Gaur egun modan dago kapitalismoaren apologisten artean ekonomia kapitalistan industriak duen garrantzia arbuiatzea. Honek, alde batetik, ezjakintasun inozoa erakusten du eta, bestetik, bere ahalegin kontzientea errealitatea itxuraldatzeko.

Honela langile klasearen arreta bere jomuga historikoetatik aldendu eta honen kontzientzia ahultzen saiatu dira. Hauxe diote: “ekonomia berriarekin ez dira produkzio instrumentuak bakarrik aldatzen, baita edukia ere. XX. mendean gauzak fabrikatzetik, XXI. mendean, informazioa prozesatzera pasatuko gara, hori da eraldaketa nagusia”.

Produkzio industriala gizarte moderno kapitalista sostengatzen duen oinarria da. Betidanik izan da horrela, eta beti izango da horrela. Zerbitzuen gizarteari buruzko hitzontzikeria baldar guztiak, industriaren eta industriako langileen papera gainbeheran doala dioten zurrumurruak ez dira kritika zientifiko txikiena ere jasateko gai.

Janzten gaituen arropa, hartzen ditugun elikagaiak, eraikinak osatzen dituzten adreiluak, boligrafoak, papera, autoak, hegazkinak, telebistak, ordenagailuak,  egunkariak, txartel eta txanponak; Hau dena eta gehiago fabriketan edo instalazio industrialetan egina dago. Ekoizpen industriala gabe gizarte kapitalista 24 ordutan kolapsatuko litzateke. Hain agerikoa da hau, non umekeriatan denbora galtzea baita azalpenak ematen geratzea, baina hain maila miserablean erori da zientzia moderno burgesa!

Industriaren garrantzia, kapitalismoan, ez datza bere erabilera-balioen funtzio ekoizlean bakarrik, objektu erabilgarrien ekoizpenean, baita (nekazaritzarekin batera) gainbalioa sortzen duen iturri bakar bezala ere, produkzio kapitalistaren benetako motorra dena. “Kapital industriala, kapitalaren existentzia modu bakarra da, bere funtzioa ez datza gainbalioaren edo produktu soberakinaren jabetzean bakarrik, baita honen sorkuntzan ere. Horregatik kapital honek produkzioaren izaera kapitalista baldintzatzen du; bere existentziak kapitalisten eta soldatapekoen arteko klaseko kontraesana inplikatzen du (...) Bera baino lehenago agertu ziren beste kapital barietateak, behea jota edo gainbeheran zeuden ekoizpen baldintza sozialen barnean sortu zirenak, bere menpe jartzen dira eta bere funtzioen mekanismoan aldaketa egokituak jasaten dituzte. Are gehiago, ez dira mugitzen honen oinarrian ez bada; honek ematen dien oinarri honekin  bizi eta hiltzen dira, iraun eta amore ematen dute” (Marx, Kapitala, II. lib., 53. orr., Ed. Kubatarra).

Marxek azaltzen duen bezala, produkzioari zuzenki lotuta ez dauden beste kapitalak (kapital komertziala, banku kapitala, eta ‘zerbitzuen sektorearen’ zati handi bat) soldatapeko lanaren bidez erabilera-balioen produkziora orientatzen den kapitalaren menpe dago (industria eta nekazaritza); bere existentzia eta gainbalioaren jabetzea, eta horrenbestez, irabaziak eskuratzea, kapital industrialak baldintzatzen du. Eguneroko errealitateak erakusten du industrian eta nekazaritzan gertatzen den perturbazio orok berehalako ondorioak eragiten dituela gainontzeko ekonomia kapitalista guztian. Kapitaleko III. liburukian, Marxek xehetasunez azaltzen du, industrian eta nekazaritzan jatorria duen gainbalioa ekonomia kapitalistan parte hartzen duten sektore guztien artean banatzeko bideratzen den mekanismoa.

Ikuspuntu marxista batetik, sektore industrialak ez ditu fabrika, instalazio industrial edo meatzeak bakarrik hartzen, merkantziak produzitzen dituzten sektore guztiak baizik. Eraikuntzako sektorea adibidez (hemen merkantziak etxe eta eraikuntzak dira, bere balorean langileek eraikitze prozesuan gehitu dioten gainbalioa dagoelarik), merkantzien garraioak (hemen desplazamendua bera da merkantzia, soldatapeko langileek burutua), telekomunikazioak, sektore energetikoa (elektrizitate, petrolio, gas), etab. Produkzio kapitalistak inposaturiko lanaren banaketak, are gehiago zabaltzen du ekonomia kapitalistan industriak duen zatia.

“Industria modernoak ez du inoiz produkzio prozesu bat behin betiko bezala kontsideratzen ez eta tratatzen ere. Beraz, bere oinarriaren teknika iraultzailea da, aurreko produkzio modu guztiena funtsean kontserbadorea zen bitartean. Makinen, prozedura kimikoen eta bestelako metodoen bitartez, industria modernoak produkzioaren oinarri teknikoa etengabe aldatzen du goitik behera, eta honekin langileen funtzioak eta lan prozeduraren konbinazio sozialak. Modu honetan, jarraitasun berarekin aldatzen du baita lanaren banaketa gizartearen barnean ere, gelditu gabe kapital eta langile masak produkzioaren adar batetik bestera mugituaz” (Marx, Kapitala, I lib, 437. orr Ed. Kubatarra).

Bitxia da, ekonomiaren ‘tertziaroaz’ hitz egiten duten abokatu hauek ez daukatela denborarik guri Hego Korea, Txina edo Brasil munduko ekonomian hain oldarki sartu izana nola uler daitekeen azaltzeko, ez bada azken hamarkadetan pilaturiko indar industrial ikaragarria kontuan hartzen. Eta ez dezagun aipatu Alemaniak bere industria boteretsuari esker Europako ekonomian duen nagusitasuna. Alderantziz ordea, ikus dezakegu Britainia Handia bezala, garai bateko lehen mailako potentzia industrialak munduko ekonomian duten garrantzia etengabe beheraka doala, honen burgesia produkzio industrialaren zati handi bat eraisten joan den neurrian.

Ekonomia kapitalistan zuzenki merkantzien produkzioan lan egiten ez duten sektoreak egoteak (zerbitzuen sektore famatua), ez du esan nahi horregatik, lehen esan dugun bezala, merkantzi produkzioaren menpe egoteari uzten diotenik. Eta bere langileei dagokienez, beharturik ikusten dira industriaren metodoak, soldatapeko lanaren sistema, eramatera honek funtziona dezan.

 

 

 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.