1943ko martxoaren 9an, Bigarren Mundu Gerra erdian, Estatu Batuetako lehendakari ordeak, Henry Wallacek, ultimatum bat eman zion Stalini: “Gerra saihestezina izango litzateke Errusiak berriz ere mundu mailako iraultza bultzatzeko ideia trotskysta hartuko balu”. Stalinek bere aliatu inperialisten eskakizunaren aurrean agertu zuen irmotasunak ez zuen zalantzarik utzi. 1943ko maiatzaren 15ean bertan, Internazional Komunistako Batzorde Betearazleko idazkariak Internazionala desegitea proposatzen zuen ebazpena onartu zuen.

Modu lotsagarri honetan desagertu zen Internazional Komunista (III. Internazional bezala ere deitua), garai batean herrialde guztietako burgesiaren beldurra piztu zuena eta mundu mailako iraultzaren tresna garrantzitsuena izan zena; kongresurik antolatu gabe, inolako eztabaidarik gabe, atxikiriko alderdiei eta are gutxiago oinarriko militanteei kontsultatu gabe, modu ia klandestinoan.
Etengabeko iraultza eta sozialismoa herrialde batean
Internazionalismoa v.s. Stalinismoa


Mundu mailako iraultzaren ideia ez da bereziki “trotskysmoaren” ideia bat, mugimendu marxista iraultzaileak bere historia guztian zehar defendatu duen funtsezko aldarrikapena baizik. Manifestu Komunista amaitzen duten hitzek, ondoren Lehenengo Internazionalaren leloa osatuko zutenek, argi adierazten dute: “Munduko langileak elkartu zaitezte”.


Burgesiak zein stalinismoak asmo argi batekin kalifikatzen zuen “ideia trotskysta” gisa langile internazionalismoaren programa: orokorrean marxismoak eta bereziki III. Internazionalak bere lehen urteetan defendatu zuen programa iraultzailea desitxuratzeko eta baztertzeko; izan ere, garai haietan, beste askoren artean Trotsky buru izan zuten Ezkerreko Oposizioa eta IV. Internazionala izan baitziren, hain zuzen ere, kontrairaultza stalinistaren aurrean boltxebismoaren benetako ideiak defendatzen jarraitu zuten bakarrak. “Trotskysmoaren” aurkako kanpaina zaratatsua, azken batean, marxismoaren aurkako kanpaina zen modurik demagogikoenean mozorrotua.


III. Internazionala sortzeko aldarrikapena, Lehenengo Mundu Gerraren testuinguruan eman zen, Internazional Sozialistaren (II. Internazional bezala ere deitua) traizio chauvinistaren aurrean langile mugimenduko indar iraultzaileak antolatzeko beharrak eraginda. Internazional Sozialistako alderdiek, merkatuen kontrolaren interesetan oinarritzen zen mundu gerra inperialista baten aurrean, euren herrialdeetako burgesia nazionalak babestu zituzten, langile mugimendua zatituz, umezurtz utziz eta elkarren arteko sarraskira kondenatuz.


Traizio honen aurrean, iraultzaileen talde murritz bat benetako langile internazionalismoaren defentsan batu zen 1915ean Zimmerwalden. Horien artean zeuden Lenin eta boltxebikeak, Trotsky, Rosa Luxemburgo eta K. Liebknecht besteak beste. Urte batzuk geroago, 1917ko Urriko Iraultzaren arrakastak Internazional Komunista eratzeko lanari ekitea ahalbidetu zuen.
Langile errusiarrek aurrerapauso garrantzitsua eman zuten boterea hartu eta iraultza egin zutenean, baina hori lehen pausoa besterik ez zen izan. Boltxebikeek argi zuten Sobietar Batasunarekin jaio berri zen langile estatua eta bere bitarteko guztiak, azken batean, mundu mailako iraultza bultzatzeko tresna zirela. Zentzu honetan, Leninek behin eta berriz esan zuen, 1917tik bere heriotzara arte, iraultza hura beste herrialdeetara zabaldu ezean galbidera kondenaturik zegoela, ezinezkoa zela sozialismoa herrialde batean eratzea, eta are gutxiago Errusia bezalako herrialde atzeratu batean.


1921eko uztailaren 5ean, gerra zibila bukatu osteko garaian, Leninek beste behin langile internazionalismoaren ikuspegiaren beharra azpimarratu zuen hitz hauekin: “Guretzat argi zegoen mundu mailako iraultzaren laguntzarik gabe ezinezkoa zela gure langile iraultzaren garaipena. Iraultza aurretik zein ondoren hauxe pentsatzen genuen: berehala, edo denbora gutxira behintzat, iraultza bat egongo da herrialde aurreratuetan eta ikuspuntu kapitalistatik garatuen daudenetan, edo bestela, existitzeari utzi beharko diogu. Horretaz konturatzen ginen arren, beti ahal dugun guztia egin dugu sistema sobietarra mantentzeko, jakin baitakigu ez dugula guretzat bakarrik lan egiten, iraultza internazionalarentzat baizik. (Lenin, Obras completas, XVIII, I. zatia, 321 orr.).


