Erreformisten eskolako ekonomialarien artean, oso zabaldurik dago krisi ekonomikoen arrazoi nagusia herritarren kontsumo baxua dela esatea. Teoria hauen helburu bakarra arazoaren jatorria ekoizpen modu kapitalistatik aldentzea eta begirada faktore sozial eta psikologikoetara zuzentzea da; azken finean, ekoizpen baliabideen jabetza pribatu santua inork zalantzan jar ez dezan ziurtatzea.

Azpi kontsumoa eta erreformismoa

Azpikontsumoaren teoria honen defendatzaileen artean bat egiten dute gaur egun ezkerreko erreformistek eta, batez ere, eskola sozialdemokratako neokeynesianistek. Ideia hauetatik eratortzen diren neurri politikoak ongi ezagunak dira. Krisiak saihesteko eta merkatua bere onera ekartzeko gizartean produktuen eskaria handitu beharra dagoenez, konponbide bakarra Estatuaren esku-hartze ekonomiko zuzena da, hau da, Estatuak ekonomiaren kontrolatzaile lanak egitea eta masen eros ahalmena igotzera bideraturiko neurriak hartzea. Hala ere, hilabete gutxitako esperientziak beste behin ere erakutsi digu administrazioek hartu dituzten neurri ekonomiko guztiek zerbaitetan arrakasta izan badute, hori kapitalisten irabaziak ahalik eta hobekien babesten izan dela, beti bezala langile klaseak sorturiko aberastasunak kapitalistei, parasito boteredunei, ematen.

Honen aurrean, marxismoak lehenik eta behin zera azaltzen du: Estatua ez da klaseetatik independentea den aparatu bat; kapitalismoan “Estatuaren gobernua klase burges osoaren negozio komunak kudeatzen dituen kontseilu bat besterik ez da” (Manifestu Komunista). Egungo gobernuek, “ezkerrekoek” nahiz eskuinekoek, gizarteko sektore pobreenetara laguntza ekonomiko txikien batzuk bideratu badituzte, ez da izan politikariak hazkuntzan doan pobreziarekin arduraturik daudelako eta hori konpontzen ahalegindu nahi dutelako, baizik eta burgesiak berak zuzenean ikusten duelako krisi honek bere agintea kolokan jar dezaken iraultza sozialak ekar ditzakeela eta horren beldur da. Azken finean, kapitalistak eta politikariak bat eginik publizitate erraldoi batekin lagunduriko ogi apur miserable batzuk askatzen ahalegintzen dira dena ez galtzearren.

Teoria hauen arabera pilaketa kapitalistaren prozesua berregiteko administrazioek langileen soldata zuzenean nahiz zeharka handitzera bideraturiko neurriak hartu behar dituzte, langabezi sorospeneko laguntzak haziz, gastu soziala handiagotuz, lan publikoa bultzatuz, etab. Hala ere, zalantza serioak ditugu alderdien zuzendaritzan esertzen diren agintari erreformistek, burgesiaren mehatxu txikienaren aurrean burua makurtzen duten horiek, testuinguru ekonomiko honetan kapitalistei aurre egin eta pribilegioak kentzen hasiko direnik langile klasearen aldeko neurri serioak defendatzeko.

Estatuak aberatsei dirua emateari utzi eta gizarteko aberastasuna modu justuago batean banatzeari ekin beharko lukeen ideia oso zabaldurik dago, baita ezkerrekotzat hartzen diren alderdi eta sindikatuetan ere. Soldaten igoera, lanpostu guztiak mantentzea, langabezi sorospen mugagabea ezartzea, bankuei eta enpresei dirua emateari uztea eta hau politika sozialetara bideratzea bezalako leloak oinarrizkoak dira, indar handia hartu dezakete eta baliagarri gertatu daitezke langile klasea antolatzeko eta borrokan jartzeko, eraso hauen guztien aurrean garaipenak lortzeko. Baina bere baitan ez dituzte krisiaren erroak ukitzen. Ez du ekoizpen baliabideen jabetza pribatua desegiten eta honela kapitalistek jarraitzen dute zer ekoizten den eta zer ez erabakitzen. Kapitalistek gizarteko botere ekonomikoaren monopolioa duten bitartean, beharrezkoa badute sabotaje ekonomikoa, funtzionarioen ustelkeria, azpijokoa eta Estatu kolpea erabiliko dute arriskutsutzat jotzen duten gobernu bat eraisteko, gaur egun Venezuelan gertatzen den bezala. Jakina da inork ezin dezakeela kontrolatu bere eskuetan ez daukana eta esku pribatuetan badago ekonomiarekin horixe gertatzen da. Erdibideak ahiturik gelditzen dira eta beharrezkoa da aurrez aipaturiko eskakizunen aldeko borroka banka eta enpresa garrantzitsuenak langile kontrolpean nazionalizatzeko borrokarekin elkartzea. Eredu ekonomiko eta politiko kapitalistaren aurrean alternatiba bakarra langile demokraziapean antolaturiko ekonomia planifikatua da.

