Marxek Manifestu Komunistan aipatu zuen bezala, kapitalak ezinbestekoa du etengabe ekoizpen baliabideak iraultzen egotea, sistema honek ezin baitezake aurrera egin ez badago lanaren produktibitatea handitzeko guda jarrai batean. Hain zuzen ere, honako behar hau izan zen manufakturako ekoizpen modutik kontzentrazio industrial handietara igarotzea bideratu zuen motorra. Industriaren gailentze honek aldi berean berebiziko garrantzia izan zuen ekoizpen erlazio kapitalisten garaipena finkatzeko prozesuan.

Gremioetako industria artisauak ez bezala, manufakturaren garapenak aspektu garrantzitsu bat ekarri zuen berarekin: langile gehiagoren arteko elkarlana garatu zuen, toki berean eta merkantzia mota beraren lanketan. Honek ekoizpen moduan aldaketa garrantzitsu bat eragin zuen. Elkarlanak, hau da, langileak ekoizpeneko zeregin berberak gauzatzeko kontzentratzeak, era berean, ekoizpen baliabideen kontzentrazioa errazten du eta modu honetan kapital konstantearen (makinarien, lan tresnen eta azpiegituren) balioa jaitsi egiten da, honek azken finean merkantziaren balio guztia jaistea ahalbidetzen duelarik.

Elkarlanak gainera zenbait operazio hainbat langileren artean banatzea eta operazio hauek aldi berean gauzatuak izatea baimentzen du, modu honetan produktu osoaren ekoizpenerako beharrezkoa den lana murriztu egiten da. Langileek, ekoizpen eta lan baliabideak modu kolektibo batean martxan jartzean, hauei etekin handiagoa ateratzen die lantegiko langileen kopurua handitzeko beharrik eduki gabe. Honela, kolektiboki erabilitako kapital konstantea ez da handitzen batera enplegaturik dauden langileen kopuruaren maila berean.

Oinarrian, manufakturak ekoizpen baliabideen ekonomia baten garapena suposatu zuen, ekoizpen prozesuan askok egindako lanaren kontsumo komunak eragiten zuena. Honek ondorio garrantzitsuak eragin zituen gizartean: gizabanakoaren indar produktiboa handitzen zuen eta aldi berean masen indarra bihurtzen zen indar produktibo bat sortzen zuen.

Industria handiaren garapenerako premisa materialak

Nola ematen da manufakturaren alditik industria handian oinarrituriko ekoizpenerako trantsizioa? Lehenik eta behin, nabarmendu behar da ekoizpen kapitalistaren motibo eta xede nagusia kapitalaren ahal den auto-balioztatze handiena lortzea dela, hau da, burgesak bere kapitaletik ahal duen gainbalio ekoizpen handiena ateratzea. Manufakturak lanaren banaketa areagotu zuen eta lanaren produktibitatea handitzeko borrokari hasiera eman zion. Borroka hau, azken finean, merkantzien ekoizpenean beharrezkoa den lanaren denbora murrizteko borroka da. Honela, manufakturak lehen mailan makinen garapen bakanak bultzatu zituen. Masiboki burutu behar ziren eta indarren gastu handia eskatzen zuten operazio sinpleak gauzatzeko makinen erabilera sartzeak ekoizpen indarren produktibitatea iraultzeko oinarriak ezarri zituen. Hala eta guztiz ere, eta Marxek ongi seinalatzen zuen moduan, manufakturaren aldi klasikoan oraindik makinaria espezifikoak langileen kolektiboa izaten jarraituko du.

Manufakturaren berezitasun historiko garrantzitsuenetakoa espezializatu gabeko langileen klase bat sortu izana da. Gremioetako industria artisauak ez zuen klase hau ezagutzen, lehenik produktu artisauaren ekoizpenak abilezia tekniko zehatzak eskatzen zituelako eta bigarrenik artisauaren eginkizuna zelako ekoitzi behar zuen produktuaren prozedura guztiak edo gehienak gauzatzea. Manufakturarekin berriz, lanaren banaketa eman zen eta honek, aldi berean, lanaren banaketa sozial bat sortu zuen. Jatorriz ezberdinak ziren ekoizpen esferek ekoitzitako merkantzien zirkulazioak eta trukeak lanaren banaketa sozial bat eragin behar zuten, hau ezinbesteko baldintza baita merkantzien ekoizpenean oinarritzen den sistema ekonomiko baten existentziarentzat.

Azkenik, lanaren produktibitatearen hazkuntzako prozesu honek manufakturaren aldiari amaiera eman behar zion nahitaez. Ekoizpen prozesuan makinaria masiboki sartzearen bidez industria handiaren aroaren lehen urratsei ateak ireki zitzaizkion manufaktura iraganean utziz. Makinaren sarrerak, aldi berean, langilearen eta hark ekoizpenean burutzen zuen funtzio zehatzaren arteko bizi bitarteko lotura deuseztatu egin zuen, lotura hau sostengatzen zuen oinarri teknikoa desegin egin zuenean.

