Marxek eta Engelsek landutako gai andana hiru multzotan sailkatu ohi da: Lanaren Balioaren Teoria (ekonomia), Materialismo Historikoa (gizartearen historia) eta Materialismo Dialektikoa (filosofia). Halaber, bada hiruretan konstante bat eta zehazki azken multzoko obretan argiro azaldu zutena, euren metodoa alegia: Materialismo Dialektikoa.
Naturako eta gizarteko azterketez gain, bi filosofo hauek gizateriari utzitako oinordekotza handienetarikoa izan zen. Engels izan zen berau publikoki agertarazi zuena, eta hori dela eta, behin eta berriz materialismo dialektikoa marxismoaren zati ez dela esan izan bada ere, iraultzaile hauen lana zapuzteko eginiko beste saiakera bat besterik ez da. Beharrezkotzat jotzen zuten metodo honen erabilera mundua ulertzeko, prozesu desberdinetatik ondorioak atera eta etorkizunean baliogarri izango ziren kasuetan erabiltzeko, Marxek Feuerbachi buruzko tesian esan bezala “Filosofoek ez (bait)dute mundua modu desberdinetan interpretatu besterik egin, baina berau eraldatzea da gakoa”(parentesi artekoa gurea). Filosofia praktikoa egin nahi zuten, eta horrela uler daiteke Engelsen esana: “Beharra ulertzen ez denean da soilik itsu. Askatasuna ez da behar horren ulermena besterik”. Materialismo Dialektikoa ulertzeko bi zati bereiziko ditugu: Materialismoa eta Dialektika.
MATERIALISMOA
Materialismoak, hizkuntza arruntean, bakoitzak bere nahi basatiak asetzeko grina eta diru nahia adierazten ditu eta idealismoak berriz, ideia batzuen aldeko defentsa. Materialismo eta idealismo filosofikoak ez dute adiera hori ordea. Materialismoaren oinarri edo harri angularrak bi dira: “Mundu material hau erreala da, gu existitu edo ez” eta “Mundu bakarra materiala da”.
Idealisten kontzepzioa bestelakoa da. Hauen arabera beste mundu independente bat existitzen da, non ideiak bizi diren, eta mundu material honetako elementuak ez dira beste munduko ideien islada besterik. Honela, ideien munduan zaldi baten ideia genuke eta mundu honetako zaldi guztiak ez lirateke ideia haren kopia inperfektuak besterik. Marxek eta Engelsek hau ukatu egin zuten ordea, eta buruz behera jarri. Beraien arabera ideiak dira mundu materialaren islada. Zaldien ideia dugu bizitzan zehar zaldi ugari ikusi ditugulako eta euren ezaugarri komunekin ideia abstraktu bat egin dugulako, eta gainera, ideia hauek ez dira beste mundu batean bizi, garuna izeneko organu material batean baizik.
Idealismoa munduko prozesuei erantzun material bat emateko gaitasun ezatik dator. Honela, taldexka honen barruan espezie desberdinak aurkitzen ditugu: ideien beste munduan sinesten dutenak, mundu hau agian ez dela existitzen diotenak edota lege orokorrak existitzen direla argudiatuz elementu desberdinek (adibidez bi sagarrek) lege desberdinak izan ditzazketela esan ohi zuten enpirista sasimaterialistak. Nola erantzun galdera hauei? Engelsek Feuerbachi buruz eginiko lanean esan zuen bezala: “Zentzugabekeria guzti hauentzat ukapenik tinkoena (…) praktika da”. Pentsa dezagun, eta eskuan dudan sagar hau existituko ez balitz, edo aurrean dudan mahai hau? Nola frogatu hori? Zentzumenen bidez objetu bat atzeman daitekeelako. “Baina zentzumenek engainatzen bagaituzte?!”- egiten ohi du filisteoak. Erantzuna honakoa: agian existitzen ez den sagar honek gosea baretzen dit, agian existitzen ez den mahai honek edalontzia eusten dit, edo agian existitzen ez den auto horrek zapalduz gero hospitalean amai nezake. Beraz, elementu hauek guztiak existitzen dira, nire bizitza baldintzatzen baitute, hots, niretzat existitzen baitira eta niregan eragina baitute.