Trotskyk, era berean, Leninen ideia berberak defendatu izan zituen, marxismo iraultzailearenak alegia. Ez da zaila ia hitz berak erabiltzen dituen Trotskyren aipuak aurkitzea. Esan behar da etengabeko iraultzaren teoriak paper oso garrantzitsua jokatu zuela Internazional Komunistaren osaketa eta lanketa teorikoaren prozesuan. Lehen lau kongresuetako ebazpenek, horietako asko Leninek eta Trotskyk idatziak, erabat bat egiten dute etengabeko iraultzaren teoriarekin arlo guztietan: landako arazoan, herrialde kolonialetako programa iraultzailean, alderdi burgesekiko jarreran eta baita funtsezkoa den internazionalismoan ere.


Honela dio Trotskyk etengabeko iraultzaren ondorio nagusiak azaltzerakoan: “Iraultza eszenatoki nazionalean hasten da, internazionalean garatzen da eta bere azkenera eta errematera maila mundialean iristen da. Beraz, iraultza sozialista etengabekoa bihurtzen da hitzaren zentzu berri eta zabalago batean: planeta guztian gizarte berriaren behin betiko garaipenarekin bakarrik gauzatzen denaren zentzua”. (Trotsky, La Revolución permanente, Tesis Fundamentales, 10, 149 orr.).


Hala ere, garai hartan historiak bestelako norabidea hartu zuen. Beste herrialde askotan altxamendu eta iraultza indartsuak eman arren, zuzendaritza iraultzaile finkorik ez zegoenez, ez zen garaipenik lortu. Denbora luzean Sobietar Batasuna isolaturik geratu zen. Honela, historikoki zekarren azpigarapen material eta kulturalari mundu gerrak eta gerra zibilak utzi zituen triskantzak gehitu zitzaizkionean, sobietetako langile demokraziaren gainean burokrazia pribilegiatu bat hasi zen pixkanaka altxatzen, geroz eta eskumen gehiago hartzen, alderdi boltxebikera sartzen eta bertan eragiten. Pribilegiodun geruza horiek Stalinen inguruan biltzen hasi ziren eta langile boterearekin amaitzeko gobernu bonapartista baten sorrera bultzatu zuten.


Kontrairaultza stalinista honek, gobernu burokratikoaren sorrerarekin eta iraultza garaiko boltxebikeen garbiketa fisikoarekin batera, marxismoaren aurkako borroka ideologiko mozorrotu bat ere ekarri zuen. Marxismoaren ideiak burokraziaren interesen arabera desitxuratu eta prostituitu zituzten. Horien artean eskandaluzkoena 1924an Stalinek, Leninen heriotzaren ostean, formulatu zuen “herrialde bakar bateko sozialismoaren” teoria izan zen.


Europako iraultzen porrotek, batez ere 1923ko Alemaniako  aukerarenak, eta ekonomia sobietarraren lehen aurrerapen txikiek, Stalin SESBen barnean sozialismoa eraiki zitekeela teorizatzera eraman zuten. Teoria honen arabera, SESBeko aberastasun naturalek eta lurraldeen zabaltasunak muga hauen barnean sozialismoa eraikitzea baimentzen zuten.


Teoria honek ordea, chauvinismo sobietarra bultzatzeaz gain ez du inongo zentzurik ikuspuntu historiko batetatik. Ezinezkoa da herrialde kapitalistez inguraturik dagoen “herrialde sozialista bat”, bat-batean mundu mailako garapen historikoaren mapatik desagertzea eta klase arteko borroka internazionalaren (zein barnekoaren) gora-beheretatik independenteki gizarte sozialistaren garapen erregular eta baketsu bat ematea.


Herrialde bakar bateko teoria burokrazia sobietar jaio berriari esku eskura zetorkion alderdi barnean eta gizartean honako mezua zabaltzeko: iraultza amaitu da behin betiko, sozialismoaren garaipena jada lorturik dago, kontraesan sozialak beren kabuz desagertuko dira eta beraz ez dago borrokatzen jarraitzeko arrazoirik. Azken finean, burokrazia honi ez zitzaion interesatzen beste herrietan langile demokrazian oinarritutako iraultza bat ematea, eredu honek beren boterea mehatxupean jar zezakeelako, SESB barruan langile masen iraultza politikoa eraginez.


Horrenbestez, Hirugarren Internazionala Kremlineko burokraziaren interesen menpeko instrumentu bat bihurtuz joan zen. Joera hori geroz eta indartsuagoa egiten zen internazionalaren zuzendaritzak politika negargarriekin langile iraultzak porrotera zuzentzen zituen bakoitzeko. Trotskyk ezin hobe deskribatu zuen 1933ko martxoan Stalinen politika internazionala: “Stalinen politika internazionalaren funtsezko ezaugarria azken urteetan honakoa izan da: langile klasearen mugimenduekin salerosketan dabil, petrolioarekin, manganesoarekin eta bestelako merkantziekin dabilen modu berean. Esaldi honetan ez dago gehiegikeria izpirik. Stalinek herrialde ezberdinetan Internazional Komunistako sekzioak eta nazio zapalduen askapeneko borroka diru xehea bailiran tratatzen ditu potentzia inperialistekin dituen negoziaketetan”.
 

Cookiek erraztuko digute gure zerbitzuak eskaintzea. Gure zerbitzuak erabiltzerakoan cookiak erabiltzea baimentzen diguzu.