Burgesiak garai hartan, eta baita egun oraindik ere, makina garatzearen helburua gizakien eguneroko lana arintzea denaren ideia saltzen zuen. Baina hau ez da inoiz makinaren benetako xedea izan. Edozein ekoizpen indarren garapenaren antzera, makina garatzearen helburua merkantziak merkeago egitea izan da kapitalismoan. Langileak bizitzeko beharrezko dituen baliabideak ekoizteko lanegunaren zatia murrizten bada, hau da, langilea soldatan entregatzen zaion zatia denbora laburragoan amortizatzeko gai bada, kapitalistarentzat dohainik lan egiten duen lanegunaren gainontzeko zatia luzatu egiten da. Azken finean, makinaria gainbalioa ekoizteko bitarteko bat da, bera garatzeak kapitalismoan burgesaren irabaziak loditzeko xedea bakarrik eduki dezake. Gaur egun ere kasu askotan argi ikusten den bezala, burgesak makinaren inbertsioan errentagarritasunik ez badu ikusten honek ez du makinarian dirurik inbertituko.

Honela beraz, zera ikusten dugu: manufakturaren aldian ekoizpen moduetan emandako iraultza lan egunetik abiatzen den bitartean, industria handiaren aroan lan baliabideen iraultzatik abiatzen dela. Hau da, manufakturan praktikan ezarri zen langileen arteko elkarlanaren sistemak tokian tokiko makinen aplikaziorako baldintzak ezarri zituen heinean, makinaria honen garapenak eta hauen aplikazio geroz eta zabalago eta indartsuagoak ekoizpen industrial handiaren abiapuntua suposatu zuen.

Makinak ekoizten dituzten makinak

Lanaren produktibitatea handitzeko makinaria sartzeak ekoizpenaren arlo guztietan izan zuen bere eragina: esate baterako irundegi mekanikoan izandako berrikuntzak berehala ehundegi mekanikora pasa ziren, aldi berean industria kimikoaren eraldaketa bultzatu zutelarik, etab. Makinen aplikazioak aurretik gizakiaren historian inoiz existitu ez zen garrantzia ekonomikoa hartu zuen eta soilik horregatik izan zen gai burgesia, klase dominatzaile moduan ezarria, zientzia eta teknologiaren garapenari bultzada ikaragarria emateko. Aurrez azaldutako ekoizpen moduetan eman ziren iraultzek, ekoizpenean makinaria sartzeko joera bere burua elikatzen zuen prozesu bat bihurtzen zuten.

Modu berean, oinarri produktiboan emandako aldaketa sakon hauek iraultza bat eragin zuten merkantzien trukerako komunikabideen eta garraiobideen egoera orokorrean: lurrunontziak, trenbideak, telegrafoak, etab. sortu ziren garai honetan. Alde batetik, ekoizpen tokitik salmenta guneraino merkantziaren garraioa merkea eta azkarra izatea izugarri garrantzitsua da kapitalistarentzat, honen balioari zuzenean eragiten baitio. Bestetik berriz, kapitalismoan merkatu nazionalen hastapeneko garapenek ezinbestean merkatu internazionalaren beharra sortu zuten, industriak lehengaiak herrialde urrunetatik ekartzen eta ekoitzitako merkantziak mundu zabalean saltzen hasi zirelarik.

Ekoizpen eta komunikazio adar hauen garapenak kapitalaren tinkotze prozesua handitzea eta sendotzea ekarri zuen. Beste produktu askoren artean, esate baterako burdina masan galdatu, soldatu, moztu, zulatu eta moldatu beharra zegoen lantegien eta garraiobideen egiturak osatzeko. Honek makina ikaragarriak eskatzen zituen, eta hauek ezin ziren manufakturako makinen eraikuntzaren bidez sortu.

Makinaria astuna egitera bideraturiko industria sortzea behar bat bilakatu zen momentu jakin batetan. Marxek nabarmentzen duen bezala, industria handiak bere ekoizpen baliabide bereizgarria eskuratu behar zuen, makina bera, eta hau lortzeko modu bakarra makinen bidez makinak ekoizten hastea zen.

Honela, ekoizpen industriala adar gehiagotara zabalduz joan zen, iraganeko lantegi txikiak atzean utzi zituen eta bere lekuan kontzentrazio industrial handiak ezarri zituen. Kapitalismoaren garaiak nahitaez ekoizpen handiaren garaia izan behar du eta ekoizpen txikiak ezingo du inoiz sistema honetan lehen zuen papera eta egitura berreskuratu; garrantzia galduz joan da eta jokatzen duen papera bigarren maila batera pasa da, hots, industria handiaren menpe egotera.