“Kapitalismoa koloniak azpiratzeko eta planetako gehiengo zabala herrialde “aurreratu” apur batzuek itotzeko sistema mundial batean bihurtu da; harrapakin horren banaketa bi edo hiru potentzia harraparien eta leporaino armatuen artean gauzatzen da.” (Lenin, Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena).
Intelektual burgesen eta sozialdemokraten ingurunetik ohikoa da Inperialismoaren azterketa marxista erasotzen ikustea. Hasi Sombartetik eta Berstein, Kautsky eta beste askorekin jarraituz, asko izan dira Marx zuzentzen saiatu direnak. Horretarako momentuko gertakari enpiriko soilak erabili dituzte, horiekin metafisika eginez eta axioma eztabaidaezinen kategoriara igoaz.
Teoriko erreformista hauentzat, kapitalismoaren gorakadak eta monopolioen garapenak aro berri baten etorrera bermatzen zuen, kapitalisten arteko gatazkak behin betiko ezabatzen baitzituen eta horrekin, aldi berean, gizarte baketsu baterako trantsizioa prestatzen baitzen. Baina, hain zuzen ere tesi hori defendatzen zutenek ez zuten inolako arazorik eduki Lehengo Mundu Gerran euren nazioetako burgesiak babesteko, orain ere buruzagi sozialdemokratek arazorik ez daukaten bezala mundu zabalean inperialismoak aurrera eramaten dituen esku-hartze militarrak babesteko.
Lenin izan zen inperialismoaren fenomenoa modu amaitu eta zientifikoenean aztertu zuena. Leninek azaltzen zuenez, kapitalismoaren garapena, industriaren hazkuntza handian eta enpresen ekoizpenaren kontzentratzean oinarritu da. Horrela, beraz, modu dialektiko batean irabazien borroka latzaren ondorioz “lehia askea” monopolizazio prozesu batean eraldatzen da.
XX. mende guztian zehar garatuz joan den ekonomiaren kontzentrazio eta monopolizazio prozesu hori, funtsean, ekoizpenaren, asmakuntzen eta perfekzionatze teknikoen sozializazio prozesu erraldoi bat da; nahiz eta, noski, aberastasunen jabetzearen eta ekoizpen baliabideen izaera pribatua mantendu den.
Gaur egun kapitalismo monopolistaren eta inperialistaren garai klasiko batean bizi gara. Globalizazioa deitu den fenomenoaren bereizgarri nagusiena 200 bat multinazionalek munduko ekonomiaren agintea kontrolatzen dutela da. Inongo ekonomia nazionalek ezin dio ihes egin aginte honi. Bestalde begi bistakoa da, FMI edo munduko merkataritza ganbera, multinazional hauen zerbitzura lan egiten duten erakundeak direla.
Leninek bere liburuan monopolioek merkatuetan duten agintea bermatzeko erabiltzen dituzten bitarteko nagusiak azaltzen ditu:
· Lehengaiak eskuratzeko ahalmenaren eta erosketaren kontrola.
· Lan indarraren soldata kostuaren kontrola.
· Garraiobideen kontzentrazioa.
·Erosleei merkataritza erlazioak esklusiboki monopolioekin mantentzea inposatzea.
· Kredituen erabilera pribilegiatua.
·Boikota erabiltzea.
Monopolioek beren burgesia nazionalaren ordezkari gisa, hauen interes estrategikoen arabera jarduten dute. Falazia da kapital monopolistak ez duela filiazio nazionalik esatea, Toni Negri eta beste autore batzuk esan duten moduan. Errealitatea aurkezteko modu honek ukatu egiten du klase arteko borroka eta inperialismoaren berezko izaera.
Munduko monopolio nagusien jatorria begiratzen badugu, modu batean edo bestean, denek erantzuten die burgesia iparramerikarraren, txinatarraren, japoniarraren, hainbat herrialde europarren (alemaniarra, frantsesa, britainiarra, espainiarra) jabetza interesei. Inork ezin dezake ukatu, erlazio internazionalen ezagutza minimo bat badu behintzat, esku-hartze inperialistetako abentura militarrek edota hainbat herrialdetako gatazka eta gerra zibilek (esate baterako Afrikako Kongo, Costa de Marfil, Sudan…), motor bezala, kasu gehienetan, monopolio horien interes ekonomiko eta estrategikoak edukitzen dituztela. Estatu kapitalistak eta gobernuak partzuergo ekonomiko handi horien interesak ordezkatzera pasatzen dira.
