikoki ere klase dominatzailea bihurtzen delarik, hemendik klase zapalduaren errepresiorako eta esplotaziorako bitarteko berriak lortuz…”.

Antzinaroan Estatuak esklabisten alde eta esklaboen aurka egiten zuen eta Erdi Aroan jauntxoen alde eta jopuen aurka. Baina modu berean, Engelsek dioen bezala, “Estatu ordezkari modernoa ere, kapitalak soldatapeko lana esplotatzeko erabiltzen duen instrumentua da”. Manifestu Komunistan, Marxek eta Engelsek “Estatuaren gobernua klase burges osoaren negozio komunak kudeatzen dituen kontseilu bat besterik ez dela” azaldu zuten. Eta kapitalismoan benetan hala da. Demokrazia burges formal batean bakoitzak nahi duena esan dezake (edo hori ere ez!), baina benetan bankuek eta monopolioek erabakiko dute gertatuko dena. Beste era batera esanda, demokrazia burgesa kapital handiaren diktadura besterik ez da.

Gaur egungo Estatu kapitalistak urteetan zehar perfekzionaturiko aparatuak dira. Langileen borroka bakoitzak, burgesia, aparatu hau handitzeko eta hobetzeko beharrera eraman dute. Gizarteko herritarren zati ikaragarri bat Estatuaren burokrazia sarera eta errepresio indar publikoetara bideratu ditu; aparatu honek, funtzionario askoren gogoez independenteki, gizarteari arnasbide guztiak ixten dizkiolarik.

Kapitalismoan, makinaria itogarri hau burgesiaren interesen eta beharren arabera diseinatua izan da, edo hobe esanda, burgesiak proletalgoari gainbalioa ateratzen dion moduaren arabera. Feudalismoan esaterako, ezinezkoa zen hainbeste giza baliabide Estatu aparatu parasito batera bideratzea, ekoizpen baliabideen garapen urriak ez baitzuen honelako gasturik onartzen. Gainera jauntxoak bere jopuak zapaltzeko zuen modua hain gordina eta begi bistakoa zen, nahikoa zuela Elizarekin eta “polizia” destakamenduekin matxinada ezberdinei aurre egiteko.

Gizarte kapitalista, ordea, erabat ezberdina da esentzian. Burgesiari bere nagusitasuna, ekoizpen baliabideen jabetza pribatua edukitzetik datorkio; proletalgoari berriz, bere menpekotasuna, bizitzeko baliabideak ateratzeko bere lan indarra soldata baten truke saltzea beste erremediorik geratzen ez zaion errealitatetik. Honela, beraz, gizarteko palanka ekonomiko guztiak burgesiaren eskuetan egonik, funtzionarioen ustelkeriaren bidez eta gobernuen eta enpresa eta bankuen aliantzen bidez burgesia Estatua indartsuki dominatzera ailegatzen da.

Errepublika “demokratikoa” da dominazio honek eduki dezakeen mozorrorik hoberena eta seguruena, bere boterea zeharka gauzatzen baitu, baina beste aldetik, ez pertsona, ez alderdi, edo ezta mekanismo politikoen akatsek ez baitute gizarteko klase dominazio hau aldatzen. Baina burgesiarentzat sufragio unibertsala ez da beti defendatzen duen ideia absolutu bat. Klase borroka maila altuetara iritsi izan denean burgesiak demokrazia guztiak utzi eta armen eta destakamendu militarren indarrera jo izan du, Franco, Pinochet etab. erabili izan ditu bi aldiz pentsatu gabe.

Dudarik gabe, gaur egun ere, Estatuak eta batez ere hauen indar armatuak dira burgesiak bere agintea mantentzeko dituen instrumentu nagusiak. Etorkizunean ere langile borrokak errepresio indarren aurrean topatuko dira. Baina inolaz ere Estatuaren indarrak ez dira ahalguztidunak, iraultza askotan eman den bezala Estatua lokatzezko hankak dituen erraldoi bat bezala erori izan da klase lerroetan bananduz. Gaur egun, klaseen existentziak bezala, Estatuaren existentziak ere gizartearen garapena oztopatzen du, ez da beharrezkoa den zerbait, hobe esanda beharrezkoa dena bere behin betiko desagerpena da.