Kontsumo urria krisi kapitalisten kausa nagusia dela dioen teoriaren aurrean, marxismoak krisien ezinbestekotasuna ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabetzearen izaera pribatuaren arteko kontraesanetik azaltzen du. Ez du ukatzen krisietan ekoizpenaren eta kontsumoaren artean kontraesan argi bat ematen denik, baina fenomeno hau bere tokian ezartzen du, bigarren mailako gertaera baten garrantzia ematen dio. Arazoaren muina, azken finean, kapitalaren pilaketa prozesuak dituen berezko legeetan bertan aurkitzen da, hau da, ekoizpen baliabideen jabetza pribatuan, gainbalioa gauzatzen den moduan eta merkantzien ekoizpenean oinarritzen den ekonomia batek dituen kontraesanetan.

Irabazi tasaren erorketarako joera

Kapitalistak ekoizpen prozesuan erabiltzen duen kapitala bitan zatitzen da: kapital finkoa, ekoizpen baliabideek, lehen gaiek, makinariak, etab.ek osatua; eta kapital aldakorra, langileen lan indarra erosten gastatzen den kapitala. Lehenak ekoizpenean dagoen merkantziari bere balioa gehitu bakarrik egiten dio, bere balioa ez da aldatzen, lan hila da. Bigarrenak aldiz kontsumitzean balioa sortzeko gaitasuna du eta honako hau da gainbalioaren eta irabazi kapitalistaren jatorria.

Merkantzien ekoizpen masiboaren dinamikak kapitalista bakoitza makinarian eta teknologian azken aurrerapenak sartzera behartzen du. Modu honetan, kapital finkoan egindako inbertsioak igo egiten dira. Epe motzean honek merkantzia gehiago ekoiztea baimentzen du, baina irabazi tasa erortzea ere eragiten du kapitalaren konposaketa organikoa hazten den heinean, hau da, ekoizpen baliabide eta instrumentuak hazten diren heinean. Burgesek kapitalaren konposizio organikoaren hazkuntza bat jasaten duten arren, gogor borrokatzen dute beren irabazi tasaren erorketa nolabait konpentsa dadin. Normalean, irabazi tasaren erorketak ez du kentzen irabaziaren masa handitzea. Kapitalista batek ez dio inbertitzeari utziko bere irabaziak kapital globalaren %4a bakarrik badira %9aren ordez. Lege hau ez da absolutua, joera bat erakusten du eta neurri jakin batzuekin aurre egin dakioke:

1.- Lanaren zapalkuntza maila handitzea eta soldata bere balioaren azpira murriztea. Gain balioaren mozkina handitu egiten da lanorduak luzatuz eta lan erritmoak azkartuz. Faktore hau gakoa izan da azken urteetan mundu osoko kapitalistentzat geroz eta irabazi handiagoak jasotzen jarraitzeko. Herrialde guztietan lan eguna igo egin da, ekoizpen erritmoak ikaragarri azkartu dira eta bien bitartean lan indar honen soldatak jaitsi egin dira. Bestalde, milaka pertsona SEBS zaharretik, ekialdeko Europatik eta Txinatik lan merkatu mundialera sartu izanak eta herrialde garatuetara eman diren migrazio mugimendu indartsuek lan indarraren merkatzerako joera eragin dute.

2.- Kapital konstantearen elementuen merkatzea. Ekoizpenaren garapenak, berez, kapital aldakorrarekin alderatuz kapital konstantearen masa handiagotzera jotzen duenez, kapital honen elementuen balioa murrizten du lanaren ekoizpen gaitasuna handitzean. Honela beraz, kapital konstantearen balioak, nahiz eta etengabeko hazkuntzan egon, ezin du lan indar berak martxan jar ditzakeen ekoizpen baliabideen hazkuntzaren proportzio berean hazi.

3.- Kapitalaren errotazioa azkartzea. Urteko irabazien masa, kapital zirkulatzaile berak egin ditzakeen ekoizpen ziklo kopurutik eratortzen da. Errotazio hau garraioaren eta merkantzien salmenten azkartasunak bezain beste baldintzatzen du ekoizpen erritmoen azkartasunak.

4.- Kanpo merkataritza. Merkataritza mundialaren garapenak nola kapital konstantearen elementuak hala kontsumo gaiak merkatzen ditu. Honek, gainbalio kuota handitzean eta kapital konstantearen balioa murriztean irabazien kuota handitzen laguntzen du. Munduko merkataritzak ekoizpen eskala zabaltzen laguntzen du, honela metaketa kapitalista azkartzen duelarik.

Krisi kapitalisten arazoa ikuspuntu dialektiko baten bidez aztertzean, argi utzi behar da beren jatorria soilik irabazi kapitalisten tasaren jaitsierari, hau da, gainbalio gutxiegi ekoizteari egoztea ere ez dela nahikoa. Joera hau XX. mendean ezagutu diren krisi kapitalistetan hor egon da (1929ko crackean, 1973/74ko atzeraldian…). Lege honek argi erakusten duena ziklo industrialak globalean hartzen duen forma anarkikoa da. Ekonomia kapitalistan bertan aurkitzen diren legeek jartzen dituzte gain-produkzio krisi baterako premisak. Azken finean, krisiak saltzeko ezintasunetik sortzen dira, eta orduan, kapitalistentzat krisitik ateratzeko modu bakarra ekoizpen baliabideen suntsiketa masiboa da.

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.