Horrela beraz, monopolioen garapenak krisiak amaituko zituela zioen tesia, Bersteinek edo Kautskyk defendatu izan zutena, Leninek esan bezala, azken finean ez zen ekonomialari burgesen fabula bat besterik. Praktikan, XX. mendean zehar eta XXI. mende hasieran frogatu den bezala, monopolioek larriagotu egiten dute ekoizpen kapitalistak berez duen kaosa eta areagotu egiten dute merkatuak eskuratzeko borroka. Honen ondorio larriak ikus daitezke, adibide bat jartzearren, Afrikan, nazio osoen sarraskiak gauzatzen baitira kontinenteko aberastasunak ustiatzeko multinazional frantsesen eta iparramerikarren arteko borroketan. Noski, borroka honetan partzuergo handiek beren Estatuen eta gobernuen babes militar eta diplomatikoa eramaten dute aurretik.
Kapital finantzariaren papera
Kapitalismoak jasaten duen monopolizazio prozesuan, paperik garrantzitsuena bankuek jokatzen dute. Kapitalista handien, ertainen eta txikien kapital monetario ia guztia eskura edukita, ekoizpen baliabideen eta herrialde askotako lehen gai iturrien zati handi bat barne, bankuak txoko guztiak hartzera jotzen duten monopolizatzaile bihurtzen dira. Leninek Estatuaren monopolioaren eta bankuetako monopolioen inguruan aipatzen duen moduan: “Alde batetik, kapital bankarioko magnate horiek beraiek dira, azken batean, izatez aurrezki kutxetan kontzentraturik dauden milaka milioiak eskura dituztenak; eta beste aldetik, Estatuaren monopolioa gizarte kapitalistan, porrot egiteko zorian dauden industria adar bateko edo besteko milioidunen diru irabaziak ziurtatzeko eta igotzeko bitarteko bat besterik ez da”.
Azken hamarkadetan potentzia inperialisten herrialdeetan izan den garapen ekonomiko orokorrak argi erakusten du Leninek goian baieztatzen duena. Batez ere Bigarren Mundu Gerra osteko hamarkadetan, monopolio publiko askok hartu zuten enpresa kapitalista pribatuak lehengaiez edo energiaz prezio baxuan hornitzeko eta hauei garraio lanak bermatzeko ardura. Enpresariak ez zeuden prest sektore hauek egoki funtzionatzeko eskatzen zuten kapital finkoko gastuak bere gain hartzeko eta Estatuak hartu zuen inbertsio horien karga.
Baina behin sektore estrategiko horietako asko, diru publikoetako inbertsioei esker, aberasteko merkatu erakargarri bihurtuz joan izan diren heinean, gobernu burgesak, berdin du zein koloretakoak, azken batean kapitalisten osotasunaren interesen babesle diren komite gisa jarduten baitute, saldu egin dizkie banku handien buruzagitzapean dauden monopolioei.
Azken urteetako krisi honekin berriz, munduko finantza erakunde nagusiak espekulazioaren ondorioz aktibo toxikoekin porrot egin dutenean, Estatuak erakunde hauek diru publikoarekin erreskatatzera jo du. Baina horretaz gain, orain Estatuak erreskate plan erraldoien erruz leporaino zorpetu direnean, salbatuak izan diren banku horiek dira zor publikoa erosten dutenak, baino askoz ere interes tipo altuagoetan. Eta noski, Estatuen zor publikoa langileen bizi baldintzak erasoz ordainduko zaie espekulatzaileei. Leninek goian aipatu dugun testu zatian esaten duena, orain dela ia ehun urte idatzia egon arren, bete betean gertatu da gaur egun.
Modu honetan, monopolio kapitalisten boterea, egungo ekoizpen kapitalistaren baldintzetan, oligarkia finantzariaren diktadura bihurtzen da. Esaerak dioen bezala, bankak ez du inoiz galtzen. Gorakada ekonomikoko garaietan, kapital finantzariaren irabaziak izugarriak badira, atzeraldi garaietan askoz handiagoak dira kasu askotan. Aurrezle xume askok akzioen erorketa jasaten dutenean eta enpresa txiki asko ondoratzen direnean, banku handiak negozioa egiteko aprobetxatzen dute horietako asko saldoko prezioan erosiz, honela xurgatu ahal izateko eta euren monopolioetara batzeko edo, besterik gabe, desagerrarazteko, merkatuan duten kontrola sendotzeko helburuarekin.
Kapital finantzariaren nagusitasuna inperialismo monopolistaren garaian, sistemaren esklerosiaren sintoma da, bere gainbeherarena. Sintoma horiek oso nabariak dira gaur egun, baina kontuan hartu behar da, kapitalismoa ez dela helduko bere kabuz azken krisira, langile mugimenduak izan beharko duela herio kolpea emango diona.