DIALEKTIKA
Dialektikaren lehen inspiratzailea Greziar garaiko aurresokratiko bat izan bazen ere (Heraklito: “Oro isurian dago”); Hegel izan zen Dialektikari ekarpen handienak egin zizkion filosofoa. Dialektikaren esanahia, hitz batean, aldaketa da, etengabeko aldaketa, Heraklitok esan bezala. Filosofia honen arabera ezer ez da iraunkorra, iraunkorra den bakarra aldaketa da. Hegelek ordea akats bat zuen, eta bere metodoa errealitatearekin bat ez etortzea ekarri zion gabezia horrek: bera idealista zen. Hori dela eta, ezkerreko hegeliarrak izandako bi gazte izan ziren Dialektika beharrezko lekuan paratu zutenak, Marx eta Engels alegia. Hegelen ustez gizakiek pentsamendu abstraktoengatik burutzen zituzten euren ekintzak. Idealismo kutsu oro kendu eta dialektika materialistaren oinarriak ezarri zituzten Marx eta Engelsek. Marxek Hegelen dialektika hartu zuela zioten haiei modu garbian erantzun zien; ez zuela hura hartu soilik egin, baizik eta buruz behera jarri. Engelsek, urteak aurrerago kutsu ironikoz azaldu zuen dialektika behar zen bezala jarri zutela, buruz gora. Bestalde ulertzekoa da Hegelen idealismoa, Prusiako erregimen erreakzionarioa babesteko egin baitzuen, besteak beste; ikuspuntu materialista hartu izan balu aurrerago bi gazte hegeliar haiek eginikoa burutuko zuen: metodo iraultzaile baten genesia. Bere ekarpenak hor dirau ordea. Hegelek, eginiko lan mardulean, Dialektikaren hiru legeak azaldu zituen: Kantitatea kalitate bilakatzea eta alderantziz, Aurkakoen batasuna eta borroka eta Ukapenaren ukapena.
KANTITATEA KALITATE BILAKATZEA
Kantitatea kalitate bilakatzearen prozesua gaztelerazko atsotitz batek argitzen du: “La gota que colma el vaso”. Honekin Hegelek azaldu zuena zera zen, kantitatearen pilaketak aldaketa kualitatibo bat ekartzen duela eta alderantziz. Honela ikus dezakegu nola hidrogenoak (H2) oxigeno atomo bat gehiagorekin salto kualitatibo bat ematen duen, ur (H2O) bihurtuz, edo oxigenoak (O2) atomo bat galduz eta hidrogenozko bi irabaziz. Munduko bi elementu pizgarri edo inflamagarrienak, atomo kantitateen aldaketarekin, ur bilakatzen dira salto kualitatibo bat emanez!! Era berean, Engelsek alkohol etilikotik (C2H6O) alkohol amilikorako (C5H12O) salto kualitatiboa hurrengo eguneko resakan nabaritzen zela azaldu zuen Naturaren Dialektikan. Adibide ugari ikus ditzakegu naturan (gradu pilaketaren ostean uraren irakitea hastea,…), eta baita historian ere, itxurazko lasaitasunaren ostean, faktore anitzen pilaketagatik ematen diren leherketa iraultzaileetan.
AURKAKOEN BATASUNA ETA BORROKA
Aurkakoen batasuna eta borroka atomoetako kanporanzko eta barneranzko indarrekin azal daiteke, azken finean, bi indar kontraesankorrek mantentzen baitute atomoaren batasuna, edota baita lur planetako bi poloek ere. Dialektika Kontraesanen Logika deitua ere izan da eta hori adierazten du, logika formalaren aurka: mundua kontraesanek mugitzen dute. Honen gizartearen aplikazio garbiena klase borrokan genuke, eta gizarteak, bere garapen prozesuan, kontraesanak behar izatean.
UKAPENAREN UKAPENA
Ukapenaren ukapena Hegelek honela azaltzen zuen: “Hazia lore bilakatzen da hazia ukatuz, lorea fruitu lorea ukatuz,…”. Garapenean aurrekoa ukatzen da baina ez da suntsipen orokorra ematen, aurrekoaren zenbait ezaugarri mantentzen dira garapen prozesu horretan, tesia + antitesia= sintesia famatuan ikus dezakegu hori.
Marxismoak argi ikusten du, beraz, ezagutzaren beharra etorkizuna eraldatzeko, nor garen, nondik gatozen eta nora goazen jakiteko. Beharrezkoa dugu mundu hau ulertzea berau eraldatzeko, “beharraren erreinutik askatasunaren erreinura igarotzeko”, eta horretarakoxea dugu gaur egun errealitatea ulertzeko aurki dezakegun metodorik aurreratuena: Materialismo Dialektikoa.